Antton Luku

Antton Luku

1959, San Frantzisko (AEB).

Ameriketako Estatu Batuetan jaio arren, Amikuzen (Nafarroa Behera) hezi zen. Donibane-Garaziko ikastetxe baten lan egiten du, irakasle gisa. Azken hamaika urteak pasa ditu Garaziko Lizeoan urtero antzerkiak ikasleekin muntatzen.

1985-1990 urteen artean aktore eskarmentua izan zuen Gillaume Irigoienek zuzendutako Hirurak Bat taldean. Ondoren, Tu quoque fili antzezlana idatzi zuen; Donostia Hiria antzerki saria lortuz lan honi esker 1996an.

Hurrengo urtean ere sari bera eskuratu zuen Antso Azkarra edo Miramolinen esmeralda antzerkiarekin.

1998. urtean Botoiletan narrazioa argitaratu zuen, Maiatz argitaletxearen eskutik. Uraren sinbologia erabiltzen du liburu honetan, denboraren joana eta nagia islatzen duen uraren metafora.

Euskal Kama Sutra (2000) narrazio erotikoen bildumako sustatzaile eta idazleetariko bat izan zen. Bestalde, Lukuk nobela beltza landu izan du bere idazkietan.

Antzerkigintzan, zenbait obra taularatu ditu azken urteotan; hala nola, Lurra, Eroak? eta Beltzeria trilogia. Era berean, Jasone Osororen Tentazioak ipuin liburua egokitu taularatu zuen Garaziko Lizeoko ikasleekin. 2014an Libertitzeaz (Pamiela) saio liburua argitaratu du.
 

Atzera