Idazleak - Aritz Gorrotxategi - Hemeroteka - Aritz Gorrotxategi: "Zer gertatzen da gauzak hankaz gora jartzen direnean?"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Aritz Gorrotxategi > Hemeroteka

Hitzen Uberan

2017/02/24 Aritz Gorrotxategi: "Zer gertatzen da gauzak hankaz gora jartzen direnean?" | Uberan

Aritz Gorrotxategi: "Zer gertatzen da gauzak hankaz gora jartzen direnean?"

Ostirala, 2017-02-24

Zer egingo dugu orain opariekin? Halaxe deitzen da Aritz Gorrotxategiren azken ipuin-liburua. Kutxa Donostia Hiria saria eskuratu zuen Gorrotxategik lan horri esker iaz, eta urtarrilean argitaratu zuen bilduma Algaida argitaletxeak. Besteak beste, krisi ekonomikoa, bikote barruko arazoak eta gurasotasuna lantzen ditu ipuinotan autoreak. Horren guztiaren bueltan galdetu diogu.

Aritz Gorrotxategi: "Zer gertatzen da gauzak hankaz gora jartzen direnean?"

Kutxa Donostia Hiria Saria eskuratu zenuen Zer egingo dugu orain opariekin ipuin-bildumari esker. Nola hartu zenuen berria?

 

Pozez, diruaz gain, sariak berarekin baitakar argitaratzea. Dena dela, lehiaketak erlatibotasunez hartu behar dira, eragile asko baitaude tartean. Erabakia hartzen duen epaimahaia irakurle talde bat da, bere gustu eta lehentasunekin, ez dira togadun epaileak. Lehiaketa jolas bat da, jolas serioa baina.

 

 Ipuinak idatzi dituzu berriro, hainbat urteren ostean. Zer kezka/grina dago ipuin-bilduma honen abiapuntuan, eta zergatik idatzi dituzu ipuin-formatuan?

 

Krisiari buruz zerbait errealista idatzi nahi nuen, eta ipuinak oso formatu egokia zirela ikusi nuen. Hainbat pertsonaien gorabeherak islatu nahi nituen, gertakari itxuraz ezdeus baten atzetik egon daitekeen benetako zama azaleratu edo iradoki nahi nuen.

 

 Azken urteotan poesia eta eleberria idatzi dituzu batez ere. Genero batean edo bestean idazteko orduan, zer alde dago? Gai guztiak lantzen dituzu genero guztietan? Gaiaren arabera, nahiago genero bat ala bestea?

 

Bolada batez saiatu nintzen poesia narratiboagoa egiten, baina ez nintzen emaitzarekin gustura geratzen. Poemak baino gehiago narrazioak ikusten nituen. Bide batez, poesian dudan estiloak ez du zerikusi handirik prosan dudanarekin. Poesian eta prosan bilatzen dudana ezberdina da. Poesian bisualagoa naiz, idazkeraz eliptikoagoa; prosan, berriz, narratzaileagoa, elkarrizketa zaleagoa. Gidoigile bezala pasatako urteek ere badute zerikusia horretan.

 

 Zer-nolako prozesua izan da ipuin hauek idaztekoa? Denak idatzi dituzu garaitsu igualean ala batzuk aspaldi eta beste batzuk orain? Bilduma zeneukan buruan, ala ipuinak etorri ziren eta gero erabaki zenuen denak batzea?

 

Bat edo beste kenduta, gainerakoak garai bertsuan idatzitakoak dira. Garbi nuen krisia izango zela ardatza. Horrek ere estilo edo tonu batasun bat eman dio bildumari.

 

Ipuin bat idazteko orduan, zer da garrantzitsuena? Zeri ematen diozu zuk garrantzia?

 

Indarra izateari. Ipuinak gai izan behar du plano ezberdinak lotzeko: kanpokoa, agerikoa, eta barrukoa, ezkutuago geratzen den hori. Irakurlea ohartu behar da kontatzen den gertakari apalaz, baina baita gertakari horren atzean dauden ñabardurez ere. Gogoan dut Txekhov-en ipuin gogoangarri bat, Tristezia. Lau bat orrialdeko ipuina da, semea galdu duen orga-gidari baten istorioa. Ez da beste munduko ezer gertatzen, baina orga-gidari horren bakardade latzaz ohartzen gara, eta zein ikaragarria den haren egoera. Alegia baliabide ahalik eta gutxirekin ahalik eta gehien esatea. Hor dago koska.

 

Ipuinotan hainbat gai jorratzen dira. Guraso izatearen ajeek toki handia dute, besteak beste. Ez dago ikuspegi idealizaturik, hala ere. Zergatik landu duzu gaia eta zergatik ikuspegi horretatik?

 

Oso hurbilekoa dudalako esperientzia, eta gurasotasunaren bilakaera deigarria delako. Mitifikatu edo idealizatu egiten da, haur baten bizitza publiko bihurtzen da txikitatik. Gauzak magnifikatu egiten dira, eta ñoñokeria puntu bat ere badago. Nik nahiago dut pribatutasuna, erakuskeriatik aldentzea. Zein guraso on eta maitagarriak garen publikoki erakusteko sindromeak jota bizi gara. Gauzak lasaiago hartu beharko genituzke, ez bakarrik gure mesedetan, baita haurrenenean ere.

 

 Oro har, halako bikote asko agertzen dira ipuinetan. Nahiko gazteak, baina haur txikien guraso direnak eta gizartearen arabera guraso izateko adinean daudenak, etxe bat daukatenak, tarte bat daramatenak elkarrekin… Batzuk zoriontsu dira, beste batzuk ez hainbeste. Heldutasun goiztiarrean dauden horiek interesatzen zaizkizu?

 

Nire adin tartekoak izan daitezke gehienak, berrogei urteren bueltan daudenak. Adin oso interesgarria da. Nolabait, baduzulako bizi-esperientzia bat, baina oraindik gazte ikusten duzulako zeure burua. Erdibideko adin bat da, edo, Dante-k esango zuen moduan, “bidearen erdia”. Era berean, hautsitako bikoteak ere ikusi ditut, eta ez da egoera samurra. Zoriontasuna, bestalde, norberak eskatzen duenaren baitan ere badago.

 

Ipuin askotako protagonistak badira halako heroi batzuk, kausa galduen alde borrokatzen direnak, nolabait. Interesgarria zaizu profil hori? Haien borroketako batzuk absurdutzat jotzen dituzte ingurukoek, adibidez, lehenengoa, Olentzeroren aurkakoa. Zergatik aukeratu duzu bide hori?

 

Beti gustatu izan zaizkit kausa galduen jarraitzaileak, On Kixoterengandik hasita. Absurdotasun horren atzean zentzu asko dago. Eta susmoa dut askotan gauzak eta erritoak onartu eta errepikatu egiten ditugula inertzia hutsagatik, tradizioagatik, benetan zertan ari garen gehiegi hausnartu gabe. Ez al da Olentzero kapitalismo basatiaren ikur bat, geure komenientziara moldatutako gezur bat? Zergatik barkatzen dizkiogu hari Errege Magoei barkatzen ez dizkiogunak? Euskalduna delako? Zer dago kontraesan horien atzean? Zer ari gara ospatzen benetan? Arestian aipatu heroi horiek aurrez aurre jartzen gaituzte gure zenbait errealitate instituzional benetan absurdorekin, eta gauzak beste ikuspegi batetik ikustera eraman gaitzakete.

 

Ipuin horren izenburuak izendatzen du bilduma osoa, eta esan daiteke gainerako ipuinen tonua ere markatzen duela. Krisiaren metafora bat ere izan liteke, ezta?

 

Hala da. Ezustekorik gabeko bizitza bat nahi dugu, atsegina eta erraza. Baina zer gertatzen da gauzak hankaz gora jartzen direnean? Zer egin ez dakigula geratzen gara.

 

Lanak, langabeziak, diruak eta dirurik ezak ere badute tokirik hainbat ipuinetan. Zergatik heldu diozu horri?

 

Oso hurbileko gaia dudalako. Urteak daramatzat autonomo bezala lanean, autonomo eta euskal kulturan... Atera kontuak. Baina gorroto dut, halaber, beti negarrez aritzea. Aurrera egin beharra dago nola edo hala. Irudipena dut horretan ere ez ote garen eroso samar bihurtu. Errua besteek dute beti: politikariek, Trump-ek, bankariek... Eta hori hala da neurri handi batean, baina guk ere delegatu egin dugu erruduntasunaren kontzientzia. Erraza da besteei dena egoztea, onak eta txarrak marra zuzenez bereiztea. Zer egin dugu guk gauzak aldatzeko? Esan asko, egin gutxi. Beharbada horrelakoak gara. Errudunak bilatzen ditugu geure berekoikeria zuritzeko.

 

“Erruduntasuna eta zakurra” ipuina aipatu nahi nuke orain. Iruditzen zait gainerako ipuinen aldean badela pixka bat ezberdina, tonu ilunagoa dauka eta akaso bada “metaforikoagoa” ere.

 

Zeuk esan duzu, “metaforikoagoa” da. Pertsonaia nagusiak kontrako ariketa egiten du, muturreraino eramaten du bere buruaren autokritika. Gure jarrera aztertuz gero, ohartzen gara hurbileko hainbati huts egin diegula noiz edo noiz. Biharko uzten dugula gaur esan beharrekoa. Biharko ere gaur eman beharreko besarkada. Eta, konturatzerako, herdoila handiegia da. Isilean herdoiltzen uzten ditugun kontu horien ingurukoa da ipuina, eta badu Kafkari egindako omenalditik ere.

 

Itzultzen ere aritu zara, besteak beste, Don Delillo eta JM Coetzeeren eleberriak euskaratu dituzu. Gustuko duzu jardun hori? Zer ematen dizu? Zer alde dago fikzioa itzultzearen eta fikzioa sortzearen artean?

 

Lanagatik hartutako enkarguak izan dira, baina zortea izan dut egile horiekin. Egile handiak dira, eta beti ikasten da asko egile handiak irakurrita. Zer esanik ez, haiek itzulita... Hala ere, ezberdina da fikzioa sortzea eta itzultzea. Batean erabateko askatasuna duzu; bestean, berriz, egileak esandakoa itzuli behar duzu, baina itzulpenari ere zeuretik ematen diozu beti. Zeurea egiten duzu. Nola idatziko luke euskaraz DeLillok? Nola Coetzeek? Hori ere irudikatzen saiatzen naiz.

 

 

http://www.uberan.eus/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/aritz-gorrotxategi-zer-gertatzen-da-gauzak-hankaz-gora-jartzen-direnean

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta