Dionisio Amundarain Sarasola

Dionisio Amundarain Sarasola Atzera

Argitaratzeko prest
Oinarrizko morala
Deustuko Unibertsitatea
2018
Jesusen berri ona C : san Lukasi entzunez
Pax Argitaletxea
2018
Jesusen gazte taldeak
PPC Editorial
2017
Jesusen Berri Ona B: San Markosi entzunez
Pax Argitaletxea
2016
Jesusen Berri Ona A urtea
Pax Argitaletxea
2013
Liturgia ulertu eta bizi
Pax Argitaletxea
2009
Ebanjelioa : egunean eguneko
Universidad de Deusto
2009
Katekesia gaur
Universidad de Deusto
2009
Kristoren baitako bizitza : kristau-moralaren oinarriak
Universidad de Deusto
2008-10-15
"Eliza beti egon da krisian, eta hala izan behar du; bestela, ez da Eliza!"
Dionisio Amundarain 1930. urtean jaio zen Itsasondoko Lukusin baserrian, 11 seme-alabako sendi batean. Gerra garaiko zailtasunek eraginda, txiki-txikitatik aritu behar izan zuen baserriko lanetan, bereziki artzain gisa. 10 urterekin, berriz, Lazkaoko komentura joatea erabaki zuen, berak dioenez, bere kontura. 1948an beneditar egin zen, eta 1953an apaiztu zen. Beneditar komentuan apaizgoaren oinarrizko ikasketak egin ondoren, Filosofia eta Teologia ikasi zuen Parisen eta Erroman, eskola dominikoetan. Ikasketa horiek erdaraz egin arren, euskara ikasi eta lantzen aritu zen Lazkaon, Elbira Zipitriak antolatzen zuen taldetxo batean. Laster hasi zen euskararen inguruan lanean eta itzulpenak egiten. Maizpide euskara barnetegiaren sorreran parte hartu zuen eta 1990. urtetik 1995. urtera bertako zuzendari izan zen. 60. eta 70. hamarkadetan alfabetatze ikastaroak antolatu zituen Goierri osoan. 1995. urtean erretiratu zen arren, oraindik itzulpengintzan eta euskalgintzan lan ugari egiten jarraitu du, eta duela gutxi, Egunean eguneko EBANJELIOA liburua argitaratu du.

Oso gertukoa izan dut nik beti Dionisio, igandero berarekin bazkaldu izan dut, eta baita mus partida sutsuak konpartitu ere. Dena dela, inoiz ez zitzaidan otu orain arte berak egindako lanaren inguruan eta bere bizitzaren inguruan galderarik egitea. Oraingoan, elkarrizketa dotore samar bat egin nahi banuen behinik behin, ongi informatuta egotea ezinbestekoa nuen. Orduantxe ohartu nintzen zenbat gauza egin dituen euskararen alde, zenbat itzulpen, zenbat ekimen. Lazkaoko komentuan sartu omen zitzaion euskararekiko zaletasuna eta berebiziko fruituak eman ditu. Elkarrizketa honetan bere bizitzan zehar egindako lan aipagarria izango dugu hizpide, eta baita berak fedearen, Elizaren eta gizartearen inguruan duen ikuspegia ere. Lasaitzeko astirik eman gabe egin dugu hitzordua berarekin, oraintsu iritsi baita Puerto Ricotik. Gogoko omen du hara joatea, bertako jendearekin egotea gustuko omen du, haiena beste biziera bat omen da. Lazkaoko bere etxean hartu nau, liburu pila artean eta Koranaren itzulpena egokitzen amaitu berritan. Ezin esan asko kostatu zaigunik hizketan hastea, nik elkarrizketa artifizialagoa edo izango zelakoan nengoen, baina bere ahots lasaiarekin segituan murgildu gara galde-erantzunen munduan…

Duela gutxi iritsi zara Puerto Ricotik, maleta desegiteko astirik izan al duzu?
Maleta ez, maletak! Baina maleta desegin baino, nik ez nikek esango desegiten diadanik, askatu egiten diat. Askatu, eta ondoren gauza bakoitza bere tokian gorde. Hori bai, norbaiten laguntzarekin.

Zer moduzko bidaia izan da aurtengoa? Gustura ibili al zara bertan?
Hor bi galdera bazeudek, behintzat! Bidaiari buruz, joaterakoan oso ondo. Egunez izaten duk, eta luzea izan arren, liburu bat hartuta gustura joaten nauk irakurtzen. Honakoan, ordea, okerrago. Alde batetik 3 ordu lehenago aireportuan egon behar dudalako, baina aurten behintzat konpainian egon ninduan, gizon bat ezagutu nuelako bertan. Beste alde batetik, bidaia osoa gauez egiten dudalako eta nik ezin izaten dudalako lorik hartu. Hala ere, aurtengoan zortea izan nian Madrilen segituan hartu nuelako Hondarribirakoa, beste urteetan baino askoz azkarrago. Bakarrik, erosia nian Puerto Ricon kontrola pasata pattar botila goxo bat, arrebari eta gustatzen zaielako, eta aireportuan kendu egin zidatean, nik kontrola pasata izan arren. Gustura joango ez banintz, ez nindukek joango. Jada 14 urte dituk urtero joaten naizela, eta bero handia eta lan asko izan arren, oso gustura ibiltzen nauk.

Ohiko egun batean zer egiten zenuen bertan?
Bereizi egin behar dituk asteburuak eta aste barrukoak. Astean zehar seietan meza izaten nian, aurretik gimnasia pixka bat egin eta garbitu ondoren. Horretarako bostetan jaikitzen nitxoan. Meza eman ondoren, ordenagailua pizten nian, posta elektronikoa begiratu eta Euskal Herriko egunkariak eta Espainiakoak irakurtzeko, gainetik bazen ere. Ondoren otoitz saio labur bat, eta gero lan batera edo bestera. Astean bitan edo, aldi batean emakume batekin eta bestean bestearekin, gaixoak bisitatzera joaten ninduan, bertako hiru ospitaleetara. Beste hiru egunetan, berriz, han “oficina” edo esaten diotenera, parrokiako lanak egitera. Hori eguerdira arte, orduan bazkaria prest izaten nian. Bazkal ondorenean, solasalditxoa izaten genian bertako apaizok, 20 bat minutuz edo, eta ondoren ordubeteko siestatxoa egitera joaten gintuan. Horren ostean, bulegoko lanak bazeudean, bulegora eta bestela, ba, nire gelan lantxo batzuk egitera joaten ninduan. Bertan egoten ninduan lanean ospitalera joateko inork deitzen ez bazidan, iluntzera arte behintzat. Zazpiak inguruan, astean hirutan edo, andre bat etortzen zitzaidaan, farmazia batean lan egiten zian andre bat, oso fina, eta harekin joaten ninduan ospitalera gaixoak bisitatzera. Bertan egoten ninduan hamarrak edo hamikak arte. Larunbat eta igandeetan, berriz, meza bat izaten genian goizean, eta arratsaldean bi gehiago. Goizean meza eman ondoren, gaixoren bat bisitatzera joatean ninduan gehienetan. Igande arratsaldeko azken mezaren ondoren, aitorpenen txanda izaten zuan.

Nolatan joaten zara Puerto Ricora?
Nik badiat han Ataungo lagun bat, Iñaki Agirre, 1969an joan zuan bertara, nirekin apaizgoa ikasi ondoren. Eta duela 14 urte idatzi zidaan esanez apaiz falta zegoela bertako parrokiaren batean eta ea zergatik ez ote ninduan laguntzera joaten. Nafarroako erretore bat zegoen parrokiara joan ninduan, aurreneko bi urtez edo, baina hura utzi egin nian lan askorik ez zegoelako, meza batzuk emateaz gain. 1995ean, ordea, hango gotzain batek idatzi zidaan esanez apaiz faltan zeudela, udan batez ere. Idatzi nitxoan, eta hark eskatuta joan ninduan uda hartan. Ordutik bertara joaten nauk, pauldarren komentura.

Zeren bila joan ohi zara Puerto Ricora? Lortzen al duzu?
Ni hasiera batean ikustera joan ninduan, hura zer zen jakiteko gogoz edo. Baina denborarekin maitemindu egin nauk, nik uste diat nik eurei eman diedana baino askoz gehiago eman didatela eurek niri. Nik uste diat euren kultura jarraitzeko parada ezin hobea izan dudala. Batez ere gustuko diat jendearekiko harreman bizi-bizia, etxez etxe ibiltzea eta beste kultura bat, guztiz ezberdina, ezagutzeko aukera eman zidak. Oso ondo hartu nautek beti, beste biziera, pentsaera, jarrera bat ditek. Bertan bizitzeko Donostian Donosti, gorostian gorosti esaera aplikatu behar izan diat. Bertara joaten naizen bakoitzean neure buruari esan behar izaten zioat txipa aldatzeko, bertako bizimodura egokitu ahal izateko.

Orain dela gutxi, urriaren 12a edo Hispanitatearen eguna ospatu dute batzuek. Ameriketako herritar eta indigenek zer ospaturik ba al dute?
Esan beharra zegok hango indigenetariko askok, hemen Euskal Herriko batzuek bezalaxe, euren herri edo izate kontzientzia galdua dutela. Eskerrak orain, bai Bolivian, bai Venezuela eta Mexikon zenbait indigena ari direla kontzientzia hori berreskuratzen. Horixe esaten ditek eurek, Kolonek ez zituela deskubritu, han zeudela aurretik ere, eta espainiarrek kolonizatu eta inbaditu egin zituztela. Zibilizazioa eraman genuela eta hori guztia egundoko gezurra duk. Indigenek ez zigutek edo ez zietek ezer zor, ez baikenien zibilizaziorik eraman; alderantziz, milaka eta milaka indigena hil genitian animalien moduan. Zorionez, gaur egun, indigenismoa indarra hartzen ari duk. Alde horretatik, nik uste Elizak kalte eta akats ugari egin dizkiala, garai hartako misiolari asko eta asko inbaditzaile gisa joan baitziren. Zorionez, beste misiolari batzuk izan zituan indigenen alde atera zirenak. Misiolari joaten denak jakin behar dik eurek kultura propioa eta izate propioa dutela, eta hori errespetatu behar dela. Mespretxu horren adierazgarri duk, adibidez, bertako meza-abesti guztiak espainiarrak izatea, bertakoak horren musikazaleak diren arren. Puerto Ricon ere hasi duk entzuten indigenen kontzientzia horren zerbait. Nik uste indigenek benetan behar dutena laguntza ekonomikoa dela, baina ez esplotatuak izateko, baizik eta bizi diren bizimodutik ateratzeko. Eta, aipatu nahi niake bertakoak ez direla indioak, indigenak edo bertako jendea baizik. Indio deitzen zieagu, baina hori kontzeptu mespretxagarria duk. Han ere jende askori pasa zaiok espainol kolonizazioa jasan duela, hemen Euskal Herrian bezala, eta ondorioz berezko izaera galdu dutela.

Biblia euskarara itzulia duzu, baina, txori txiki batek orain Korana itzultzen hasi zarela esan dit. Islam-era bihurtu behar al zara?
Nik ez diat euskaratu biblia, euskaratu egin diagu. Talde batean lan handia egin genian, protestante eta katoliko artean. Benetan lan ikusgarria, euskara batuan egindako lehena, nahiz eta aurretik euskalkietan ere bazeudean. Korana, berriz, lehendabizi Ugaldek itzuli zian, baina niri Gonzalez de Txabarri ahaldun nagusiak eskatu zidaan ea nola argitaratu genezakeen liburua. Hasi gintuan, bada, argitaratzeko lanean, eta posible izan zenean, musulmanei galdetu geniean eta haiek ez zitean onartu, itzulpen hau espainiar itzulpen batean oinarriturik zegoelako eta musulmanek ez zitean itzulpen hau onartzen. Zailtasunak jarri zitiztean eta nik hartu nian ardura eurek onartutako itzulpen batean oinarrituta itzulpena egokitzeko. Beraz, itzulpena Ugalde eta bion artean egin genian. Horrek ez dik esan nahi inondik ere Koranera bihurtu behar naizenik, eta orain irakurri eta gero are gutxiago. Errespetatzen dudan arren, argi zeukaat ez naizela Islamera bihurtuko. Hor dagoen funtsezko irakaspena Alarekiko eta Jaungoikoarekiko lotura dela uste diat, benetan aberatsa. Hala ere, Jaungoikoarekiko harremanen inguruan eta gizakien arteko bizitzaren inguruan ematen duen ikuspuntua ez duk inondik inora nirearen antzekoa. Ez eta giza jokabidearen inguruan ematen duena ere. Orain Deustuko unibertsitateak asmoa dik munduko erlijio guztien inguruan euskarazko argitalpenak egiteko. Interesgarria bilatzen diat beste erlijioak ezagutu ahal izatea euskaraz.

Komentura 10 urte zenituela joanik, ez duzu uste familiaren goxotasunaz ez zenuela behar adina gozatu?
Eta sei urterekin Aralarren artzain ibiltzen nintzenean? Eta bost urterekin Gaintzan eta Gabirian-eta ibiltzen nintzenean? Gaur egungo gazteak bezala hazi ginela uste al duk? Gu belar motxean haziak gaituk. Dena dela, nik komentuan oso esperientzia ona izan nian. Gure artean oso giro ona genian, eta lanorduak eta jolaserako orduak eta abar oso ongi banaturik genizkian. Beharbada psikologikoki egongo zuan zerbait, baina nik oso ongi pasa nian bai haurtzaroa, bai eta nerabezaro edo gaztaroa ere.

Zerbaiten damurik bai?
Damuak, damuak… gehiago egin ez izana. Eta, batez ere, formazio aldetik behintzat, guk ez genuela izan oraingo aukerarik hizkuntzak ikasteko. Nik nolabait faltan bota diadana matematika duk, eta horrez gain hizkuntzak ere bai. Txikitan ez genizkian ikasi, eta gero berandu hasi ninduan. Frantsesa bai, aukera hori izan nian, baina alemana eta ingelesa eta horiek ikasten berandu hasi ninduan. Alemana nahiko ongi ikasi nian, baina gero erabilera faltarekin eta erabat ahaztu nian. Ingelesa, berriz, ez nian inoiz ikasi. Alde batetik, berandu hasi nintzelako eta, bestetik, bere fonetika edo ez zegoelako nire belarrira egina. Gainera, 55 edo 60 urterekin hasi ninduan ikasten. Baina formazio alde hori izan ezik, nik bizitza nahiko ongi eraman diat eta alde horretatik damu partikularrik ez.

Zeintzuk dira, zure ustez, pertsona batek izan behar dituen dohainak?
Lehentxeago jaso diat mezu bat esanez gizon bat hil dela, 97 urtekoa. Eta oroitu nauk, irailaren 8an izan genuela Puerto Ricon afari bat haren urtebetetzearen omenez. Eta nik gizon hartaz pentsatzen diat, Jesusek esan zian bezala, benetako israeldarra zela, hau da, benetako gizona edo emakumea. Beste hitz batzuetan esanda, jatorra, gizon edo emakume jatorra. Ez gezurtia, ez azpijokoan ibiltzen dena, inbidiarik gabea, ingurukoez arduratzen dena… Jatorra hitz batean.

Erlijio-mundutik abiatu zinen, urte luzeak eskaini dizkiozu euskarari, berriro abiapuntura itzuli al zara?
Beno, ni biak konbinatzen saiatu nauk. Erlijioa ez diat sekula alde batera utzi, ezta gutxiagorik ere, urte batzuetan euskararen alde buru-belarri aritu ninduan, Maizpiden eta ibili nintzenean. Gerora, Maizpide eta Jaurlaritza utzi nituenean, erretiratu nintzenean, ohartu ninduan euskara lantzeko jende asko zegoela, baina uste nian Eliza mailan bazegoela hutsune bat, eta oraindik ere badagoela, eta erretiratutakoan edo horri heldu nioan. Itzulpen pilo bat egin diat maila teologikoan eta liturgikoan, horrekin liburu bat ere prestatu diat euskarazko Ebanjelioarekin. Eta horrela, ba, biak lotu nizkian. Dena den, erlijioa esatean bereizi egin behar dela uste diat. Nik uste diat bai Puerto Rico bai Euskal Herria oso erlijiosoak direla, baina ez duk gauza bera erlijioa eta fedea. Fedea nik uste diat norberaren eta Jaungoikoaren arteko harreman pertsonala dela, zerbait gehiago badagoela pentsatzea. Eta esan behar diat, orain Jaungoikoa nire baitan eta neure burua haren baitan duela 20 urte baino askoz biziago dudala. Askoz gertuago sentitzen dizkiat orain Jaungoikoa, Amabirjina eta nire gurasoak ere. Nik inoiz egingo ez dudana duk alderdi politiko batean sartu, arazo moral izugarria suposatuko bailidake. Hauteskundeak iristen diren aldiro, sekulako arazoa izaten duk niretzat, botoa zeini eman pentsatu behar dudalako. Hori bai, momentu jakin batean alderdi politiko jakin baten aurka izugarrizko injustizia egiten ari zela ikusi nuenean, bai egin nian halako aitorpen publiko bat, baina alderdi politiko batean sekula ez.

Gero eta bokazio gutxiago dago, elizak husten ari dira… Eliza krisian ote da?
Horri buruz nire hausnarketa partikularra egin diat. Nik uste diat Eliza sinesmen kontua dela, ni eliztarra nauk sinesten dudalako bai Kristorengan, bai Jaungoikoarengan… Beraz, nik uste diat Eliza gauza bizia dela eta bere funtsa edo misterioa duela. Orduan nik esaten diat, benetan hainbeste eliztar bazeudean, misterioan sinesten zutenak eta halako konbentzimenduarekin, hori horrela uzterik bazegok? Txamarra bat aldatzen dugun bezala, uzterik bazegok? Niri iruditzen zaidak hori utzi duenak ez duela benetako konbikziorik; bestela, ez likek utziko. Bokazio gutxi dagoela? Beno, baina pentsa dezagun soziologikoki. Gu 11 seme-alaba ginen, eta horietatik bat apaizgorako sartzea ez zuan misterioa. Gaur egun, ordea, 2 seme-alaba edo izaten dituk, atera kontuak. Nire kasuan amak esan zidaan beneditarretara joateko, anaia gerran hila zelako eta artalderik gabe geratu ginelako. Ni, eskola handirik hartu gabea izanik gerra garaian eta lanean aritu nintzelako, joan ninduan eta gustatu zitzaidaan. Normala ez zena garai batean seminarioetan egoten zuan jende pila zuan. Gainera, gaur egun ere bazeudek beste bokazio batzuk, erlijiosoak izan ez arren, bokazioak direnak. Edo GKEetan misiolari gisa lan egitea ez al duk bokazioa? Apaiz falta dagoela? Agian, hemendik urte batzuetara gutxiago izango gaituk eta nahikoa izango dituk egongo den lanerako, ehorzketetarako eta abar. Nik ez diat uste Eliza krisian dagoenik, agian krisian zegok duela gutxi arte izan dugun Eliza eredua.

Zein neurri hartu beharko lirateke Eliza biziberritzeko?
Nik uste diat Eliza beti egon dela krisian, eta gainera horrela izan behar duela. Bere buruari galdetzen ez dion Eliza, barne-gogoeta egiten ez duena, bere buruaz azterketarik egiten ez duena ez duk Eliza. Ebanjelioa esaten dugunean, ez duk duela 2000 urteko mezua era berean ematea. Birmoldatu egin behar duk garai berrietara, egokitu, birpentsatu. Beste kontu bat duk jendeak zein neurritan hartzen duen Eliza modu horretan. Maila sozialean ere ikusten duk hori. Garbi zegok egungo Euskal Herrian badaudela gauzak egiteko, bai maila sozialean, bai maila politikoan, bai maila ekonomikoan… Baina nola bultzatu jendea horretara, jendeak parte hartzen al dik? Gazteen kasuan eskola eta kirolez gain, ez al zegok gizaki bezala jokatu eta pentsatzeko ezer? Nik bai gazteen bai helduen artean pasotismo handia ikusten diat. Gurasoen artean ere, zenbat arduratzen dituk seme-alaben heziketaz, euren soldatez baino gehiago? Nik alderdi horretatik nabaritzen diat falta izugarria, gizaki bezala bizi, kezkatu eta pentsatzeko falta edo.

Etorkin ugari etorri da Goierrira, hizkuntza mordoa galbidean omen da munduan… Nola ikusten duzu zuk euskararen etorkizuna?
Beno, beno. Nik esperantzaz ikusi nahi niake. Galbidean egon duk, Francoren garaia eta izugarria izan zuan. Ahalegin handia egiten ari gaituk, eta nik uste diat gazteen baitan dagoela. Ea aurre egiten diozuen inguruko kutsadurari. Ea kontuan hartu nahi duzuen non jaio eta bizi zareten. Ea bakarka edo herri eta gizarte gisa bizi nahi duzuen. Ea konturatzen zareten herri bezala bizitzeko hizkuntza zeinen garrantzitsua den. Orduan, euskararen etorkizuna nik esperantzaren kontra esperantzaz ikusten diat. Egoera okerragoak pasa dizkik. Orain, hiru herrialdeetan -EAEn- ahalegin handia egiten ari duk, Nafarroan ere mugimendu handia zegok, nahiz eta laguntza handiegirik ez duen, hori bai, Iparraldea ikusten diat nahiko narras. Nik uste diat hiru herrialde hauek independiente izatea lortuko bagenu, laguntza handia emango geniekeela Nafarroari eta Iparraldeari. Orduan, maximalismoa politika mailan ez diat maite. Orain Ibarretxek hiru herrialdetarako plan hori planteatu duenean, eta lortuko bagenu hiru herrialdeak independente izatea, edo behintzat autonomo izatea, askoz laguntza handiagoa eman ahalko genieke bai Nafarroari eta bai Iparraldeari euskararen alorrean. Nik bistan zeukaat ez dudala independentzia hori ikusiko.

Dionisio ez da egonean egotekoa, zertan ari da lanean orain?
Orain, esan diat Koranaren itzulpena bukatu dugula, eta lehendik atzeratuta neuzkaan lantxo batzuk-eta amaitzen eta ordenatzen ari nauk. Eta bihartik aurrera, oraintxe bidali dizkidaten euskarazko kapitulutxo batzuk itzultzen. Eta horrez gain, ba, utzita nizkian beste lantxo batzuk aurreratu eta lanean jarraituko diat. Gero, liturgiako artikulu batzuekin eta lanketa bat. Azkenik, bazeukaat beste lan luze bat, baina beste hauekin guztiekin, ba hortxe zegok, aparkatuta.

Benetan elkarrizketa ederra izan da, luzea (nahi duenak oso-osorik entzun dezake mp3an: 1, 2, 3 eta 4) baina benetan mamia duena. Hemendik eskerrak eman nahi nizkioke Dionisiori bere bizitzaren beste alderdi hori erakusteagatik eta, nola ez, elkarrizketagatik, agian nire errua ere izan baita orain arte gehiago ez galdetu eta interesatu izana. Besterik gabe, hurren arte Euskaljakintzazaleok! Izan untsa!
2008
Hau saltsa familiarena!, 4 Lehen Hezkuntza
Editorial Verbo Divino
2008
Ogia denontzat!, 3 Lehen Hezkuntza
Editorial Verbo Divino
2007
Korana
Editorial Ibaizabal
2004
Ebanjelio sinoptikoak : eraketa. Erredakzioa. Teologia
Universidad de Deusto
2004
Israelgo profetak eta jakintsuak
Universidad de Deusto
2002
Bibliaren irakurketarako hastapen ikastaroa
Deustuko Unibertsitatea
2002
Biziak badu zentzurik. Oinarrizko teologi saiakera
(beste egileekin) Deustuko Unibertsitatea
2002
Laugarren ebanjelioa eta gutunak
Deustuko unibertsitatea
2001
Bizitza erlijiosoaren teologia
Deustuko Unibertsitatea
2001
Kristogan izan eta bizi. Kristau-biziera
Deustuko Unibertsitatea
2000
Biziaren Iturria. Bioetika
Deustuko Unibertsitatea
2000
Liturgia. Historia Ospakizuna Teologia Espiritualitatea
Deustuko Unibertsitatea
1998
Elizen Arteko Biblia
(beste egileekin)
1997
Elizen Arteko Biblia: Itun Berria
(argitalpenaren prestaketa beste egileekin)
1996
Belarritik bihotzera. Bibliako pasarte aukeratuak
(bi kasete-zinta eta bi konpakto, zintak eta konpaktoak elkarren kopia) (edizioaren prestaketa, testuaren egokitzapen arina)
1995-1997
Planeta Entziklopedia Berria
(euskararen ardura, 15 liburukiko entziklopedia, bizpahiru liburuki beste norbaitek ikusiak) Zornotzako Aurten Bai elkarteak euskaratutakoa
1995
Aditz ariketak I. Indikatiboera. Euskalduntzeko
(beste egileekin)
1995
Euskaren jarraipena
(hirueleduna) (euskarazko zatiaren azken idazkuntzaren zuzenketa) Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila Hizkuntza Politikarako Sailordetza
1995
Itun Berria. Grekoa-Latina-Euskara
(beste egileekin)
1994
Elizen Arteko Biblia
(beste egileekin) (Biblia osoaren itzulpen, hornidura kritiko zabala eta guzti; katoliko eta protestanteen artekoa)
1994
Goiherrin kalea euskaldundu
(beste egileekin)
1990
Euskararen egoera soziolinguistikoa, Hizkuntza erregistroak eta euskararen irakaskuntza
(HABEren Zutabe aldizkarian 23. zk., 58-71 orr.)
1990
Gipuzkoan alfabetakuntza
Zornotzako Aurten Bai elkartea (1990-08-07, 1-24 orr. Letrakit kanpaina zela eta argitaratutako liburuxka)
1989
Esamoldeak
(beste egileekin)
1989
Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio-Zerbitzuen Gidaliburua
(beste egileekin) Eusko Jaurlaritza
1989
Hizkuntzaren lorpena eta ikasketa
(Janzten aldizkarian 1zk., 9-14 orr.)
1989
Irakaslegoaren etengabeko prestakuntza-plana
Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Saila
1988
Deklinabide ariketak
(beste egileekin)
1988
Ekintza akademikoaren hitzaldia
(HABEren Zutabe aldizkarian 17. zk, 110-114 orr.)
1988
Elizen arteko Bibliaren itzulpen-taldea
(Senez aldizkarian 1/2 zk., 97-109 orr.)
1988
Idazlanak eta eskutitzak
(HABEren Zutabe aldizkarian 17. zk., 72-74 orr.)
1987-06-14
"Irakaslegoak, profesionalizatzeko bidean, ankilosatzeko arriskua du"
Hogei urtetik gora daramatza Dionisio Amundarainek helduen alfabetatzean buru-belarri sarturik. Borondate onarekin, gizartearen premiak nolabait betetzearren hasi omen ziren batipat, baina antolakuntza, didaktika eta horrelalo gehiegirik gabe. Goierriko Euskal Eskolaren zuzendaria, beste hainbat erresponsabilitateren artean, AEK inguruan oraintsu arte, HABEren aurrekontuen zai daukagu Dionisio, Lazkaon Barnetegi publikoa irekitzeko. Zer dela eta bere eritzia publikoki ez duen agertzen maizago galdetu diogunean, izakeraz jende aurrean agertzeko gizona ez dela erantzun digu.

Orain dela hamabost urte Dionisio Amundarainen izenak pisu espezifiko bat ba zuen, baina orain zertxobait galdu omen du horretatik. Hori horrela baldin bada, zergatik?
Nik hori ez dakit...

Zu ere konturatuko zinen...
Bai, adina, egoera asko aldatu da... Adinagatik izan liteke. Dena den onarpen hori norengandikoa litzatekeen aztertu beharko litzateke.

Dakizun bezala berreuskalduntzearen eremu zabalean gutxitze nabarmen bat gertatu da ikasle kopuruari dagokionez. Zifrak orokorrean hartuta, geroz eta ikasle gutxiago matrikulatzen ari omen dira azken urtean, zer dela eta uste duzu izan daitekela, motibazio faltaz edo?
Baietz esango nuke, ez dakit esplikazio zuzenik emango dudan. Soziologoek egin beharko lukete, baina uste dut zerbait esan dezakedala: frankismoaren garaian egiten zen lan guztia eta geroxoago ere oposizio lana zen Euskal Herrian eta oposizio horretan euskara sartzen zen. Hori bandera bezala hartzen zen eta denok bat etortzen ginen. Orduan euskarari buruz, euskal munduan sortzen ziren aldizkariak (ZERUKO ARGIA), panfletoak eta guzti horiek euskaraz ziren; gero partiduak, Eusko Kontseilua eta abar sortu zirenean hauek beren errebistak ateratzen hasi ziren, gero "Egin", "Deia", irratiak eta beste sortu ziren. Alderdi politikoei ez zitzaien ajola izan beren errebistak erderaz ateratzea, guzti honekin txoke bat izan zuen jendeak. Alderdi abertzaleek euskaraz ez bazuten egiten, zertarako saiatu behar zen jendea? Hor ikusten dut arazoaren zati bat.
Beste zati bat izan daiteke zera: guk estudio txiki bat egin genuen Goierri mailan, ez zen oso sakona izan baina, eta atera genuen hainbat jende ikasten ari zela Euskal Eskolan, baina kontutan hartu behar zen lehenago Euskal Eskolara etortzen zen jende mota ikastoletan ari direla, edo Eskola publikoetan edo Eskola profesionaletan. Beraz, egiaz beherakada izan da, ala beste horiek hartu dituzte ikasle posibleak? Hortik jotzen zuen, Goierri aldean fenomeno hori aztertzean Iñaki Larrañaga soziologoak.

Beste puntu bat alfabetatzea izango litzateke. Ez al da izan, orain arte behintzat, frakaso haundi bat Euskal Herri mailan, ez delako lortu zentzuzko planifikazio bat?
Nik ez nuke esango hori, gure artean alfabetatu diren asko eta asko komunikabideetan eta dabiltza. Halere esan beharra dago, alfabetatze kanpainek euskalduntze kanpainek baino beherakada haundiagoa jasan dute. Jendeak ez du ikusten alfabetatzeko beharrik. Guk buruan darabilgu, nola motibatu jendea, behin eta berriro bilatzen ibili gara, baina zerbalt falta da, bideak ez ditugu asmatzen.

Eta inork ez du asmatu orain arte ezta?
Orain arte frakaso bat da. Jendeak landu beharko luke imajinazioa ea guztion artean zerbait bilatzen dugun, baina hori oso zaila dela argi dago.

Eztabaida haundi bat egon da beti subentzioak banatzeko sistimaz, zer iritzi duzu?
Hori aztertzeko eta epaitzeko gauza naizen ez dakit, egoera 'pribilejiatu' batetan nagoenez. Guk hitzarmena daukagu, eta HABEk euskararen irakaskuntzan eskatzen dituen baldintza eta guzti horietan nahiago nuke ez sartu, ze partziala izango nintzatekeela uste dut.

Hainbatetan aipatzen den diskriminazioaz ze iritzi duzu, orduko eta ikasleko hainbat pezeta, arrazoizkoa da ala ez?
Hor arazo bat dago. Bereizketa bat egin beharrean gaude: batzuk hitzarmena dugu HABErekin, beste batzu kondizio diferentetan daude: hauek zentru homologatuak dira, eta gainontzekoak gau-eskolak ditugu. Homologatuei ez dakit nahikoa ematen zaien ala ez. Ulibarri euskaltegiaren zuzendari den Artiñanok esana dauka beraiek dirua irabazten ari direla. Gau-Eskolena prolema latza da. Nik uste dut diru horrekin ezin direla irakasleak edo zentru bat aurrera atera, hogeitamabost pezeta dira ikasleko eta orduko. Hori bai: eskatzen zaizkien baldintzak ez dira hainbesterainokoak. Bestalde, gau-eskolak krisian daudela begi-bistan dago. Bizkaiko berri ez dakit zehazki baina Gipuzkoan mantendu dutenen bakarrenetakoak garela uste dut, gu ere nahiko zalantzekin. Orain Udal Euskaltegiak irekiko dituzte Beasainen eta Ordizian, eta gure Gau-Eskola pikutara joango da. AEK sortu da aurten berriz Goierrin, beraiek hortik jarraitu nahi dute baina diru aldetik nahiko gaizki ibiliko direla suposatzen dut. Dirurik ez baldin badago irakaslegoa profesionalizatzea nahiko zaila da.

Helduen euskalduntzearen barruan, metodologi kontutan aurrerapenik izan dela uste al duzu?
Bai, nik uste dut baietz. Asko lagundu gaitu HABEk, bai AEKri bai gu zein besteeri ere bilaketa batetara, hobeagotzera behartu gaituenean. Gaur egun edozeinek ekartzen ditu gaietaz tratatzen duten liburuak atzerritik. Oraindik orain komentatzen zidan lagun batek ia soberan dugula materiala, arazoa da aukeratzen jakitea. Irakaslearen lana da gaur bilatu eta aukeratzea. Pentsa zenbateko materiala daukagun HABE, AEK eta abarren artean. Alde honetatik ongi gaude, kakoa irakaslegoan dago. Irakaslegoa ia profesionalizatzeko bidean dago, eta neurri horretan badu arriskurik, eta zera izango litzateke: ankilosatzea. Berriekin zabiltzanean berriz beste arriskua preparazio eza duzu.

Azkenaldian atera diren metodo komunikatibo, antidiglosikoak eta AEKk atera dituenak zer iruditzen zaizkizu?
Egia esan AEKren metodoak aztertzeko beta gehiegirik ez dut izan. Dena den ez dut uste metodo komunikatiborik dagoenik, komunikazio joera duten metodoak dira munduan zehar dabiltzenak, hurbilbidezko metodoak. Arazoa da beraz, metodo audio-lingualetik iragan eta metodo kognoszitibo eta hurbilbidezkotik jendeari, logikoago, atseginago eta biziago gertatzen zaizkiola gauzak.

Barnetegia irailean irekitzen al duzue?
Hori ez dago garbi, ze HABEren aurrekontuak onartu gabe daude eta ez dakigu noiz onartuko diren. Horretarako jendea hartu beharko litzateke, lehiaketa publikoen bidez eta abar. Orduan irailean ziur aski ez da irekiko HABEren barnetegi publiko bezala. Orainarte bezala joan beharko du horrek urte honetan behintzat.

Barnetegia ireki ondoren nola geratuko da hemengo GEE?
Hori ez dakigu nola geldituko den, prolema haundi bat dago baina ez dakigu nola geldituko den, hain zuzen. Sujerentzi batzu bota ditugu, HABE-kin alegia, baina ze subentzio izaten diren arabera, hor legoke prolema.

Barnetegiek funtzionalak izan behar dutela aipatu izan duzu. Traszenditu duten zure eskolako zenbait arauez mintzatzeko aukera ematen digu horrek: 5.000 ptako fiantzen asuntoa, moral estuak etabar... árauak nola ikusten duzu hori?
Barnetegi honekin hasi ginenean batere araurik ez geneukan, ikasleei esan izan ohi diet. Berrogeitabost lagun hasi ginen urte hartan irailean. Israelera joatera suertatu zitzaidan urte hartan. Handik etorri nintzenean horrela ezin genuela jarrai ikusi nuen, jendeak parranda eta huts egiten zuen. Handik hasi ziren sortzen arauak. Lehénagoko araua zen hainbeste huts egiten zituena hurrengo ikastaroan kanpo geratuko zela, baina horrek ez zuen funtzionatu. Gero hiru mila pezeta jartzea erabaki genuen eta hori izan da soluzio majikoa. Beharbada aldatu egingo-dugu hori, Hondarribian uste dut primatu egiten dela hutsak egiten ez dituen jendea. Beste soluzio bat da hori, berdintsua dela uste dut, horrelakorik gabe ez dago soluziorik. Batzu motibaturik etortzen dira, baina talde txikietan daude bildurik, bataz beste 86ko uztailean gure taldeak 12-3 lagunekoak izan ziren, huts egiten dutenekin hasi zaitez berriro hamarrera hurrengo egunean! Horrek behartzen gaitu horrelako neurrietara, talde txikietan ez da unibertsitatean bezala ikasten. Nik adibide bat jartzen dut, Alfontso Yoldi, duela gutxi Erriberan lehergailu batekin hil zitzaiguna, hark ez zuen batere hutsik egin eta urtebete batean atera zuen EGA. Horrelakoak balira denak halako neurriren beharrik ez genuke sekula izango.

Langileek ba al dute lekurik ikasleen artean hemen, asko ez dira etorriko, ezta?
Ez, baten bat etorriko zaizu bere oporrak utzita hilabetez baina gehienetan langileak ezin du hori egin; Gasteizko Udaletxeko batzu atzo bukatu zuten beraien ikastaroa, Jaurlaritzatik ere etortzen dira beste batzu, izan genituen ertzainak ere duela hiru urte, hogeitamar bat ziren, IRALEtik ere etortzen dira maisu-maistra liberatuak, Tolosako Udaletxetik ere banakako batzu... Beasaingotik... horrelako jendea.

Inon agertua da homosexual bat espulsatua izan zela hemendik. Hori horrela izan al zen?
Hori ez zen horrela gertatu. Alde egin zuen ondoren informatu ninduten horretaz. Inor espulsatzerik ez zaigu burutik ere pasatu. Berarentzat ez zuen leku egokirik aurkitu eta joan egin zen. Inori ezer esan gabe aldegin zuen eta begibistako motiborik gabe aldegiten duenean norbaitek kezkatu egiten zara. Guk ez dugu inor diskriminatu. Horiek esames hutsak dira.

Galdera pertsonal bat. Zu fraidea izan zara edo zara... utzi egin al diozu fraide izateari?
Ni oraindik fraidea naiz. Konmentutik kanpo bizi naiz, jarrera berezi bat sortu arazi nahi zidatelako komentuan; zera planteatu zidaten: edo Goierriko Euskal Eskolako zuzendaritza uzten nuen edo bestela beste bide bat hartu. Eta nik ez nuen ikusten biderik zuzendaritza hori uzteko, batzarrean planteatu ondoren. Konpromezua kontzientzian bete behar nuen. Aukeraketa baten aurrean aurkitu nintzen eta aukeratu nuen, kalean pisu bat daukat eta Euskal Eskolan jarraitzen dut lanean. Nolabait euskararen alde egin dut aukeraketa.

GEEko klaseetako partizipazio ezaz, betiko programa errepikatzeaz, dinamika ezaz kexatu omen dira ikasle asko. Erabiltzen duzuen metodologia gramatikalari dagokionez, oinarrizkoa bezala jotzen al duzue, ez al da atzerakoia?
Erabat alderantzizkoak entzun ditut ikasleengandik. Eta zenbait adierazpen esplizitoak ere badaduzkat alde horretatik. Dena den gure ikastaroen ondorioak, fruituak alegia, hor daude. Metodologia gramatikalaz, gauzak ez dira horrela, hain zuzen ere! ikasleek gramatika aldetik gehiago eskatzen dute. Gure programa ikusi besterik ez dago, beheko mailetan hizkuntz egiturei zenbat denbora eman, nahiko argi dago programa horietan; eta goiko mailetan sinpleki erantzuteko hauxe esango nizueke: egunean, bost ikastordu ematen badira ordubete ematen diegu gramatikal azalpenei.

Zuen metodoa gramatikala ez dela esan duzu. Nola definituko zenuke, beraz?
Guk metodo batetik hau eta besteetatik beste hura hartu dugu, nolabait deitzearren bide 'eklektikoa' sortu dugu. Ez dakit, uste dut aportazio asko egin ditugula, AEKn genbiltzanean ikasten saiatu ginen, UEUn ikastaro bat ere eman genuen behin Iruinean, eta horrela ibili gara.
1987
Dantza txapelketa Lazkaon
(beste egileekin) (Lazkao urtekarian)
1987
Esaldi konposatuak: koordinatuak, menpekoak, beste batzu
(beste egileekin)
1987
Euskararen berreskurapen-prozesua helduen munduan
(Jakin aldizkarian, 42/43 zk.)
1987
Glotodidaktika jardunaldiak Lazkaon
(HABEren Zutabe aldizkarian 14. zk., 147-148 orr.)
1986
Aditz ariketa II. Baldintzera, ahalmenera, subjuntiboera, agintera. Euskalduntzeko
(beste egileekin)
1985
Goierriko Euskal Eskola eta euskararen irakaskuntza
(HABEren Zutabe aldizkarian 9. zk., 32-42 orr.)
1985
Idazlana hobekuntza mailan
(HABEren Zutabe aldizkarian, 7/8. zk., 129-133 orr.)
1984
1982-1983 ikasturtean zehar Goierriko Euskal Eskolaren esperientzia
(HABEren Zutabe aldizkarian, 4. zk, 10-20 orr.)
1984
Eretz Israel: ikuspegi orokorra
(HABEren Zutabe aldizkarian, 4. zk., 12-22 orr.)
1984
Euskal artea
(beste egileekin) Erein
1983
Asmo baten plazaratzea
(beste egileekin) (Lazkao urtekarian)
1983
Euskal alfabetatzearen historia zirriborratuz
(HABEren Zutabe aldizkarian, 3. zk, 126-129 orr.)
1983
Itun Berria. Elizen Arteko Biblia
(beste egileekin) (koordinatzaile)
1982
Euskal aditza. Alfabetatzeko
(beste egileekin)
1982
Goiherriko Euskal Eskola
(Lazkao urtekarian)
1982
Ixtorio moldatu. I. Eskolumeak txori bila
(beste egileekin)
1981
Euskal Kanta Xorta
(beste egileekin) (Kanta-bilketa Euskal Eskolarako)
1981
Gillen Tell nobelaren egokitzapena
(irratiz emateko, euskarazko lehen irrati-nobela, Segura irratiaz emana) Goiherriko Euskal Eskolaren ardurapean
1980
Ahaide Nagusiak. Argazki Hitza
(beste egileekin)
1979
Astez aste
(beste egileekin)
1976
Pertsonaia euskal nobelagintzan
Gero
1975
Artegintza, artista eta gizartea
(beste egileekin) Gero
1975
Kristau bidea (Holandako dotrina)
(itzulpen guztiaren berrikusketa sakona) Jakin
1973
Industri herri baten azterketa. Arrasate eta bere etorkizuna
Gero
1973
Industrigintza bidean. Goiherri bailara
Gero
1973
Itsasoa ur bazter luzea da
Gero
1973
Lanaren antropologia
Etor/Gero
1972
Haurtxoa zigoinak ekarria ote?
Ediciones Paulinas
1972
Kristau irakurgaiak gaur egunerako
2 liburuki, Jaunaren Deia
1970
Batzar Meza
Gráficas Eset.
-
29 ipuinen egokitzapena diapositiba-emanaldirako
(Euskal Yakintza eta Pernando Amezketarratik harturik) Goiherriko Euskal Eskolaren ardurapean
-
Aralar mendizerra
(diapositiba-emanaldirako testuaren itzulpena) Goiherriko Euskal Eskolaren ardurapean
-
Baserri zaharra. Baserri-tresnak
(beste egileekin)
-
Ekonomi hiztegia
UZEI (artikulu batzuen itzultzaile eta liburu guztiko euskararen arduradun)
-
Euskal Herriko Geografia
(3 liburuki, diapositiba-emanaldirako labur-egokitzapena)
-
Euskararen liburu zuria
(itzulpenaren arduradun eta bateragile, eta pasarte askoren itzultzaile)
-
Munduan zehar
(entziklopedia) 11 liburuki. Ediciones Vascas (euskararen ardura: zenbait tomotan egiazkoa, beste batzuetan izen hutsekoa)
-
Zentral nuklearrak
(diapositiba-emanaldirako testuaren itzulpena) Goiherriko Euskal Eskolaren ardurapean
NAHIA, ESKUBIDEA, ESKARIA
Txoria. Osorik nahi dut nik. Hegoak eta guzti. Hankak eta guzti. Lepoa eta guzti. Neure herria dut txoria. Euskal Herria dut txoria. Horrela interpretatu nuen, horrela hartu, joan den larunbatean, otsailaren 19an Kursalean bihotz beroz abestu ziguten abestia, zirrara eragin zidana: "Hegoak ebaki banizkion...".

Maite dut neure lurra. Jaio nintzen lurra. Bizi naizen lurra. Munduan zehar ibili/ibiltzen naizenean, maiteminez erakartzen nauen lurra. Lur polit eta eder asko han eta hor ikusi arren, lur asko han eta hor zoragarri iruditu arren, bihotza modu berezia ukitzen eta hunkitzen didan lurra maite dut : jaio nintzen lurra, naizena egin nauen lurra, inoiz edo behin egin dizkidan ziztadak eta guzti bizigarri izan dudan eta dudan lurra. Horrela hartu nuen Kursalean, emozioa eraginez, abestu ziguten « Oi lur..." abestia.

Atsegin dut neure txoria, neure herria, pozik eta alegera ikustea. Kantari eta dantzari ikustea. Hilzoriaren arriskurik gabe ikustea. Zapaldua eta iraindua izatearen negarrik gabe ikustea. Buru-zutunik ikustea. Atsegin dut biziaren biziaz ikustea. Horrela hartu nuen Kursalean alegera eta bizi-bizi abestu ziguten "Baga-Biga-Higa..." abestia.

Bai, txoria osorik maite dut; luma bakar bat ere kendu gabe. Lurra osorik maite dut, bitan, hirutan... banandu gabe. Neure herria pozik nahi dut, alegera; berezkoak direnak aparte, inork eragindako malkorik gabe.

Bai, eskubidea dut horretarako. Eskubide osoa. Behin eta berriz, munduan aitortua. "Kultura-aniztasuna gizadiarentzat, organismo bizientzat aniztasun biologikoa bezain premiazkoa da. Gizadiaren ondare komuna da, eta hala aitortu eta hartu behar da, oraingo eta geroko belaunaldien onerako". (UNESCO, Kultur Askotarikotasunari buruzko Adierazpen Unibertsala, 1. artikulua). "... Euskal Herria deitzen dugun Herriaren berezko osagai bezala bere identitate kolektiboa itxuratu eta zehazten duten bereizgarri egiaztagarriak aipatu nahi ditugu; honatx, besteak beste, agirienak: jatorriko kultura propioa, jatorrizko hizkuntza, lurralde-ezarpena, etorkizunerako zenbait egitasmo, erakunde bereziak..." (2002ko maiatzean 358 apaizek egindako Deklarazioa). "Diskriminazio-modu bereziki larria. Diskriminazio dramatikoenetakoa da talde etnikoei eta gutxiengo nazionalei diren bezala bizi-irauteko funtsezko eskubidea ukatzea edo galaraztea. Horixe gertatzen da halakoen ezabatzea edo erbesteratzea egin nahi izatean eta halakoen identitate etnikoa, ezagutezina bihurtzeraino, ahultzeko ahaleginak egitean..."(Joan Paulo II.a; 358 apaizenean aipatua). "Identitatearen, nortasunaren, arazoa bai gizabanakoetan, bai kulturetan, bai talde etnikoetan... planteatzen da... era konkretuan harturik, nortasunaren arazoa funtsezkoa eta moldatzailea da pertsonarentzat, Elizarentzat... Nortasun zehatza duten partaideek bakarrik jo dezakete elkarrizketara honetan beren nortasuna galtzeko beldurrik gabe..." (Walter Kasper kardinala, in Vida Nueva 2004-04-17). "Inperialismo hau antiebanjelikoa da... Eta, gainera, inperioan gertatzen den moduan guk jan eta edatea, guk abestea eta jolas egitea nahi baitute, defenditu egin behar da ondo ulerturiko `nazionalismoa': Jainkoaren kreazioaren ontasunaren defentsa, herri desberdinetan, tradizioetan, kulturetan eta erlijioetan" (Jon Sobrino; ik. Eclesalia-n "Carta a Monseñor Romero", 2004-03-16). Aski bedi horrenbestez neure eskubidea baiesteko.

Horregatik, neure txoria osorik nahi dudalako, neure lurra banatu gabe nahi dudalako, neure herria pozik eta lasai bizi dadin nahi dudalako:

-Etxean ikusi nahi haut, Garikoitz Muxika. Nire txoriaren luma haizelako, nire lurreko landarea haizelako, hi kanpoan (barruan) haizela nire herria poz betean bizi ezin delako. Gauza bera zuei, preso zaudeten euskaldun guztioi. Gauza bera zuei guztioi: Guantanamon, Israelen, munduko bazter guztietan preso zaudeten guztioi. Ez diat esan nahi delitua, dagoenean, kontuan hartu behar ez denik. Baina euskaldunok eta munduko herri askotakoak menpean gauzkan sistema honetan ez diat ikusten delitua, dagoenean, behar bezala neurtua izango den bermerik, garantiarik; ez diat ikusten sistema honetan delitutzat ematen dena, gehienetan, benetan delitua denik.

-Etxean ikusi nahi zaituzte zuek, erbestera joan beharra izan duzuen euskaldun guztiok. Munduko hainbat txokotatik alde egin behar izan duzuen guztiok. Zuek kanpoan zaretela, moko-labur ikusiko diat beti neure txoria. Ez diat ikusten zuek etxea utzi eta erbestea aukeratzeko gizabidezko arrazoirik.

-Etxean eta eguneko eta gaueko amesgaiztorik gabe ikusi nahi zaituztet zuek, atzerritar inperioak auzipeturik zauzkaten 260 auziperatuok. Ezin diat jasan neure txoria Damoklesen ezpatapean larri eta beldurrez egotea.

Bai, txoria osorik, etxean, libre eta pozik ikusi nahi dut. Baina, ai! 2003ko "Le Robert" frantses hiztegiak dioena: "Pirinio mendien bi aldeetan dagoen multzoa", txoria, lurra, herria, ez dute errespetatzen Frantziak eta Espainiak; bere garaian "zatitu eta beren artean banatu zuten". Horra errealitatea. Gure txoria, gure lurra, gure poza bahitua, sekuestratua. Ez bakarrik presoak, ez bakarrik erbestetuak, ez bakarrik auziperatuak. Guztia bahitua!

Eta atzerritarra jaun eta jabe. Atzerritarra zuzenbidearen irakasle. Atzerritarra zuzenbidearen oihulari. Atzerritarra berdintasunaren eskaintzaile: berdinak izateko, uko egiozu euskaldun izateari; berdinak izateko, uko egiezue zeuen uste hutsaleko eskubideei; berdinak izateko, uko egiozue zeuen uste hutseko eta arrazismoa darion nortasunari... Zuen desberdintasun-ustea erreakzionarioa duzue funtsean, garapenerako oztopoa duzue, baztertu beharreko traba duzue... Are okerrago: ez dugu uste, zuen ezjakintasunean, zuen egoskorkerian, zuen chauvinismoan, zuen arrazismoan, zuen fanatismoan, zuen integrismoan, kokotean tiroa jotzeko duzuen koldarkerian... zuzen dena egiteko gauza eta gai zaretenik, eta zuek mundutik ezabatzea beste erremediorik ez dugu. Mendean gauzkan atzerritarraren diskurtsua!

Baina nik diotsuek: "Kateatu ezazue nire herri hau, zigilatu iezaiozue ahoa: artean libre da. Ken iezaiozue lana, ken pasaportea, ken jateko duen mahaia, lotarako duen ohea: artean libre da. Herria, pobre eta esklabo, arbasoengandik hartutako hizkuntza kenduko diozuenean izango pobre eta esklabo: orduan galduko duzue betiko" (Ignazio Buttita siziliar poeta, in Vida Nueva 1997-04-27).

Baina alferrik ari zarete. Ez diozu kenduko nire txoriari bere hizkuntza. Nire lurrak landare berriak sortuko ditu euskara edonon hitz egiteko, edonora zabaltzeko. Alferrik ari zarete bide horretan.

Kasu egidazue. Nire/gure lur honetan bizi nahi duzuenok eten ezazue Madrili, Parisi, menpean gauzkan sistemari lotzen zaituzten zilborrestea. Lot zakizkiote bizi zareten txoriari, lurrari, herriari. Orduan izango duzue benetako poza. Txoriaren luma izateak, lurreko landare izateak, pozik bizi den herriak ematen duen poza.

Baina zilborrestea herdoildua baduzue, eteteko ez gogorik ez ahalbiderik ez baduzue, zoazte poza emango dizuen txoriarekin, zoazte poza emango dizuen lurrera, zoazte atseginez hartuko zaituzten herrira. Zuentzat poza, guretzat poza. Zuek pozez ikusteagatik eta geure burua artifizialki erantsitako eta geureganatu ezineko transplantea gainetik kentzeagatik. Benetan diotsuek: ez duzue hartara bizkartzainen konplexurik jasan beharrik izango; ez dugu hartara gure artean zuetako inork kaltea jasan izanaren bihotz-zimikorik pairatuko. Biontzat on, guztiontzat on.

Oi txoria, oi lurra, oi herria pozik ikusi nahi zaitut. Eskubide osoa dut. Atzerritar horrek emadazu poz hori: zinez eskatzen dizut.