Idazleak - Asel Luzarraga Zarrabeitia - Laginak - Karonte

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asel Luzarraga Zarrabeitia > Laginak

Narratiba

2005 Karonte | Elkar

 

Azkenik etxera dator, edo hori esan didate behintzat. Egia ote? Azkenean ez dakit-eta sinistu behar dudan. Urtebete igaro ondoren zelan ote dago? Tira, orain dela sei hilabete ikusi nuen, baina ohean zegoela, makina izugarri horri lotuta, hain bare eta amataturik... Hilotza ematen zuen, beste ezer baino gehiago. Espero dut itxura ez zitzaiola gehiegi aldatuko, batez ere begi berde horiek. Garrantzitsuena, berak ni zelan ikusiko nauen. Gogoratuko du bitartean 18ak bete ditudana? Uste dut gizendu egin naizela, batez ere aldakak. Txokolate madarikatua. Normala, sei hilabetez eraman dizkiodan bonboi guztiak neuk jan ditut, Ainarak hartzen zizkidanak izan ezik. Ainara, bera bai gizendu dela. Bueno, ez nik nahi beste, egia esan. Hogeita sei urterekin eduki ahal zuen ipurdi lodiagoa, ezta? Baina zer diot, neure lehengusuaz nabil. Au! Jakin behar nuen beroegi egongo zela, ez du minutua ere egin labetik kanpo. Espero dut gose etortzea; bueno, espero dut dieta berezirik ez edukitzea. Limoizko tarta beti izan du gogoko eta berak jan beharko du osorik, gaur ez bada gosarian. Nik nahikoa kilo daramat aldean. Ordua ez didate esan. Mediku hori beti bezain misteriotsu. Sei hilabete ezelako berririk gabe ez zaio nahikoa iruditzen, antza. Baina zer diot. Miraria da egin dutena. Bizirik atera dute, ia oin biak mundu honetatik hara zituela. Ez dakit irinarekin pasatu ez ote naizen, sendoegia irten dit. Merengea, geroago eta gutxi, ez da hain gozozalea. Horregatik lotzen zaizkio bakeroak hain ondo ipurdi horri. Berriro nago berean; Naroa, lizun hutsa zara. Ostia!... Ño, hau..., bueno ez da hain larria, garagardo zapore apur bat baino ez. Gurinezko eskuak dituzu ala? Azeleratuegi zaude, alabatxi, azeleratuegi. Ez da ezer gertatu. Deituko dut ospitalera? Ez, urduriago ipini baino ez dut egingo. Demagun lehenago Ainararen etxetik igarotzen dela, edo hari ordua esan diotela niri ez bezala, bila joateko... Ez da zuzena, ni haren seniderik hurkoena naiz. Bueno, hurkoena ez, baina berarekin bizi den bakarra. Bizarra egingo zizuten, ezta? Ahuntz bizar hori eramaten zenuenean ez zinen hain itxurosoa. Eskerrak ni artean Argentinan nengoela. Kito, tarta leihoan eta dena txukun. Eta aita-amak, zuk nire ardura hartu behar zenuelakoan... Aita eta ama... krisialdi alua, eskerrak Ametsek eta osaba-izekoek lagundu dutela eskola ordaintzen. Bueno, Ametsek laguntzen zuela, koitadua. Bera ospitalean egonda, nahikoa izan dut haren aurrezkietatik noizean behin zerbait aterata... Euskal senideen arteko elkartasuna, antza. Orain dela sei urte esan balidate benetan Euskal Herria ezagutuko nuela!

Pagoa eskuan, ezkaratza utzi du, aurretik hormako erloju digitalari begiratzea saihestu ezinik. Keinu ia automatikoa izan da, nekez pentsa liteke ordua ikusi eta barneratu duenik. Kuleroaren azken lore berdeak agerian uzten dituzten gerrialde gabeko praka estuak ahal duen neurrian teinkatu, eta panazko sofa berde zabalean erdi jesarri erdi etzan da. Telebistaren aldagailuari helduta, botilatxoa kamisetak praketaraino uzten duen zabalgune handian sabela freskatzen pausatuaz, zilborreko piercingaren gainean, orduak edateko prestatu da. Tarteka mahai-argiaren ondoan dagoen argazkiari begiratzen dio. Hor dago Amets, beraren lehengusua, lizentziatuen izendapen egunean. Arnasa sakonaren pean bular oparoak kulunkatzen dira, haien azpitik amaitzen den kamisetak doi-doi lortzen duelarik sabeleko azala laztantzea. Garagardoak, gainera, ez du erraz urdailetako korapiloa askatzen.

<<... umeak ere berekin eraman nahi zituen, baina auzoko bati esker eutsi ahal izan nien. Hori bai, ezkerreko begia ireki ezinik ibili nintzen hiru egunez...>>

Pagoa ahora eraman eta zaporea hartzen dio astiro, argazkia hartuz. Botila mahaitxoaren kristal gainean utzi du, edontzi-azpikoan jarrita. Kristal pean aldizkariak pilatzen dira. Naroak ez du Ametsek Nabarra eta Ostiela-n dituen harpidetzak eten, haiekin batera tartekatzen dira berak maite dituen Entzun eta Lumaren aleak ere. Esku batez besaburutik erortzen zaion adats ilun luzea txirikordatzen dihardu, arretarik gabe. Garagardoari heldu dio berriro.

<<... zure senarrak, ohituraz zu jipoitzeaz gain, seme-alabak ikusten ez uzteagatik salatu nahi izan zintuen, ezta, Lauri?... poliziak ez zidan babesik eman nahi, arazo larriagoak zituztelakoan... seme-alaben aurrean jotzen zintuen, gainera... aiztoaz mehatxatu... epaileak ez... auzokoak entzun...>>

Txirrinaren hotsak iratzarri du; ezustekoak zorrotada batzuk garagardo botarazi dizkio kamisetatik behera, eta ia lurrera jaurtiki du bularraren kontra estutzen zuen argazkia. Pentsamenduekin batera markoa bere tokian ipini, tantak arduragabe astindu, eta atera joan da arrapaladan, bihotza lokietan, oraingoan telebista gaineko erlojuari begira, orain ere haren orratzetan ordua ikusi gabe. Ate aurrean, eskua ia maratilan duelarik, bere itxurari erreparatu dio. Kamiseta eta prakak nola-hala lisatu eta irribarrerik zoragarriena ezpainetaratu du. Agertu bezain agudo izoztu zaio irribarrea, ordea. Atean traje beltzez jantziriko funtzionario itxurako gizonak gutunazal moduko bat luzatzen dio esku batez, besteaz sinatzeko paperari eta boligrafoari eusten dien bitartean.

-Para el señor Amets Olazar –esan du lehor, ia mugitzen ikusi ez dituen ezpainen artean, izen-abizenok zailtasunez ahoskatuz.

Bibotea baleuka, Aznarren leinukoa dela egingo luke.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta