Asier Serrano Lasa

Asier Serrano Lasa Atzera

2017
Denen mina da nirea
Algaida
2016
Ate osteko itzalak
Algaida
2016
Linbotarrak
Pamiela
2014
Abisalia
Txalaparta
2011
Desterratuen piztiarioa
Alberdania
2010-10-19
<i>Hiri gorritik</i> aurkezpenean
Bada hiri gorri bat esan nuen duela hamahiru urte. Hara joan eta konturatu nintzen ez zela aurrez pentsatutako hiri perfektu hori, leku perfektu hori, baina kondenatuta nagoela hor bizitzera. Eta orain tokatzen dena da irteera bilatzea, hiri gehiago aurkitzeko». Hitz horiekin laburbiltzen du Asier Serranok (Eibar, 1975) non kokatuta ikusten duen Hiri gorritik poema liburu berria bere poeta ibilbidean. Hirugarren poema liburua du; aurreko biak ere, oraingo hau bezala, Elkar argitaletxeak kaleratu zituen: Bada hiri gori bat, 1997an; eta Picassoren zaldia, 2007an.

Liburu berria Bada hiri gorri bat-en «jarraipena» da, neurri batean, egilearen ikuspegian, eta hasieratik izan zuen argi Hiri gorritik izango zela liburuaren izenburua. «Bada hiri gorri bat idatzi nuenean, utopiaren edo zoriontasunaren kontzeptua agertzen zen: bada hiri gorri bat hor, urrunean... eta noizbait hiri horretara iritsiko naiz, ustezko zoriontasun perfektu horretara. Kontua da hamahiru urte pasatu direla, heldu naizela hiri gorrira, eta orain hiri gorri horretatik ezin naizela atera, kondenatuta gaudela». Bi liburuak lotzen dituen hari horrek aurrerantzean ere jarraipena izango duela uste du, aurkitua baitu «hiri gorri horretatik irteteko bidea».

Gorria, ikuspegi askotatik

Liburuan «gorriaren inguruko hainbat kontzeptu» lotzen dira: «gizakiok zainetan daukagun odolaren gorri hori, gizaki garela eta, beraz, hilkorrak garela gogorarazten diguna; maitatzeko kapaz garela oroitarazten digun bihotzaren gorri ubel hori; pasioaren edo desiraren ezpainetako kolore gorri hori; eta, guztien gainetik, komunitate batean biltzen gaituen teilatuetako gorri hori».

Erlojugilea nobela (Txalaparta) argitaratu zuen iaz Serranok, trilogia bateko lehen liburukia. Trilogiako bigarren nobela idazteko asmoa zuen, baina jabetu zen beste nobela bati ekiteko baino «sasoi hobea» zuela poemak idazteko, eta, ondorioz, poesia idazteko gogo handiagoa ere bai. «Urteak ziren poesiarik idazten ez nuela. Picassoren zaldia, nahiz eta orain dela hiru urte argitaratua izan, orain dela hamabi bat urte idatzita dago, eta ia hamar urte igaro zituen argitaratu gabe. Halako batean, banuen gogoa neure burua poesia egiteko sasoi onean ote zegoen egiaztatzeko. Musikagile edo letragile paperetik ere urrundu nahi nuen, eta hor abiatu nintzen Hiri gorritik idazten».

Liburua idazten «gozatu» egin du, batez ere gaur egun literaturarekin harremanetan sartzeko duen moduari esker. «Gero eta erosoago sentitzen naiz nire sortzaile jarrerarekin. Behin nire mugak onartu nituenetik, aurrera egin dut, eta orain inongo konplexurik gabeko idazlea naiz. Literaturak ezer eman badit, diziplina da, sekula izan ez dudan diziplina. Idazten baino gehiago, neure bizitza idazten ikasi dut, eta orain askatzeko eta barruan dauzkadan arrangura, kezka eta min guztiak -gorrotoa ez dut aipatuko- eta gizartearekiko daukadan ikuspegia erakusteko modu bat da literatura niretzat».

Liburu «ulergarria» egiten saiatu da Serrano, baina ulertzeko moduei mugarik ezarri gabe, hala ere. «Ondo ulertzen dira poemak. Baina ondo ulertze horren azpian interpretazio askea dago, guztiz askea, eta hori da niri interesatzen zaidana. Irakurle bakoitzak bere bihotzetik ikusi beharreko liburua da.
2010
Hiri gorritik
Elkar
2009-05
“Irakurlea tentela ez dela ikasten hasi naiz”
Lorelei taldearekin hasieran, eta bakarka gero, Asier Serranok ez du inoiz musitaren esparrua alboratua utzi. Horren ordez, literatura eta poesiara hurbildu da azken urteetan, babes bila. Heldu den hilabetean Txalaparta argitaletxeak bere bigarren eleberria karrikaratuko du: Erlojugilea: literatur generoen gainetik jauzi egiten duen proposamen ausarta.

Duela bi urte argitaratutako Eskuetan mapak liburuaren ostean bigarren eleberria duzu hau… gustua hartu al diozu?
Gustua hartu baino gehiago esan daiteke egunari, bizitzari, ahalik eta etekin gehien ateratzeko nire gaixotasun horretan dagoela gakoa. Urteak neramatzan musikan zentratuegi, bi urtean behin diskoa kaleratzen. Hoteleko kantuak diskoa grabatu eta gero, atsedena eman nien nire betiko musikariei. Berriro ere bakarrik eta inongo presiorik gabe lan egiteko gogoa neukan. Nire hasierako asmoa ahots eta gitarra hutsez defendatu nezakeen beste disko bat sortzea zen, baina akorde eta nota artean ohartu nintzen beste garai baten hasieran aurkitzen nintzela, rock gauak ez zirela berriro berdinak izango… eta, nahi gabe edo, horren guztiaren testigantza jasotzen zuen Eskuetan mapak liburu aidazten hasi nintzen. Lehen eleberri horrek asko irakatsi zidan, baina batez ere disciplina zer den. Nire bizitzak aldaketak izan ditu bi eleberrien artean eta idazteko diziplinak lagundu dit aldaketa fase hori asimilatzen edo kezketatik aldentzen. Esan daiteke musikari uko egin gabe literatura babesleku beharrezkoa izan dela niretzat azken urteotan.

Hala ere, urrun joan zara honako honetan. Existizen ez den lurralde batera jo duzu ezinezkoa den istorio bat idaztera. Istorio erdi biografiko batetik istorio erdi fantastiko batera… gidoiak eskatuta ala?
Lehen aipatu bezala, Eskuetan mapak mugarri bat izan da nire obran, alegia, neure buruari zor nion aitzakia bat izan dela, batetik literaturan berriro murgiltzeko eta bestetik iraganeko mamuekin bakea sinatzeko. Erlojugilea neurre buruari ezarritako beste apustu bat izan da: nire mundutik atera eta sentimendu unibertsalez hausnartu gura nuen. Gizartearen baloreekiko ditudan kezken gainean jardun. Bi liburuek eman dizkidate maila batean zein bestean zailtasunak. Istorio erdi biorafiko bat idaztean, kontuz ibili behar zara “erdi” hori ez deskuidatzen, errealitatearen eta fikzioaren arteko haria ez gehiegi estutzen. Istorio erdi fantastiko batean askatasun handiagoa daukazu, baina kasu honetan “erdi” hori da irakurleari zer pentsatua eman behar dion ahalegina.

Ez al zegoen kontatu nahi zenuena gaurko egunean eta gaurko munduan kokatzeko aukerarik? Zer bilatu duzu errealitatetik distantzia hori markatuz?, askatasuna?, iradokitzeko gaitasuna?
Erlojugilea hasi aitzin, beste eleberri bat hasita neukan, zeinak Gernikako bonbardaketa abiapuntu gisa hartuta gaur egungo baloreen inguruan mintzo gura zuen. Baina ez nenbilen oso gustura jasotako dokumentazio guztia galbahetik pasatzen. Ideiak konpartitzeko beste era iradokitzaileago baten beharra neukan. Nire unibertso literarioa eraikitzen jarraitu nahi nuen, Bada hiri gorri bat eta Hoteleko kontuak liburuetan hasitakoari segitu nahi nion, eta ez bakarrik gai aldetik. Denbora eta espazio ez jakin batean nire azken lana kokatzean askatasunaz aritu naiz gaurkoa kontatzeko eta, kontraesankorra badirudi ere, niri lortu dudala iruditzen zait. Adibidez, eleberriko giza garun itxurako herrialdeak paisaia anitzak ditu bere baitan eta herrialde horretako hiria izan daiteke Dakar, Berlin, Ottawa, Gasteiz edo Bogota bat. Iruditzen zait askotan gauzak nahastu egiten ditugula… erratu egiten gara historiako beste garai batean, edo munduko beste puntan, gizakiek ezberdin sentitu behar dutela pentsatzen dugunean. Gero eta gehiago urruntzen gaituen pentsamendua da hori eta neurekokikeria kultural itzela begitantzen zait.

Esango nuke estiloan soiltasuneranzko jauzi bat egin duzula, beharbada liburu honetan ideiek pisu nabaria dutelako?
Zaila egin zait ideien zama galdu gabe hiri eta herrialde oso baten arkitektura eta estetika eratzea, baina bertan zegoen nire apustua oraingoan. Ulertu dut nobelako hiriak berak deskribapen askorik gabe bazuela bere indar lirikoa. Denok irudika dezakegu zein itxura hartzen duen bonbaz ehortzitako hiri batek. Uste dut irakurleak iradokitzeko eta irudimena erabiltzeko duen gaitasunean zentratu naizela gehienbat honakoan. Eszena gogor bat deskribatzen orri mordoxka bat erabil nezakeen, baina horrek irakurlea morbora bideratzea ekarriko luke, edo gehienez asperrera, eta errazagoa egin zait eszena soiltasun krudelaz deskribatzea, adibidez: eztanda bat gertatu da eskolan eta gurasoek haurren gorpuak besarkatzen dituzte beraien seme-alabak diren ala ez arduratu gabe. Soiltasunez askoz gauza gehiago esaten dira, irakurlea tentela ez dela ikasten hasi naiz eleberri honetan.

”Gizarteak galtzaile ezizenez bataiatu dituen pertsonaia horiek interesatzen zaizkit, bizirautearen teoria erakutsi didatenak”. Zure obraren constante dira agidanez…
Beti esan izan dut bi ildo nagusiri jarraitzen diela nire lanak, bai musikan bai literaturan. Batetik, oso lan neurekoiak idatzi ditut, nia oso nabarmen azaltzen duten lanak. Bestetik, ni horretatik atera eta garaileentzat sortea den gizartean gu bat identifikatzen saiatu naiz. Garai batean askotxo bidaiatzen nuen eta bidaia horietan ezagututako bazterreko pertsonaiek erakutsi didatena nire obran islatzen saiatu izan naiz. Bizirautea artearekin gero eta gehiago lotzen ari naiz aspalditik. Zentzu horretan zorteduna naiz: urteekin badakit pertsona bakoitzarengandik zer ikasi nahi dudan, zein estrategia ikasi behar dudan bizitza gero eta zentzugabeago honetan bizirauteko. Bere garaian marketing ikasketak egiten hasi nintzen eskola pribatu batean eta hangoek beraien hezkuntza niri saltzeko gaitasunik ez zutela ikustean ohartu nintzen bestelako maisu batzuk behar nituela. Gazteagotan neure buruari esaten nion: galtzailez betetako mundu bat dago hor aurrean, baina hara iristen banaiz irabazle izateko iritsiko naiz… Orain nahikoa daukat nire kondizioa onartu eta maite dudan galtzaile koadrilarekin pote bat hartzea.

Liburua argitaratu aurretik irakurtzeko aukera izan dugun bi lagunen artean bi izen aipatu ditugu: Cormac McCarthy eta Jose Saramago. Litekeena da ez bataren ez bestearen eragina jaso ez izana, baina jaso duzu egileren edo eta obraren baten eraginik?
Cormac McCarrthyren The road liburuaz ariko zara noski… liburu horren berri Erlojugilea bukatzen ari nintzela jakin nuen eta zoritxarrez edo zorionez ez dut oraindik irakurri. Lagun batek esan zidan baduela nireak gaiari eta estetikari dagokienez antzekotasuna… ez dakit. Jose Saramagoren kasuan eragina oso zuzenekoa da, Ensayo sobre la ceguera irakurri ostean piztu zitzaidan niri Erlojugilea idazteko gogoa… Ideien trataera, hiriaren estetika, darabilen hizkuntza… izugarria iruditu zitzaidan Saramago. Eta beste zenbait liburu eleberria idazteko prozesuan esku artean izan ditut, bereziki Pedro Paramo… hala ere, badaude bestelako eraginak ere deskribapenei dagokienez behintzat, txikitan anaia nagusiei lapurtzen nizkien komikietatik hartutakoak kasu: Cimoc, Zona84, Bivora… Eta, nola ez, nire Eibar maiteko kale eta auzo dekadenteena. Beste lagunen batek aipatu izan dit Baricco, Saint Exupery edo Fermineren ukitua duela.

Publikoki aitortzeko aukerarik izan ez duzum arren, lagunartean aupatu izan duzu liburu hau trilogia baten parte dela. Hala bada, zeintzuk dira trilogiaren ardatzak? Badu izenbururik? Aurreratu al duzu ezer?
Erlojugilea trilogia baten bigarren kapitulua izateko jaio zen, bertan landu nahi nuen ideia nagusia etikaren eta moralaren arteko borroka zen. Trilogiaren eskema guztia daukat idatzita, baina ez dakit noiz izango dudan berriro lehen kapituluarekin segitzeko adorea. Lehen kapituluan gerraz hitz egiten da eta hirugarrenean botereaz. Hala ere, oraingoz nahiago dut pentsatu Erlojugilea irakurtzen duenak ez duela beste bi liburuen muga hori eduki behar, trilogia baten ideiak nahikoa mugatu bainau ni eleberria idazteko orduan… eta hori izan da nire akatsetako bat: Erlojugilea idazten nenbilen bitartean hari asko solte uzten joan nintzen beste bi liburuetarako zerbait uztearren… eta gero benetan sufritu dut akats hori zuzentzen, alegia, etorkizunean zer etorriko den ez pentsatzen eta eleberria bakartzat mimatzen.

Oker ez banago, poesia idazten zabiltza. Jakin daiteke zer idazten ari zaren?
Bada hiri gorri bat liburuaren jarraipena da, baina ez du harekin zerikusirik. Azken poemak zuzentzen ari naiz eta esan dezaket ez naizela inoiz ahots poetiko batekin horren gustura egon. Berezko musikaltasuna bilatzera joan banaiz ere, hurrengo diskorako bertako poema batzuk musikatuko ditut. Bi gauza bakarrik aurreratu ditzaket: bata, izenburua, Hiri gorritik, eta bestea, bertan azaltzen den hiria Erlojugilean azaltzen den inongo hiriaren berdina dela.

2009
Erlojugilea
Txalaparta
2008-02
Eskuetan mapak
Protagonisten eskuetako marrei erreparatuta idatzi du Serranok Eskuetan mapak eleberria. Mapa asko ageri dira idazle eta musikari eibartarraren lan honetan, era guztietakoak: Zuloan taldekoak atzerriko kontzertuetara eramango dituzten errepideenak, Euskal Herriko 90eko hamarkadako musika giroa azaltzen diguten mapak eta protagonisten barne mundua erakusten digutenak. Bila jarrita, nekez aurki genezake Serrano baino idazle egokiagorik horrelako nobela bat idazteko, kontakizunean ezinbestean islatzen baita narratzaileak abeslari gisa bizi izandako esperientzia. Baina, hala ere, Eskuetan mapak ez da kronika bat, ezaugarri literarioak dituen nobela bat baizik. Egiturari dagokionez, bi denboratan kontatzen da Zuloan musika taldearen istorioa, tartekatuta, baina grafikoki ere ondo bereizteko moduan. Alde batetik, taldearen musika ibilbidea, 90eko hamarkadan kokatua.Oso estilo arinean, protagonista gazteen esperientzia gazi-gozoek osatzen dute narrazioa. Bestetik, XXI. mendeko lehen hamarkadan agertzen zaizkigu berriro protagonistak, urteen joanaren poderioz euren bizimoduak erabat aldatuta, musika mundutik at, baina berriro elkartuta.

Samur tratatzen ditu Serranok pertsonaiak eta, galanki sufritu arren, askotan ateratzen diote barre xumea irakurleari. Gozagarria edonorentzat, ia ezinbestekoa musikazale nostalgikoentzat.
2008-01-21
Eskuetako marrak
Asier Serrano kantariak eta idazleak (Eibar, 1975) nobela deigarria argitaratu du. Eskuetan mapak deitzen da, eta kutsu autobiografikoa badu ere berezia da egitura aldetik.

Eskuetan mapak nobelak hiru maila desberdin agertzen ditu. Batetik Zuloan rock taldeko historia eta kronika da, 1989. urtetik 1996. urte arte, Eibarko lehen pausoak, Euskal Herriko kontzertuak, Europa barrena egindako bidaiak. Bigarren maila batean Aitorren ahotsez eta begiradaz kontatua da ekintza nagusi hori, baina Aitorrek begiradan badu joera existentzialista, Roka adiskideak bere burua botatzen duen momentutik aurrera.

Hirugarren maila narratiboa 2004. urtean jazotzen da, taldekideak nagusitu egin dira, eta liburuan letra molde desberdina erabiliz, haien nondik norako tragikoa ematen zaigu aditzera.

Egitura zein denbora eta espazio aldetik eleberriak neurriak oso ongi betetzen ditu, eta irakurketarako ez du problemarik agertzen. Baina egituran sendoa bada bere idazkera, Asier Serranoren estiloak ziztada eta harridura agertzen ditu nagusi.

Metaforak eta irudiak erabiltzeko orduan oso trebea da bere eskua, eta berezia kontatzeko manera. Aipagarria da historiaren barrenena tartekatzen den ipuin bat: Mustafak bere historia kontatzen duenean era hunkigarria batez (134. or.).

Musika talde baten inguruan osaturiko kontakizuna izanik, taldeko lau partaideek protagonismo berezia hartzen dute. Aitor da kontalari nagusia, Kepa bere aurkakoa, pintorea eta sentimenduz jositakoa, Anez maitemindua dago, baina Anez maiteminduko da baita ere Aitor. Bizen homosexual problematikoa dugu, nahiz eta pixkanaka zabaltzen den, eta Josu drogazalea, eta hizpidez isiltzen ez dakiena.

Bost pertsonaia horien inguruko historia linealegia da. Irakurle honek sentitu du agian begirada oso zentratua dagoela, eta ingurura ez dela askorik barreiatzen.

Asier Serranok, baina, jakin du jakin-mina pizten 2004. urteko kontakizun horretan irakurleari pertsonaia bakoitza nor den asmatzeko erronka luzatu dionean.
2007-12-23
Picassoren zaldia
Poesiara itzuli da Asier Serrano, nahiz eta aldenduta sekula ez den egon. Izan ere, Lorelei musika taldeko kantaria zenean ere, musikaz bustitzen zituen kantuak.

Lan berrian barrura bidea egiten du. Bizitzak gerra dirudi Asierren hitzetan. Ezin daiteke esan poema politikoak direnik. Sarri argi erakusten badute ere, metaforez josita dago eta gerra guztietaz jarduten du.

“Min ematen dit onartzeak baina, letrak aukeratu nituen kaleak uzteko garaia heltzean. Beste erradikalek zientziak nahiago izan zituzten, aberriaren hizt eta historian erreparatu gabe”.

Lubaki Bandan hasi zen idazlea literatura bidean, eta Picassoren zaldia irakurtzen ari nintzela, ez dakit zergaitik Garikoitz Berasaluzek kaleratutako olerki liburu bat etorri zait akordura. Beharbada banda hartan bat egin zutelako biek. Agian beste barik, etorri zait gogora.

Heldutasuna ikusten da Asier Serranoren olerkietan. Eta denboraren joana ere bai. Zenbaitetan denboraren talatik begiratzen dio iraganari, joanari. Batzuetan sentitu dut iraganmin zantzuak zituela poema bat edo beste. Baina beste batzuetan, lista pasatzen den bezala, oroitzapenak errepasatzen ari zela iruditu zait.

“Harria botatzeak galbidea dauka / nahiago nuke inuzentzia / zure hanka tartearen abertzaletasunean / galdu izan banu / barrikada haietatik ihesi genbiltzala”.

Bi dira egileak kaleratu berri dituen lanak. Ez dakit kontuak garbitzen ari ote den, baina biak irakurrita ematen du iraganeko ateari giltza eman nahi diola aurrera egiteko. Edo beste barik oroitzapen eta bizitutakoak antolatzeko.

“Onartu eta zin egidazu / ez direla larregi berandutuko / geure lagun horiek nire hitza etetera / zeure harresietan erori aurretik / izan nintekeenaz konturatzen zarenean”.

Musika ikutua igartzen zaio egileari. Ez dira alferrik joan musikara eman zizkion urteak. “…eta bada hiri gorri bat, tatuatu zenidan zeruan”.
2007-12-08
"Iraganeko mamuak uxatzen lagundu dit"
Eskuetan mapak nobela idatzi du Eibarko musikari eta idazleak, berak bizitakoak eta fikzioa nahastuta. Horrek "iraganeko mamuak uxatzen" lagundu dio. Letren lilurapean badabil ere, bakarkako diskoa iragarri du udarako.

Gertakari latz batekin hasi duzu liburua, suizidio batekin. Zuk zeuk gertutik bizi izan duzun egoera da. Zer espero dezake hortik aurrera irakurleak?
Liburuak garai hori du abiapuntu, 1989. urtea. Eibar inguruko gazte batek bere buruaz beste egiten du aitaren eskopetarekin. Metafora bat dago hor, metaforez josita dago liburua. Eskopetaren zuloa batetik, protagonisten zulo animikoak ageri dira liburuan, eta eskopeta bera, Eibar armagintzarekin lotuta dago, herri armatua izan da.
Suizidio batek markatu egiten du, ez ni idazle moduan, baizik eta ingurukoen artean arrastoa utzi du. Testuinguru hori islatu nahi nuen.

Iraganeko mamuei erantzuteko era bat izan da, zure hitzetan. Katarsirako balio izan dizu liburuak?
Askotan ukatu dut liburua autobiografikoa dela baina zentzu askotan bada. Pertsonaiak fikziozkoak dira baina situazioak, batzuk, nik bizitakoak dira. Literaturak badu dohain hori, errealitatea eta fikzioa nahastekoa. Azken batean, liburua garai hartako kronika bat da.
Fikziozko pertsonaia horiek badute esanahia niretzat, lotura pribatua dute. Horregatik diot mamuak uxatu ditudala. Fikziozko pertsonaia horiek oinarri dituzten benetako pertsonaia horiei egindako omenaldia dago liburuan.

Lasaitua hartzeko modukoa da hori…
Bai, batetik ikasketa prozesu bat izan delako. Sei urte neramatzan libururik argitaratu gabe eta hau zen nire lehengo nobela. Umiltasunez hartu dut idaztearena. Literaturara berriro hurbiltzeko aitzakia zen.
Bestetik, Eibarrera itzultzeko balio izan dit. Kanpoan, herritik kanpo, eman ditut azken 10 urteak eta Eibarrekin bakeak egiteko aitzakia izan da liburua. Hustu egin naiz, 32 urterekin eta furgoneta aparkatuta dudala.

Harkaitz Canok hitzaurrea egin du eta konfiantza hartzen lagundu omen dizu.
Aspalditik ezagutzen dut Arkaitz, Lubaki Bandaren garaitik. Gure kritiko onenak gara. Berak animatu nau idaztera. Nik beldurra nuen literaturara itzultzeko. Arkaitzek berak eta inguruko beste lagun batzuek esaten zidaten "kontatu behar duzu"; garai harekin bukatu behar nuen.
Nire mugak onartzen ikasi dut eta idazle abizena nire izenaren atzetik jartzen ere. Batez ere horretan lagundu dit Arkaitzek.

Letren lilurapean ibili zara azkenaldian (nobela, poesia liburua…). Baduzu proiektu musikalik edo aparkatuta dituzu?
Aparkatuta? Inoiz ez. Nik beti esan dut sortzailea dela nire lana. Ni kontugilea naiz, kontu horietako batzuk poesia bilakatuko dira, beste batzuk ipuin, eta beste batzuk, abesti.
Beste nobela bati ekin diot. Guztiz ezberdina. Disfrutatzen ari naiz. Gaia gizakiaren etika eta morala izango da, asko interesatzen zait.
Disko berri bat grabatzen hasiko naiz udan. Bihotz nagiak kontzeptuaren inguruan arituko da. Inoiz baino garrantzi gehiago emango diet hitzei, estilo jakin bati. Zentzu horretan, apustu berri bat dut. Ni bakarrik gitarra akustikoarekin.
2007-11-28
"Historiak egia bakarra aterako du, baina beste mila egia daude"
Ama izugarri beldurtu zitzaion bere azken eleberriko protagonista, Aitor, Asier Serrano bera (Eibar, 1975) ote zen pentsatuz. «Baina ez da hala». Lubaki, Lorelei, poesia, literatura... Jauzitik jauzira ibili da artearen xake taulan. Orain, dagoeneko bere buruaren mugak ezagutzen dituela eta, askoz ere lasaiago bizi da, bare-bare. Duela gutxi izandako istripu baten oinazeak soinean, batere oinazerik gabeko usteak biribildu ditu.

Poeta, kantugilea, idazlea. Itxuraz elitista. Eguneroko bizitzan, ordea, haur hezkuntzako irakaslea zara. Nola uztartzen dira horiek guztiak?
Jendea harritu egiten da, nire iragana eta itxura ikusita, haur hezkuntzako irakasle izan naizela jakitean. Orain, bizkarreko minez nabilenez, lehen hezkuntzan nabil. Azken batean, pribilegiatua naiz, nire afizioak ofizio bihurtzeko aukera izan dudalako. Irakaskuntzan lanaldi murriztuak har ditzakedanez, musikari edo idazle lanari denbora eskaintzeko moduan izaten naiz. Irakasle ikasketak egin nituen, eta beti egon naiz umeekin harremanetan. Haurren mundua helduena baino askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait, eta nahiago dut eurengandik ikasi, helduengandik ikasi baino.

Eta elitista puntu hori?
Nik ez dut halakorik igartzen. Kirol jantzia soinean joaten naiz lanera, ez naiz mozorrotzen. Haur hezkuntzako zereginean, hitza eta doinua erabiltzen ditut: hitz egiten eta idazten irakatsi behar diet, baina euren hiztegi mugatu eta harrigarri horretan oinarrituta. Batzuetan, ikastetxe berri batera noanean, arraroa egiten zaie idazle edo musikari bat irakasle izatea, baina ez da harritzekoa. Euskal Herrian, idazle edo musikari askok beste lanbide batzuk izaten dituzte: idazle batzuk harakinak dira, beste batzuk garraiolariak, beste batzuk sendagileak... Nik uste dut idazle eta musikariok, askotan, elitistatik izena eta posea besterik ez dugula.

Haurren heziketan parte hartzen duzu. Haurrak omen dira etorkizuneko euskarri. Nolako etorkizuna aurreikusten duzu?
Haurrak gaur egungo gizartearen aldaketaren ispilu garbiak dira. Ume horiekin ez ezik, gurasoekin eta inguruarekin ere harremana izan behar duzu. Gizartea aldatzen ari dela onartu behar dugu. Eta aldaketa horren errudun guztiok gara. Gu gizarte horretako zati gara, ez soilik haur horien gidari. Haurren hezkuntza ez da soilik gure lana; gizarte osoarena baizik.

Zeu ere haurra izandakoa zara.
Bai. Hiru anaietan gazteena naiz. Amak dioenez, bihurria, ipurterrea eta oso ikasle txarra. Gogoan dut nola egoten nintzen irakasleari begira egon beharrean, leihotik kanpora so: mendien atzean zer ote zegoen galdezka. Etxolak egiten genituen, eta hustutako lantegi galduetan sartzen ginen. Beti bihurrikeriatan. Oso haurtzaro ederra eduki dut, zoriontsua.

Haur hori, noizbait, musikaren munduan hasi zen. Hastapena: Asier Serrano eta Hilakotz taldea.
Hilakotz taldea garajeetan-eta elkartzen zen, eta punka eta heavya egiten zituen. Gure gitarra merkeekin zerbaitetan ahalegintzen ginen. Lubaki Bandaren esperientziaren ondoren, poesia errezitaldiak egiten hasi nintzen, eta baita abestiak ere. Hala, nobela antzeko bat egitea erabaki nuen, Ane gutun galdua, eta Hilakotzekin grabatu nuen. 20 bat lagun bilduta, maketa osatu genuen. Probak egitea gustatzen zitzaidan, eta literaturari beste formatu bat ematea nuen helburu.

Lorelei taldearen ifrentzuan ere, Asier Serrano.
Hilakotzekoa utzi ostean, EH Sukarrako Nortonek eta biok errezitaldiak ematen jarraitu genuen, eta errezitaldi horiek talde izena hartu zuten. Disko bat ateratzea genuen helburu, eta urtebeteko epea eman genion geure buruari. Zortea izan genuen, gauzak ondo joan, eta bigarren diskoa etorri zen.

Zure musika eta literatur lan batzuen artean lotura handia dago, izenburutik bertatik hasita. Zeuk bilatu duzu hala izatea?
Beti antzeko gaien bueltan ibiltzen naiz. Nire literatura edo musika oso neurekoia izan liteke, neuk bakarrik ulertzen ditudan sentimenduak biltzen dituena, eta, azken batean, neure krisi garai absurdoei erantzuteko terapia modukoa. Jende mota jakin bat interesatu izan zait beti: galtzailearen figura. Asko bidaiatu izan dudanez, era horretako jende dezente ezagutu dut; zentzabide ederrak eman izan dizkidate, gainera. Antiheroien mundua, mundu dekadentea, asko interesatzen zait. Gizartean bizirik irauteko zentzabideak behar ditut, eta pertsona horien eskutik jasotzen ditut. Lagunek ere esaten didate edonora joanda ere erotzat jotako pertsonekin bukatzen dudala hizketan.

Mundua antiheroiz josita dagoela esaten dute. Egia al da?
Hala da, bai. Edonoren atzean dago antiheroia. Bakoitza bere bizitzaren heroi eta antiheroi da, aldi berean. Bizirik irauteko borrokatu egin behar da; borrokatu gugatik, eta gure inguruarengatik. Historiak egia bakarra aterako du, baina beste mila egia daude. Ezkutatutako egia horiek antiheroiek kontatutakoak dira, nahiz eta, sarri, hainbat presio edo mugagatik hitz egiteari beldur dioten.

Zure antiheroiak zer egia esan nahi du, bada?
Gizarte gaixo batean bizi garela, eta oro har, gaixo jarrai dezan interes handia dagoela. Denok garela biktima, eta biktima izatea gustatzen zaigula. Batzuetan, badirudi zenbait gauzari buruz ezin dela hitzik egin; eta ez hitzik ez egiteagatik, baizik eta ez konplikatzeagatik. Biktima izatea jarrera erosoa da. Neure buruarekin ere oso kritikoa naiz, eta ez dut barkamenik eskatuko esatera noanagatik: erraza eta erosoa da, gaur egun, beltza izatea, euskaldun izatea, euskaltzale izatea, Alderdi Popularraren alde bozkatzea... Denok uste dugu gure aintiheroitasunaren barruan heroi bat badela, gauza jakin bat egiten dugulako. Eta gugatik baino gehiago, aldamenekoak bere hitza izan dezan egin behar dugu borroka. Hor ikusten dut nire egia.

Taldean heroi izan zara. Bakarka ere, gaizki ez.
Zorte handia izan genuen. Gauza serioa egitera gindoazen, baina lehenagotik ere bageneraman maletatxoa eskuan: nik idazle gazte moduan, eta Mikel Gorosabelek EH Sukarran egindako lan guztiagatik. Gezurra badirudi ere, agertokian oso lotsatia izan naiz beti, eta beraz, beste zerbait bilatzen nuen, beste lan mota bat egiteko gogoa nuen. Gitarra hartu, eta beste areto batzuetan jotzeko gogoa nuen. Bakarkako lanean ere, zortea izan dut. Entzule gutxi izan ditzakedala jakinagatik, badakit oso fidelak eta finak direla. Eta nik nahikoa dut horrekin.

Hitzei ahotsa jarritakoa bazara ere, lagunen ahotsei hitzak jartzen ez zara makala: EH Sukarra, Norton Klub, Exkixu, Gari, Tapia eta Leturia...
Horrelaxe hasi nintzen. Bere garaian ez nuen esango abestera iritsiko nintzenik. Esperimentazio moduan hartu nuen, eta ondo joan zait. 150etik gora abesti idatzi ditut. Une batean, zure estiloaz ere nazkatu egiten zara. Orain, konpromisoa da niretzat, eta aukeratu egiten dut. Garai batean, oso gustura ibiltzen nintzen, lagun baten eta nire arteko fusioa abesti bat izatea gauza berezia zen, eta bere doinuetarako hitzak idaztea, berriz, gure adiskidetasuna nolabait izenpetzea. Lan politak egin ditugula iruditzen zait. Nire hitzak lagun baten ahotsean entzutea ederra da. Nire ahotsa batere gustatzen ez zaidalako izango da! Kar, kar, kar.

Ez da egia izango?
Bai, bai. Grabazioetan izugarri sufritu izan dut beti. Oso kontzertu gutxitan sentitu dut gogobete naizela, ahotsari begira. Nahiago izaten dut nire hitzak beste baten ahotan entzutea.

Egiak ez diren zuri buruzko gauza batzu-batzuk ere kaleratu dituzte: Prestige auziaren kontua...
Bai. Ez dakit nork idatzi zituen, Interneten agertu ziren. Prestige auzia dela-eta kantu bat egin nuen, Galeuscarako. Horren harira-edo esan zuten erregaia jasotzen aritu nintzela... Ez dakit, agian, beste Asier Serranoren bat izango da hortik! Dena den, eskatu izan balidate, joango nintzen, e? Jakin nuenean, neure burua era surrealista batean imajinatu nuen: jantzi zuria soinean, eta gitarra jotzen. Azkenean, nahi dutena idazten dute.

Teknologia berriak, badakizu.
Bai, bai. Harrigarria da pertsona batek zure izena izorratzeko zer baliabide erraza duen eskura. Erabat doan, gainera! Jendeari asko gustatzen baitzaio hitz egitea! Baina hor esandakoak baino gogorragoak esan izan dituzte niri buruz. Loreleiren garaian, esaterako, asko sufritu nuen. Nahiz eta gero beti jakiten den zein den egia.

Bigarren diskoarekin egin beharreko zenbait kontzertu atzera botatzeak ere hautsak harrotu zituen...
Bai. Nik ez nion zentsura hertsi-hertsiaren arrastorik hartzen, eta ez nion indar handirik eman nahi. Baten batek etekina atera nahi izan zion, eta ez zitzaidan batere ondo iruditu. Ez esan inori diskoarekin, beka bat eman ziguten. Gu Gerrari bai diskoarekin joatekotan ginen, eta garai hartan, mundu guztia gerrari ez esaten ari zenez, arraroa egin zitzaien euskaldun batzuk lelo horrekin joatea. Beldurtu egin ziren, antza. Zentsura, gehienetan, ezjakintasunak bultzatzen du. Gero, konpontzen ahalegindu ziren, baina alferrik. Nolanahi ere, nik ez dut ikusten gurea SA, Fermin Muguruza, Su ta Gar edo Berri Txarrakekoek izandako zentsuraren pare.

Zure lanetan, atzean ezkutatzen den emakumearen bila omen zabiltza.
Zapalduak interesatu izan zaizkit. Eta nire gaietan, emakumeek hunkitu izan naute. Historian ere, emakumeena izan da rolik txarrena. Nire lana ez da izan emakumea defendatzea, baina irudi horri maitasun berezia diot. Behin esan zidaten gizonik gogorrena eta emakumerik goxoena izan nintekeela, aldi berean.

Horregatik Lorelei izena?
Lorelei jainkosa bat da, baina emagaldurik handiena ere bai. Leonard Cohen-en Susan abestitik dator. Hala bilakatu ginen Lorelei jainkosaren adoratzaile, mundu dekadente horren eta gauaren morroi.

Gaur egun, zeren adoratzaile da Asier Serrano?
Bizirik irautea da xedea, eta beraz, gauza txikien adoratzaile bilakatu naiz. Bidaiatzea, mendia, kirola... Egunetik egunera gehiago saiatzen naiz neure burua adoratzen, baina ez dut lortzen! Kar, kar, kar. Inoiz ez naiz oso mitozalea izan. Baina hurbilekoengandik gertu egon nahi dut. Familia, esaterako, izugarri adoratzen dut, eta lagunak; batetik bestera ibili naizenez, gutxi egon bainaiz eurekin. Ezkutuko munduak ere asko erakartzen nau.

Iraultza txikiz osatutako bizitza al da zurea?
Aspaldi hartu nuen erabakia, eta oso ibilbide berezia izan dut. Pauso naturalez betetako bidea izan da nirea, koherente samarra. Garai batean, euskal kulturan txokotxo bat izatea nuen helburu. Gaur egun, kulturak Euskal Herrian txoko bat izan dezan ahalegintzen naiz. Harkaitz Canok «iraultzaile» esan zidan, ezagutu ninduenean. Baina ez dut uste ezer aldatu dudanik. Lan bat argitaratzea garaipen bat da; baina irabazitako borroka baten atzean, galdutako ez dakit zenbat borroka izango dira. Eta hori denoi gertatzen zaigu. Nik sortzea dut atsegin, barrukoa hustea. Eta egia esan, berdin du gero nora joango den hustutako hori. Ez naiz batere nostalgikoa. Egunari begiratzen diot.

Eta etorkizunari?
Gero eta gehiago. Lehen helburu batzuk nituen, dena zen berria. Orain, neure mugak onartu ditut, eta oso hurbil ikusten dut etorkizuna. Oraina eta etorkizuna nahastu egiten ditudalako, agian. Beti presaka gabiltza, beti gauzak egin beharrean. Nik baretasuna bilatzen dut. Ingurua zaindu behar dela uste dut. Jendearen etika eta morala interesatzen zaizkit, eta hortik doa prestatzen ari naizen azken lana ere: Erlojugilea. Oso gustura nabil, gozatzen.

2007-11-24
Ttakunak eta herrenak
Erritmoak egiten du zaldiaren trosta dotore. Ttakunen eta herrenen segida egokiak. Pausoa ez baita pauso lurrean bakarrik, airean ere pauso da pausoa. Asier Serranok (Eibar, 1975) izenburu iradokitzailea jarri dio bere ni poetikoaren azken lanari: Picassoren zaldia. Poema liburua da, lau gelatako: ‘Picassoren zaldiak Troia izena izan zezakeen’, ‘Zaldiaren irrintzia’, ‘Zaldiaren sabelean gelditu zirenak’ eta ‘Zaldiaren hondakinak’. Bistan denez, hipodromoan adina zaldi topa daiteke liburuan. Baita poemen izenburuetan ere: ‘Zaldi ajea’, ‘Pottoka kondenatuak’, ‘Zaldia zelatan genuenekoa’, ‘Zaldiaren sabeleko biztanleak’, ‘Zaldia izutu zuen sugearen testigantza’, ‘Zaldiaren egarria’, ‘Zaldiaren adoratzaileak’, ‘Zaldiari eraso ziotenekoa’… tira, nahikoa da.

Picassoren zaldia izenburuak zaldiaren irudi konkretu bat eman dit. Liburuan aurrera egin ahala, ordea, irudi hori beste askorekin nahasten joan zait, hainbeste zaldi, ezen azkenerako “zaldi” irakurtzean ez bainekien zer irudikatu. Argi dago askotan aberri sentimenduari egin diola keinu “zaldi” esan duenean. Eta bai, konparazio egokia iruditu zait aberria eta maitalearen artean Serranok egin duena. Izan ere, haienganako maitasunari ezin zaio “zergatik?” galdetu. Izatekotan, “nola?”. Poeta hark esan zuen bezala: “horratx poesia: azal ezinaren azala”.

Liburuan gehien ageri diren hitzek liburuaz hitz egiten digutelakoan nago: “zaldi” hitza hogeita bost aldiz irakur daiteke; ondoren datoz “suge” (zortzi), “aberri” (zortzi), “iraultza” (zazpi), “borroka” (sei), “ikurrina” (bost), “maitasun” (bost), “su-etena” (lau), “independentzia” (lau) eta “aizkora” (hiru). Argi dago, beraz, zeintzuk diren gaiak. Ikuspuntua, berriz, abertzaletasunetik erdi-aldendutako militantearena hautatu du Serranok. Interesgarria da zenbait unetan jende askoren buruetan diren pentsamenduak paperean ikustea. Dena den, zenbait mezu esateko bide ez hain tragikoak badirela uste dut. Esate baterako, honakoa esateko: “berdin gertatzen zen lehen / ikurrinak euriaz babesteko balio zuenean / orain ez da ikurrinik inor odoletik babestuko duenik”.

Arestian esan bezala, egoki elkartu ditu aberriarekiko eta maitalearekiko sentimenduak Serranok: “Edo berba abertzaleetan mozorrotu gintuztelako / Denak maiuskulaz maite zaitudala minuskulaz esateko”. Nabaria da maitale militantearen nekea: “Onartu dezadan iraultzak / mesfidantzara irauli nauela / ez dela maitatzerik militantziarik barik / biktima eta martirienganako errespetua galdu dudala”.

Baina irakurleak behar ditu heldulekuak irakurketari eusteko, behar ditu konplizitate keinu ezkutu batzuk. Halako gutxi topatu ditut, nire ahalmenentzat ezkutuegi zeudelako akaso. Hortaz, nekoso egin zait irakurketa, arnasaren erritmoa ezin eraman ibili naiz hainbat ahapalditan. Puntuazio zeinuen arnasa behar nuen, edo haien faltan, trosta erritmo jarraiagoa. Belardi konplexua hautatu baitu Serranok bere zaldia trostan uzteko. Izan ere, puntuazio zeinurik gabe idatzi du, bakar bat ere gabe. Halako aukera estilistiko ausart eta arriskatuak neurri bereko ardura eta ahalegina eskatzen ditu. Irakurlea dagoelako bestaldean, ez dezagun ahantz. Eta nago, Serrano ez dela bere buruari ezarritako langaren mailan aritu.

Asier Serranoren ni poetikoa galdu samar sumatu dut dena ohitura, dena errua, dena barkamena den mundu honetan, eta ni neu ere halaxe ibili naiz liburuaren irakurketan. Ez dut, egiari zor, zaldiaren trostaz gehiegi gozatu. Ttakunak entzuten nituelako herrenen tokian, eta alderantziz. Zaldiaren trosta bera herren gelditu zaidalako, airean pausoa. Ez dezagun ahantz: irakurlea dago bestaldean.
2007-11
Nork bere mugak onartzeko ikasi
Eskuetan mapak nobelara iritsi aitzin, egile beraren Picassoren zaldian bide egitea gomendatzen dizut irakurle lagun hori. Izan ere, bi liburuetako narratzaileek —poesia liburuko zein nobelako narratzailea, liburuen egilea ez bada ere, Asier Serrano, hots—, biek lotura baitute, narratzaile baten zein bestearen ahotsek nolabaiteko lotura dutela, alegia.

Denok gara biktimak, denok gara baztertuak, edota denok izan gaitezke borreroak. Bizitza pasaia da, bizitza ikaspen prozesua da. Bizitza, finean eta funtsean, nork bere mugak gainditzen ikasteko prozesua eta pasaia da. Lehen aldian mugak ezagutzen ikasten dugu, bigarren batean, zailenean ziur aski, mugak onartzen ikasi beharra daukagu, geure mugak onartzen barneratzen.

Honaino, Eskuetan mapak liburua ezagutze aldera azaldu nahi nizun bidea, baita bideak berak utzi didan inpresioa ere.

Honezkero zaldia utzi duzu, Picassorena, Serranoren poesia bitartez egina, eta furgoneta hartu duzu. Hots, Eskuetan mapak nobelan barneratu zara eta mapak eskuetan bide egiteko gertu zaude.

Mapak eskuetan Eibar herrian zaude. Nobelaren protagonistak Eibarren daude. Lau lagun zahar bildu dira eta elkarrekin bizitzea erabaki dute, baita Eibarreko zulotik Bilbo handiko zulora joan ere. Zuloan izeneko musika taldearen bizipenak ezagutuko dituzu hartara.

Iragan milurteko azken hamarkadako pasadizoak aurkituko dituzu nobelan: nerabe izatetik gazte arora doan aldia, 1990ko belaunaldi berri gazteek —gazteriaren parte bat— ikastetxean, koadrilan zein musikaren arloan biziriko esperientziak narratu dizkigu idazleak.

Aitor da nobelaren protagonista. Roka lagunaren tragediak markatu du Aitorren bizitzaren norabidea, Roka lagunaren suizidioak. Adiskidetasuna eta traizioa ezagutuko ditu Aitorrek, amodioa nahiz gorrotoa. Horiek guztiak gizabanakook —baita Aitorrek ere, bistan da—, darabiltzagun gezur eta miseriekin, horiek guztiak musikaz blai eta drogaz zipriztinduta.

Musikak laguntzen ditu bizitzen eta izaten Aitor eta Zuloan taldeko partaideak. Mapak eskuetan hartuta Euskal Herrian lehenik eta Europan barrena ondoren ibiliko dira. Horixe dute taldekideek mundu petral horretatik ihes egiteko modua.

Hamarkada bateko giroa deskribatu digu egileak. Neronek modu honetara interpretatua: Zuloan-ekoek errepidetan barna ihes egitea deliberatu zuten fikziozko Euskal Herrian. Beste batzuek, Euskal Herria errealean, mendian gora ihes, iritsi nahi izan zuten itsasoa. Itsasoaren zeru-mugan Euskal Herria helburu izaki.

Euskal Herria helburu, bizitza helburu, ditugun mugak non eta zein diren ikasiko ditugunean, geure gabeziak eta arerioenak onartuko ditugunean, helduagoak eta zentzudunagoak bilakatuko gara.

Tira, horiek eta beste asko iradoki dizkit Eskuetan mapak liburuak. Zure txanda da irakurle.
2007-10-14
Eskuetan mapak
Akorduan daukat Joseba Sarrionandiaren Kiromantzidxa olerkian esaten diola emakumezkoak “arradxak ondo markaute dekosus enseguida esangotzut, dana lanbrotute ikustot paña”… Asier Serranoren Eskuetan mapak izenburua irakurtzerakoan atoan etorri zait irudi hori. Olerki horretakoa. Eskuetako mapei begiratzen dio protagonistak, joanari. Distantziatik egiten du, hori bai, denboraren perspektibak duen onarekin, eta txarrarekin ere bai. Iragan-mina oroitzapenen lausoarekin uztartzen ditu egileak.

“Bai, jaiotzen ikusi gintuen Eibar hura gorrotatzen genuen, baina are gorrotagarriagoa zitzaigun modernitatearen izenean erridikulura zihoan “Bilbo txikia” ezizena jaso zuen herri-hiria”.

Kontakizuna aurrera doan heinean ezin uka daitezke egilearen eta protagonistaren arteko paralelismoak. Lau gazte, eibartarrak, hazten doazenak eta garapen ezberdina dutenak. Bizitza ezberdinen arteko gurutzaketak eta bereizketak, adiskidetasunaren indarra, maitasunarena. Traizioak, minak, hanka sartzeak, porrotak… lau lagunena barik momentu batzuetan belaunaldi baten istorioa dirudi. Egilearen poetikotasuna ere ageri da kontakizunaren une batzuetan… “Laku izoztuaren zubitik iragan ginenean, lau txori ikusi nituen hilda.Hiru txantxangorri lakuaren gainean, eta ahate bat jelaren azpian, ezin irtenak itota”.

Atsegin egiten da irakurketa, autobus bidaia batean irakurri nuen, eta nostalgiak jo ninduen, izan ere, bertan agertutako zenbait unetan, neure burua ikusi nuen. Hain zuzen batean… gutxienez bertan agertzen den istorioetako bat benetazkoa da.
2007-09-23
Lirika eta politika
Udazken hau emankorra izango da Asier Serranorentzat, argitalpenei dagokienez bederen; Txalapartak kaleratu berri duen Eskuetan mapak nobelaz gain, Picassoren zaldia izeneko poesia liburu hau argitaratu baitu Elkarrekin.

Bigarren poesia liburu honetan militantzia eta borroka politikoaren kritika egin du eibartarrak, euskal gatazkaren testuinguruan kokaturiko poemak bilduz. Picassoren zaldiaren sinboloa da liburuaren ardatza, eta horrela, kontzeptu berean bildu ditu zaldiaren ideia —aurtengo beste poema liburu batean, Aritz Gorrotxategiren Zaldi hustuak-en, erabili dena, halaber— eta Gernikak iradokitzen duen guztia. Sinbolo horrekin batera, ordea, errepikariak diren beste hainbat topa daitezke orobat: sugea, aizkora, gorri kolorea, sua, ikurrina. Poema liburua lotzeko hari sendoa harilkatzea lortu du, bada, Serranok.

Haria bikoitza da: maite batentzako hitzak eta borrokaren inguruan egindako hausnarketak nahasten baitira liburuan. Biak ala biak, baina, halako deslilura eta etsipen batek blaitzen ditu. Horren seinale da, esate baterako, iraganari egindako erreferentzia ugariak.

Kritika horretan heroi eta garaileen desmitifikazioa topatuko du irakurleak: “Biktima eta martirienganako errespetua galdu dudala”. Maiuskulaz idazten diren hitzetan fedea galdu du liburuko ahots poetikoak —”berba abertzaleetan mozorrotu gintuztelako / denak maiuskulaz”— eta aldarri sutsuak egin beharrean amets iraultzaileen hondakinak azaleratzen ditu. Desmitifikazio hori lirismoz beteriko hizkuntza poetiko batekin artikulatuta dago, eta inpresioa dut horrek arazoak sortzen dituela liburuaren osaera orokorrean. Hizkuntza poetikoa eta mezua ez direla behar bezala egokitzen. Metafora ugari aurkitzen dira liburuan, horietako asko bihurri eta hanpatuak —”Musu hilezkorren iturria aurkitzen / saiatu naiz zure ortzemuga galduan”—. Joera erretoriko horren emaitza zenbaitetan ona da —”azken musua / disimulurako utzi zenidan / kale kantoi hartan poliziak gure aurpegiak / ezagutu ez zitzan”—, eta bereziki poemak ixteko idazleak duen abilezia azpimarratzekoa da, zeina Jose Luis Otamendik gauza bera egiteko duen trebezia gogorarazi didan. Estilo erretoriko hori, baina, oro har, oztopoa dela iruditzen zait; alde batetik, tonu aldaketa bortitzegiak egitera behartzen duelako idazlea, baina batez ere edukiaren mezu politikoa leundu egiten duelako probokatzailea eta deserosoa izan zitekeena jasangarria eginez. Ez da harritzekoa lirismo horretatik urrun dauden poemak iruditu izana eraginkorrenak.

Antzeko zerbait gertatzen da ahots poetikoaren osaketarekin. Lehenengo pertsonan idatzitako poemak dira, eta balizko desmitifikazio hori banako baten esperientziatik abiatuta egiten da. Kontua da kosta egiten zaiela poema hauei norbanakoaren esfera horretatik jauzi egiten, eta azkenean heroiaren desmitifikazioa baino gehiago militante baten damua dela topatzen duguna. Alegia, poemak ez dira hausnarketa kritiko orokor bat egitera ailegatzen, ahots poetikoaren banakotasunean eta lirismoan itota geratzen direlako. Horrek ez du zertan arazo izan, baina kasu honetan bada, liburuak intentzionalitate politiko garbia duelako, eta, honenbestez, esfera indibidual hori gainditu nahi duelako. Horrek guztiak eragiten du liburu guztian topatzen diren bi planoak, amodioarena eta gerrarena, ez ongi uztartzea azkenean. Esan dezadan bide batez bi plano horiek lotzea ez dela nolanahiko egitasmoa, eta, beraz, Serranori aitortu behar zaiola saiakera, akaso emaitza nahi beste ona izan ez bada ere.
2007-09-21
Jantziak
Duela hamar urte, 1997an hain zuzen, kaleratu zuen Asier Serranok bere lehen liburua. “Bada hiri gorri bat”. Izenburuan bertan azaltzen zen, liburuko ezaugarrietako bat, alegia polisemia. Lubaki Bandaren garaia zen eta hiriak gorriak ziren, ez zuriak, gorriak, ez berdeak. Odolezko ibaiak bezain gorriak. Bizi duen nahia adieraztea ere poesiaren zeregina da, eta, garai hartan, nahia gehiago zen errealitatea baino. Gogora Cernudaz. Nahia errealitatearekin ere nahasten zen, tarteka. Gazteak ziren orduan eta poetak, gaztea poeta izateko modua baita. Ametsez eta musuz idazten da. Poeta, ordea, ez da beti gazte, hitzetara jo behar, besterik ezean. Gazteak ziren, borrokaren estetikara emanak, etikara bainoago. Gurean borrokak etikarik apenas izan duen. Bi estetikak biltzeko surrealismora jo zuten. Ondorioz, Lubaki Bandak irudien berrikuntza ekarri zuen euskal lirikara. Mundu surrealistatik hartutako irudiak distiratsuak dira, baina ilunak gerta daitezke, borroka ilunean.

Asier Serranoren poesia ez doa norabide bakarreko ibilbidetik barrena. Idatzitakoak esanahi bat baino gehiago hartzen du. Azalekoak zentzua du, mundu zehatz batean; sakonekoak, bere erreferentzietara jotzen du. Sueten hitzak bere mugak gainditzen ditu. “Ia hutsa suetena iragarri zenetik / zu ez zauden etena bezain hutsa”. Poesiaren zeregina ere hitzen mugak gainditzea da, edo gainditu ezin badira ere, mugak apurtzea, txikitzea, erraustea. Bi poema batean baleude bezalako eragina lortzen da, horrela jokatuz. Azaleko irakurketak testu bat ekarriko du; sakonekoak, bestea.

Irudia besterik ez da; baina irudiak indar handia hartzen du, berez duena baino gehiago poesiaren eta bizitzaren esparruetan. Asier Serranok, honetan bederen, garrantzi handiagoa eman dio barne munduari. Azaleko irudiak trajeak baino ez dira, traje ezagunak. Horien azpiko haragia, ordea, beste bat da. Jantzi berriak hartzeko ordua ere iritsiko zaio.
2007
Eskuetan mapak
Txalaparta
2007
Picassoren zaldia
Elkar
2002-06
Hoteleko kontuak
Durangoko Azokaren atarian, urtero, ezusteko atseginen batekin datozkigu Putz aldizkariaren inguruan lan egiten duten Apokaliftin elkarteko lagunak. Hainbaten artean idatzitako Puntu eta koma etilikoak edota Diego Martiarturen Hamaika ipuin izan ziren lehen aleak eta, iaz, Serranoren Hoteleko kontuak lana eskaini ziguten. Aldizkariarekin batera, berriz, sasoi berean, Metroko literak izeneko diskoa ere banatu zuten, hainbat lagunen narrazioekin. Zalantzarik gabe, beraz, argitaletxeen egituratik at euskal literaturaren inguruan lan egiten duen gazte ekimen ausart eta sendoena da Putz aldizkaria eta honen inguruko Apokaliftin elkartea. Arretaz jarraitu beharrekoa, beraz.

Hoteleko kontuak lana ere ildo horretan koka genezake. Euskadi Irratiko Lauretan Babel irratsaioan ohiko kolaboratzailea izan da azken urteotan Asier Serrano idazle eta musikaria. Saio horretan, ia astero, euskal mitologiaren inguruko eta hoteletako kontuei buruzko narrazioak irakurri dizkie entzuleei. Eta iazko Durangoko Azokaren atarian, bi liburutan ikusi zuten argia narrazio haiek. Euskal mitologiaren ingurukoek Txalapartaren Mari Basajaunaren eremuan izenekoan. Besteek, Hoteleko kontuak honetan.

Hoteletako gelak dira narrazio hauen abiapuntua. Hiri eta egoera-ezberdinak ikusarazten dizkigu egileak hotel eta gela bakoitzean. Hoteletan ateratako argazkiak direla ere esan daiteke. Baina, azken batean, Asier Serranok ohikoak dituen argazki literarioak dira. Pertsonen sentimenduak islatzen dituzten narrazioak. Egoera bereziak biltzen dituzten narrazioak. Askotan, indarrez gainezka dauden narrazioak.

Erraz irakurtzen den liburua da. Entzuteko sortua izan eta gerora irakurleen eskura jarri dena. Kontrazalean esaten den moduan, “hotel hau ez da inongo mapatan ageri”, eta “bertan ostatu hartzen duten bezeroak ez dira ohikoak… pertsonaia bakartiak dira; ezer bilatzera joan ez, baina denek aurkitzen dute zerbait: iraganaren laberintoan ezkutatutako bidezidorren bat, behinola bete bariko amets gaiztoren bat… enfin, izan gura zutena edo direna”.

Beste bebin ere, eskertzeko ahalegin ederra Apokaliftin elkartekoena.
2002-02-16
Ateaz bestaldekoa
Nork ez du behin ere irudimenarekin jolas egin eta iluntzean hirian banan-banan pizten doazen leihoez bestaldeko biztanleak irudikatu; haiei izenak jarri edo bizitza posible bat asmatu? Bada, antzeko jolasa proposatzen digu Asier Serranok Hoteleko kontuak liburuan. Hotel bateko korridoreetan kokatzen gaitu eta, gelaz gela, ateaz bestaldeko pertsonaia eta bizimodu posibleak irudikatzen dizkigu. Inon ez den eta aldi berean edonon izan litekeen hotelera garamatzate narrazioek.

Hoteleko gelen zenbakiak ezarri dizkie idazleak narrazioei izenburu gisa, baina zenbakien hoztasun eta inpertsonaltasuna zeharkatu eta geletako pertsonaien sentimenduen berotasuna erakusten digu egileak. Ateak espazio pribatua eta publikoa banatzen ditu, ni eta besteak bereizi, baina, ixteko bezala irekitzeko ere badirenez, ateak ireki ahala gizon-emakumeen alderdirik intimoenak ezagutuko ditu irakurleak. Biluzik agertzen baitira hotel honetako bezeroak, sentimenduen aldetik biluzik, beren xumetasun osoan. “Bertan ostatu hartzen duten bezeroak ez dira ohikoak” ohartarazten digu Seranok hitzaurre-gisako lehen narrazioan. Pertsonaia arruntak dira, ordea, narrazio hauetako protagonistak: autobus-txoferra, hilurren dagoen amona, etorkina… Beren arruntasunean dira ezohiko, sentipen eta bizipenen mugan bizi direlako: bizitzaren eta heriotzaren arteko lerro estuan, maitasunaren eta gorrotoaren arteko mugan, edo ahanzturaren eta oroimenaren artean.

091. gelako atea irekiz gero, Mustafa Italiara emigratutako berberea ezagutuko dugu; 11. gelan aspaldiko amodioa oroitzen duen gizona; eta irribarrea galdu duen pailazoa 274an. Bizitza zatiak aurkitzen ditugu hoteleko geletan barreiatuta. Beste batzuk ere izan zitezkeen, baina bizitza, pertsona eta harreman posible hauek aurkezten dizkigu idazleak. Bizitza bera, azken finean.

Heriotza eta oroimena

Hotelaren bidez bizitzaren metafora ederra osatu du gipuzkoarrak. Hotelean ostatu hartzen duenak badaki behin-behineko egoitza duela hura, eta bizitzarenean ostatu hartzen duenak ere ez du betiko egonaldia. Hala, bizitzarekin batera heriotza ere topatuko dugu geletako ateak zabaldu ahala. Heriotzaren presentzia ia obsesiboa baita narrazio hauetan, bere molde eta tankera guztietan: azkenetan dagoen amonaren heriotza barea, skinhead-ek garbitutako etorkinaren heriotza bortitza, bere burua urkatu duenarena, edo istripuz aurkitutako heriotza. Giro hits eta malenkoniatsua sortzen du heriotzaren hurbiltasun etengabe honek. Hala ere, tremendismotik urrun kokatzen da Serrano, eta xamurtasunez aurkezten du tragediarik handiena ere, tristurazko irribarre bat sortuz irakurlearen ezpainetan.

Heriotzarekin batera, oroimena da idazleak etengabe lantzen duen gaietako bat. Ipuinetako gizon-emakumeak ahanzturaren aurkako borroka etengabean ari dira, eta ahanzturaren aurka egitean, heriotzaren aurka ere egiten dute. Ahanztura, herio goxoa dio kantuak. Hotelera doazenak oroitzapen bat berreskuratu nahian doaz zenbaitetan, oroitu nahirik iragan berri bat aurkituko dute bestetan, edo, ustekabean, ahantzi nahi luketen iraganarekin topo egingo dute gela anonimoan. Denek dute zer oroitu eta zer ahaztu hotelean. Baina beti ez dugu gogoratzen nahiko genukeen hura eta iragana ere ez da maiz irudikatu nahi dugun bezalakoa.

Narrazioz narrazio agertzen den sentimenduen aberastasunak eta ipuinen tonu triste, nostalgiko eta malenkoniatsuak harrapatu egiten gaitu. Ondo asmatzen du Serranok giro hori sortu eta irakurlea pertsonaiekin identifikatzen, haien bizipenekin bat egiten. Agian, zenbaitetan, sentimentalkeriara irrist egiten du sentimentalismoak, baina, oro har, lirismo ongi neurtua darie liburuko orriei eta hunkitu egin gaitu liburuak.

Bihotzeko ateak

Apokaliftin kultur elkarteak kaleratutako lan honetan, bestalde, poemak ere aurkitzen ditugu kontakizunen artean. Hiri izenak dituzte poema hauek, eta gertutik hasita mundu zabaleraino garamatza Serrano poetak: Donostiatik Samarkandaraino, Paris eta Rancaguatik barrena. Hiri izen hauek, ordea, gehiago dira pertsona izenak, maitasun ezinezko, iraganeko edo zapuztuen izenak. Zu galduaren bilaketa nekagaitza da poemen ardatza, hiriz hiri. Absentzia eta bakardadea da, ordea, aurkitzen dugun bakarra. Izan ere, poetak esan zuen: “Berton zeure bizitzea hondatu duzun bezala,/ zoko txiki honetan, mundu osoan galdu duzu”.

“Aita, zure bihotzeko gelak ireki dizkidazulako…” dio idazleak liburu hasierako eskaintzan. Guk ere susmoa dugu Asierrek bere bihotzeko ateak zabaldu dizkigula eta horregatik estimatzen diogu Hoteleko kontuak hau.
2002-01-19
Asier eta bere aingerua
Sukar-amets baten antzeko liburu labur baina betea oparitu digute Apokaliftin Kultur Elkartekoek. “Putz” aldizkariaren eta hari lotutako produktu lotsagabeko guztien estalkia den elkarteak beste jauzi bat egin duela dirudi eta benetan espero dugu geroan bide honetatik jarraitzea, luma finak ez baitira falta inkorrekzioaren euskal taldean.

Xelebrea eta era berean patetikoa izateko asmoz egindako azaleko argazkian, idazle eibartarra bere aingeru guardako bizartsuarekin zigarro bat erretzen ari da. Barruan aingeru berbera kirol-zapatilekin ageri da. Eta badaude eskailerak ere, eta ateak, eta elurra.

Zaila da era horretako liburuak definitzea eta buruiritzia izan behar da hala edo hola kritikatzeko. Liburu han idazlearen ariketa sano pertsonala da, eta bere horretan hartu beharrekoa. Askatasun maila handiz idatzitakoa da, horren dudarik ez dago. Hotelek pertsonari ematen dioten izaera iragankorra aprobetxatuz idatzitako txatalak dira, leku batetik bestera egindako mudantzek bidaia itxura ematen diotelarik. Arrastorik utzi nahi ez baina bestalde hitz egin nahi digun liburua da. Bi alderdiotatik gozatzeko modukoa, beraz.

Denbora askoan esateko izan dituen hainbat gauza adierazten dizkigula uste dut, baina era berean joko bat ere bada, aurpegi, bizipen, duda eta abar nahasten diren joko konplikatua. Jokoaren piezak kolore guztietako pertsonaiak dira eta ez zaie erregelarik jarri, fikzioan diren bezalakoak izatea ez bada.

Pertsonaiez ari garela, gizartearen alboetako marra estuetan bizi direnak aurkituko ditu irakurleak: Serranoren hain gustuko diren hiltzaileak, prostitutak, beti pasean dauden hegaztiak. Denek daukate, hala ere, paparreari kabitu ere egiten ez zaien bihotza. Neurri bako bihotz horren ondorio dira, hain zuzen, pairatzen dituzten tristura izugarriak eta gozatzen dituzten poztasun erraldoiak. Tonu orokorra, ordea, eutsitako malkoena da. Bizitzak kolpeka konformismo triste batera eraman dituen bezeroak dira hotel hauetakoak. Horrek ez du esan nahi xamurtasuna edo zoriona ageri ez direnik, baina eszeptikoak dira arlo horretan. Bakardadeak zurratutako jendea da gehiena, atzera begira bizi dena. Hoteletako bezeroen artean egon ohi den korrekzio eta mesfidantzazko nahaste horrek giro egokia sortzen du.

Asierrek amamari egiten dion orrialde biko omenaldi sentituarekin idazlea bera ere pertsonaia bihurtzen da. Lerro eskas horiek irakurtzearren bakarrik gomendatuko nioke sinesgogorrari liburu hau.

Gelak —001, 512, 07—, hiriak —Paris, Donostia, Lisboa—, denak daude elkarrengandik bereiziegi. Ez du merezi mapan jarraitzerik, edo logika bilatzerik. Askotan ez du merezi logika bilatzerik gauzak kontatzeko erari berari ere. Hobe da, nire uste apalean, hiritik hirira edo hotel batetik bestera egiten diren aldaketa azkarretan berriro zerotik hastea.

Lehen aipatutako maketazio txukun horiek jakitera ematen dutenez, buelta batzuk eman ostean ateratako liburua da hau. Hala ere, irakurri ahala sumatzen zaion bat-batekotasuna garrantzitsua da. Hainbat hoteletako taberna bakoitzean hiruzpalau ohar idatzi dituenaren birmoldaketa lana dirudi, nahiz eta badakigun ez dela hala.

Paperezko zapietan inguruko errealitatea biltzen duen bidaiari bihurtu da Asier oraingoan. Gero, etxera heldutakoan, zapi horiek guztiak ordenarik gabeko mataza busti bat direla konturatuta, halaxe aurkeztu behar izan dizkigu, ordenarik gabe.
2001
Hoteleko kontuak
Apokaliftin
2001
Mari Basajaunaren eremuan
Txalaparta
1997-10-29
Gizartea aurka
Lehenengo eta behin, Asier Serrano poeta gaztea dela esan behar da, 1975.ean jaio baita. Horrela irakurleak hobeto uler lezake hemen esango diren gauza batzuen zergatia. Bere poesia nitasunaren inguruan eraikita dago, “Ni” hori baita poesia guztiaren ardatza. Nitasun honen adierazpenean ezinegona, batez ere “ni” eta gizartearen kontrajarpenetik sortzen den ezinegona elementu garrantzitsua da. Jarrerak, beraz, sustrai erromantiko handiak dauzka, batzutan ironia erabiliz izkutatu nahiko lukeen arren. Poemak egiteko, batez ere liburuaren lehenengo ataletan, errepikazioa, paralelismoa eta simetria dira erabiltzen dituen teknikak, batzutan oso era sinplean erabiliak ere; eta, hauez gainera, irudien pilaketa kahotikoa, surrealismoan oinarriak eduki litzakeena. Ez dakit poemek liburuan mantentzen duten ordena idatzi zireneko ordena berbera den ala ez. Hau horrela balitz, idazleak denborarekin aldaketa batzuk egin dituela frogatuko luke. Izan ere, azken poemetan batzutan hain nekagarria gertatzen zen simetriarako joera hori piska bat apaldu eta irudien arteko erlazioa logikoago bihurtu da. Esango nuke azken ataletako poema horietan idazleak hein batean behintzat Sarrionaindiaren eta Miranderen eragina jaso duela.
1997-08-09
Poeta gaztearen begiak
Batzuetan harritzen naiz, batzuetan bakarrik, poeta berriak, gazteak, eskarmentu handirik gabeak, sortzen direla ikusteaz, poesia oso gutxi, edo batere ez, maite duen herri honetan. Horrexek ematen dit itxaropen apur bat, eta esperantzaz beterik, poesia sekula ez dela hilko esaten diot neure buruari.
Poeta gazteak bere garaikoa izan nahi du: hirian bizi denez, eta ez baserrian, hiritartasun hori bere poesian islatuko da, aurpegi bat ispiluan bezala. Pentsatzen jarrita mundu zail eta konplikatuan bizi garela ohartzen naiz, aldakorra nahita nahi ez, horregatik iruditzen zait poeta gazteen poesia konplikatua, forma aldetik aberatsa eta landua, esajeratua ere bai inoizka. Poeta gazteak errealitate zurrunbilotsua ikusten du non-nahi, eta errealitate hori adierazi nahian, elementu erretorikoak hartzen ditu ahal duen tokitik, jantzi egiten ditu bere hitzak gatazkaren arropaz: bala bat hemen, odol piska bat han, Euskal herriko erretrato konplitu bat egiten duelakoan. Poeta gazteak itxia ikusten du bere ingurua, eta horregatik da itxia bere poesia. Poeta gazteak bere sentimenduak estali nahi ditu, sentimenduak antiagoalekoak direla sinestu nahian. Eta sentimenduen ordez, kaosa, anabasa eraiki du. Hori ez da ez on, ez txar, kritika hau gaiztoa ez den bezala, konstatazio bat baizik.
Hala ere, poeta gaztea, poeta izateagatik bainoago gaztea izateagatik, sentimenduz beterik dago, eta horiek, lehenxeago edo geroxeago, gaina hartzen dute, hautsirik harresiak, txikiturik preso dauzkaten urtegiak. Hala irakurtzen dut Asier Serranoren liburu honetan: “Ez diet nire sentimenduei/ irteten utzi aspaldi honetan/ eta zu ikustean/ gudaloste bat bailitzan/ bihotzak eztarria kolpatzen dit…” Ez dakit zergatik tematu diren poeta gazteak sentimenduen aurka duten joera horretan. Sentimenduak ez dira Modernidadean hil; galdu egin dute beren indarra, arrazoiaren enbatak ahuldurik.
Asier Serranok poeta gazteen bidetik jo du. Prosa poetikoaren eta poesia hutsaren arteko estiloa aukeratu du eta artifizio ugaria, irakurketa askoren ondorio, erabiltzen du bere idazketan. Lortzen du, hala ere, giro pertsonal bezain berezia, beste poeta gazteengandik urrundu, interesgarri egiten duena. Poema on asko ditu liburuan, naturaltasunaren eskutik idazten duenean batez ere.
1997
Bada hiri gorri bat
Elkar
05/2011
Desterratuen piztirioa
Alberdania