Idazleak - Antxie Mendizabal Aranburu - Laginak - Katti beti endredatzen

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Antxie Mendizabal Aranburu > Laginak

Narratiba

Katti beti endredatzen | Elkar

Ez zaizkit porru-patatak gustatzen

Nire gelan itxita, aita eta ama entzuten ditut hizketan, niri buruz; ama buila batean eta aita nekatu antzean:

–Gaur ere zigortuta dago? –aitak.

–Kokoteraino nago. Bera burugogorra bada, ni gehiago –amak.

–Zer gertatu da?

Ekiren negarrak moztu du gurasoen elkarrizketa. Ama korrika joan da logelara. Esango nuke Lurrek kaskarreko bat eman diola Ekiri txintxirrinarekin. Orain Lur hasi da negarrez. Eki eta Lur nire anai-arreba bikiak dira. Mainontzi pare ederra eginda daude: batek zer egin, besteak hura egin.

–Katti, ireki atea –aita da.

–Ez naiz nire gelatik irtengo, amak mahaitik porru-patatak kendu arte.

–Ireki atea oraintxe bertan.

Hobe izango da kutxa trabatik kendu eta atea irekitzea.

–Beraz, gaur ere sesioa izan duzue porru-patatekin.

–Badakizu botagura ematen didatela. Eguerdiko porru-patata berberak dira gainera.

–Bejondeizuela.

–Ez ditut jango, gosez hil behar badut ere.

Aita sukaldera itzuli da beste ezer esan gabe. Zigortuta jarraitzen dut, beraz, gelatik irteteko baimenik gabe. Gauzak horrela, ohera sartzea erabaki dut. Tripa-zorriek, ordea, ez didate lo egiten uzten. Eguerdian platano bat bakarrik janda bidali nau amak eskolara. Eta arratsaldean ez naiz etxera joan ere egin, amak askarirako porru-patatak jarriko zizkidala esan eta gero. Burugogorra da gero. Eskerrak Manexek bere ogitartekoa eman didan.

Ohean buelta erdi alde batera, buelta erdi bestera, tripaz gora, tripaz behera, lo hartu ezinda jarraitzen dut. Ez da harritzekoa; goseak amorratzen nago, eta pixagalez. Komunera altxatuko naiz.

–Kepa, zer egingo dugu lanik gabe geratzen bazara?

Sukaldeko atearen zirrikitutik entzun dut ama. Ez da porru-patatei buruz hitz egiten ari, nik uste bezala. Negarrez ari da. Amama Zezili hil zenean ikusi nuen aurrenekoz negarrez. Eta gaur bigarrenez.

Hasi dira berriro bi horiek arrantzaka. Jaio direnetik etxe honetan ez dago bakerik. Beti daukate zerbait: gosea ez bada, pixoihala zikina, edo bestela ernegatzeko gogoa. Haizeak direla eta, gaueroko kontzertua aipatu gabe. Mainatiak!

Aita mahaitik altxatu eta korrika doa logelara. Korridorean estropezu egin du nirekin.

–Katti, zer egiten ari zara hor erdi-erdian?

–Bikiek esnatu naute.

Gezurra esan diot. Ea horrela etxe honetan baten bat nitaz gogoratzen den!

–Segi lotara, berehala isilaraziko ditut.

Sukaldeko zirrikitutik begiratu dut. Burumakur dago ama, mahaian eserita. Berak ere ez ditu porru-patatak probatu. Azkenean, arrazoia eman beharko dit: porru-patatak ez dago jaterik.

–Zertan ari zara hor, Katti?

Amak ikusi egin nau, gose aurpegia daukat, nonbait, eta nitaz errukitu da:

–Eseri eta esne katilukada bat aterako dizut galletekin. Gaixotu egingo zara, bestela.

Banekien amak ez zidala gosez hiltzen utziko.

Behingoz isildu dira bikiak. Aitak dio goserik ez duela, eta, azkenean, porru-patatek komuneko zuloan bukatu dute.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta