Edu Zelaieta Anta

Edu Zelaieta Anta

Idazle eta itzultzaile moduan, bereziki poesia, zutabegintza, kantuetarako letragintza eta haur literatura landu ditu. Euskaldunon Egunkarian artikuluak idazten hasi eta gero, hainbat komunikabidetan ari(tu) da kolaborazioak egiten: Geu Gasteiz, Radio Vitoria, ETB, Argia, Berria, Alea eta Hala Bedi Irratia, besteak beste. Hain zuzen ere, komunikabideetako jarduera horrekin lotuta, Mundutik mundua (Arabako hitzontzi baten kronikak, Pamiela, 2019) liburua eman du argitara; epilogoa Karmele Jaio idazlearena da.

Kantuetarako letragintza dela eta, Mugaldekoak taldearentzat idazten ditu testuak eta kantuetarako letrak 2004az geroztik; literaturaren eta musikaren arteko topagune horren ondorioz, hiru disko eman ditu argitara taldeak orain arteko bidean. Halaber, beste musikari batzuei ere letrak idatzi izan dizkie; Estitxu Pinatxori edo Joseba Irazokiri, esaterako.

Mugaldekoak proiektuaz gainera, Eneko Ugarte ilustratzaile eta pintore gasteiztarrarekin zenbait ikuskizun egin izan ditu jendaurrean, baita erakusketa bat osatu ere: Basque misreadings (Berrian gaizki irakurriak, 2020) izenekoa. Era berean, MAMIAK kolektiboa sortu zuen 2021ean beste diziplina batzuetatik datozen Txema Ramirez de la Piscina, Josune Velez de Mendizabal, Marina Suarez, Ander Gondra eta Irantzu Lekuerekin. Kolektiboak Ogiak hizketan baleki izeneko antzezlana ondu zuen.

2016az geroztik haur literaturan ere badihardu; esparru horretan espezializatua dagoen Txabi Arnal idazlearekin batera hainbat liburu kaleratu ditu. Arnalek eta Zelaietak idatzitako Hiru Lehoi ipuina Estatuan argitaratutako liburu onenen sartu zuen OEPLIJk 2023an (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil). Era berean, haurrentzako itzulpenak egin izan ditu, hain zuzen ere, ingelesetik eta katalanetik euskarara.

Azkenik, irakasle eta ikertzaile lanak egiten ditu EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren Sailean. Alde horretatik, Hizkuntzaren eta Hezkuntzaren gaineko hainbat ikerlan idatziak ditu, Euskaltzaindiak argitaratutako Baztan-Bidasoko hizkeren azterketa dialektologikoa doktorego-tesia barne (2009).

 

 

Atzera