Idazleak - Asier Serrano Lasa - Hemeroteka - Nork bere mugak onartzeko ikasi

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteka

Irunero

2007-11 Nork bere mugak onartzeko ikasi | Mikel Asurmendi

Eskuetan mapak nobelara iritsi aitzin, egile beraren Picassoren zaldian bide egitea gomendatzen dizut irakurle lagun hori. Izan ere, bi liburuetako narratzaileek —poesia liburuko zein nobelako narratzailea, liburuen egilea ez bada ere, Asier Serrano, hots—, biek lotura baitute, narratzaile baten zein bestearen ahotsek nolabaiteko lotura dutela, alegia.

Denok gara biktimak, denok gara baztertuak, edota denok izan gaitezke borreroak. Bizitza pasaia da, bizitza ikaspen prozesua da. Bizitza, finean eta funtsean, nork bere mugak gainditzen ikasteko prozesua eta pasaia da. Lehen aldian mugak ezagutzen ikasten dugu, bigarren batean, zailenean ziur aski, mugak onartzen ikasi beharra daukagu, geure mugak onartzen barneratzen.

Honaino, Eskuetan mapak liburua ezagutze aldera azaldu nahi nizun bidea, baita bideak berak utzi didan inpresioa ere.

Honezkero zaldia utzi duzu, Picassorena, Serranoren poesia bitartez egina, eta furgoneta hartu duzu. Hots, Eskuetan mapak nobelan barneratu zara eta mapak eskuetan bide egiteko gertu zaude.

Mapak eskuetan Eibar herrian zaude. Nobelaren protagonistak Eibarren daude. Lau lagun zahar bildu dira eta elkarrekin bizitzea erabaki dute, baita Eibarreko zulotik Bilbo handiko zulora joan ere. Zuloan izeneko musika taldearen bizipenak ezagutuko dituzu hartara.

Iragan milurteko azken hamarkadako pasadizoak aurkituko dituzu nobelan: nerabe izatetik gazte arora doan aldia, 1990ko belaunaldi berri gazteek —gazteriaren parte bat— ikastetxean, koadrilan zein musikaren arloan biziriko esperientziak narratu dizkigu idazleak.

Aitor da nobelaren protagonista. Roka lagunaren tragediak markatu du Aitorren bizitzaren norabidea, Roka lagunaren suizidioak. Adiskidetasuna eta traizioa ezagutuko ditu Aitorrek, amodioa nahiz gorrotoa. Horiek guztiak gizabanakook —baita Aitorrek ere, bistan da—, darabiltzagun gezur eta miseriekin, horiek guztiak musikaz blai eta drogaz zipriztinduta.

Musikak laguntzen ditu bizitzen eta izaten Aitor eta Zuloan taldeko partaideak. Mapak eskuetan hartuta Euskal Herrian lehenik eta Europan barrena ondoren ibiliko dira. Horixe dute taldekideek mundu petral horretatik ihes egiteko modua.

Hamarkada bateko giroa deskribatu digu egileak. Neronek modu honetara interpretatua: Zuloan-ekoek errepidetan barna ihes egitea deliberatu zuten fikziozko Euskal Herrian. Beste batzuek, Euskal Herria errealean, mendian gora ihes, iritsi nahi izan zuten itsasoa. Itsasoaren zeru-mugan Euskal Herria helburu izaki.

Euskal Herria helburu, bizitza helburu, ditugun mugak non eta zein diren ikasiko ditugunean, geure gabeziak eta arerioenak onartuko ditugunean, helduagoak eta zentzudunagoak bilakatuko gara.

Tira, horiek eta beste asko iradoki dizkit Eskuetan mapak liburuak. Zure txanda da irakurle.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta