Idazleak - Arrate Egaña Gimenez - Laginak - Paradisua (Grindavik)

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Arrate Egaña Gimenez > Laginak

Narratiba

2012 Paradisua (Grindavik) | Elkar

GRINDAVIK

Batzuetan Grindavikekin egiten nuen amets. Ametsetan simetriaz antolatutako kale elurtuetan nenbilen alderrai, eskuak sakeletan. Portu txikian plantatzen nintzen gero, itsaso grisean palastan zebiltzan txalupei so. Halako batean, eta bitarteko iragaiterik gabe, herritik kilometro batzuetara dagoen Blaa Ionio laku turistikoan agertzen nintzen, zeruko lanbroak bilduta. Ametsak urmael urdinak zubiz zubi zeharkatzen ari nintzenean amaitu ohi ziren. Hango zurbiltasunean galtzeak sentsazio ederrak zekarzkidan, hodei artean hegan egitearen pareko, isolamendu nare eta baketsua. Ametsek benetako kutsu onirikoa hartzen zuten unean, orduantxe esnatzen nintzen.

Telebista aurreko sofan nintzen lo geratua, izeba afaria prestatzen ari zen bitartean. Ondoan lehengusua nuen, Kepa, egunkaria irakurtzen. Beste ostiral bat Apezpikun.

Ez nuen Grindavik ezagutzen, hango argazki mordo bat ikusia nintzen arren. Gehienak Interneten aurkitu genituen Kepak eta biok; beste asko, Santiago karrikako turismo-bulegoan. Lehengusuak lantokiko hormetan itsatsi zituen, aurreko urteetan egin zuen modu berean; baita etxeko korridoreetan ere, eta sukaldean, eta gainontzeko geletan. Horrezkero, Islandiako paisaia zuriekin ohituak ginen ingurukook, haiekin amets ere egiten genuen batzuok. Gutako inor ez zen bazter hartan inoiz egona, Kepa bera ere ez, baina zain geunden noiz animatuko ote zen, urtero-urtero hara joateko grinak erasotzen baitzion, primaderako asteniak nola, nahiz eta azkeneko momentuan atzera egiteko aitzakiaren bat topatu. Urte hartan, aldiz, bai, segurua zen, zioen lehengusuak, hiru urte lehenagotik esaten aritu zen erabakitasun berdinaz, urte hartan joan egingo zen.

– Zerotik hasi, bizimodu zeharo berria, asperdura gainditu –zioen, planari doinu sasi poetikoa kutsatuz, argudioari arrazoi absurdoak erantsiz–, bizitzak dakartzan gertakari eroen gurpila makila batez trabatu behingoz, eta geldiarazi, eta egon, pentsatu… Ulertzen didak?

Paradisua liburutik. Elkar 2012

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta