Idazleak - Arrate Egaña Gimenez - Hemeroteka - Arrate Egaña, gaur egungo eskolaren erronken gainean

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Arrate Egaña Gimenez > Hemeroteka

Elkar

2008 Arrate Egaña, gaur egungo eskolaren erronken gainean | Elkar

Arrate Egañak (Errenteria, 1963) haurrentzako eleberri berezi bat kaleratu berri du: Hizkuntza sekretuak, munduko lau bazterretako haurrak dituena protagonistatzat, eta gaur egungo eskolaz hainbat gogoeta eginarazten duena. Gai horietaz egon gara egilearekin berbetan.

Globalizazioaren aroko liburua dirudi honek: protagonisten artean badira errumaniarrak, kitxuak, ijitoak, txinatarrak, marokoarrak...

Beharbada aniztasuna ageri da globalizazioa baino gehiago. Pertsonaiek sorterria utzi behar izan dute, beren egoera sozio-ekonomikoa hobetzeko asmoz.
Bestalde, liburuko ikasgela berezia ez da batere globalizatzailea, alderantziz: desberdina berdintzen baitu, askotarikoa uniformizatu.

Globalizazioaren bidez alderdi onak hedatu omen dira, medikuntzan adibidez, baina batez ere kapitalismo basatia eta mendebaldeko kultura zabaltzeko erabili dela esango nuke. Hanburgesa denontzat. Ederra litzateke beste herrialdeetan egin diren aurrerapenak ere hemen izatea, hezkuntzan zein beste arlo sozialetan.

Aniztasuna ez da jatorriarena bakarrik: izaeraz, nortasunez, gaitasunez... askotarikoak dira eskola horretako ikasleak.

Sarritan umea taldekide gisa baino ez dugu erabiltzen. Baina bakoitzak arreta berezia eskatzen du. Ijitoak, atzerritarrak edo gabezia bereziak dituztenak… baldintza eskasetan egon daitezke; hala ere, eskarmentuak erakutsi dit beste ikasle askok ere behar dutela atentzio berezi hori: ama kartzelan duena, erdaraz gaizki moldatzen den baserritarra, guraso bat galdu berri duena, gurasoen bereizte mingarria pairatzen ari dena, bolada triste bat pasatzen ari dena…
Ikasle guztiak dira inportanteak. Ez dira arazoak, umeak dira, eta ikasgelan ondo eramaten ahalegindu behar genuke.

Gaur egungo hezkuntzan dauden arazoetako batzuk planteatzen dira zure liburuan ere: ikasle bereziak talde berezietan sartu, ala gela arruntean integratu.

Gorabehera horiek aipatzeko “arazo” hitza erabiltzea, ez dakit ba. Erronka berriak dira, gure garaiak dakartzanak.
Hauxe izan da ohiko planteamendua: eskola ematea eragozten duen ikaslea aparte jartzea. Baina positiboagoa litzateke, ikasle horientzat bederen bai, gela arruntean kokatzea.
Getoa eragotzi behar genuke: tuntunen gela, mongien gela... Desberdina bereizteko joera dago, ume desberdinak baztertu eta aldentzekoa. Ordea, komenigarriagoak zaizkie interakzio normalak, gela normaletan eta gainontzeko ikasleekin batera. Gainera, gela arruntetan ikasten da gehien.
Horrek lana eskatzen dio irakasleari, jakina: bere betiko metodoak berrikusi beharko ditu, beste irakasleren baten laguntza beharko du agian, gurasoekin harreman estuagoa...

Aniztasunaren aberastasuna askotan errepikatzen den diskurtsoa da, eta zuk ere horren alde egiten duzu; baina horrek sortzen dituen arazoak ez al dituzu apur bat leundu, idealizatu?

Hizkuntza Sekretuak honetako egoera ideala da, bai: maisua primeran moldatzen da ikasle arazotsuekin, ikasle guztiengan topatu du graziaren bat eta ikasgelako giroa polita da, lasaia.
Zaila da gaur egungo benetako eskoletan horrelako bikaintasunak aurkitzea. Zentzu horretan bai, liburuko ikasgela idealizatua dago, hiperbolikoa da. Irakasle gaiztoa ere oso da gaiztoa: muturrekoa baita zuzendaria, sadikoa... Kontakizunaren ezaugarriak kontuan hartuta, muturrak nabarmentzea komeni zitzaidan.
Edonola ere, egoera idealizatu hori helburutzat har daiteke. Eta, gainera, asko dira antzeko egoera idealera hurbildu diren irakasleak eta ikasgelak; hain arraroa ere ez da.

Literaturan ohikoa ez den gai bat: irakasleen arteko talkak, haurren hezkuntza-moduak direla-eta; nola uste duzu hartuko dutela irakasleek?

Ez dut inoren kontzientzia laborala astindu nahi izan, ezta globalizazioaren gaineko sermoia bota ere. Haur eta gazteentzako nobelatxo bat da, fikziozko liburua, marko zehatz batean kokatuta.
Dena den, ez da ezinezkoa irakasleren batek ere irakurtzea. Batzuek barre egingo dute beharbada bertako ika-mikekin. Baliteke besteren batek bere burua pertsonaia horietakoren batengan islaturik ikustea, onerako zein txarrerako.

Eskola-mundua dexente ondo ezagutzen duzu, irakaslea izan zarelako, eta gaur egun hezkuntza-sistemaren ebaluazioan zabiltzalako; zure ezagupen zuzenak erabili dituzu liburua osatzeko ala...?

Aspaldidanik ez nabil ikasgelan, ziur aski horregatik nabil elkarrizketa honetan hain ausart, zer egin beharko litzatekeen aldarrikatzen. Nolanahi ere, ederki oroitzen naiz nolakoa zen. Gainera, nire ingurua hezkuntza munduan murgilduta dago: lagunak, lana, alabak, irakurketak... Harremana dut eskolako unibertsoarekin edo institutukoarekin. Errealitate hori sakonki ezagutzen dudala uste dut. Hortaz, bai: giroa, ikasle multzo hori, hainbat gertakizun…, nire baitan egon dira, nahiz eta istorioa asmatu egin dudan.

Zure liburuaren berezitasun bat da, tonu errealista batean, elementu harrigarri bat sartzen duzula: intsektuak; zein izan da horren zergatia eta helburua?

Errealitatea abiapuntu izan ohi dut, sinesgarritasuna interesatzen zait, ondoren, elementu fantastikoa sartzean, kontraste bortitza sortzeko.
Errealitatetik pixkanaka –edo bat-batean– aldentzea gozamena da, distortsioaren zirrikitua topatu eta hortik ihes egitea.

Eskola barruko istiluekin eta integrazio-arazoekin batera, maitasun-istorio bat ere kontatzen du eleberri honek; aitzakia hutsa da kontakizunaren garapenerako, ala gehiago da?

Inguru gatazkatsuetan ere gertatu egiten da amodioa, eta dibertsioa, eta adiskidetasuna. Zergatik ez? Umeak maitemindu egiten dira, Lukas bezala Meirekin. Baita irakasleak ere, noski.
Ondo etorri zitzaidan bi helduen maitasun istorioa protagonistaren bakardadea azpimarratzeko eta bakardade hori akuilu duen bere azkeneko abentura abian jartzeko.

Haur eta gazteentzat idatzi izan duzu batik bat, eta badirudi idazlan-mota hori itzalpean geratzen dela gehienetan; generoaren duintasuna aldarrikatzen jarraituko duzu, ala baduzu zuk ere helduen literaturara igarotzeko planik?

Ez dut nire idazkeraren aldarrikapenik egiten: idatzi egiten dut, besterik ez. Aldartearen eta egoeraren arabera idazten ditut umeentzako istorioak edo gazteentzakoak. Orain, egia esateko, helduentzako ipuin batzuk ditut buruan, baina ez dira prozesu edo erabakiren baten ondorio: idatzi egiten dut, literatura egiten saiatzen naiz; irakurle mota zein izan daitekeen garrantzitsua bada ere, ez du ofizioa hainbeste markatzen.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta