Idazleak - Dionisio Amundarain Sarasola - Laginak - NAHIA, ESKUBIDEA, ESKARIA

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Dionisio Amundarain Sarasola > Laginak

Saiakera

NAHIA, ESKUBIDEA, ESKARIA |

Txoria. Osorik nahi dut nik. Hegoak eta guzti. Hankak eta guzti. Lepoa eta guzti. Neure herria dut txoria. Euskal Herria dut txoria. Horrela interpretatu nuen, horrela hartu, joan den larunbatean, otsailaren 19an Kursalean bihotz beroz abestu ziguten abestia, zirrara eragin zidana: "Hegoak ebaki banizkion...".

Maite dut neure lurra. Jaio nintzen lurra. Bizi naizen lurra. Munduan zehar ibili/ibiltzen naizenean, maiteminez erakartzen nauen lurra. Lur polit eta eder asko han eta hor ikusi arren, lur asko han eta hor zoragarri iruditu arren, bihotza modu berezia ukitzen eta hunkitzen didan lurra maite dut : jaio nintzen lurra, naizena egin nauen lurra, inoiz edo behin egin dizkidan ziztadak eta guzti bizigarri izan dudan eta dudan lurra. Horrela hartu nuen Kursalean, emozioa eraginez, abestu ziguten « Oi lur..." abestia.

Atsegin dut neure txoria, neure herria, pozik eta alegera ikustea. Kantari eta dantzari ikustea. Hilzoriaren arriskurik gabe ikustea. Zapaldua eta iraindua izatearen negarrik gabe ikustea. Buru-zutunik ikustea. Atsegin dut biziaren biziaz ikustea. Horrela hartu nuen Kursalean alegera eta bizi-bizi abestu ziguten "Baga-Biga-Higa..." abestia.

Bai, txoria osorik maite dut; luma bakar bat ere kendu gabe. Lurra osorik maite dut, bitan, hirutan... banandu gabe. Neure herria pozik nahi dut, alegera; berezkoak direnak aparte, inork eragindako malkorik gabe.

Bai, eskubidea dut horretarako. Eskubide osoa. Behin eta berriz, munduan aitortua. "Kultura-aniztasuna gizadiarentzat, organismo bizientzat aniztasun biologikoa bezain premiazkoa da. Gizadiaren ondare komuna da, eta hala aitortu eta hartu behar da, oraingo eta geroko belaunaldien onerako". (UNESCO, Kultur Askotarikotasunari buruzko Adierazpen Unibertsala, 1. artikulua). "... Euskal Herria deitzen dugun Herriaren berezko osagai bezala bere identitate kolektiboa itxuratu eta zehazten duten bereizgarri egiaztagarriak aipatu nahi ditugu; honatx, besteak beste, agirienak: jatorriko kultura propioa, jatorrizko hizkuntza, lurralde-ezarpena, etorkizunerako zenbait egitasmo, erakunde bereziak..." (2002ko maiatzean 358 apaizek egindako Deklarazioa). "Diskriminazio-modu bereziki larria. Diskriminazio dramatikoenetakoa da talde etnikoei eta gutxiengo nazionalei diren bezala bizi-irauteko funtsezko eskubidea ukatzea edo galaraztea. Horixe gertatzen da halakoen ezabatzea edo erbesteratzea egin nahi izatean eta halakoen identitate etnikoa, ezagutezina bihurtzeraino, ahultzeko ahaleginak egitean..."(Joan Paulo II.a; 358 apaizenean aipatua). "Identitatearen, nortasunaren, arazoa bai gizabanakoetan, bai kulturetan, bai talde etnikoetan... planteatzen da... era konkretuan harturik, nortasunaren arazoa funtsezkoa eta moldatzailea da pertsonarentzat, Elizarentzat... Nortasun zehatza duten partaideek bakarrik jo dezakete elkarrizketara honetan beren nortasuna galtzeko beldurrik gabe..." (Walter Kasper kardinala, in Vida Nueva 2004-04-17). "Inperialismo hau antiebanjelikoa da... Eta, gainera, inperioan gertatzen den moduan guk jan eta edatea, guk abestea eta jolas egitea nahi baitute, defenditu egin behar da ondo ulerturiko `nazionalismoa': Jainkoaren kreazioaren ontasunaren defentsa, herri desberdinetan, tradizioetan, kulturetan eta erlijioetan" (Jon Sobrino; ik. Eclesalia-n "Carta a Monseñor Romero", 2004-03-16). Aski bedi horrenbestez neure eskubidea baiesteko.

Horregatik, neure txoria osorik nahi dudalako, neure lurra banatu gabe nahi dudalako, neure herria pozik eta lasai bizi dadin nahi dudalako:

-Etxean ikusi nahi haut, Garikoitz Muxika. Nire txoriaren luma haizelako, nire lurreko landarea haizelako, hi kanpoan (barruan) haizela nire herria poz betean bizi ezin delako. Gauza bera zuei, preso zaudeten euskaldun guztioi. Gauza bera zuei guztioi: Guantanamon, Israelen, munduko bazter guztietan preso zaudeten guztioi. Ez diat esan nahi delitua, dagoenean, kontuan hartu behar ez denik. Baina euskaldunok eta munduko herri askotakoak menpean gauzkan sistema honetan ez diat ikusten delitua, dagoenean, behar bezala neurtua izango den bermerik, garantiarik; ez diat ikusten sistema honetan delitutzat ematen dena, gehienetan, benetan delitua denik.

-Etxean ikusi nahi zaituzte zuek, erbestera joan beharra izan duzuen euskaldun guztiok. Munduko hainbat txokotatik alde egin behar izan duzuen guztiok. Zuek kanpoan zaretela, moko-labur ikusiko diat beti neure txoria. Ez diat ikusten zuek etxea utzi eta erbestea aukeratzeko gizabidezko arrazoirik.

-Etxean eta eguneko eta gaueko amesgaiztorik gabe ikusi nahi zaituztet zuek, atzerritar inperioak auzipeturik zauzkaten 260 auziperatuok. Ezin diat jasan neure txoria Damoklesen ezpatapean larri eta beldurrez egotea.

Bai, txoria osorik, etxean, libre eta pozik ikusi nahi dut. Baina, ai! 2003ko "Le Robert" frantses hiztegiak dioena: "Pirinio mendien bi aldeetan dagoen multzoa", txoria, lurra, herria, ez dute errespetatzen Frantziak eta Espainiak; bere garaian "zatitu eta beren artean banatu zuten". Horra errealitatea. Gure txoria, gure lurra, gure poza bahitua, sekuestratua. Ez bakarrik presoak, ez bakarrik erbestetuak, ez bakarrik auziperatuak. Guztia bahitua!

Eta atzerritarra jaun eta jabe. Atzerritarra zuzenbidearen irakasle. Atzerritarra zuzenbidearen oihulari. Atzerritarra berdintasunaren eskaintzaile: berdinak izateko, uko egiozu euskaldun izateari; berdinak izateko, uko egiezue zeuen uste hutsaleko eskubideei; berdinak izateko, uko egiozue zeuen uste hutseko eta arrazismoa darion nortasunari... Zuen desberdintasun-ustea erreakzionarioa duzue funtsean, garapenerako oztopoa duzue, baztertu beharreko traba duzue... Are okerrago: ez dugu uste, zuen ezjakintasunean, zuen egoskorkerian, zuen chauvinismoan, zuen arrazismoan, zuen fanatismoan, zuen integrismoan, kokotean tiroa jotzeko duzuen koldarkerian... zuzen dena egiteko gauza eta gai zaretenik, eta zuek mundutik ezabatzea beste erremediorik ez dugu. Mendean gauzkan atzerritarraren diskurtsua!

Baina nik diotsuek: "Kateatu ezazue nire herri hau, zigilatu iezaiozue ahoa: artean libre da. Ken iezaiozue lana, ken pasaportea, ken jateko duen mahaia, lotarako duen ohea: artean libre da. Herria, pobre eta esklabo, arbasoengandik hartutako hizkuntza kenduko diozuenean izango pobre eta esklabo: orduan galduko duzue betiko" (Ignazio Buttita siziliar poeta, in Vida Nueva 1997-04-27).

Baina alferrik ari zarete. Ez diozu kenduko nire txoriari bere hizkuntza. Nire lurrak landare berriak sortuko ditu euskara edonon hitz egiteko, edonora zabaltzeko. Alferrik ari zarete bide horretan.

Kasu egidazue. Nire/gure lur honetan bizi nahi duzuenok eten ezazue Madrili, Parisi, menpean gauzkan sistemari lotzen zaituzten zilborrestea. Lot zakizkiote bizi zareten txoriari, lurrari, herriari. Orduan izango duzue benetako poza. Txoriaren luma izateak, lurreko landare izateak, pozik bizi den herriak ematen duen poza.

Baina zilborrestea herdoildua baduzue, eteteko ez gogorik ez ahalbiderik ez baduzue, zoazte poza emango dizuen txoriarekin, zoazte poza emango dizuen lurrera, zoazte atseginez hartuko zaituzten herrira. Zuentzat poza, guretzat poza. Zuek pozez ikusteagatik eta geure burua artifizialki erantsitako eta geureganatu ezineko transplantea gainetik kentzeagatik. Benetan diotsuek: ez duzue hartara bizkartzainen konplexurik jasan beharrik izango; ez dugu hartara gure artean zuetako inork kaltea jasan izanaren bihotz-zimikorik pairatuko. Biontzat on, guztiontzat on.

Oi txoria, oi lurra, oi herria pozik ikusi nahi zaitut. Eskubide osoa dut. Atzerritar horrek emadazu poz hori: zinez eskatzen dizut.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta