Idazleak - Bea Salaberri - Laginak - Negarra begian

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Bea Salaberri > Laginak

Narratiba

2015 Negarra begian | Susa

Negarra begian

Argi hastea. Zalu noa, negarra begian. Ene urrats deliberatuen oihartzuna hedatzen dute Baionako harresi zaharrek, bide harriztatuan gaindi. Malko bat lerran doakit begi izkinatik matelan behera: brista, ahurrean lehertu dut.

Ez naiz triste. Batere.

Goiz hotza da gaurkoa eta firfira freskoxeak harrapatu nau autotik ateratzean, sudur zuloetan gora zihoakidala aire ia izoztuak sesitu nau, hatsa moztuz eta begiak xistatuz: betazalak kliskatu behar izan ditut bizpahiru aldiz harridura haizatzeko malko batez. Goiz da oraindik, igartzen baizik ez den eguzkiak ortzi-muga urreztatzen du horailetik gorrailerainoko abanikoa eskainiz. Lanerako ohiko bidean, aireak usaian baino garbiagoa dirudi, egun hasteko argi gardenak eta izar-ihintzak bezperako kutsadura erantzi bailioten. Bakarrik noa, haia-haia, zubi-altxagarria iraganez, maldan behera ibai ertzera juntatzeko, hiri guzia oraindik lotan dagoela. Banoa, arin, sorbeltzen balleta eta txori hiritar zenbaiten tiuten artetik, isilik. Arnasa hartzen dut, sakon eta kresalez kargatu itsas-aire bipil eta lerdena, hastear den egun birjinalaren antzekoa, zintzurrean behera bular zolarainoko bidean sentitzen aplikatzen naiz. Egun berri eta luzearen atarian, pentsaketan nabil, dena oraindik egitekoa dela pentsatuz, azantzik egitera ausartzen ez den hiriaren mugetan, oraino zenbait minutuz zozoki sinetsiz alda dezadan zain dudala mundua, oraindik ez dakizkidan ekintza handios zenbaiten burutzeko menturan. Orduan ez dut dudatzen, ez arrazoikatzen, firrindaka noa, distirant.

Etxeen aitzinaldeak argiztatuz doaz, ezki ondo zut-zuten adar biluzi zurpailak ere gisa berean eta eskaintzen duten ikusgarriak ez du parekorik izanen egun osoan. Bada zerbait goizalde horietako bakardadean gatibatu ezina.

Istantean, usaiako jendeak gurutzatuko ditut zibilizaziora hurbildu arau, behako batez agurtzen diren kideak, ibilbide eta sentimendu berak sekretuki partekatzen dituzten konplize ezezagunak. Bonjour eta addio herabez joatera uzten direnak.

Gainaldetik iragan zait katedraleko belatza, airaldi leunean, San Andres plazarantz, pasaian gertatu urtxo zirtzil guziak haizatuz harago: badirudi lehian datorkidala ea gutarik zein lehenago heldu auzoaren beste puntara. Hiriko hesteetan barna noa, beharrak zirimolan irentsia nau jada, zarata artean, ilunabarrez askatzeko: gaua jaitsi arteko gatibua. Eguna hastear bada, alderik gozoena iragana zaio jadanik.

Hantxetan dira autobus txikiaren zain herriko zerbitzu zenbaitekoak litezkeen langile kurios xifrituak:

— Ohartu zira Angélique ez dela sekulan bere haurrez mintzatzen gurekin? Edo senarraz?

— Konfiantzarik ez duelako guregan. Segur. Bestela kondatuko luke. Karrika garbitzaileek lana bukatua dute, plaza xokoko ostatuan daude lerrokaturik, kafe minez, nire gisa berean.

— A baionesek fusiorik ez? Les pissent-bleus... Ez duzue fini jaustea!

— Miarriztarrek bazenekite zer zafraldiak biltzekoak zareten derbitan!

Beti bezala, damu naiz ez goizago abiaturik, amildu aitzin ikusgarria hobeki, luzeago, gehiago gozatzen ahalko bainuen, azken izarraren itzaltzea, zeruaren kolore arrosa horailak, nabardura guziez jabetu arte, orainaren ifrentzuan den momentu xoragarria haztatu eta hari heltzeko.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta