Idazleak - Asel Luzarraga Zarrabeitia - Laginak - Utopiaren itzalak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asel Luzarraga Zarrabeitia > Laginak

Narratiba

2010 Utopiaren itzalak | Txalaparta

Aitarik inoiz izan ez dugunontzat, ama da teilatua. Isuri bakarreko teilatua. Itzala beti alde berean, itoginak ere zulo berberetatik. Eta itogin horiek asko edo gutxi izan, itzala zabala zein estua, aterpe ematen digun beste hegaztegirik ez dugu, ez gara beste inon seguru sentitzen. Horrez gain, anaiatzat zaldia aukeratu genuenontzat, haren trostatik urruntzea, neurri batean, Cainena egitea da, istorio horretan Cain bakarra zaldia bera izan arren. Horregatik, beti geratzen da erruduntasun sentipen txiki bat izioturik, beti atzera egin, barkamena eskatu eta hil dugun anaia berpizteko tentazioa. Berak hil bagintu damurik txikienak ere aztoratuko ez zukeela barneratzea da balaztetariko bat. Bestea, garrantzitsuena, ezagutarazi zizun infernura itzultzea baino, herioa bera nahiago izatea.

Ez zegoen bakarrago sentitzerik. Albistea ezin zen une txarragoan iritsi. Josuk nahiago zukeen irudimenik ez izan, baina bere alde masokistenak behin eta berriz zekarkion irudi bera burura: ama bainuontzian, marea gorriak harrapatuta, biluzik, besoko zainak irekita, bizi zantzu guztiek alde eginda. Ez zioten esan zelan egin zuen bere buruaz beste; zentroko zuzendariak bazekien sentiberatasuna zer zen, eta primeran neurtu zituen hitzak. Euriak hamar bat minutu lehenago utzi zion Dead Kennedysen erritmoan jotzeari, eta orain malko distiratsuz estalita agertzen zen baratzea. Goragalea ematen zion baratzeak: zerion alaitasunak adarjotzea zirudien, aurpegira egiten zion barre. Bere eskuak bizia lorarazteko gai zirela ikasi zuen baratze hartan. Milimetroz milimetro ikusi zituen lekak hazten, tomateak egunez egun gorritzen, laguntza ezinbestekoa gorputzak eskatzen zion auto-suntsiketa ahazteko. Geroago, aitzakia izan zen egonaldia luzatzeko. Hangoa bukatuz gero, nora jo? Auzora? Betiko lagunengana? Hondoratzen lagundu ziotenen ondora? Txirula hartu eta alderrai ibiltzera?

Galdera geroratuek ez dute betarik galdu, eta bonbardaketa gupidagabeari ekin diote. Orain zer? Amak hemendik at nahi zaitu, baina garbi. Garbi hago, baina barruan hagoelako. Ez duzu berriro tximinoa izan nahi, ez duzu iritsi gura zeure burua hilda ikusi nahi izatera. Salbatu haute eta hik ez duk ama salbatu; beragandik urrun igarotako denbora zakarrontzira botako al duk?

Leihoak alaitasun guztia galdu zuen, tunel sakon batean sartu balira legez, eta euriak bere bateria soloari ekin dio berriro. GBH oraingoan. Hobeto horrela. Zeruak ere negar egin diezaiola amari. Nire ordez. Zergatik ez dago malkorik nire barruan? Negar egiteko gogoak urdaila iraultzen zion, baina, hala ere, bazekien lehenago egingo zuela oka, begiak bustitzera utzi bano. Logelatik irtenez gero, elkartasun keinurik ez zuen faltako. Horrexek egiten zuen gainezka zentro hartan: elkartasuna. Ez zuen holakorik beste inon topatu. Familian ez, argi eta garbi. Kaleko lagunen artean are gutxiago. Kalean hobe zen ondokoa putzu batean itotzen ikustea, garbi baino. Helduko zizuten burutik, arduratuko ziren, bai, bihar ere koilara nork berotu izateko. Ondo zekien Josuk, bera ere halakoa izan zelako, eta oraindik ez da guztiz ausartzen holakoa ez dela baieztatzera.

Eguneko bigarren albistea idatzia izan zen. Hura ere zuzendariak ekarri zion. Hain jo zuen xamurki atean, ezen Josuk laugarrenean baino ez baitzuen entzun. Ozenagoa zen zaparrada. Luismi ez zen eskutitza ekartzera mugatu. Beti zeukan gizalegezko keinua prest, eta oraingoan botilatxo baten barruan etorri zen. Holako eguraldiarekin ez dago barruko epeltasunetik kanpora begiratzea bezalakorik, batez ere garagardoa lagun. Bigarrenera zeuk gonbidatu beharko nauzu ni. Piparen usain gozoa zabaldu zen haren ahotik. Betaurrekoak sudur gainean egokitu, bizartxoari hazka egin, eta horrela, botila esku batean eta "Josurentzat" zioen gutun-azala bestean, bakarrik utzi zuen berriro. Ez zen azalpenik behar, zelan heldu den, nork ekarri duen, are gutxiago norena den. Baina “Josurentzat”? Zergatik ez “semearentzat”? Zalantzarik ez geratzeko?, subkontzientearen ukoa, bestela? Ez, amak ez dit inoiz uko egin. Bete-betean asmatu zuen Luismik, Josuri beti egiten zion on garagardoak. Alkoholari, zaldiari ez bezala, gazte-gaztetatik hartu zion neurria. Debekatuta zegoen zentro barruan, baina Luismi ia amak baino hobeto ezagutzera iritsi zen egonaldi luze hartan, eta bazekien oraingo honetan garagardoak berak baino gehiago, keinuak lagunduko ziola. Zuzendariak berak arau bat apurtzeak asko esan gura du Josurentzat. <>.

Horrekin konpondu gura du amak egin didana? Ez dezadala madarikatu? Eta zertara dator osaba Arturren kontu hori orain? Josu atzera egiten saiatu da. Oharra puskatan deuseztatzeko gogoari eutsi eta astiro tolestu du papertxoa. Ez, hain zuzen ere, bertan amak osabaren telefonoa utzi diolako. Amak berarentzat egin duen azken ekintza dago letra horietan. Eta berba garrantzitsua mezua bukatzeko: seme. Osaba Artur. Zer daki Josuk hari buruz? Familian urrun mugitu den norbait izan bada, Artur da hori. Urteetan ez du ikusi. Txikitako oroitzapen zokoratuenen artean bilatu behar du zerbait idorotzeko. Badago zer edo zer: nerabezaroan sartzeaz batera, urtero helarazten zion liburua. Ez zen urtebetetzearen zain geratzen, edonoiz irits zitekeen, baina urtea bukatu aurretik han zegoen, ondo bilduta, osaba Arturren liburua. Beti pentsatu zuen bere eguna noiz zen ere ez zekielako egiten zuela horrela. Kontua da, liburu haien zain ematen zuela aknearen mendeko sasoi latz hura. Ez daki inoiz utzi dion nerabe izateari, baina liburuek bai, iristeari utzi zioten. Orri haietan beti topatu zuen merezi zuen zerbait; ez ziren gazte-literaturaren zakuan sartzen ziren istorio zozo horietarikoak eta, iraunarazi nahi zien arren, egun gutxitan irensten zituen. Ideia bereziak zekartzaten eta helduago sentiarazten zuten. Norbaitek bere benetako aldaketak hartzen zituen aintzat, eta ez bakarrik ahots aldaketak edo azaleko bonak. Orain Josu gai da aitortzeko liburuak berriro ez heltzearen errua berak izan zuela. Aukeratu zuen bide nihilistak zerikusi gutxi eduki zuen liburu haiekin guztiekin, eta, gainera, zelan jakingo zuten bera non topatu, etxean baino gehiago alderrai ibiltzen bazen, berdin gaztetxe batean edo kutxazainean lo egiten bazuen?

Osaba Artur, familiako aberats okitua. Emazteak, izeko Madalenek, aspaldi laga zuena. Horretan bazuen kidetasuna amarekin. Seguruenik urrezko komunean egiten du kaka. Zer demontre egingo zuen berak holako bati laguntza eskatuta? Galdera hobeto formulatuta: zer onartu behar zuen osabak bere iloba junkieagandik? Bestalde, irribarre zuriak eta hitz politak baino ez dituztenekin badaki jai daukala. Are gehiago: sekula ez litzateke makurtuko familiako beste inori laguntza eskatzera. Ulertzen du amaren aholkua, bai, bera bide da inguruko zintzoena eta, eskatuz gero, laguntzaren bat edo beste emateko prest legokeen bakarra, bihotzez. Baina orain ezin du ezertaz pentsatu. Bere etorkizunaz baino ez, bere minaz gozatu nahi du. Barru-barruraino, zorigaitzak erraiak erretzen dizkiola sentitu gura du. Garagardoak ez dio zauria eztituko; aitzitik, darion zornea biziagotuko dio. Baina horixe nahi du orain. Badaki zelan edo hala urradura zitalenak ere orbaintzen direla; beraz, orbaintzen hasi aurretik ematen dion suminduran sakondu behar du, inork ez ezerk ez diezaion unea ebats. Hori izan du beti Josuk: muturreko sentsazioen bila eman du gaztaroaren onena. Asko gozatzeko asko sufritu behar dela, lelo horrek gidatu du bizitzan.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta