Idazleak - Edu Zabala Garagartza - Laginak - Inauterietan

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Edu Zabala Garagartza > Laginak

Narratiba

2004 Inauterietan | Gero

Iragan ziren odolaren izuak, ametsek jarraitu zuten bere bidea eta Maddiren barnean ez ziren ez mundua ezta bizitza ere piztu. Beste zerbait izan zen azaleratu zena. Eta azken hiru urtetan lozorroan utzi zuen joaldun izateko grina hura, indarberritu egin zen. Beste diskrezio batekin, inor aztoratu gabe baina garai bateko intentsitate berriarekin hasi zen dastatzen ospatzeko hilabete eskas falta zitzaion iyoteak, iyote maite, zirraragarriak.

Maizago hurbiltzen zen joaldunak izango zirenengana, kalean, haien artean pozaren pozez egunero hizpide zuten festa: larruak non dituk, eta isipua , eta joareak?

-Aurten gizendu haiz Martin, ez zaik gerrikoa sartuko. Gogotik estutu beharko diate gerri puska hori. Badakik zer egin behar duken falta den hilabete honetan, ardo eta puska gutxiago jan eta lan gehiago egin, alproja halakoa!-

Halakoak ziren eguneroko ika-mikak eta berriketak Zubietan, Ituren eta mendi berdez inguratutako herri haietan. Giroa egunetik egunera pizten eta puzten zihoan eta besta usaintzen zen nahiz eta egun dexente falta izan.

Maddik ere ezin zion ihes egin jai giro horri eta magia horretan utzi zion kulunkatzen bere gogoari, berriro ere. Halere, aurten zerbait berria sumatzen zuen, deia, bai dei berezi bat, gonbidatzen zuena bereziki joaldunen prestaketan parte hartzera.

Eta egun seinalatua iritsi zen. Joaldun koadrila bat hasi zen herria zeharkatzen aterik ate burrunbaka, puskak biltzen, eta arrautzak, eta arnoa eta baserrietako hainbat irribarre eta animuak ere bai. Herria eta bertako herritarrak piztu egiten ziren, hasi ume mokoenetik eta aitatxi xaharraren begi-zulo zimurtuetaraino. Bestak edonori irekitzen zion bere magia, bere alaitasuna; eta berriketek, irriek, agerian uzten zituzten hordiaren hortz ustelak eta amonen ezpain zimurtuak, mintzo nahian.

Gazte joaldunek inkontzienteki, birari, biltzeari, uzta mota bati, gogo alaitsuen uztari, ekiten zioten hotzez eta arnoz gorritutako masail ederrak agerian. Zaharrek gazte haiengan beraiek bizitutako gaztaroa erreparatu, gogoratzen zuten, une iheskor batez, urtean behin eta malko batzuek ere korritzen zituzten haien aurpegietako ximurrak..

Maddik pauso lasai eta kontrolatuaz, iyotea, parodia guztia, urrutitik behatzen zuen, bihotza golkoan, azken hiru urtetan metatutako errekaren urak gainezka, oldartzekotan zituelarik.

Egin zen errituala, hamaiketakoa, bapo jarri ziren arrautza, gasna, eta pusketaz eta sabela berdindu ondoren, arnoaren pil-pilaren poderioz, giro alaitsuan hasi ziren murgiltzen joaldunak.

Maddi, oharkabean, erdi trantzean zegoeneko, modu diskretuan, ia hautsik harrotu gabe eta ingurukoen zalaparta eta begiradei erreparatu gabe, ostatuko arkupeetan, bere txikitako txokoan pausatu zen usapala bere adarrean bezala, hautsa batere harrotu gabe.

-Aizak Manu! Berriro etorri duk aspaldiko partez hire arreba hori, eta nexka puska egina dagoela onartu beharra zagok! Urte batzuk barru hemendik Iturenera baino kurba gehiago izango ditik, eh?

-Hi erne ibil hadi, aittu? Neska hori nire arreba duk eta errespetua zor diok, alu halakoa!Pausa itzak hire begiak etxeko komuneko zuloan nahi baduk!

-Beno txo! Ez duk hainbesterako! Lasai hadi!.

-Eman ezak bakea, babo halakoa!

Maddik denbora aurrera joan ahala, ahotsak, zurrumurruak sumatzen zituen eta ez bertan zeuden bizidunenak, hain xuxen. Bere begietarako bakarrik, beste edonorentzat ikusezinak ziren aurpegien desfile bat hasi zen eta espiritu horiek bera errespetuz agurtu ondoren, joaldun baten gainean, nolabait errateko, pausatu ziren. Azkenean amona zahar baten irudia islatzen zuen izpiritu bat hurbildu zitzaion.

-Maddi, lehen aldia da ikusten nauzula baina lehendik mintzatu gara ametsetan, ezaguna nauzu. Zurekin aspalditik egon nahi nuen baina gizakiaren aroa errespetatu beharra dago eta jadanik unea heldu da, odola isuri duzu, emakume gaztea zara eta sufritzen duenak jakingo omen du maitatzen eta ulertzen ere.Iritsi zaizu nire mezua ulertzeko tenorea. Zure amatxiren ama nauzu laztana!

Maddirengan urduritasunak eta izuak eztanda egin zuten, baina etorri bezala azkar joan ziren konfiantza eta lasaitasunari lekua utziz.

-Baina nortzuk zarete, nor zara zu? Zergatik jartzen zarete joaldunen gainean, zergatik besteek ezin zaituztete ikusi eta nik bai?

-Maddi, zu dohain bereziekin jaio zinen nahiz eta zerorrek jakin ez. Baina bada garaia dohain horiek ager daitezen eta ez inoren kalterako, mesederako baizik. Halere, kontu izan! Betiko mintzo gaiztoek oraindik orain sorgina deituko dizute, baina gaur egun ez da garai batean bezain arriskutsua, bezain penagarria.

-Baina zer dohain dira horiek , zertarako erabil ditzaket?

-Besteen gogoa irakurtzeko gaitasuna izango duzu, haien arimek ez dute sekreturik izango zuretzat eta hori jendeak ez du gustuko eta agian zuk ere ez, baina horrela da. Naturak ez du sekreturik izango zuretzat. Sendatzeko gai izango zara eta baita gaixotzeko ere. Hemen ikusten dituzun beste espiritu hauek Zubietako arbasoak dira eta hilda egonik ere ez dute galdu nahi iyote paregabe hau. Zaude lasai, ez gara gaiztoak. Eta azken gauza, Maddi, ni ez natzaizu gehiago agertuko modu honetan, zuk beharra daukazunean deitu ahal izango didazu, bestela bakean utziko zaitut, ahalmen hauek zuri pasatzeko etorri naiz, niri beste arbasoek pasatu zizkidaten bezala : "Haria ez dadila eten".

Eta hau esan ondoren, espiritu guztiek irrintzi ozen bat jaurtikiaz desagertu egin ziren amen batean. Maddi une horretantxe esnatu zen trantzetik eta konturatu zen ostatupeko guztiak, joaldunak zirenak eta ez zirenak adi, so zituela, txintik erran gabe, ahoa bete hortz.

-Baina zer gertatzen zaizue?Zergatik begiratzen didazue horrela?Zer gertatzen da Manu?

Manuk begiak zabal zabalik zituen eta ez zuen erantzuten.

-Manu zer duzu? Erran!

Manu itzartu egin zen bat-batean.

-Irrintzi egin duzu, irrintzi lazgarri, ozena, tximista baino indartsuagoa eta lurrari iltzatuta utzi gaituzu. Zer duzu Maddi?Ongi al zaude?

Maddik ez zuen erantzun eta burumakur, halako esperientzia harrigarriek uzten duten zamapean, ostatupetik poliki-poliki atera zen ulertu nahian, sinetsi nahian, ttuntturroek eta jendeak bidea errespetuz, beldurrez, jakin-minez, irekitzen ziotelarik.

Halako batean joareen soinu izoztua berriro berpizten hasi zen eta joaldunek sototik atera ondoren, Maddiren atzetik aurrera egin zuten. Orduan Maddi bueltatu eta bere harridurarako, atzean zituen joaldun guztiak pulunpak astinduz, berari begira, bere zain antza. Bi lerroak aldendu eta joaldun zaharrena zetorkion soineko eta tresnekin eskuetan. Maddik ez zuen deus ulertzen, baina dena sekretupean idatzita balego legez, eta erritual bati mekanikoki erantzunez, joaldunez jantzi zuen: mahonezko galtzak, azpigona zuria, ardi larrua, ttuntturroa, zapi gorria eta isipua eskuan hartuz joaldun taldearen atzealdean kokatu eta Zubietako karrikak korritu zituen atzera eta aurrera behin eta berriz, harik eta herritik atera eta Itturengoen bila errekastoraino abiatu ziren arte.

Harrezkero, Zubietako zaharrek, adituek, diote inoiz ez dutela hain soinu bateratua, ozena, misteriotsua, erditu sekulan joaldunek.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta