Idazleak - Asel Luzarraga Zarrabeitia - Laginak - Mozorroaren xarma

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asel Luzarraga Zarrabeitia > Laginak

Narratiba

2007 Mozorroaren xarma | Erein

2007 Mozorroaren xarma | Erein

Eta halaxe zen, bai horixe: Zigorrek bizi-bizirik zirauen bere logelan. Pantaila bietatik zetorkion kremazko tarta handi bat bezalako aurpegian islatzen zitzaion argi bakarra, pertsianak oso bakanetan igotzen zituen-eta. Tarteka idazten ari zen azken programari begiratzen zion, ezkerrekoan, gero eskuinekoaren irudi mugikorretan ipintzeko bere arreta guztia. Internetetik jaisten ari zen pelikula, eta aurreikus zitezkeen zatiak irensten zituen, izerdia bekokian eta jesarlekuan pilatzen zitzaion bitartean, lurruna begien aurrean. Sailor Moon mangaren hentai bertsio bat zen hainbeste izerdi aterarazten ziona. Holako uneetan bera ere marrazki biziduna izatea desiratzen zuen, hirugarren beso bat aterata behar zituen gauza guztiak egin ahal izateko. Bigarren burua ere ez zetorkiokeen txarto. Programa hark ez zeukan presa handirik eta ez zen oso zaila, baina behingoz bukatu nahi zuen, aspertzen zuelako. Batzuetan halakoak gertatzen ziren, eta batere gatzik gabeko softwareak tokatzen zitzaizkion. Hura baitzen haren mundua, familiarentzat guztiz debekatuta zegoena, guztiz ezezaguna, eta, beste gauza batzuen artean, bankuan dirutza ederra pilatzeko bidea eman ziona; batez ere, Jaurlaritzarentzat euskaratzen zuen softwarea ordaintzen zioten ondo, baina berak sortutako programek asetzen zuten gehien, horretarako Linux beti lankide leiala. Zertarako behar zuen gehiago? Han gura zezakeen guztia zeukan: prozesagailuak, zerbitzaria, pantaila handiak, DVD, musika (Albinoniren adagioa jo eta ke), play-station, harreman birtualak, sexu birtuala, kable-modema, telefonoa janaria eskatzeko, musuzapiak, komikiak, pelikulak, ohea, haizagailuak, eskularruak, web-kamera… Kanpoko mundua ez zuen ezertarako behar, komuna baino ez, eta hori ere oso gertu zeukan; han dena zegoen bere begi miopeetatik hurbil, betaurrekoen kristal lodietan zipriztintzen ziren argitxoek guztiaz zuten informatuta noiznahi. Haragizko emakume bat eskertuko zukeen, eta hori ere telefonoz eska zitekeen arren, ez zen gauza bera etxean pizza saltzailea sartzea, eta puta bat, jakina. Gainera, cyber-sexua ere ez zen hain txarra, eta handik eta hemendik lapurtutako hamaika irudiren atzean ezkuta zitekeen, edonongo benetako neskek euren gorputzak eta jolasak eskaintzen zizkioten bitartean.
Horrela jokatzen baitzuen neska batekin txateatzen zuenean, sarri egiten zuen gauza. Web-kamerako irudiak trukatzen zituzten bakoitzean, berak gordeta eta moldatuta zeukan sekuentziaren bat aukeratu, eta gimnasiotik atera berria zirudien gorputz zizelkaturen bat eskaintzen zien, bere web-kamera beste mota bateko bideokonferentzietarako gordeaz. Damu bakarra, kamerari bere benetako gizontasuna ezin erakustea, eta ez futbol epaile baten txilibituaren tankerakoa zelako, hain zuzen ere, baina hankartean gordetzen zuena, itxurosoa izan arren, nekez agertuko zen kameran gainera erortzen zitzaizkion flotagailuen azpitik… Zorte apur batekin, bera bestaldeko neskaren sekretuak ezagutzera iristen zen, eta eskularruei etekin paregabea ateratzen zien, aulkian gero eta itsatsiago geratzen zen bitartean.
Otaku bat zen gure Zigor, bai. Zertarako ukatu. Bere ustez, otakutasunaren perfekzioa atzemanda zuen. Agian, gela barruan komuna integratzea zen falta zuen txikikeria bakarra, eta batek jakin, hori ere lor zitekeen. Ez dugu ezkutatuko 27 urterekin benetako sexua inoiz probatu gabea izateak kezkatzen zuela, baina txikitatik ikasi zuen bere burua konbentzitzen, eta ia-ia sinesten zuen birjintasuna bere bikaintasunaren beste froga bat baino ez zela.
Hori egiten zuen bere konplexu guztiekin, eta ez ziren gutxi. Ehun bat aldiz egin zuen bizarra, berak gura zuen biboteak ez zuelako bera nahi, eta ilea trinkotzen zitzaion leku bakarra bekain ia bakarra zen. Aurpegia beti ume baten ipurdi osasuntsua izango zuela onartu zuenean, erabaki zuen nekagarria eta are mingarria izan behar zuela egunero bizarra egin beharrak, eta zorte itzela zela berak bilo ikusezin hura baino ez izatea. Hala ere, etengabe saiatzen zen sudur azpian marrazten zitzaion itzal mehe hari eusten. Gela beti epelean biluzik egoteko ohitura zuenez, azaleko ile falta hark panda baten itxura izatetik libratzen zuen, ordainetan baleekin ahaidetu arren.
Zorionez edo zoritxarrez, hau da Zigor Ganzarri, aurrerantzean lagun izango dugun heroia. Kalitatean falta duguna, kantitateak ordezka dezala!

Zigor, ordea, ez dago bakarrik istorio honetan. Tira, mementoz bakar-bakarrik utziko dugu, bere lan bikoitzean lasai kontzentra dadin, eta zilipurdi bat eginda, urrun, oso urrun bidaiatuz, Errusian lurreratuko gara. Literaturak eskaintzen digun abantaila da ordaindu gabe turismo egitea, eta horrekin batera, lekuak nahi dugun erara moldatzea. Gainera, bide batez istorioaren linealtasuna apurtu eta kritikoei lan hau laudatu edo jipoitzeko parada izateko beste helduleku bat emango diegu.
Errusian gaude, beraz, gure Euskal Herri tropikaletik oso-oso asago. Denok ezagutzen dugu Errusia, nire legez, inoiz bertan egon ez bagara ere, beraz, ez da zaila kale haien irudia egitea. Tira, kaleak, etxeak, ez dira gehiegi ikusten, dena elurraren izara distiratsuaren pean dago-eta. Elurra mara-mara ari du, -20ºC. Dashak, 16 urteko gure neskatilak, axola gabe egiten dio aurre ezer berririk ez dakarren eguraldiari. Eskolako maletak ez daroa pisu handirik, gutxi gorabehera bere ikasteko gogoak jasan dezakeena. Muturtuta doa, eta irribarre bakarra heziketa onez kapela altxatu dion hartz zuria agurtzerakoan agertu zaio. Auzoan dagoen jatorrena, zalantzarik gabe, hartz zuri hau. Gorputzean gradutxo bat galtzen igarri bezain laster, botila altxatu eta tragoxka bat vodka hartu du. Uniformeko minigonak nekez berotzen dizkion izterrak edari nazionalak berotu behar. Horrela atera da, etxerako bidean, ikasle saldotik. Nork bere botilatik edanez, xango luze haiek guztiak sakabanatu egin dira zapaldu bezain laster berriro zuritzen diren kaleetatik. Berdin da uda izatea eta, berez, oporraldia, guk elurra eta uniformez jantzitako neskak behar ditugu sarreratxo hau girotzeko, errealismozaleren batek udan Siberian bero itzela egiten duela esan dezakeen arren. Dasha, Dariya lagunen artean, paisaia hark irentsiko luke, uniformeagatik ez balitz; belarrien gainetik tentetzen zaion ilea eta begiak inguratzen dizkion margo trinkoa, bata bestea bezain beltza, lirateke elur artean mugitzen ikusiko genituzkeen bakarrak. Tira, uniformea guztiz erantsiz gero, anatomiaren beste ezaugarri batzuk ere bai, baina Dashak nekez onartuko liguke horiek hemen agerian uztea, batez ere bularrak ez dituelako inoiz inoren aurrean agertzen, eta soinketa ondoren lanak izaten ditu beste neskek titiak ikusi barik dutxatzeko. Ezin du ekidin, barru-barrutik irteten dion ezina da atal horiek besteen begiei eskaintzea, eta nik, haren baimenik gabe, ez nituzke inoiz biluztuko

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta