Idazleak - Arrate Egaña Gimenez - Laginak - Liburuak besterik ez

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Arrate Egaña Gimenez > Laginak

Narratiba

Liburuak besterik ez |

Hain urrun ez dagoen lurralde batean eta duela ez hainbeste denbora, sekulako gerra hasi eta jende asko hil zen, edo etxerik gabe geratu. Esate baterako, baserri bateko ukuiluan gordeta zegoen ume talde hura. Inguruan bonben eztanda entzuten zen eta, behin edo behin, tiroak eta metrailadoreen tarra-parratak.

Soldadu gazte bat han sartu eta umeak ikusi zituen: neska koskor serio bat umezurtz bat besoetan zuela, bi mutiko biki, beldurrez dardarka, eta beste neskato bat, ez oso handia baina ausarta, makila batez lagunak babesteko prest.

-Ni zuen aldekoa naiz, hemendik eraman behar zaituztet - esan zien soldadu gazteak-, herriko irteeran dagoen liburutegi zaharrean salbu egongo zarete.

Gaua iristean, ukuilua utzi eta, basoko bidea hartuta, liburutegirantz abiatu ziren. Soldaduak ume txikia hartu nahi zion neska serioari, honek azkarrago korrika egin zezan, baina neska, indartsua eta kementsua zenez, keinua eskertu ostean, arin ibili zen umea besoetan eramanda. Bikiak, oso urduri, soldaduaren atzean ipini ziren, pega-pega. Azkenik, neska ausarta, makila askatu gabe, itzal bat bezala mugitu zen basoan. Ilargi beteak lagundu zien bidea egiten.

-Liburuzaina sorgin bat da!- kontatu zion biki batek soldaduari, hortzak elkarri joka.

-Bai, sorgin itzela!- berretsi zuen besteak dardaraz.

-Ez da egia- argitu zuen neska serioak-, herriko liburutegia oso ondo zaintzen zuen.

Basoko irteeran, liburutegia ilun zegoen, ateak eta leihoak itxita. Deitu ondoren, liburuzaina agertu zen, txal bat sorbaldan eta aharrausika.

-Zer nahi duzue?- galdetu zuen.

-Ume hauek hemen hartuko dute babesa, etsaiek herri osoa erreko dute eta.

-Sartu beraz baina ez piztu argirik- agindu zien liburuzainak.

Denak sartu ziren eta sareten artetik sartzen zen ilargi argitasunaz tokia ikusi zuten. Dena garbi zegoen, ordenatuta, paretetan margolanak inkatuta, liburuak apaletan eta aulkiak mahaitxoen inguruan, edozein unetan herriko umeak jasotzeko gertu balego bezala.

Handik egun pare batera, izan ere, etsaiek herria erre zutela adierazi zioten soldaduari irratiz, liburutegia erasotik gorderik zegoela oraindik. Soldaduak umeak zaintzeko agindua jaso zuen.

Liburutegiko lorategitik sutearen gar luzeen dirdira laranja nabaritu zuten zeruko ilunean eta tiroak eta oihuak ere entzun zituzten.

Ondoko egunetan, ordea, ez zuten ezer gehiago entzun. Eguzkia goizero ateratzen zen eta txoriak abesten zuten. Umeek soldaduarekin jolasten zuten basoan, eta gauez liburuzainak lo geratu arte irakurtzen zien. Liburuzain hura ez zen gaiztoa. Emakume oso jakintsu eta eskuzabala zen, zeukan guztia umeekin partitu zuen eta jolasak erakutsi zizkien.

Zenbait egunez liburutegiaren inguruan eta basoa hasi bitarteko bidezidorretan ibili ziren, beste mundu batean baleude bezala, gerra gabeko mundu lasai batean. Neska serioak irribarre egin zuen, soldadua zela ahaztuta zeukan soldaduaren hitz xamurrak entzunda; umezurtzak ama topatu zuen liburuzainarengan; bikiek dar-dar baino barre algarak egiten zituzten eta neska ausartak makilaren ordez liburuak hartu zituen.

Baina gerrak gerra izaten jarraitu zuen: behin, umeak liburuzainaren inguruan ipuin bat entzuteko eserita zeudenean, soldaduaren irratia entzun zuten, txoko batetik. Etsaiak, bizirik geratzen jendea etxez etxe hil ondoren, basorantz abiatu ziren; biharamun goizerako liburutegira iritsiko ziren!

Umeak berriro ikaratu ziren. Soldaduak ez zekien zer egin: ez zuten astirik handik ihes egiteko eta, bestalde, ez zegoen non ezkutatu! Orduan liburuzainak, bikiek susmatu bezala sorgin antzekoa baitzen, irtenbide bat proposatu zien.

-Liburuen barruan gordeko gara.

-Zuk badakizu hori egiten?- galdetu zion soldaduak harrituta.

-Sartzea ez da zaila, baina gero norbaitek atera beharko gaitu.

-Berdin du- esan zuen neska serioak-, hori bada salbatzeko era bakarra, egin egingo dugu!

Ez zuten denbora askorik, basotik zarata zetorren, etsaiek zuhaitzak botatzen eta mugitzen zen edozer tirokatzen ari ziren.

-Azkar- esan zien liburuzain-sorginak bikiei-, nora nahi duzue bidaia egin? Gustuko al duzue abenturazko liburu hau? Edo piraten beste hori?

Bikiek, ikara gainetik kendu gabe, abenturazko istorio batean barneratzea erabaki zuten eta andreak hara bidali zituen hitz magiko batzuk aipatuz. Neskato ausartak piraten liburuan sartzea erabaki zuen eta neska serioak soldaduari eskatu zion iratxo ipuin batean elkarrekin joateko, maiteminduta zeuden eta.

-Nik gerra egin behar dut- esan zion soldaduak.

Liburuzainak ez geratzeko eskatu zion soldadu gazteari, gerra txarra zela eta bera berriz ez zen gazte txarra.

-Pentsa horiek guretzako diren bezain etsai izango zarela zeu beste askorentzat! Beldurra izango dizute eta min egingo diezu!

Soldaduak ez zuen amore eman. Egunen batean itzuli eta ipuinetan berriz bilatuko zituela adierazi zien.

-Orduan Elur Erreginaren ipuinera joango naiz zu gerratik itzuli arte- esan zion neskak-, eta hotzean hotz biziko naiz zu itzuli arte.

Liburuzainak neska Elur Erreginaren ipuinean sartu egin zuen soldaduaren begi bustien aurrean, ondoren gaztea agurtu zuen. Andreak zaldunen kondairak bisitatu nahi zuen aspaldidanik eta horrelako liburukote batean murgildu zen ume txikia berarekin eramanda. Azken liburu hura itxi egin zen eta soldaduak goiza iritsi baino lehen ospa egin zuen, triste.

Etsaiek, baso hondatua utzi eta liburutegiarekin topo egin zuten. Leihoak hautsi, atea apurtu eta barruan tiro batzuk bota zituzten. Tokia bere horretan utzi zuten ordea, presaz zebiltzan, ondoko herria hartu behar zuten eta han, azken finean, liburu mordo bat besterik ez zegoen.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta