Idazleak - Antton Irusta Zamalloa - Laginak - Edurneren kondaira

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Antton Irusta Zamalloa > Laginak

Narratiba

Edurneren kondaira |

Aspaldi, historia ikasten ari zen neska bat ezagutu nuen. Baserri eta basoak oso gogoko zituen. Nuria zuen izena. Unibertsitaterako ikerketa lan bat egin behar zuen. Pirinioetan haitz handi baten gainean zegoen, Gaztelu Madarikatuari argazki batzuk atera behar zizkion.

Eguerdian heldu ginen Gaztelu madarikatuaren bidegurutzera. Lore zuri eta urdinez gainezka zegoen landa batean bazkaldu genuen. Lore artean etzan eta loak hartu ninduen berehala, Nuria laguna lore zoragarri haietako batzuk biltzen zebilen bitartean.

Ezustean, elurra hasi zuen mara-mara jausten.

Harriturik, gela alokatu genuen ostatura itzuli ginen.

Bertako emakumeak harriduraz esan zigun:

-Baina nondik zatozte horrela, blai eginda? Zer gertatu zaizue?

-Ez dakigu. Eguzki bero-galdatan geunden landa hartan, eta bat-batean elurra hasi du bazkalostean.

-Ez da gauza arraroa; kanpotarrak datozenean, sarritan hasten du elurra. Antzinako kontua da, Edurneren istorioa, hain zuzen ere. Beharbada aitaitak kontatuko dizue.

Baiezkoa esan eta sutondoan epeletan zegoen aitaitarengana eraman gintuen.

-Aitatxi, kontatuko al diezu gazte hauei Edurneren istorioa?

-Bai horixe! Gustura gainera.

Gu izoztuta eta busti-busti eginda geundenez, sutondoan jarri ginen, aitaitaren inguruan, istorioa entzuteko irrikaz.

"Orain mila urte inguru, gaur ezagutu dituzuen Kataluniako lautada horietan bizi zirenak egoera latzean bizi ziren eta ihes egin behar izaten zuten mendialdera. Horien artean nekazariak, ikazkinak, artisauak eta laborariak zeuden. Haien artean bazen soldadu zahar eta indartsu bat: Hugo zaharra esaten zioten.

Hugo zaharraren aginduz eraiki zen gaztelu madarikatua lautada horretan.

Hugo zaharra basatia, indartsua eta lapurra zen. Jendeak beldur handia zion, baina hain zaharra zenez, egun euritsu batean hil egin zen. Hugok bazuen alaba bat, Maranka, ederra eta liraina. Aita hildakoan, berak hartu zuen agintea.

Behin batean, bere gerrariekin basoan zehar zihoala, gau beltza etorri zitzaien gainera eta euren lurraldeko baso bateko etxolara joan ziren aterpe bila.

Toki ezezaguna zen eurentzat eta, zalditik jaitsi ondoren, berehala sartu ziren etxolan. Artzainaren ondotik igaro zenean, Marankak adi-adi begiratu zion mutilari eta honen edertasunak liluratu zuen.

Maranka artzain horrekin maitemindu zen.

Marankak artzainarengana itzuli nahi zuen, baina oraingo honetan bakar- bakarrik. Ehizan zebilela, berriz galdu zen basoan. Gau mutuan etxolara heldu eta zalditik jaitsi ondoren, arin-arin sartu zen barrura.

-Anderea, nola zu hemen? -galdetu zuen harriduraz artzainak Maranka ikustean.

-Begira, galduta nabil eta gaua hemen igaro nahi nuke, zure ondoan.

-Nora zoaz? -galdetu zion Marankak.

-Kanpora noa gaua igarotzera.

-Ezta pentsatu ere! -Hemen nirekin egoteko agintzen dizut.

-Hemen barnean? Zurekin, anderea?

-Bai, bai. Zu hemen geratzea nahi dut.

Arnau izeneko artzaina etxolaren txoko batera joan eta hantxe eseri zen. Bitartean Maranka ohe ondora hurbildu eta jantziak eranzten hasi zen banan-banan, apurka-apurka, biluzik geratu arte. Orduan artzainarengana hurbildu eta laztantzen hasi zitzaion. Artzainak, salto batez altxatu, eta hauxe esan zion:

-Anderea, hau zen nahi zenuena?

-Horixe baietz! Zu nahi zaitut betiko! -erantzun zion Marankak.

Hitz horiek entzun bezain laster, artzainak alde egin zuen arin batean. Orduan, Marankak harenganako gorroto itzela sentitu zuen. Nola zitekeen artzainak halako mesprezua egitea?

Berehala arropak jantzi, zaldia hartu eta gaztelurantz abiatu zen irain horren aurrean mendeku nola hartu pentsatzen zuen bitartean. Handik gutxira, Arnau neska gazte batez maitemindurik zegoela jakin zuen. Neskak Edurne zuen izena, azal zuri-zuria zuelako; ilea urre kolorekoa zuen, eta begiak argiak. Inguruko herritar guztiek bazekiten Edurne eta Arnau elkarrekin maitemindurik zeudela.

Marankak agindu zorrotza eman zion bere konfiantzako zerbitzari bati. Edurne aurkitu, hil eta bere gorpua artzainaren etxola aurrean uzteko. Halaxe egin zuen zerbitzariak. Laster bete zuen agindua eta Edurne utzi zuen hilik Arnauren etxolaren aurrean.

Arnauk etxolatik atera eta Edurne lurrean ikusi zuenean, ezin sinets zezakeen egia zenik. Nork hil ote zuen? Hori Marankaren lana zen, zalantza gabe.

Lasterka abiatu zen gaztelura eta Maranka ikusi zuenean:

- Hil nazazu, hil nazazu! -eskatu zion artzain gazteak Marankari-. Ni ezin bizi ninteke Edurne gabe!

- Hori zen entzun nahi nuena eta hori da sentiarazi nahi nizuna.

Arnauk, zoraturik, Edurne besoetan hartu eta korrika alde egin zuen. Zazpi egun eta zazpi gau igaro zituen noraezean, estropezu egin eta altxatuz; zazpigarren egunean zelai berde batera heldu zen eta han atso bat aurkitu zuen.

Atsoak honako hau esan zion:

-Arnau, nora zoaz Edurne besoetan loak harturik?

-Zaude isilik, hil egin dute eta, Marankak hil du.

-Ez da horrela, begiratu ondo -esan zion atsoak-. Ni Edurneren amabitxia naiz eta babesa eman diot. Edurne lo dago.

Arnauk Edurneri begiratu eta berehala konturatu zen masailak arrosa kolorekoak zituela.

-Lo dago -esan zion atsoak-, baina mila urteko loaldia izan behar du. Edurne babesteko era bakarra izan da.

-Mila urte!, Mila urte asko dira. Zer egingo dut nik Edurne gabe? Nola biziko naiz bere maitasunik gabe?

-Gaztea zara -esan zion atsoak-. Beste norbait aurkituko duzu maitatzeko. Bada lore gehiago munduan.

Arnau negarrez zegoen. Atsoari behin eta berriz eskatzen zion Edurne gabe ezin bizi zitekeela; atsoak botere handia zuenez, Arnau lotan jarri zuen Edurnerekin batera eta biak lore bihurtu zituen, lore zuri eta urdin.

Marankak zelatariak zituen nonahi eta hauetako batek kontatu zion atsoak Arnau lore urdin eta Edurne lore zuri bihurtu zituela.

Marankak berehala eman zien agindua soldaduei zelai berdeetan lore zuri bat eta beste urdin bat aurkitu eta erauzteko.

Soldaduek zelai guztiak miatu zituzten eta halako batean soldadu batek "hementxe daude" esan zuenean, zelai osoa lore zuri eta urdinez bete zen.

Soldaduak berriz ere, lore zuri eta urdinez beteta zegoen zelai berdera itzuli ziren. Zelaian sartzeaz batera, elurra hasi zuen mara-mara eta ahotik hortzera zelaia zuri-zuri geratu zen. Horrek sorginkeria behar zuela pentsatu zuen Marankak, eta mila urtekoa zela jakin zuenean, bertan behera utzi zuen bere asmoa.

Urte asko igaro ziren. Izurrite beldurgarria etorri zen eta haraneko jendeak mendian bilatu zuen babesa, berriz ere. Herritar batzuk lore zuri eta urdin zelaira heldu ziren. Zelai horretan atsoa aurkitu zuten.

-Lore horiek zaintzeko ardura hartzen baduzue, lurra lantzeko tresnak, abereak eta haziak emango dizkizuet trukean. Baldintza bakarra lore horiek zaintzea eta lore horietako bat ere mozten inori ez uztea izango dira.

Orduan aitatxik hauxe esan zuen:

-Gu gara mendi haietara joandako jendearen ondorengoak eta bisitatu nahi duzuen Gaztelu madarikatu hori Marankaren gaztelua da, berak eraiki eta iraunarazitakoa. Aspalditik, atzerritarrak hurbiltzen direnean, lore zuri eta urdin zelaira sartzen direnean, elurra egiten du.

Nik neuk ondo baino hobeto egin nuen lo kontakizunarekin lasai-lasai geratu nintzen eta, baina Nuria laguna batera eta bestera ibili zen gau osoan, urduri, loak hartu ezinez.

Hurrengo goizean jaikitzean Nuriak sekulako betazpiak zituen eta eskuak ez zituen patriketatik ateratzen.

-Non da aitatxia?

-Goizean goizetik jaiki eta zelaira joan da; beti dabil horrela, loreak aztertzen.

Gero, Gaztelu madarikatu abiatu ginenean, Nuriak esan zidan:

-Aizu Antton, istorio horrek kezkati utzi nau.

-Bai, konturatu naiz -esan nion-. Ez duzu lorik egin. Aurpegi txarra duzu.

-Begira, atzo eguerdian, zu lotan zeundela ni loreak biltzen ibili nintzen.

Patriketatik eskua atera eta itxita zeukan ukabila zabaldu zuenean lore zuri eta urdin bana erakutsi zidan.

-Eta eurak badira? Edurne eta Arnau baldin badira, zer?

-Istorioak baino ez dira horiek!, Ez duzu dena sinetsiko, ezta?

Egia esan, ez ginen gaztelura heldu eta hanka egin genuen toki hartatik. Urduri eta kezkati izan ginen. Nik neuk ez dut ia inoiz kontatu istorio hura. Urteak dira kontatu nuela eta oraindik ere zalantzak ditut etxeko kutxan ditudan loreak ez ote diren Edurne eta Arnau.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta