Idazleak - Edorta Jimenez Ormaetxea - Hemeroteka - "Gure jendartean sexua zentroa da, dela praktika legez, dela ukazio modura"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Edorta Jimenez Ormaetxea > Hemeroteka

Elkar

2008-11 "Gure jendartean sexua zentroa da, dela praktika legez, dela ukazio modura" |

Edorta Jimenezek (Mundaka, 1953) liburu berri bat kaleratu du, Ispiluaren kalteak, Urdaibai aldean eta gaur egun giroturiko zortzi istorio gordin bezain sinesgarri.

Aspaldian eleberriekin ibili ondoren, ipuingintzara itzuli zara. Zelan izan da prozesua, edo zerk bultzatua?
Ipuin edo narrazio laburrak idazteari ez diot inoiz utzi, besterik da idatzitakoak argitaratzea. Narrazioak liburuan argitaratzeko gero tartea behar izaten da, eta tarte hori Azeri eta lehoia, Piztien itsasoa trilogia itxi duen eleberria amaitu ondoren etorri zitzaidan. Hala ere, esan behar dut liburu honetan daudenak azken urteotan idatzi ditudanetako batzuk direla, ez guztiak. Liburuak halako trinkotasun bat eskatzen zuela-eta, beste batzuk kanpoan geratu dira.

Eleberri-trilogia horren aldean, genero aldaketa bakarrik ez, garaiarena ere badakar honek: XVI eta XVII. mendeetatik gaur egunera etorri zara, XXI. mendera. Beste hizkera bat, beste gai eta ikuspegi batzuk...
Hizkerarena egia da. Genero eta liburu bakoitzak bere-berea eskatzen duelako. Gaiak, ostera, ez dakit hain berriak diren. Ikuspegia bai, nire aldetik berria-edo delakoan nago. Egungo gizarteak kezkatzen nau eta, gainera, hortxe izan dut lagun bat, urteetan, iragan denboretan ibili beharrean egungo gaietara itzultzeko eskatzen izan didana. Ziri hori oso barruan sartuta ibili dut, baita kontzientzia arazo bihurtuta ere. Honekin ziria kendu dut, nahiz eta jakin ez, gaien tratamenduan igarri dudan ala ez.

Giroaren aldetik, Bilbo ingurua hautatu zenuen "Manhattan" ipuin-bilduman, baina oraingoan, nahiz eta izenez aipatu ez, zeure lurraldera itzuli zara, Urdaibaira. Arrazoi berezirik horretarako?
Fikziorako Bilbo beti da egokia. Orain, ostera, ez dut hura hain ondo ezagutzen. Eta, egia esan, giro urbanoa da Urdaibaikoa ere, urbanotzat zer-eta bazterkeria, drogak, espekulazioa, immigranteen esplotazioa eta horrelakoak jotzen baditugu behinik behin. Horietarik sobera ditut etxe inguruan. Niretzat garrantzizkoena fikzioan egiantza eta sinesgarritasuna dira, eta horrek kontatu gura denaren gaineko ezagutza eskatzen du. Liburuan diren istorioak benetako jazoeretan, pertsonetan eta giroetan oinarrituak dira. Behin hau esanda, esan behar dut baita ere benetako horiek mozorrotzean datzala idazlearen eginkizuna. Esan barik doa lan gaitzena horixe izan dela. Orain, norbaitek nire ipuinetan Urdaibai dagoela igartzen badu, ondo. Hori ez dut lar mozorrotu nahi izan. Beste guztia ostera bai.

Ipuinotan, oso nabarmena da drogaren giroa: ez horrenbeste oraingo jonkizale marjinalak, baizik garai batean hor sartu eta betiko katigatuta gelditu direnak, adinean gora joanda ere: zuk zeuk ezagututako jendea, dirudienez.
Horrelaxe da. Ezagutzen dudan jendeaz dihardut, adinkideez gainera. Inguruan kafea bezain arruntak dira legez kanpoko drogak. Ez naiz, ostera, horien hornikarien giroan sartu, erabiltzaileen munduetan baino. Ni neu drogen erabilera sakratuaren aldekoa naiz. Adibidez, alkohola lagun arteko girorako, neurriz, eta kalamua-eta, neurriz baita ere, etxean giro onean erretzeko. Kokarik ez dut erabiltzen, baina ez nago horren erabilera neurrikoaren aurka, inondik ere. Inoiz berriro hartzekotan hornikariek kalitatea zaindu beharko lukete, dena dela. Oraingo arrunkeria eta demasak arbuiatzen ditut. Ez dakarte rollo onik. Eta drogak plazer barik katea bihurtzen badira, horra gero esklaboaren negarrak. Zintzo esanda, liburuko pasarteren batean edo bestean drogaren ondorioz hil direnetako batzuk izan ditut gogoan. Guzti-guztiak nik oso maitatuak.

Hausnarketa eta gaien ugaria


Lapur eta trapitxero txikien giroaren aldean eta kontrastean, haiekin gaztaroko abenturak konpartitu baina garaiz zentzatu zirenak dauzkagu: bizimodu burgesa daramatenak, ez beti kontzientzia lasaiarekin baina.
Ariketa gogorra izan behar du izan, zinez, gaztetan norberak uste izaten zuenaren aurka eginez bizi izatea. Hortixe hainbeste txalet, euren hesi, seguritate neurri eta enparauekin. Lotsa gordetzeko. Narrazioetako batean horietako bati etxea jausi zaio. Mendeku txikia nire aldetik. Gorrotagarrien zaidana, hala ere, immigranteen esplotazioa da, batik bat esplotatzaileak majoak, jatorrak, progeak direnean. Gure artean esklabotza berri bat dago, duda barik. Horrekin batera, esklabo-tratante berriak daude. Denak itxuraz oso demokratak.

Narrazioak izan arren, doinu diskurtsiboa erabiltzen duzu sarri, gaietan sakontzeko hausnarrean bazenbiltza bezala. Literaturak badu zure ustez ahal hori, arazoei begiratzeko ikuspegi berriak eskaintzearena?

Saiakeraren generoak badu fikziotik, batik bat saiakera filosofikoak eta, zer esanik ez, antropologikoak. Antropologia idatzia literatura da. Nire narrazioetan bada saiakeratik zer edo zer. Azken batean literaturak, kasu batean nahiz bestean, ikuspegi berriak eskaintzen dituelako da interesgarria. Liburuan diren narrazioak hausnarketa ugariren ondorioa dira. Bestela, diozun moduan, gaietan sartzeko orduan hausnarrean nabil, hain zuzen ere ez dudalako inoiz nire ipuinetan gai bakarra lantzen, bat baino gehiago baizik. Beraz, benetan kontatzen dudana ez da huts-hutsik azalean ageri den istorioa. Horren azpian doazen korronteak inportanteagoak dira. Esazu jazzaren eragina dela, nahi baldin baduzu.

Sexuaren desira nonahi sumatzen da ipuinotan, baina horrekin batera nabarmena da heriotzaren pultsioa ere: eros eta thanatos-en arteko joko klasikoa berregin nahi izan duzu ala...?
Baietz esan behar dudala uste dut. Sigmund Freud irakurtzen hamabost urte nituela hasi nintzen. Zein sakon sarturik dudan ez dakit. Edozertara ere, haren izkribuak gaur egun saiakeratzat dauzkat. Ildo horretan, erotismoa ez da beste barik sexua, Thanatos heriotzaren unea ez den legez. Nolanahi ere, gure jendartean sexua zentroa da, dela praktika legez, dela ukazio modura. Hortxe duzu Eliza Katolikoa, zelibatoaren kontuarekin. Sexua, azken finean. Familia bera ere sexuaren arautze jakin batzuk dira. Edozeren ehuneko laurogeita hamabost sexua da, eta beste bosta zer den ez dakigu. Hori bai, gehienek sexuaren garrantzia ukatu egingo dizute. Lehen drogak aipatu ditugu eta, hara, Herioak horiexek izaten ditu bere zaldietako bat. Hori horrela jakinda, berriro diot, hobe drogen erabilera erotikoa egitea. Zaldia bizkorregi badoa, agur gu! Bestela, denok hilko garela kontu jakina da, nahiz eta horri buruz isiltasunaren legea ezarria ukan botere guztiek. Osakidetzak gure osasuna zaindu nahi omen du, baina ezin gaitu heriotzatik libratu. Eman biezagute ba bakea.


Zintzotasunez zirikatzen


Ipuinen artean badira hariak eta lokarriak: geroztik erantsi dizkiezu, ala halaxe jaio ziren, lotura eta guzti?
Ez ziren lotura eta guzti sortu. Loturak berez etorri dira. Adibidez, ipuin guztietan zeharka-meharka mundu mailako gertaeraren bat aipatzen da eta, horrek bakoitza denbora jakin batean jartzen du. Izan ere, ipuinak ordenatzeko irizpidea gertaera horien hurrenkera errespetatzea izan da. Pertsonaien aldetik ere irakurleak batzuen eta besteen arteko antzekotasunak antzemango ditu. Nor zein den ibiliko delakoan nago. Paisaia ere lokarria da, azken hau zure galderak eragin didan gogoeta da.

Boterearen gehiegikeriekin beti izan zara kritikoa; hau ez da berez salaketa-liburua, baina badira han-hemen ziriak eta abarrak, ezta?
Ene, lehenago jakin dute New Yorken hemen baino Urdaibai gurean egin behar duten proiektuaren berri. Hori gehiegikeria ez bada, esango didazu. Literaturaren bidez ere zirikatu beharra dugu, badakit honetan bakarra ez naizena. Hori zelan egin, nola gauzatu, horixe da literatura onaren gakoa. Euskal literaturak duen altxor nagusia irakurleak dira, gure irakurleen multzo nagusia oso jantzia delako. Irakurlego horri ezin diot literaturaz mozorrotutiko salaketa libururik eman, literatura baino. Ona ala eskasa, baita txar-txarra ere? Eurek erabakiko dute. Baina literatura zintzoa, eta zintzotasun horren sinonimotzat daukat nik neuk botearekiko kritikoa izatea eta manikeismora ez lerratzea. Idazleak bere kritikotasuna gorde behar du, nahiz eta tarteka bateko edo besteko erakunderen batekin honetan edo bestean lan egin, azken batean erakundeek guztion diruarekin funtzionatzen dutelako. Holaxe nabil ikastetxeetan, adibidez, edo Bilboko Poesiaren Astean aholkulari aurton. Nire kasuan ez dut inoiz burujabetasun hori galdu, eta uzteko ere ez didate zuzenean eskatu. Egunen batean lan eroso baten truke hori galdu edo bertan behera utzi behar izango banu, zalantzarik ez zer egingo nukeen. Ez nuke aitaren itzalari traizio egiten jakingo.

Amaitzeko: genero guztiak landu dituzu honezkero; zein dira zure hurrengo proiektuak?
Ez dut uste genero guztiak landu ditudanik baina tira. Geroaz hitz egiteko liburu hau zelan doan ikusi behar da. Literaturan agur esaten jakin behar da, idazle eta kritiko gazteen zerez negarretan ibili barik. Lekua dudan artean hemen segituko dut, bestela eskerrik asko eta ea ba nire gustuko lanak idazten diren, literaturaz irakurle modura gozatzen segitzeko. Hau nire sortzaile jardunari buruz. Bestela, literaturaren arloan euskal poesia erotikoaren antologia prestatzen nabil, Josune Muñozekin batera. Nolanahi ere, gerrilla kulturalean saretuta ere eroso ikusten dut neure burua. Hau txarto, beste hori okerrago, harako hura zera, ez dut negarrik aditu nahi. Egin egin behar dugu, geuk, sortzaileok. Nire proiektuak, ba, hortixe doaz. Kontsigna bat erabili behar izango banu, zera, “euskal literaturaren sozializazioa sendotzea”, horixe litzateke kontsigna. Kemenak eta adoreak huts egiten ez didaten artean horretan jardun nahi dut.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta