Idazleak - Asel Luzarraga Zarrabeitia - Laginak - Abaraska

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asel Luzarraga Zarrabeitia > Laginak

Narratiba

2008 Abaraska | Txalaparta

Te kikararen inguruan ipini dituzu eskuak. Ez hotzak dituzulako, haren beroa bidaia honetan ezagun egiten zaizun gauza bakarra delako baizik. Tearen beroa eta motxila kutuna. Lehen aldiz zoaz holako itsasontzi handi batean. Are gehiago, lehenengo aldiz itsasoaren uren gainean. Itsasoa lagun ezezaguna duzu. Baina laguna, adiskidea, pentsatu gura duzu. Iheskidea bai, behintzat. Berak zaroatza mundu hertsi itogarritik urrun, bizi berri batera. Egia da itsasontzira igo eta berehala hasi zinela pentsatzen ideia ona ote zen. Ume hutsa zara. Umeegia. Txikiegia zu eta handiegia inguratzen zaituena. Handiegia itsasontzia, handiegia itsasoa, handiegia kapitaina, handiegia tripulazioa, handiegia etorkizuna. Dena begitantzen zaizu neurriz kanpokoa. Euri putzu batean jaiotako zapaburua Kenyir lakuan askatuko balute, ez zatekeen txikiago sentituko. Ez galduago. Azkenean egin desio zenuen lehenengo gauza ere egiteko adorerik ez duzu oraindik bildu: buruzapia kendu. Zelan erantzi behar duzu gizon horien guztien aurrean biluzik sentitu barik? Jakina, ileetan ostentzen den gau ederra egunaren argitara ateratzeko gogoa duzu; gizonek mirestea nahi duzu. Hain adats ederra beti kartzelatuta. Baina zer pentsatuko dute zutaz euren begi aurrean askatzen baduzu? Lizuna zarela? Harroa? Errazagoa da egunsentian. Gauero, gelatxoan sartu eta oheratutakoan, erraz ikusten duzu. Gorputza eranzten duzun bezain erraza da orduan burua ere eranztea. Eta orduan sentitzen duzu ez dagoela ezer errazagorik: goizean zapia aulkian utzi eta gelatik irten, horixe egingo duzu. Baina alferrik orain arte. Eguzkiak itsasotik gandua uxatzen duen bezala uxatzen du zure burutik zapi barik irteteko kemena. Iluntzean irmotasuna dena ezin bihurtzen da goizaldean. Eta hor dago zapia, zure aurpegiari itxura faltsua ematen. Eskuak kikara ingurutik kendu eta txoriek bezala edan duzu. Esan liteke teak ez duela sentitu zer ostu diozun. Inguruko gizonei begiratu diezu. Zuri inork ez dizu begiratzen. Ez zaude han. Ez bada emakume beltz harentzat. Berarentzat bazaude. Bazara. Haren begi beltzek ulerkortasuna adierazten dute, baina beste ezin mota bat sumatzen diezu haiei. Inoiz, tea aurrean ipini dizunean, buruan laztan modukoa egin dizu. Zapian. Zapi madarikatuan. Burua beherago dago, ezkutuan. Kendu bazenu, jakingo zukeen ilea zapia bera baino leunagoa duzula. Eta distiratsuagoa. Baina horretarako ordua ere iritsiko da. Ezintasun hori ez duzu betiko izango.

Tea edan eta motxila besarkatu duzu. Zure buru gainetik berba ulertezinek egiten dute hegan. Berbok ere ez zaituzte aintzat hartzen. Arranoak bezala igarotzen dira, zure burua pausalditxo bat egiteko ere behar ez dutela. Arranoak ez dira sastraketan pausatzen. Eta hegan jarraitzen dute lumarik edo zirinik ere bidean utzi gabe. Zuretzat ez da ezer. Ez duzu ezer aditzen. Saiatu ere ez. Lehen egunean bai, berbaren bat asmatzen jolastu zinen. Berehala aspertu ere bai. Kapitainak badaki ingelesez, eta berari hitz egiten diozu noizean behin. Oso gutxi. Komunera joan behar duzula-edo adierazteko. Berak ere hitz gutxi egiten dizu.

Tea bukatu eta berba hegalariei kea batu zaie. Batek edo bik ez dute han erretzen. Zu, ordea, ito egiten zara kearekin. Orain arte han iraun duzu, zirkinik egitera ausartu barik, aulkian iltzatuta kapitaina bera altxatu arte. Gaur, berriz, birikek matxinatzeko gogoa agertu dizute. Eta birikak ez dira kexu dabiltzan bakarrak. Hankak Kuala Lumpurren luze ibiltzera daude ohituta, eta itsasontzian sartu zinenetik, egunean ez dute hogei metro baino gehiago egiten. Esan ez esan egon zara. Motxila tinkoago besarkatu, ez dagoen tea edan, kapitainari begiratu... eta mahai azpian kulunkatzen diren oin puntak ikusten saiatu zara. Saia gaitezen berriro. Motxila berriro estutu, kikara hartu, oraingoan airerik edan barik, eta kapitainari begiratu diozu.

-Barkatu, jauna...

Arranoek euren artean nahasten jarraitu dute, hegaldiak zugatik eten barik. Baxuegi esan bide duzu. Baina ez dakizu berbek berriro atera gurako duten. Estu begiratu diozu kapitainari. Ezpainak banatzeko adorea biltzen hasi zara. Zorionez, ofizial beltzaran batek keinua egin dio kapitainari buruaz; zuganako keinua. Kapitainak begiratu egin dizu. Eztiki. Beti begiratzen dizu ezti, beti hitz egiten dizu samur. Batzuetan eztitasun horrek berak astintzen dizu gorputza haize erauntsiek kale txori xumeak astintzen dituzten legez, luma bakar bat ere bere lekuan utzi barik.

-Barkatu, jauna, atera ninteke kanpora itsasoa ikustera?

-Jakina, txiki, tabakoa ez da ona birika gazteentzat. Zoaz, baina gertu ibili, ados?

Baiezkoa egin duzu buruaz. Ez duzu itsasontzi osotik ibiltzeko batere beharrik. Haizea aurpegian sentitu eta ibiltzeko hamar metro baino ez duzu behar. Hamar metro askotan egin daitezke. Kilometroak ere egin daitezke hamar metrotan. Motxila beso bien artean daramazula irten duzu jangelatik.

Berehala kresala sentitu duzu aurpegiko kea garbitzen. Kanpoko freskurak guztiz ezabatu du tabakoaren oroitzapena. Metro batzuk egin eta eskudelean bermatu zara. Itsasontziaren bizkarrean ikusten zen ia guztia bezala, eskudela ere zuri-zuria da. Eskua haren gainean zabalduta, koloreen kontrasteari erreparatu diozu. Soinekoaren mauka atzera eraman duzu. Benetan, ez duzu inoiz pentsatu hain azal beltzarana zeneukanik. Eskumuturra doi-doi da eskudela baino zabalagoa. Irribarrea ezpainetan, itsasontzitik hara zabaltzen den distantzia urdin amaigabera begiratu duzu. Hemen kalatxoririk ere ez. Itsasoa, zerua eta zuek, ez dago besterik. Bihotza uzkurtu zaizu inoiz baino ñimiñoago sentitu zarenean. Zapi laidogarri baten azpian gordetako puntu ezdeusa baino ez zara. Zapiaren laidoa bera baino ezdeusagoa. Ezpainei zapore geza ekartzera datozen zipriztinak dira zu baino txikiagoak. Beste ezer ez, kito. Kenyir-en, laku amaigabea izanagatik, noizbehinka zuhaitzak ateratzen dira uretatik, eta oihana beti dago hor, ertzetatik zelatari. Zeure burua ikusi duzu ur gaineko ostatuan, hango mutilek utzitako aparailuarekin arrantzan. Haiek zu baino askoz trebeagoak ziren, edo zorte hobekoak, baina, hala ere, arrantzatu zenituen txiki batzuk. Hemengo uretan nekez egingo zenuke arrantza, ez dago hainbeste mugitzen diren uren azpian zer ezkutatzen den ikusterik, eta batzuetan agertzen direnak, ur azala fintasunez moztuz, handiegiak dira aparailuarekin altxatzeko. Herrimina deritzo sentitzen duzunari, oraindik zeure buruari esan ez diozun arren.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta