Idazleak - Bixente Serrano Izko - Laginak - Beldurra bera zaldi, Uhalik gabeko askatasuna

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Bixente Serrano Izko > Laginak

Narratiba

2002 Beldurra bera zaldi, Uhalik gabeko askatasuna | Pamiela


Quod Salmantica proestat

Hemen dihardudan honek gaizki ulertu bat egin zion Nietzscheri, Ecce homo-n honako hau ikustean: "Ez sinetsi lau haizetara mugituz sortu ez den ideia batekin". Hitzez hitz hartuta, irakurle konpultsibo honek liburu gehiegi ez irakurtzeko Nietzscheren bertze gomendioei jaramonik egin gabe, Octavio Pazen Arkua eta lira motxilan sartu eta Tatxerako ordokitik Alanoetako mendizerran gora jo nuen bitan pentsatu gabe. Goikaldean, Tatxerako ate zoragarrira izerditan blai helduta, eskuinaldera Alanoko Atxar betagin erraldoia inguratuz, honen eta Rallako punten arteko ebakiduran bertan eseri nintzen, lau haizeek, oinetan han behean nuen Pietrafitxa haranak eta zorioneko liburuak nire baitan hausnartzen lagunduko nindutelakoan. Hura natura eta kulturazko filosofo hura! Irakurtzen hasi..., eta ezin izan nuen bigarren orrialdera ere pasatu. Berrikusi dut iluntzean kanpindendan idatziriko oharra: "Hor goian literatura hutsala dirudite Octavio Pazen testuek. Etxean edo etxe antzeko kanpindendan horren bikain sartzen diren mintzoak alferrikan ezabatu zaizkit hangoak bezalako bazterretan. Peskamuko lepotik herenegun lanbroxkak difuminaturik ikusi nituen mendiak bezala? Ez dut uste: bertzelakoa da ezabapena. Emankorra izan daiteke naturarena; antzu bihurtzen da, aldiz, testuena".

Ez dirudi, izan ere, naturak hegoak ematen dizkigunik askatasun zabalagoaz kultur eremuetan hegaz egiteko. Gehienez, luma bihur ditzakegu hegoak, idatzi, apaindu edo mozorrotzearren. Natura guhaurk bihur dezakegu poesia, askatasun, kulturbide, horrela nahi izanda; baina "quod natura non dat Salmantica non pręstat" erranera zaharra aldatu beharko genuke: "Natura non dat quod Salmantica non pręstat". Salamankak emango baitigu naturaren kateak hausteko tresneria. Azken buruan, naturaren ezabapena izan dakiguke emankorra, galera antzua izanen zaigularik, aldiz, kulturarena.

Ekologismo erromantikoa

Badago halako ekologismo arrunta gaur egun, erromantizismo inozo baten kimua, naturaz urriki dezagun agintzen diguna, oihan batean, mendi batean, lekurik handiosoenetan gaudenean. "Lore hau ez hartu!", "Armiarma hori ez hil", "Ez moztu urritz adar zuzen hura"... Agindu eta urrikalmendu pertsonalak, noiz eta naturak menperaturik, erlijiosoki kikilduta gaudenean! Baina horixe da, hain zuzen, zentzuzko neurri apalean soilik izanda ere, komeniko zaiguna: lorea hartu, zomorroa hil, makila lortzea..., naturaren aurreko gure larrugorritasuna, norbanakoaren ezdeusa babestuko badugu.

Sentimendu aunitz eta kontrakorrek eramaten gaituzte naturguneetara. Edertasunaren egarriak, noizbehinkako bakardade nahiak, honek ematen digun askatasun sentsazioak, haize librearen fereken gogoak, lagun batekin intimitate desirak, bake goseak, jakinminak, gihar aldartea indarrean jartzeko gurak..., bai eta naturaren indarra garaitzeko irrikak ere eraman gaitzake mendira. Egia erran, eskizofreniko bizi gaitu naturak naturzaleok. Ekologista, poeta, artista, kirolari, erromes, maiteminduta, erromantiko... joan gaitezke oihan batetara, askatasun sinbolotzat jotzeko itxura eginez, baina jakin badakigu hiriak, zibilizazioak egiten gaituela libre naturaren indarretik: makila, mendi-oinetako sendo garestiak, motxila, kremak, txanoa, poliki poliki hona hurbildu gaituen pista erosoa eta, erran beharrik ez dago, tunel haren ondoan zain dugun auto xarmangarria..., honi guztiari esker dasta dezakegu natura-egoerako askatasun zaporea. Azkenean, ekologismo urrikalkorrak -eta gaitzerdi!- hartzen gaitu mendean. Bederen, naturara babes eta askatasun bila joaten garela amets egiten dugun aldi berean, konturatzen gara hiriak, zibilizazioak, eguneroko gizarte-jarduerak, kulturak azken batean, ematen digula aukerarik naturaz arduratzeko. Abiapuntu bat da, natura-egoera eta askatasuna berdin ez direla jabetzeko.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta