Idazleak - Edorta Jimenez Ormaetxea - Hemeroteka - "Nire buruarentzat behintzat, literatura eta konpromisoaren arteko ohiko eztabaida gainditu ahal izan dut"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Edorta Jimenez Ormaetxea > Hemeroteka

EIE

2007-07-27 "Nire buruarentzat behintzat, literatura eta konpromisoaren arteko ohiko eztabaida gainditu ahal izan dut" | Hasier Rekondo

Azken sasoi honetan, bidaiatzen ibili zara zure obra ezagutarazteko xedez: Argentina, Alemania, Italia... Nolako esperientziak izan dira?

Argentinakoa Txalapartak han Sukar ustelaren urtea gazteleraz, El año del tífus, argitaratu duelako izan da. Hori batetik. Gainera Gernikaren bonbardatzearen 70 urte bete direla-eta, hitzaldiak egitera gonbidatu ninduten. Biak batera hartuta, horra bidaiarako motiboa. Alemaniakoa antzekoa izan da; batetik, irailean han argitaratuko didaten liburua; bestetik, Gernikari buruzko hitzaldiak. Italiakoa ezberdina izan da. Italieraz liburu bi ditut argitaratuta. Argitaletxea, Tranchida, mugitu egin da, antza, Piamonteko Asti herrian egiten den jaialdira Baleen berbaro eleberriaren italierazko edizioaz –La voce delle balene- hitz egitera gonbida nintzaten. Hiru kasuetan ere itzulia izateak dakarren abantailaz baliatuz izan da bidaia. Esan behar da Argentinan 35 ordu eman nituela autobusetan, milaka kilometro eginez, eta ez niola gorputzari atsedenik eman. Behin joan ahal izan eta! Alemaniako ere ez pentsa erosoa izan zenik. Asegarria bai, ostera.

Idazlearen zereginen artean norberaren lana ezagutarazi beharrak zer nolako garrantzia du zuretzat?

Esan dizut nondik etorri diren bidaiak. Nora deitzen nauten, hara ni! Merkatu zirkuitu handietatik kanpo ibilita orain arte, eta halaxe segitzeko gogoan badudanez, ikusiko da noiz arte segitu ahal dudan nire lana ezagutarazten eta bide batez hemengo literaturaz, hizkuntzaz eta kulturaz hitz egiten. Zabal eta alderdikeriarik barik egiten saiatzen naiz, nire hitzaldietan izan den edonork dakien moduan. Beraz, ez da soilik nire obra ezagutarazten dudana. Bestela, niretzat normala da norberaren obrari buruz hitz egiteko gonbitea hartuz gero baietz esatea. Argitaletxeari zor zaiona da hori, nahiz eta gero argitaletxeak beti-beti iritsi ez gurekin duen zorra kitatzera. Gainera gogoan izan behar da kanpoan diren euskaldunak ere hor direla. Erroman adibidez. Gozamena da lagunok bisitatu ahal izatea. Zera, literaturak munduan ibiltzeko era eskaintzen badit, ba, mundura.

Euskal literatura suspertzeko agentzia baten beharra aipatu duzu sarri.

Halaxe da. Agentzia profesionala, librea, zabala eta independentea. Epeka planteatuko nuke. Hasteko, epe bat beharko genuke informazioa zabalduz interesa sortarazteko; jakin mina piztu behar da; emaitzak bigarren epe batean etorriko lirateke, etortzekotan. Etorri ezean, ba, agentzia itxi eta kito. Ezaugarri horiekin, lehengo epean edo tartean finantzazioa da gakoa. Nork arriskutako duen dirua, alegia. Ezin dizut gehiago aurreratu, baina nire iritzia da orain bizi dugun egoeran kondizio objektiborik badela delako agentzia sortu ahal izateko. Salbuespenak salbuespen, euskal idazleok ez daukagu agenterik. Ea nork hartzen dituen etekinik emango duten ez duten ez dakien lanak. Buruan daukadan planteamenduan agentziaren beste eredu bat ikusten dut. Ni neu laguntzeko prest nago, eredu hori behar den lekuan eta egokiak diren pertsonekin eztabaidatzeko eta aurrera ateratzen laguntzeko.

Komunikabide askotan agertu izanagatik literaturaz ondo bizi daitekeela pentsatzen duena ere badago. Elkarrizketa batean esaten zenuen "ozta-ozta" bizi zinela.

Begira, elkarrizketa asko egiten digute, batez ere hedabide jakin batzuetan. Nire kasuan herrikoek aipatu egiten didate-eta, elkarrizketak eta telebistan agertzeak -Sautrelarako egin izan ditudan kolaborazioetan izan ezik-, musu truk direla esaten diedanean ez didate sinisten. Horrexegatik esan behar dut aipatu didazun hori. Apustua egin dut euskarazko literaturaren eta sorkuntzaren alde, eta horri eusteko ia beste guztiari utzi diot. Txakolina edateari eta kalamua erretzeari izan ezik. Ez du uste honetan antzeko planteamenduarekin dabilen bakarra naizenik. Noiz arte? Geroak esango du. Honi loturik hedabideetan agertzeak duen eragin perbertsoa ere aipatu nahi dizut. Hornigarria ez ote garen edo, okerragoa litekeena, gure elkarrizketak aditurik hedabideon jarraitzaileek ez ote duten gure obra irakurritzat ematen. Zertarako irakurri, dena xehe-xehe azaltzen diegunez gero! Kultura, oro har, edergarria da hedabide gehienetan. Polito geratzen da gu idazleok horietan agertzea. Ba, jakin bezate jendeek: ozta-ozta bizi gara.
Mediatikoak izan bagaitezke ere, ez gara horregatik hobeto bizi. Ozta-ozta irauten dut, eta nire moduan beste gehienek, esango nuke nik.

Zein da literaturaren xedea zuretzat?

Literatura, irakurtzea batez ere, nire zaletasunik handiena eta sendoena da. Niri buruari idazteko era ematea da literaturak nire buruari begira bilatu diodan xedea. Lehenik eta behin, zaletasun dudan hori landu ahal izateak poztu egiten nau. Ostera, eta besteei begira literaturaren xedea subjektibotasuna lantzea delakoan nago. Nahita nahiz nahi barik, literaturak kolektiboen subjektibotasuna lantzen du, eta eragin egiten dio. Onerako zein txarrerako. Eta marxismoaren ideia nagusi bat niretzat hartuta, subjektibotasunaren lanketak egoera objektiboan eragina daukanez, ba literaturak gizartean diren era guztietako arazo, problema eta auzietan eragiten du, gutxi edo asko, baina guzti-guztietan. Honekin, eta nire buruarentzat behintzat, literatura eta konpromisoaren arteko ohiko eztabaida gainditu ahal izan dut. Baita generoena ere. Ez dago genero hoberik edo txarragorik besteak baino. Kalitatezko literatura, literatura kontsumorako? Batak nahiz besteak subjektibititea lantzen duenez, hauta bakoitzak berea, eta bakea. Irakurleek nire lanekin gozamen puntu bat erdiesten badute, edota gogoetan sartzen badira, nire xedea kunpliturik.

Zure liburuak etengabe ari dira itzultzen beste hizkuntza batzuetara. Hurrengoa, 'Kilkerren hotsak'-en alemanezko itzulpena izango da. Ironiaz beteta, Bilboko Liburua Azokaren aurkezpenean aitatu zenuen, oro har, euskal literatura itzultzeak euskal idazleen 'benetako maila' utziko zuela agerian.

Itzulpenak ez dira ezinbestez bilatu behar den ezer. Gure merkatuan gure irakurle naturalek ematen diguten erantzunak erabakitzen du literaturatik gure bizimoduaren zein parte konpondu ahal den. Literaturatik bizi ahal izatekotan, itzulpenik barik bizi ahal izan beharko genuke. Ze gutariko gehienoi egiten zaizkigun itzulpenek ez dute diru etekinik. Beraz, zertarako itzuli!, esan dezakezu. Gakoa ez da hori, ostera. Eskaria datorrenean, eta bidea egin ahal bada, aurrera. Itzulpenetarako bideak eta eskariak modurik bitxi eta harrigarrienetan datoz, eta behin etorri ba, baietz esan izan dut. Nire kasuan, itzultzaileek eurek erabateko garrantzia izan dute. Hortik aurrera, egia da diozuna. Halaxe esan nuen Bilbon, erdaldunen gehiengo baten aurrean. Itzulpenek gure maila ezagutzen lagunduko dute. Eta ironiaz esan nuen hori, egia diozu. Ze hemen, Euskal Herrian, eta salbuespena salbuespen, erdaldunek ezin dute sinistu euskaraz egiten den literaturak maila duenik, inondik ere. Ez jauna, ezin dute sinistu. Erroturik duten aurre iritzia da, urteetan eta mendeetan landua, esango nuke. Genetikoa kasik. Beraz, badakit irakurle askorik ez duguna. Baina gutxi batzuekin konformatzen naiz, irakurriko gaituztenekin. Horiek badiostate, txo, ondo!, ni pozik. Badakit-eta horiek nortzuk diren nire kasuan. Euskaraz ez dakiten batzuk, zintzoak esatean “erdaraz argitaratzen duzunean irakurriko dut zurea”. Ze horrela esaten digu askok, eta gutxik bete. Gainera status quo bat ere dago euskal literaturan, gure txikian konformatu eta gure txikian handiena handi egin eta txikia ertain egiteko arriskuan bizi dena. Status quo hori urratzeko ausardiarik, nork? Noiz ekin diote gaztelerara itzultzeari argitaletxe jakin batzuek? Nork sinisten du euskal testuen artean sortatxo bat behintzat badela halako maila batera iristen dena?

‘Koioteren arrastoa’ kronika liburua zen, azken aldian genero hau eta eleberrigintza jorratu dituzu batez ere. Hala ere, Eako Poesia Egunetan Baudelaireren gaineko hitzaldia ondu zenuen. Zure poesia estimatzen dutenentzako esperantzarik?

Kronikarena 2000. urtean egin nuen Literatur Trena delakoarekin hasi zen. Hango esperientzien kronika da Europako mugetan barrena. Gero zenbait euskaldunek Hemingway ospetsuarekin izan zituzten harremanen ikerketatik etorri zen. Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan liburua dokunobelatzat daukat nik. Lan horrek 36ko gudara eroan ninduen, eta gudak Capa eta Steer kazetarien biografia bana idaztera. Behin horretan sartuta, Kilkerren hotsak eleberria berez etorri zen. Koioteren arrastoa berez etorri den moduan. Ez dut ezer planifikatu. Hala edo zelan planifikaturik daukadan bakarra Baleen berbaroa eleberriarekin hasi nuen zikloa da. Honez gero hirugarrena idazten ari naiz. Trilogia agindu nuen eta, gauzaturik laster izateko itxaropenean bizi naiz. Ean egin dudan hitzaldia ezberdina da. Horko Poesia egunak gogoko ditut eta, hitzaldia prestatu nuen. Horrekin batera, Larrabetzuko Literatura Eskola eta behe-behean sortu diren beste ekimen batzuk literatura literaturarekiko maitasun hutsagatik lantzeko guneak dira. Horrelakoxe hariekin josten ari den sarea, sare hauskorra da, baina sare ederra. Drogaren bidea da literaturan irakurleak sortzeko bide nagusia. Adizio sortarazi, adiziodunok sortarazi behar dugu. Ganbeluen txanda, gero. Poesiari ekitekotan nabil, bai. Noiz ahal izango dudan, ez dakit. Burutik kendu ezin dudan gaia da eta, ikusiko da.

Euskadi Sarien gaineko eztabaidan sartu zinen buru-belarri. Urak pixka bat baretu diren honetan, ze balorazio egiten duzu?

Utikan Euskadi Sariak agiriari inork ez dio ganoraz erantzun. Bazka orrialdean dagoen informazioak agirian labur ibili ginela erakusten du. Eta nire arloa ez delako, baina gaztelerazkoek azterketa merezi dute. Gehien poztu nauena gurea umekeria izan dela aditzea izan da. Umekiaren simetrikoa aitakeria delako, edo amakeria. Edo gu ume, edo eurak aita, edo ama. Niretzat aitakeria umekeria baino akats larriagoa da. Umeek ez dute erabakimenik, ezta erantzukizunik ere! Zuzen ala oker ibili ginen, erabakimena irakurleek dute. Badakigu, ostera, denak bat etorriko ez direna.

Jendaurrean egin dituzun azken adierazpenetan gogor kritikatu duzu "kritika-akademikoaren" jarrera.

Atzoko suen keez dihardutela, askotan horixe ematen dit. Egungo suez, nor ausartzen da ezer sakonik esatera? Beste harena berresanez, kritikaren armak ikusi nahi nituzke. Noiz arte iragan mendeko 70eko hamarkadako literatura aztertzen eta berreaztertzen? Noiz arte santu euskaldun biren bizitza kontatzen? Eta horiekin batera, hiru beatorena! Ez ote dago martiriren bat sikeran, horren biografia laburtxo bat egiteko behinik behin? Edo harako hark antologia argitaratu du eta, bertsiotako batean ahalik eta objektiboena egin duela esan ostean, hurrengoan pertsonala egin duela dio. Hori ez bada adarra jotzea, esango didazu zer den. Bestela akademia guztiak daude ondo. Batez ere publikoa ez delako akademiek zer dioten ezta enteratu ere egiten. Baina kritikoak, idazleok bezala, itxurakerien hedabide-sistemarentzat edergarri politak dira. Noizean behin hedabideetan gonbidatuak, udako ikastaroen kariaz batez ere. Bestela, politikaren eta eguraldiaren ostean, eta kirolei ekin aurretik, zertaz hitz egingo lukete hedabideok. Ostera, kritika akademikoa sortzaileok baino hobeto bizi da-eta, eurek ‘literatur sistema’ deritzoten ekosistema honetan darwinismoaren legeak zelan betetzen diren, gero! Jakina, ni haserre nago, esango du baten batek, kritika akademikoarentzat ez naiz-eta existitzen. Lasai, halaxe da beste askoren kasuan ere. Osasunez ondo gabiltzanez, kezkarik ez.

Berriro ekingo diozu eleberrigintzari, nobela bat duzu eskuartean.

Jaka Beka eman zidaten, Baleen berbaroaren hirugarren atala idazteko. Iaz argitaratzekotan, baina atzeratu egin da. Idatzitakoa behin galdu nuen. Bart, elkarrizketa honetarako gonbitea iritsi zitzaidanerako, berriro galdurik zebilen. Ea hau argitaratzen dudanerako teknikariek testua berreskuratzen duten. Bestela auskalo noiz amaitu ahal izango dudan.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta