Idazleak - Antton Kazabon Amigorena - Laginak - Anpolai gorriak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Antton Kazabon Amigorena > Laginak

Poesia

Anpolai gorriak |

Tren tran

HARRI HANDIA

Haur txikiek
Harri Handia dute etxe
jolas leku
jauregi.
Harri Handiaren gainean
ttikiak handi.

Haur ttikiak
handi
Harri Handiaren gainean.

Harri Handia
dute etxe
jolas leku
jauregi.

Ttikiak
handi.


HOSTO BERDEAK

Han urrutira
urruti-urrutira
argia ikusi dut
hostoen arteko argi zuria
argi-argia.
Eguzkiaren txinpartak dira.

Argiari begira
aurrera egin dut
argiaren atzetik basoan barrena
hostoen artean aurrera.

Bidea da polita, basoa
hostoak dira ederrak, txoriak.

Polita basoa da, basoa
bizitza osoa.

Hosto berdeak
nire ahizpa ttikiaren
begi berdeak.

Tren tran

Tran-tran
tran-tran
tran-tran trena.

Ez du hartu
biderik onena.

Trakatan trakatan
trakatan zaldia.
Salto batean
pasa du zubia.

Tran-tran
trakatan
trakatan
tran-tran

trena urruti
zaldia bertan.


Itzal itzalia

Intxaurrondoa
atera du haizeak
ipurditik.
Jaio eta bizi zen
lekutik.

Eta nik
ez dut atera nahi
haren itzaletik.

Intxaurrondo itzalitik.


Nauka mauka

Sagarrari kizki-kazka
hori da pagotxa
hori da mauka.

Zure irribarreak
ahoa bete hortz
utzia nauka.


ZAZPI

Zazpi
nota musikak
musikak
zazpi
nota

zazpi
hodei saltoka.

Zazpi
egun asteak
asteak
zazpi
egun

zazpi
aurpegi leun.

Zazpi
kolore ostadarrak
ostadarrak
zazpi
kolore

zazpi
zubi dotore.


Nor da?

Solasean bar-bar
hizketan txor-txor
berriro zugana nator.

Baina zure barrenean
ez zegoen inor.


Azpitik gainetik

Orain lizarrak
orain makalak
pinuak gero
haltzak ondoren
orain zumarrak
orain akaziak

atzean utzi ditut
guztiak.

Guztiak ditut begira
gainetik
aurrera noa
guztien azpitik

guztien gainetik

aurrera noa
ametsetako bidetik.


BOST MUXU

Tripa zorriak gur-gur
eztulak jau-jau
puzkarrak parrat.

Bost muxu
eman dizkizut bart.

Mukiak zintza
pixak zar-zar
kakak plost.

Nik hamar muxu nahi
falta dira bost.


ESKU BAT

Balantzaka noa
aurrera
atzera
atzera aurrera

eta berriz ere
lurrera.

Urki landare gazte batek
luzatu dit
eskua
eta zabaldu
bide estua.

Eskerik asko,
Urkia!
Esku bat.

Horixe zen guztia.

Berriz ere
maite dut
bizia.


BERRIZ ERE

Ura parrastan
pirristi-parrasta
berriz ere bete da
etxeko arraska.

Euri ihintza xir-xir
elurra mara-mara
berriz ere jolastera
joango al gara?

Euria zarran-zarran
kazkabarra kiski-kaska
berriz ere bete da
emozioen aska.

Haizeak firu-firu
trumoiak bur-bur
ni banoa etxera
bihar arte, agur!


XAGUA SATOR

Mendi tontorrean izarra
errekan haltza
xaguak satorrarekin
egin nahi du dantza.

Basoan elorria
zelaian belarra
xaguak satorrari
jo nahi dio adarra.

Otsailan udara
abuztuan negua


PUNPALAPLAU

Lurrera punpa
punpalaplau!
Larrutuak bi
ubelduak lau.

Amilka-amilka
kinkiti-kanka!
Non dut eskua?
Non dut hanka?


ANPOLAI GORRIAK

Gaztainondoaren
azpitik
gereziak ikusi ditut
gerezi gorriak
gorri-gorriak
anpolai gorriak.

Gaztainondoaren
azpian
amestu ditut
amets berriak
berri-berriak
ilusio berriak.


ESKUAK DANTZAN

Atea kax-kax
atea kox-kox
argia joandakoan
zertara zatoz?

Eskuak dantzan
kriskitin-kraskitin
ametsak margotzera
nator zurekin.


KOLPEKA-KOLPEKA

Nire txirula zaharra
hartu dut eskuetan
eta inoiz entzun gabeko doinua
melodia jo dut.

Txirulak esan dit
hatzak non jarri
nondik kendu
noiz jarri
non ez jarri
noiz eman haize
eta noiz ez.

Non jarri oina
non ez.

Kolpeka-kolpeka
ikasi nuen oinez.

Inoiz egin gabeko bidea eginez.


KILI-KOLO

Katakume ttikia,
tori-tori, mox-mox!
Zurekin kili-kili
jostatzera gatoz.

Aurrenekoan mox-mox
eta gero zapi!
Fut eta fat hasi da
bibote eta guzti.

Gure adiskidantza
dago kili-kolo
beraz lasaitu arte
egin dezagun lo.


AITAREN TONTORREAN

Erraz igo naiz
mendiaren tontorreraino
erraz puntaraino.

Sendoak dira
gihartsuak
gogorrak
indartsuak
aitaren hankak.

Goazen, aita!
Goazen tontorreraino!
Zure bizkarrean.


AMAREN AMETSEAN

Erraz igo naiz
lotara
ametsen kotara
erraz burukiraino.

Sendoak dira
gihartsuak
gozoak
indartsuak
amaren besoak.

Goazen, ama,
ametsen kotaraino!
Zure besoetan.


ERREKA


Udazkenero eramaten ditu
errekak
pago biluztuaren orbel gorriak.

Baina udaberriak
berriz jantziko du pagoa
hosto berriz
berriz
udazkenak
errekara isuri ditzan
eta errekak eraman.

Ni ere
gauero janzten nau amak
muxuz.
Gauak biluztu ez nazan
eta errekak ametsak eraman.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta