Idazleak - Castillo Suarez García - Laginak - Spam poemak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Castillo Suarez García > Laginak

Poesia

2004 Spam poemak | Elkar

Hasmentakoa

Olerki usaina.
Damu usaina.


Hondarrekoa

Larunbat gau batean,
afaldu ondotik
tabernara iritsi ginenean
komunean itxi eta negarrez hasi nintzen:
komunean itxia, oinazean itxia.
Lagunek adeitasunez hitz egiten zuten nirekin,
baina deseroso sumatzen nituen,
haien lasaitasuna hausteko arriskua banerama bezala.

Oraindik ez dut konfiantzarik hartu
Santiagoko taxistekin,
oraindik ez diet kontatu
hirietara garamatzan arrazoia
ahaztea izaten dela beti.

Hirietan ez da goserik
ez delako bazkaltzeko ordurik.

Aitortzen dut lehenago hiriak saihesten nituela.
Zaila da aparkatzea.
Etengabe hazten dira,
etengabe aldatzen dugu alokatutako pisua.
"Etxe aldaketa?" galdetu du taxistak.

Badira atsekabez beteta dituztenak maletak.

Sekula ez nintzen nire lagunekin oporretara joan,
gehienez ere afaltzera joaten ginen larunbatetan.
Aitzakia ñabarrak nituenez ezetza emateko
berehala nireganatu nuen arraro fama.
Eta zertarako ukatu.

Kostatu zait Santiagora iristea,
armairua hustu eta anbientadorea paratzea,
samin instituzionala ez erakustea
gure amak anaiagatik
oraindik erakusten duen dolua bezalakoa.

Berehala ohartu naiz enbarazu egiten diodala amari
deitzen diodanean:
"Chiletik deitzea garestia da ordu honetan egiten baduzu".
Lagunei ere ez die grazia handiegirik egiten.
Sobra ere beren bizian aldaketarik izan ez dela
sentiarazten diet.
Gaixoek, xehetasunak eskatuko dizkiedala uste dute;
alta, horretarako daude egunkarietako berriak,
tabernarien solasa,
Santiagoko etorbideen norabide zuzena.

Zuri deitzea amore ematea litzateke.

Gure aitaz akordatzen naiz.
Infinitura begiratzen duela ematen du;
begirada galdua erakusten du
ehizaz hizketan ari ez denean.
Nik, berriz, ez dut ezer ikusten
zerura arretaz begiratzen dudanean.

Orain ohartzen naiz
nire hitzei erantzutea saihesten zenuela
zure profesionaltasuna arriskuan jartzen zutelakoan.
Orain ohartzen naiz
ausartegia izan nintzela
laneko lehendabiziko egunean
nortasun berriarekin iritsi nintzenean.

Nik uste dut herriko azken baserrian bizitzeak
baduela zerikusia zure bakardade nahiarekin,
izan ere, ahalegin berezia eskatzen du
norbaitekin kafea hartzera ateratzeak.

Zu nire barrenean akabatzeko
etorri naiz hona.
Zure arrastoa
egun batetik bestera hazi eginen da,
ez dut nabaritu nahi,
ezingo nuke
zure bitartez luzaroan bizi.

Ikasle ginela gure ama tren geltokira
etortzen zen ostiralero bere kotxean.
Anaiak Salamancan hartzen zuen trena
eta nik Burgosen.
Azken bagoian jartzen zen beti
toki bat niretzat gorderik.
Gutxi hitz egiten genuen
nahiago genuelako aldizkariak irakurri.

Aitzakia bat behar dut
zuek,
urrutitik bada ere,
gehiago maitatzeko.

Argiak piztuta esnatu naiz
hirira iritsi eta 23 ordu geroago,
ordenatzeko ikaragarrizko gogoarekin:
maletak hustu ditut ohatze gainean,
izarak aldatu nahi ditut baina ezinezkoa zait.

Krudela izan nahi nuen
hegazkinean ondoko jarlekuan neukan neskarekin;
berak, berriz, diseinatzaile grafikoa zela
aipatu zidan hiru aldiz,
lan bila arituko balitz bezala.

Ateratzen nintzen aldiro
tabernako atearen ondoko mahaian jartzen nintzen
norbaiten zain egonen banintz bezala.

Paretan pilatzen dira
bizitzeko toki bat
eskaintzen dutenen oharrak.
Gelan isiltasuna da nagusi.
Goiko bizilagunaren hotsa aditzen da,
ume baten negarra,
zaborra biltzen ari den kamioia.

Gustukoak ditut:
une garrantzitsuen aurreko minutuak,
erantzungailuan utzitako zure mezuak,
igerilekuan alde batetik sartu eta bestetik ateratzea.

Gezurra biguna da,
nahi adina moldatzen ahal da.

Hiriak era askotara hil zaitzake
alde batetik bestera zeharkatu baino lehen,
batik bat abestietako hitzetan sinisten baduzu.

Aurreko maizterrak
hozkailuan utzitako jana
ez dut sekula jaten,
ez dut ur beroaren giltza aurkitzen,
ez dut garbigailuaren botoien esanahia ulertzen.
Telefono berria norbaiti eman ala ez
pentsatzen ari naiz.
Esaldi garrantzitsuak ekarri nahi nituen maletan
Amets bat gogoratu nahiko banu bezala
nabil nora ezean,
behar berriak sortu behar banitu bezala.

Hiriak gaitz guztien jatorria dira.
Horregatik hiriek
gero eta antz handiagoa dute
elkarren artean.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta