Idazleak - Beñat Sarasola Santamaria - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Beñat Sarasola Santamaria

1984ko maiatzaren 14ean jaioa, 1983an edo 1985ean jaio izan banintz maiatzaren 13koa nintzatekeen. Menturak egin zuen, baina, urte hura bisurtea izaki, Roque Dalton, David Byrne, Ernesto Che Guevara eta Marino Lejarretarekin batera ospatzea urteen igarotzea. Nire amari enbarazu handirik ez egiteko eginahaletan ari nintzela, 1984ko udaberri hartan, antzera ibiliko zen Mark Zuckerberg New York estatuko bazterren batean. Ezin esan, haatik, berdin aritu garenik gerora. Pentsa, ekibokazio ia kosmiko baten ondorioz seaskaz nahastu izan bagintuzte, orain nire enpresaren akzioen gorabeheraz egongo nintzatekeen kezkatuagoa, eta nire soslaia biografikoa idazkariren batek, emakumezkoa ziur aski, idatziko zirakeen.  

Mark Zuckenberg izan zitekeen mutiko hark, bada, Filosofia ikasi zuen lehenik Donostian eta Bartzelonara joan zen ondoren literatura estudiatzera. Han ikasi zuen Literatur Teoria eta Literatura Konparatua, eta hori amaituta, doktoradutzaren bide tormentuzkoan murgildu zen. Tartean argitaratu zituen bi poema liburu, Kaxa huts bat eta Alea, eta baita Philip Roth-en Nemesis nobela itzuli ere. Tarte horretan, baita ere, Berriarako idatzi zituen literatur kritikak eta han eta hemen argitaratutako artikuluak. Azkenez, bada, doktoradutza amaitu eta Euskal Herrira itzulirik, Sautrela saioan hasi zen lanean erredaktore, eta Santi Onaindia beka eskuratu zuen 2015ean argitaratuko den ikerketa lan bat idazteko. Munduko Poesia Kaierak izeneko bilduma zuzentzen du halaber, zeina munduko poesia behinena euskarara ekartzen ahalegintzen den.

Zuckenberg izan zitekeen mutiko hark ez zuen munduko enpresa arrakastatsuenetakorik sortu, baina, oraindik ere, aurretik egiteko duenak iraganean egindakoak baino gehiago kitzikatzen du. 

BIBLIOGRAFIA

2007 Kaxa huts bat | Susa
2009 Alea | Susa

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta