Idazleak - Asier Serrano Lasa - Hemeroteka - Eskuetan mapak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteka

Aizu!

2008-02 Eskuetan mapak | M. Egimendi

Protagonisten eskuetako marrei erreparatuta idatzi du Serranok Eskuetan mapak eleberria. Mapa asko ageri dira idazle eta musikari eibartarraren lan honetan, era guztietakoak: Zuloan taldekoak atzerriko kontzertuetara eramango dituzten errepideenak, Euskal Herriko 90eko hamarkadako musika giroa azaltzen diguten mapak eta protagonisten barne mundua erakusten digutenak. Bila jarrita, nekez aurki genezake Serrano baino idazle egokiagorik horrelako nobela bat idazteko, kontakizunean ezinbestean islatzen baita narratzaileak abeslari gisa bizi izandako esperientzia. Baina, hala ere, Eskuetan mapak ez da kronika bat, ezaugarri literarioak dituen nobela bat baizik. Egiturari dagokionez, bi denboratan kontatzen da Zuloan musika taldearen istorioa, tartekatuta, baina grafikoki ere ondo bereizteko moduan. Alde batetik, taldearen musika ibilbidea, 90eko hamarkadan kokatua.Oso estilo arinean, protagonista gazteen esperientzia gazi-gozoek osatzen dute narrazioa. Bestetik, XXI. mendeko lehen hamarkadan agertzen zaizkigu berriro protagonistak, urteen joanaren poderioz euren bizimoduak erabat aldatuta, musika mundutik at, baina berriro elkartuta.

Samur tratatzen ditu Serranok pertsonaiak eta, galanki sufritu arren, askotan ateratzen diote barre xumea irakurleari. Gozagarria edonorentzat, ia ezinbestekoa musikazale nostalgikoentzat.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta