Idazleak - Antxie Mendizabal Aranburu - Laginak - Nire amak ez dauka erremediorik

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Antxie Mendizabal Aranburu > Laginak

Narratiba

2009 Nire amak ez dauka erremediorik | Elkar

Gure ama artista da, edo artista izan nahi zuen gaztetan, edo halako zerbait. “Burua txoriz beteta izan du betidanik”, esango luke aitak, “eta fundamentu eskasa etxerako”, gaineratuko luke amamak. Kontua da ama beti zerbait egiten ari dela. Ostiral gauetan, Afrikako dantzak ikastera joaten da, eta larunbat goizetan zeramika-ikastarora; lehenago sabel-dantza ikasten aritu zen eta, esku artean duena bukatu orduko, beste zerbaitetan hasiko da. Eta, gainera, amak etxeko guztiokin partekatu ohi ditu bere zaletasun guzti-guztiak; mania horixe du. Sabel-dantza tokatu zenean, esate baterako, ispiluaren aurrean, zapi girgildun bat jarrita, sabela eta gorputz osoa nola bihurrikatzen zuen niri erakusten saiatu zen. Hura baino gauza barregarriagorik! Baina amak gauza horiek zein serio hartzen dituen jakinda, irri txiki bat egiten ere ez nintzen ausartzen. –Mugimendu sentsual hauek milaka urteko kultura baten sekretuak gordetzen dituzte –azaldu zigun afaltzen ari ginela aitari eta bioi. –Amaia, kontuz gero, horrenbeste gerri eta mokor mugimendurekin, ez zara gaztetxo bat eta. Nahi al duzu azukre-ur pixka bat bihar giharretako minik izan ez dezazun? –aitak zirikatzaile. –Ez esan txorakeriarik, Iñaki –erantzun zion–, sasoi bete-betean nago. Biharamunean, sekulako gerriko minak jota, ohetik altxatu ezinda geratu zitzaigun ama. Aitak sabel-dantza eginez eraman zion bazkaria ohera. Nahikoa barre egin zuen estanpa hura ikusita. Eskerrak amama ez zen une hartan etxean sartu. Beti esan izan du ni naizela etxeko pertsona zentzudun bakarra, eta, pentsatzen jarrita, arrazoi duelakoan nago. Nire amak ez dauka erremediorik.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta