Idazleak - David Tijero Osorio - Laginak - Poema hautatuak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

David Tijero Osorio > Laginak

Poesia

Poema hautatuak |

Isilunea da
zure soa begiak bildu aurretik
edo hitzik behar ez duen agurra
laster elkartuko garelakoan
isilunea da
elur malutak mara-mara
haize gabeko hilberriko gauetan
edo ekaitz urrunaren dirdaia
udaren horiz tindaturiko lurraldeetan
isilunea da
naturaren orekarik dotoreena
edo kaosaren nahikeria hutsa
edertasuna xalotasunean datzala
froga atzeraezina.

(Isialdiak Bermingham, 2005)


Euri beltzak bustitzen nau
izen gabeko karrika ilunean
argi margulak haren itzal higikorra
islatzen du hormako afixeetan
sapairik ez gau heze honetan
beste bat anitzen artean
beste tanta bat naiz
espaloi irristakorrean etzanda
egunsentian lurrinduko ez den tanta bakarra
nik ere, besteek moduan
behean geratu nahi ez dudan arren.

(Izarrak itsasoan hiltzen dira, Ediciones Beta, 2004)


Central Station-en hormak bisaiez margotuta daude. Desagertu gehiegi hautserretan. Inor ez da ausartzen kentzera, hori egitea hildakoen argazkiak direla onartzea izango balitz bezala. Hemen isialdia are handiagoa da. Jendeak ez dio elkarri begiratzen, elkartasuna begiekin biltzea debekatuta bailegoan edo besteon soetan oroitzeko beldur balira bezala. Milaka bandera ikusgai dira edonon, kotxeetan, belaunaldi honetako etorkinen dendetan, umeen eskuetan... Hau ez da XX. mendeko New York hura, Estatu Batuen abertzalekeriak inbaditu du. Asteburuetan AEBetatik datozen turistak helduko dira. Bandera bana ekarriko dute eskuan, txanoan edo elastikoan zeru-hazkaririk ez duen irlaren gune bakarra bisitatzekotan. Garai berria ari gara bizitzen eta zauritutako hiri hau aitzakiatzat erabilita, biktima berriak sortzen dira egunero munduko beste aldean askatasunaren hitz ustelaren izenean. Argazkietan ez ditugu ikusiko haien bisaiak, ez dakit ere norbaiten negarra eragingo duten, gurasoen dendan bezero bati entzun behar izan nion bezala, behintzat hildakoak txiro hutsak ziren. Brooklynera garamatzan zubia zeharkatzen dugu. Gure behetik azkar pasatzen dira kotxeak metro gutxitara auzoko sarreran karabana gehitzeko. Beherago ozeanoa lehian aritzen da itsasadarrarekin eta gure gainean inoiz ikusi dugun zerurik gardenena, eguzkiak zulatua, garbia eta mingarria. Txirrindulariak zein korrikalariak, izerditan blai pasatzen dira gure alboan, hemengo udaren hezetasuna bezain itogarria den isilpean. Kirola beste obsesio huts bat da. Zubiaren erdian gazte talde batek alkohola edaten du paperezko poltsa batek estalitako botila batetik. Entzuten dizkiegun irribarreak haien bizitzaren hutsa adierazten dute. Militarrak erne daude etsai ikustezinaren zain. Begirada harrodun mutil beltzaranek miatzen gaituzte soez terrorista itxura guregan aurkitzekotan zerua hausten duten helikopteroen pean. Inork ez die kasu handirik egiten, egunero egoten dira hortxe, auskalo zer mehatxuren aiduru. Agintariek beldurraren kulturan hezi dituzte biztanleak, hobe askatasuna galtzea hiltzea baino, diote poz-pozik gauero telebistan entzuten dutena errepikatuz, ikasle zintzoek errepikatzen duten legez irakasleak esandakoa...

Beldurraren kultura, (2002ko uda New Yorken), 2004.


Soldaduaren gutuna

Noizbait itzuli beharko naiz etxera
zugandik aldentzerakoan zin egin nizun legez
noizbait zure besoen babesera bueltatuko naiz
eta dena errazagoa izango da
noizbait izu honi buruz hitz egin beharko dizut
eta zure aurrean egingo dut negar
hemen bakarrik egiten dudan bezala oheratzean
nahigabe guztiak malkoetan ezkutaturik aterako direla
sinestu beharko dut
noizbait ahazten hasi beharko naizelakoan
hildako batzuentzako neure oroitzapenak
noizbait esistitu zirela
geratuko den proba bakarra diren arren.

(Gernikako Poema Bonbardeaketa, 2004)

Atea ez nuen itxi nahi izan
ametsak errealitatea mendean hartuko zuelakoan
baina une batez bederen
zeru afrikarraren milaka izar konpartitu genituen
urrunegi baikenduen
elkar baino zerbait gehiago edukitzeko
bionak eta ez beste inorenak izan ziren
loak harturik ez geunden bakarrak ginelako
gure itsaso zaharreko beste aldeko hondartzeei so
basamortuaren zauria hiltzen den lekuan
musukatu zintudala irudikatu beharko dut
hareazko haizeak ez du betiko iraungo, bai
eta gauzatzeke geratu dena burutzeko
itzuliko garela zin egin arren
elkarrekin izango ez dela
esatera ausardia aurkitu ezinik nabil
errealitatea burukadak jotzen ditudan harresia baita
minez elikatzen dudan basapiztia latza, irentsiko nauena
une oro, ikustezintasunetik ateratzeko prest dagoena
erpe zorrotzez neure bihotza laztantzekotan.

(Gerekiz Elkarteak saritua)

Hegoaldeko haizetan bustiriko egunsentipean
bidaiatuko dut gau osoa errepidean eman ondoren
azkenengo atea irekitzeko giltza aurkitu nuen bart
ez ziren oztoporik geratzen ezta aitzakiarik ere irauteko
askatasunak ematen duen beldurrari irabazi nion
korrika hasi eta berehala
uruntzeari ekin diot argiak gaua zurbildu arte
oraindik ere hurbilegi nagoela somatu dudan arren
aurrera jarraitu baino ez dut
pentsamenduak ere atzean uzteko
babesa eskaintzen didan zeru honen jabetasuna aldarrikatuz
defendatzeko premia barik erotzat hartuko nautelakoan.

(Autobusez itzuliko naiz, 2003)

Kode sekretu batengatik ikustezin bilakatu nauzu
hain hurbil eduki zintudan
ezen ez baitakit zelan aldendu zinen
ametsak ez dakit itzultzen
ez dakit paperatzen
seinale lausoak baino ez dira
ezin zaitut bereizi haien artean
haietan bizirik banago ere
ez dut hitz egiterik
garrasi egin beharko nukeen arren
bernak ezin ditut mugitu
gatibatu naukate lurrean
beste gau bat beharko nuke errealitate berri bat asmatzeko
zezen basatiaren bulkadaz amets barruan esnatzeko
eta haren barruan salbu sentitzeko.

(Hementxe eta are urrunago, GURYA, 2002)

... lokartuta
neguko egun zurietan
udaberriaren zain dauden enbor biluzien gisan
su berritzailezko eztandarik bortitzena egin aurretik
sumendi paketsuaren gisan
beldurraren trintxeretan sartuta
eraso egiteko ausardia bila
heriotzara abiarazitako soldaduaren gisan
kateak apurtzeko eguna noiz helduko
nagusiaren itzal beltzapean dagoen esklabuaren gisan
mesias berriaren etorri nahian
milaka hodi katodikoren aurrean
dauden gizarte madarikatu honen gisan
iraultzak suntsitu ohi dituen
inposaturiko sistema ustelduen gisan
esnatu nahi?...

(Dendako leihotik, Kutxa, 2001)

Zuria da harkaitz beltzen kontra
jotzen duen apar bihurtutako ur urdina
urdinak ere zeure begiak eta udako zeruak
arrosak dira hodeiak egun argian
grisak euria dakarrenean
gorriak eguna hiltzerakoan
berdeak dira itsasaldeko lurrak
horiak basamortuetakoak
nabarrak arratsero bisitatzen nauen txoriaren lumak
eta marroia da orbelaren kolorea
milaka margotako espektroa ortzadarrean bildurik
boterearentzako bakar batek balio izan arren.

(Bizitza batek pertsonaiak, GURYA, 2001)
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta