Idazleak - Arantxa Iturbe Maiz - Laginak - Lehenago zen berandu

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Arantxa Iturbe Maiz > Laginak

Narratiba

1995 Lehenago zen berandu | Alberdania

HAMAIKA ARROSA


Bi urte besterik ez da etxe honetara etorri nintzela eta kanpoan nengoen, ikastaro batean, Laurarena gertatu zenean.Jakin bezain pronto itzuli nintzen eta gutun bat aurkitu nuen buzoian: berea zen.

Laugarrenean bizi ziren. Ni bosgarrenean.

Laura ezagutzeko suertea izan nuen. Senarrarekin ez nuen sekula hitzik egin, baina behin baino gehiagotan topo bai. Ez zekien bizilagunak ginenik. Ez du inguruko jendeari begiratzeko ohitura handiegirik, inguruko guztien begiradak bere gain somatzera ohituta dauden gehienen modura. Arkitekto ospetsu izateak oraindik badu bere garrantzia hiri honetan. Arkitekto ospetsuen artean, batez ere.

Laura desberdina zen. Ez zen arkitektoa. Idazlea zen. Bikote aparta osatzen zuten eta Laura bera ezagutu izan ez banu, munduan eduki eta izan litekeen guztia eduki eta zuen bikotetzat hartuko nukeen.

Gainerako guztiek bezala.

Baina, kasualitatez, ezagutu egin nuen.

Esateko modu bat besterik ez da. Hiru hilabete egin nituen kasualitatea noiz nireganatuko zain. Azkenean, ez zela azaltzen ikusita, nik neuk joan behar izan nuen kasualitatearen bila. Liburu aurkezpena non, han azaltzen nintzen ni, galduta dabilenaren aurpegiz. Liburuaren izenpetzea lauretatik bostetatara halako liburudendatan, ni, lau t'erdietan, premiazkoa nuen errezeta-liburuaren bila juxtu lokal berean, Lauraren begiekin topo egin nahian. Eta, bide batez, han egokitu nintzenez, bere liburua erosiko nuen.


Behin, hitzaldi bat zuen ematekoa kultur etxean, eta Laura jendez ondo baino hobeto inguratuta ikusi nuen arren, hurbildu, eta ezjakinarena egin nuen, ea Ingalaterratik etorritako arkeologo ospetsu hura bera ote zen galdezka, eta bere iharduna ze ordutan zen. Barrez hasi zen eta ordurako nire aurpegia ezaguna egiten zitzaiola zin egingo nukeen arren, ezetz erantzun zidan, bere ikerketak paper artekoak zirela, eta ez zela hain urrutikoa. Orduan aurkeztu zidan lehendabiziko aldiz bere burua, eta nik neurea, "Oskar naiz" xinple batez. Hitzaldia hitzez hitz jarraitu nuen eta amaitu zenean jendartera begira somatu nuen arren, ihes egin nuen.

Ez oso urrutira. Areto aurrean geratu nintzen afaltzera nora eramango zuten jakiteko, eta behin informazio hura eskuratu ondoren, lau ordu egin nituen jatetxearen parean, Laura eta haren ondoan disfrutatzen ari ziren gizarajo haiek guztiak noiz irtengo zain. Altxatzeko imintzioa egin zuten bezala, atera nintzen euritara eta jatetxean sartu, aterkia bezperan han utzi ote nuen galdezka. Segituan ezagutu ninduen eta barre algaraka hasi zen, kasualitateak elkartu egin nahi gintuela esanez. Besteek, jakina, ez zuten ezer ulertzen, eta Laurak, lehendabiziko aldiz, nahi banuen etxera eramango ninduela esan zidan, autoa atarian zeukala-eta. Nik, lotsa-lotsa eginda, ezetz. Irristatu ere egin nintzen. Estrategia ona da lotsarena.


Handik aste pare batera, Laurak unibertsitatean hitzaldia eman behar zuen batean, hizketan ari zen gelan sartu nintzen, antiojoak sudur puntan jarri, ilea pixka bat nahastu eta ahalik eta ozenen esanez "barkatu, ez nintzen akordatzen orain klasea neukanik". Hitzaldi hura bertan behera geratu zela esango nuke, hango iskanbila eta barre algarak -Laura, ohorezko hizlari aurrean izan arren-, isiltzeko modurik ez baitzen izan. Eta barkatzea nahi banuen, kafe bat hartzera gonbidatu beharko nuela esan zidan, ikasleak txistu eta trufa ari ziren bitartean.

Kafetegira sartzerakoan eskuetan neraman liburu eta karpeta mordoa erortzen utzi nuen. Laura barreari eusteko ahaleginetan makurtu zen.

-Nire amonak esaten zuen eskutik zerbait erortzen zaizunean, norbait zutaz oroitzen dela -azaldu nion nola edo hala.

-Gure aitonaren aurrean zerbait eroriz gero "jornala galdu dun" esaten zigun! -erantzun zidan Laurak.

Kasualitatez, Laurak berak jaso zuen berak idatzitako liburua:

-Kasualitatea! -esan nion- Ikasle batek gaur bertan egin dit opari! Hainbeste kasualitatek mirestuta zeukan. Egia esan, kasualitatearen trukoak ez dira nireak. Ez dutela esistitzen frogatu nahi izan zidan batek erakutsi zizkidan. Baina Laurak oraindik lezioa ikasteko zeukan, eta itsu-itsuan sinesten zuen kasualitatean.

Izugarria izan zen, beste behin -orduan ez gintuen kasualitateak elkartu, telefono dei batek baizik-, etxera eramango ninduela kaskezurrean sartu zitzaion egun hura. Banekien, lehenago ez bazen geroago gertatuko zela, baina ez nuen kasualitatea behartzeko asmorik. Asko erregutu ondoren, onartu egin nuen. Hartzeko bolantea, nik esango niola nondik joan.

Orain ezkerretara, bi kale harantzago eskuinetara, hemen segi, hor stopa daukazu, kontuz eskuinetik irteten diren horiekin... eta nik zenbat eta gehiago hitz egin, Laura gero eta mutuago geratzen hasi zen. Etxe atarira iritsi ginenean, haserre zegoen: "ze broma klase da hau?" esan zidan. Hainbestetan entsaiatutako inozo aurpegia bete-betean erakutsi nion, ze problema ote zeukan bada etxe hark... Are gehiago, kanpotik ez zela hainbesterainokoa, baina barrutik berritua neukala eta sentitzen nuela gustuko ez izatea, baina igo nahi bazuen...

Orduan konturatu zen berriro ere kasualitateak duen indarraz, eta barre-algara zoragarri harekin hautsi zuen haserrea, ume txikiak sekretu handi bat gorde ezinean dabiltzanean bezala "hau ez duzu sinetsiko!", behin eta birritan errepikatuz.

Umea, horixe da. Ume txiki bat engainatzen ari nintzela iruditu zitzaidan, eskutik heldu, eta arrapaladan laugarren pisuraino eraman ninduenean, harro-harro "ni hemen bizi naiz" aitortzeko. Tentatuta egon nintzen banekiela esateko, hari buruz asko nekiela esateko, karpeta gorria bere argazkiz beteta neukala, ateratzen zuen liburu bakoitzeko bizpahiru ale erosten nituela etxeko hainbat tokitan eskura edukitzeagatik esateko... baina ordurako oso kolgatuta nengoen, eta beldur nintzen, kasualitateak sortutako misterio guztiak argitzen banizkion, gure artekoa hasi baino lehen, behin betiko bukatuko zela, eta bizilagun huts izatera pasako ginela.

Horregatik jarraitu nuen nire paperean.

Gero eta errazagoa izan zen, gainera, pisu batetik bestera hogeita hamasei eskailera besterik ez daudelako, eta bai nik eta bai Laurak, normalean, etxean lan egiten dugulako. Genuelako.

Hogeita hamasei eskailera besterik ez nituen jaitsi behar bere senarrarekin hitz egiteko. Hogeita hamasei eskailera zer demontre gertatu zen jakiteko. Hogeita hamasei eskailera bizirik zegoena, paper-mutur batean maite zaitut idatzi eta agurrik gabe, hiltzera zerk bultzatu zuen argitzeko.

Bi hilabete kosta zitzaidan hogeita hamasei eskailera haiek jaistea. Alfer-alferrik. Senarrak, Rikardok, ez zidan aterik ireki.

Horregatik ez ninduen ezagutu kanposantuan, aurrez aurre, topo egin genuen egunean.

Euria gogotik ari zuen egun hartan. Eta ez zen kasualitatea. Euria gogotik ari zuelako aukeratu nuen nik eguna. Rikardok, Lauraren alargunak, ez zirudien euria gogotik ari zuenik jabetzeko gauza. Hilobiko harlausaren gainean eserita, kanposantuko aterantz begiak, ezerezari begira, blai eginda zegoen azaldu nintzenerako. Atzera egitekotan egon nintzen baina ezin izan nuen urrutitik galdera egin zidalako.

-Zergatik hamaika? -malenkoniatsu, geldi-geldi egin zidan galdera. Ez nekien zertaz ari zen.

-Zergatik hamaika? Zergatik hamaika? -maniakoen modura, bizkor eta hitz bat bestearekin janez, galdera bera, berriz.

-Barkatu, ez dakit zer esan nahi didazun.

Loreak erakutsi zizkidan. Arrosak. Gorriak. Jarri berriak. Hamaika zeuden.

-Zergatik hamaika? -negarrez.

-Ez dakit, zuk ba al dakizu?

-Jakingo banu, ez nizuke galdetuko.

-Eta hamaika izateak zer esan nahi du? -niri ere jakinmina piztu zitzaidan.

-Ez direla hamabi. Hamabi izaten dira beti. Edo dozena erdia, edo bakarra.

-Beno, ez dauka zertan hala izan beharrik, ezta?

-Nire emaztea zen. Laura. Begira, hor jartzen du.

Hilarriari begira geratu nintzen, hainbeste maite nuen izen hura burmuinetik kendu ezinda. Malkoak agertu baino lehen hitz egitea erabaki nuen.

-Gaztea zen.

-Bai.

-Zer gertatu zen?

-Hil egin zen.

-Bai, noski.

-Eta egunero, norbaitek hamaika arrosa ekartzen dizkio. Egunero-egunero.

-Maite zuen norbaitek.

-Lore-dendako mutilak.

Hala aginduta. Norbaitek sei hilabeteko aurrerapenez ordaindu zituen arrosak: hamaika, egunero. Laurarentzat.

-Hamabi izan balira, ez nintzen konturatuko, ulertzen? -bere onetik aterata zegoen Rikardo-. Hamaikarekin ere ez nintzen ni konturatu. Zaindariak esan zidan: "atrebentziarekin, zergatik hamaika?" eta orduan jabetu nintzen. Hamaika. Ez hamabi.

-Eta lore-dendan ez al dakite nork ordaindu zituen?

-Ez. "Negozioa negozioa da -lore-dendako jabearen ahotsa imitatu nahian ari zen Rikardo-. Niri halaxe agindu zidaten, eta halaxe bidaltzen ditut. Egunero. Aizu, negozioa negozioa da, eta nik ez dut galderarik egiten. Batez ere, bezeroak ordaintzen duenean".

-Lagunen batek akaso...

-Denekin hitz egin dut. Inork ez daki ezer.

Lur-jota zegoen.

-Ezagutu izan bazenu...

-Tira, hobe dugu hemendik joatea. Ez du atertzeko itxurarik.

-Hamaika arrosa...

-Kasualitateren bat, akaso...

Haserretu egin zitzaidan.

-Behin kasualitatea izan liteke, bigarrena inoiz ez da kasualitatea.

-Kasualitatea behin baino gehiagotan azaltzeagatik da kasualitate. Behin gertatutakoa horixe besterik ez da, behin gertatutakoa.

- Alegia, kasualitateak ez duela esistitzen.

- Edo dena dela kasualitate. Goazen, gizona!, blai eginda zaude.

Ez zidan jaramonik egin. Bat-batean begitartea argitu zitzaion, berebiziko ideiaren bat iritsi izan balitzaio bezala. Irribarrearen antzeko keinu bat somatu nion ezpainetan. Segituan itzali zen berriro.

- Zu ez zaude kasualitatez hemen -esan zidan serio.

- Ez -erantzun nion.

- Zoragarria zen, ezta? -Biok genekien nori buruz ari zen.

-Bai.

- Zergatik hamaika?

-Ez dizkiot nik bidaltzen.

Ez zidan gehiago ezer galdetu. Harlausatik zutitzen lagundu nion eta pauso geldoz kanposantuko ate aldera abiatu ginen. Rikardo aurretik, ni atzetik.

-Kasualitate handiegia litzateke bidaltzen dizkionarekin aurrez aurre topo egitea, ez al zaizu iruditzen?

-Bai, nik hala uste.

Etxeraino elkarrekin joan ginen. Biziki eskertu zidan konpainia egin izana. Ez nion esan bizilagunak ginenik. Kasualitate handiegia litzateke edozein egunetan eskaileretan topo egitea, besteak beste, betiko ohituretara itzultzen hasi delako eta ondo baino hobeto dakidalako bere eguneroko ordutegia. Gainera, berandu baino lehen, beste etxe baten bila hastekotan naiz. Ezin dut etsi honetan, jakinda kasualitateak Laura ez didala gehiago parean jarriko.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta