Idazleak - Antxie Mendizabal Aranburu - Laginak - Lotsatia naiz, eta zer?

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Antxie Mendizabal Aranburu > Laginak

Narratiba

Lotsatia naiz, eta zer? | Elkar

Dentistarenetik irten garenetik, ez ama ez aita ez dira isildu ere egin:

–Ez da hainbesterako, Aritz –dio aitak harrosko–. Ikusi izan bazenu niri jarri zidatena!

–Aurrerantzean amaitu dira gozokiak, eta zer esanik ez txikleak –amak.

–Eta jatordu bakoitzaren ondoren, ondo-ondo garbitu beharko dituzu hortzak –berriz ere aitak errukirik gabe.

“Ahoa minbera daukat oraindik eta zuek, segi horratik, hortzetako aparatu madarikatuak ekarriko dizkidan sufrikarioak gogorarazten –pentsatu dut–. Okerrena, ordea, goma nazkagarri hauekin eskolara joatea izango da”.

Pentsatze hutsak, ikara eragin dit.

 

–Aritz, aurki zure urtebetetzea. Nor gonbidatuko duzu txokolatadara? –esan dit amak afalostean.

Urduri jarri naiz lagunei gonbidapen-txartela eman behar diedala pentsatuz: “Ditxosozko aparatu honekin, gainera”.

Beldur naiz ezetz esango ote didaten.

–Bederatzi urte! Niri hamaikarekin jarri zidaten hortzetakoa –aitak.

“A ze tema! Ez da bere tramankulua aipatzeaz aspertzen”.

–Hortzak garbitzeko haria erabili –amak sukaldetik.

“Lehen itsusi, eta orain are itsusiago” pentsatu dut komuneko ispiluan nire piurari erreparatuz.

Negarguraz sartu naiz ohera. Irakurtzeko tenplerik ere ez dut.

Aurten lagun berezi bat gonbidatu nahi dut txokolatadara: Lore. Txikitatik dut gustuko; nire sekretu handia da.

Lorek muxu gorri-gorriak ditu eta begi urdin handiak. Diz-diz egiten diote hitz egiten duenean eta beti barrezka ari da. Oso alaia da.

“Zoragarria da… –egin dut hasperen–, eta astakilo samara ere bai, batzuetan”.

Aurreko batean, brilean jolasean, baloiarekin sabelean kolpe bat eman zidan nahi gabe, eta ia zorabiatu nintzen. Korrika etorri zitzaidan barkamen eske. Haren eskua sentitu orduko pasatu zitzaidan mina.

Lokartu aurretik Loreren pentsamenduak gozatu du nire aldarte tristea.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta