David Tijero Osorio

David Tijero Osorio Sormen-lanak

Bilbo, 1974. Injenieritza Elektronikoa ikasia du Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Kantabriako Unibertsitatean Fisikan lizentziatua da. Zenbait lanetan ibilia, batez ere informatika, itzulpengintza eta irakaskuntzarekin zerikusirik dutenak. Zorrotzako Euskal Txokoa izeneko elkarte kulturaleko koordinatzailea izan zen, elkarte honek argitaratzen duen aldizkarian parte hartuz. Gaur egun enpresa baten sistema informatikoen kudeatzailea da. Kalegats edo Aux.magazine bezalako aldizkarietan kolaboratzailea izan da. Hogei bat literatur sari jaso du, aipagarrienak izanik, Irun Hiria Olerki Saria (2001), Ordiziako Kimetz Literatur Saria (2003), Lasarte-Oriako Literatur Lehiaketa (2003) Urretxu-Zumarragako Iparragirre Saria (2004), edo Santurtzi Udalako Ipuin lehiaketa (2005). Zenbait lan argitaratu ditu, besteak beste: Dendako Leihotik (Kutxa, 2001), Izarrak itsasoan hiltzen dira (Ediciones Beta, 2004), Isilaldiak (Bermingham, 2005). Horretaz gain, zenbait ipuin eta olerki bildumatan hartu izan du parte, esate baterako, 2000. urteko Tene Ipuin Lehiaketan Kometa gorria ipuinarekin, Poema Bonbardaketa Gernikaren gainean 2004ko ekitaldirako bi poemekin (Soldaduaren gutuna eta Lore inozenteak), Galeusca bilerarako egindako Tradizioa eta disidentzia izeneko liburuan Disidenteak, disidentzia poemarekin 2005. urtean edo urte berean Beta argitaletxeak argitaraturiko Gorria eta beste kontakizun batzuk, Musu baten garrantzia ipuinarekin.