Aritz Gorrotxategi

Aritz Gorrotxategi

Zuzenbidean lizentziaduna da, baina idazketa du lanbide. Gidoigile, zutabegile, irakasle eta itzultzaile lanetan dihardu. Besteak beste, Tolstoi, Coetzee, Philip K. Dick, Don DeLillo edota Julian Barnes ekarri ditu euskarara.

 

2000. urtean Irun Hiria saria eskuratu zuen bere lehen eleberriarekin, Kafkaren labankadarekin. Geroztik hainbat literatur genero landu ditu. Eleberrigintzan, esaterako, harenak dira Kearen truke (Alberdania, 2005), Axola ez duenean (Alberdania, 2009) edota Koldar hutsa zara (Erein, 2015). Ipuingintzan, berriz, Egurra Pinotxori (Alberdania, 2002), Zer egingo dugu orain opariekin? (Algaida, 2017) eta Ahazten diren gauzak (Erein, 2018) aipa daitezke. Poesiari dagokionez, nabarmentzekoak dira Zaldi hustuak (Erein, 2007), Hariaz beste (Erein, 2011), Amua (Elkar, 2019) eta Uda betea (Elkar, 2022). 2012an Kritikaren Saria jaso zuen Hariaz beste lanagatik, eta gazteleraz kaleratu zuen Más allá del hilo izenburupean (Baile del Sol, 2017). Beste zenbait sari ere jaso izan ditu (Ignacio Aldecoa saria, Donostia Hiria Kutxa Saria ipuin-bildumaren kategorian edota Irun Hiria Kutxa Saria poesiakoan).

 

Azken urteotan poesia landu du batez ere. Donostian 2008az geroztik ospatzen diren Pentsamendua eta poesia jardunaldien antolatzaileetako bat da, eta ekitaldi horren antolatzaileekin batera, Balea Zuria argitaletxea sortu zuen 2017an.

Atzera