Anjel Lertxundi Esnal

Anjel Lertxundi Esnal Atzera

2017
Hitz beste
Berria
2017
Horma
Erein
2015
Zu
Erein
2011
Etxeko hautsa
Alberdania
2010-05-14
Nobelagilea zinemaren eskolan
Nobelagilea zinemaren eskolan

'Hamaseigarrenean, aidanez' eta 'Kareletik' film luzeak zuzendu zituen Anjel Lertxundik 80ko hamarkadan. «Geroztik idatzi dudan guztia kamera bat ondoan dudala idatzi dut».

Juan Luis Zabala.
Zarautz

Horretarako eskariak izan arren, Anjel Lertxundik ez du literaturaren eta zinemaren arteko harremanei buruzko hitzaldirik eman ohi. Baina salbuespena egin zuen herenegun, Zarauzko Kristau Biltoki Zaharrean, Azken Portuko III. Literatura Astearen barruan emandako hitzaldian. Zinemagintzan izandako esperientziak zer irakatsi zion eta irakaspen horiek nobelagintzan nola aplikatu dituen azaldu zuen.

Irakurlea, zinemagile

«Zinema zuzendaria ere irakurlea da, eta guztiok egiten duguna egiten du: nobela jakin bat, testu jakin bat, interpretatu, ikusi eta entzun. Berak nobela hori irudi sorta bihurtu eta pantailara eramaten du. Guk irakurleok egiten ez duguna da pantaila batera eraman; geure baitan gordetzen dugu egin dugun pelikula. Baina pelikula bat muntatzen dugu nobela irakurtzen dugun aldiro. Galdetzekoa da XIX. mendean, zinemarik ez zegoenean, orduko irakurleek nola irakurtzen zituzten Stendhalen, Flauberten edo Tolstoiren nobelak. Zinemarik ez zegoenez, imajinatzen dut antzerkiaren arabera antolatuko zutela beren imajinarioa eta beren nobelaren irakurketa propioa. Eta Emma Bovaryri aurpegi bat, gorputz bat emango ziotela irakurleek, eta irudikatuko zutela nolakoa zen. Baina haiek ez zuten zinemaren erreferentziarik. Guri, erreferentzia bisualak zinematik eta telebistatik datozkigunez, ezinezkoa zaigu nobela irakurtzerakoan apartatzea, desbinkulatzea nobela eta irudia; eta irudi hori zinematik edo telebistatik datorkigu beti. Beraz, denok gara nolabaiteko zinema zuzendariak nobela bat irakurtzen dugun aldiro».

Irakurlea, ikuslea baino askeago

«Idazleak askatasun osoa eman diezaioke irakurleari, nahi duen bezala, edo ahal duen moduan, interpreta dezan pertsonaia. Baina betiere irakurleak aukera gehiago izango ditu pertsonaia bere neurrira irudikatzeko [filmaren ikusleak baino]. Hamaseigarrenean, aidanez nobelan, irakurle adina Domingo egongo dira. Pelikulan, berriz, Domingo bakarra dago, Martzelina bakarra dago, Kornelio bakarra dago. Literatura irakurtzerakoan erabat autonomoa eta askatasun handiagokoa den mundua konkretatu egiten du zinemak, mugatu. Zineman pertsonaiak izaera fisiko bat du, mugimendu jakin batzuk, taxukera konkretu bat. Eta nobelan ez du zertan horiek izan. XIX. mendean, ordea, zinemarik ez zegoenean eta jende askok antzerkia ikusteko aukera handirik ez zuenean, idazleek pertsonaien erretratuak egiten zituzten, esan egiten zuten ahoa, sudurra eta begiak nolakoak zituzten. Zergatik? Irakurleari laguntzeagatik irudi hori osatzeko. Baina XX. mendeko nobelak ez du zertan hori egin. Denok ikusi dugu zinema pila bat, eta idazleak esan diezaioke irakurleari: 'Hori nahi baldin baduzu, zoaz zinemara'. Hori abantaila izugarria da idazteko orduan. Pertsonaia batek izan dezake bere ezaugarri bakarra izena, edo goitizena, edo inizial bat, Franz Kafkaren K.-ren kasuan gertatzen den bezala».

Kolorea, tonua, girotzea

«Hamaseigarrenean, aidanez filmatzen hasi aurretik, argazki zuzendariak galdetu zidan ea zer koloretan ikusten nuen filma. Ez nuen ulertu zertaz ari zitzaidan. Ea zer tonu eman nahi nion jakin nahi zuela argitu zidan. Nik literaturan tonua deitzen dudana, giroketa, atmosfera, nobela batean hain zaila dena definitzen baina nobela bakoitzak berea eduki behar duen atmosfera hori, argazkiaren eta kolorearen bidez ematen du pelikula batek. Euskal pintura errepasatu eta koadro pare bat eramateko eskatu zidan, haien bidez nik filma nolako koloreetan imajinatzen nuen adierazteko. Ordutik, nobela bat idazten dudanean pinturan ere pentsatzen dut. Nobela idazten hastean, imajinatu egiten dut zer pintorek lagunduko didan neure bidaian, eta zer koadrok. Gero, akaso, ez da kolore horren inguruko aipamen askorik izango nobelan, baina espiritu hori nahi dut. Eta gauza bera gertatzen zait musikarekin. Aurretik erabakitako tonu edo klima musikal batek laguntzen dit nobela idazteko garaian».

Pertsonaia bertan, bitartekorik gabe

«Aktorearen lana, berez, rol batekin jokoan, jolasean, ibiltzea da. Paper bat errepresentatzen ari da, benetakoa balitz bezala. Ispilu lan bat egiten ari da. Ez da pertsonaia, baina pertsonaia horrena egiten ari da. Nobelan, berriz, ez dago jokorik. Idazten dugun pertsonaia zuzenean dago bertan. Ez dago bitartekorik. Liburuan, pertsonaiaren eta idazlearen artean ez dago ezertxo ere. Pelikulan, berriz, nik markatutako pertsonaiaren eta gidoian zegoenaren artean aktore bat dago, norbaitek bezala jokatu behar duena. Norbaitek bezala jokatze horretan ere badituzte aldeak literaturak eta zinemak, onerako eta txarrerako, beti gertatzen den bezala. Oro har, nik nahiago ditut nobelak ematen dituen aukerak. Eta zein da aktorerik onena? Bitartekaritza lana gutxien nabarmentzen zaiona. Aktore askok alderantzizkoa egiten dute: pertsonaiara hurbildu beharrean, pertsonaia berengana ekarri».

Kamerarekin idazten

«Filmaketaren garaian, kameratik begiratzen ikasi nuen. Inork ez zidan erakutsi, baina beti ondo funtzionatzen zidan gauza bat egiten nuen: kameratik begiratu eta, planoa ondo zegoela iruditzen zitzaidanean, begiak itxita imajinatu eszena guztia. Harrezkero idatzi dudan guztia kamera bat ondoan dudala idatzi dut, gero kamera baztertzeko bada ere. Batez ere gauzarik bisualenak kontatzeko garaian kamera non jarriko dudan eta zer ikuspegi izango duen pentsatzeko. Nire nobeletan bisualtasun handia dagoela esaten didate. Pentsatzen dut baietz, badagoela zerbait horretatik».

Antolaketaren garrantzia

«Filmaren prozesu osoko lanik ederrena, edo idazketari begira gehien irakatsi zidana, muntaiarena izan zen. Ordura arteko nobelak idazterakoan jabetu ez nintzen gauza batez jabetu nintzen muntaia egitean: zer garrantzi duen eszena bat aurrean edo atzean jartzeak. Gauza ezberdinak gertatzen ziren, aldatu egiten zen zerbait. Nahiz eta eszena berdina izan, etekin ezberdinak ematen zituen beste baten atzean jarrita, edo alderantziz kokatuta. Testuan paragrafoekin gauza bera gertatzen dela ikusi nuen. Irudien antolamenduak filmaren muntaian duen garrantziaz jabetzea oso ondo etorri zitzaidan testuen antolamenduak literaturan duen garrantziaz jabetzeko».

Itzulera, garaiz

«Kareletik filmak ez zuen oso ondo funtzionatu, eta neu ere ez nintzen oso gustura geratu. Ikasi ere, gutxiago ikasi nuen orduan, jakina. Gauza garrantzitsu bat ikasi nuen, hala ere. Konturatu nintzen urte eta erdi pasatu nuela Hamaseigarrenean, aidanez eta Kareletik-erako lanean, eta urte eta erdi horretan ez nuela egin txikitatik egunero-egunero egin izan nuen zerbait: irakurri. Urte eta erdian ez nuen ia-ia ezer irakurri. Hirugarren pelikula martxan geneukan ia, eta Kareletik ondo ez atera izana akuilu ona izan nuen neure buruari esateko: 'Hoa hire lanera , eta esperientzia hori aprobetxatu ezak ahalik eta ondoen hire lana ondo egiteko'. Horrela erabaki nuen ez nuela gehiago zinemarik egingo, behintzat zuzendari gisa».
2009-02-07
Eleberri beltza
Batzuetan Anjel Lertxundik literaturan ibilbide aldakor samarra eraman duela iruditu zait, bide desberdinak urratuz, eta urratu bezain laster alde batera utzita, bide horiek nahi duen lekura eramango ez dutelako inpresioa izango balu bezala. Gauzak honela, liburu miresgarrien ondoan, frakasutzat har daitezkeen ahalegin literarioak ere ikus ditzakegu, edota frakasuak izan gabe hizkuntza-saiakeren itxura handiegia duten testuak, hizkuntz sinfonia zailegiak. Alde horretatik, ausardia aitortu behar zaio idazleari, askoz errazagoa baita porrot egitea halako esperimentuetan, bere hartan eroso egonda baino. Oraingo honetan nobela beltzaren topikoak gogora ekartzen dituen liburu bat argitaratu du, Zoaz infernura, laztana izenburua duena. Izenburuak Chandler-en Farewell, My Lovely gogoratzen du, eta horri liburuaren hasieran agertzen den aipua gaineratzen badiogu (Postariak bi aldiz deitzen du beti nobelatik hartutakoa), nobela beltzaren zalea lehenengo momentutik ohartuko da zer-nolako marko barruan eskaintzen zaion istorioa.

Argumentua, bestalde, gaurkotasun handikoa dela esan daiteke (komunikabideetan agertzen dena ikusita behintzat), emakume batek senarrarengandik jasotzen dituen tratu txarretan oinarritzen baita. Beraz, esan daiteke genero beltzeko literatura eta gai soziala elkartzeko ahalegina egin duela idazleak liburu honetan. Nobela erraz irakurtzen da, eta hori azpimarratu egin behar da, batzuetan Anjel Lertxundiren testuek esfortzu handiegia eskatu izan baitiote irakurleari. Kasu honetan, ez, nobela hasi eta buka irakur daiteke, eta testua ez da inoiz nabarmentzen, ez da inoiz istoriora heltzea eragozten duen oztopoa. Argumentua interesgarria iruditu zait, baina nobelak atentzioa eman didaten zenbait elementu dauzka, oso koherenteak iruditu ez zaizkidanak. Hainbat narratzaileren nahasketa da osagai horietako bat, nire ustez, halako nobela batean soberan dagoena. Bestalde, garai aldetik dagoen zehaztugabetasuna ere aipagarria iruditzen zait, ez baitago jakiterik zehazki noiz kokatzen diren gertakariak: 60ko hamarkada gogora ekartzen duten osagaiekin batera, 80ko hamarkadaren erdialdekoak edota modernoagoak diruditen beste batzuk agertzen baitira. Edonola ere, Lertxundik oso ondo jakin du suspensea neurtzen argumentua garatzerakoan eta intriga maite duen irakurlea erraz geratuko da kateatuta gasolindegian lan egiten zuen emakume horren istorioan.
2009-01-24
"Norberaren barruan sartzea da bestearen larruan sartzeko era"
«Nik ez dut tratu txarrei buruzko nobela bat egin nahi izan; hori bakarrik balitz, nobela txarra izango litzateke». Anjel Lertxundiri (Orio, 1948) 80ko urteetako benetako gertaera batek eman zion «tratu txarrak ageri diren» eleberri bat idazteko abiapuntua, Taberna zuloko ipuinak antologian argitara eman zuen ipuinean jaso zuen hark. Zinemarako gidoia idazten ari da orain, noizbait filmatuko ote den ez dakien arren.

Ipuin hartan ez zinela emakumearen larruan sartzera ausartu zenion, eta orain, eleberrian, hori egin nahi izan duzula. Zergatik?
Ausartu baino gehiago, niri orduan hori sortu zitzaidan. Gero, behin baino gehiagotan eman dizkiot bueltak kontuari, han bazegoelako materiala. Eta orain dela pare bat urte ekoiztetxean [Pausoka] hainbat istorio garatzeko aukeraz ari ginela, ipuin horren halako eskema bat egin nuen. Baina nirea narratiba da, eta gidoi batekin nekez sakonduko nukeen pertsonaien psikologian.

Kontua da bai ipuinean eta bai gidoiari buruz egin nituen oharretan ere, nolabait, kanpoko gertakizunetan oinarritutako kontu bat zela. Eta horrela zaila zen barneko sufrimenduak eta sentimenduak adieraztea. Niri interesatzen zitzaidana ez zen Rosak niri mesede bat egitea, baizik eta nik Rosari egitea mesede. Justizia poetikoa egitea, nolabait. Izan ere, idazleok askotan aprobetxatzen ditugu kanpotik datozen materialak gure probetxurako soilik. Pertsonaien psikologian sartu eta ulertzen ahalegindu nahi nuen orain.

Rosaren psikologian kartzelako funtzionarioaren bidez sartzen zara. Hori ere, emakumea.
Emakumeen kartzela batean dagoelako, besteak beste. Baina era berean, iruditzen zait intimitatean hainbat maila daudela, eta nahiz eta konfiantza izugarria eduki emakumezko batek gizonezko batekin, nik uste dut sexuak markatzen duela konfidentziaren nolakotasuna. Alde horretatik, garrantzitsua iruditzen zitzaidan epaileari, gizonezko autoritateari, aitortza bat egitea, baina gero neskari egitea, nahiz eta hori ere autoritatea izan -kartzelako funtzionarioa baita-. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan kontraste hori. Emakumezkoen arteko konfidentzia hori gabe oso zaila zen bestela hainbat gauzaz hitz egitea. Bestela, autore orojakilearena egin behar nuen, eta ez zitzaidan bidea iruditzen. Disparate bat izango zen.

Baina emakumezko funtzionario horrek berak ere zalantzan jartzen du gai ote den Rosaren barne mundua idatziz ongi azaltzeko.
Entzun egiten du Rosak esaten dion guztia, eta gero niri, irakurleari, esplikatu behar dit zer jaso duen. Zailtasunak hortik datozkio; berari espresatu zaiona berak nola espresatu.

Eta egile gizonezkoari, hots, zuri, nolakoa egin zaizu ariketa hori?
Prozesu sortzaileari buruzko gorabeherak funtzionario emakumezko horren bidez jasota daudela uste dut. Berak egiten dituen hausnarketa batzuk nireak ere badirelako. Posible al den bestearen sufrimendua behar bezala jasotzea, adibidez.

Ni gero eta konbentzituago nago edozeinen larrutan sartu behar baduzu, dela emakumezkoa dela gizonezkoa, modu bakarra dagoela: norberaren barruan sartzea. Nolabait, zu eta ni bi sexu desberdinetakoak izan arren, badago gure gizatasunean elementu sakonago bat berdindu egiten gaituena, elkartzen gaituena. Idazleak betiere horra jaitsi beharra dauka; desberdintzen gaituen horretara baino gehiago, berdintzen gaituen horretara. Ulertzen hasteko.

Norberaren barruan eginiko bilaketa horretan topatu dituzu pertsonaiaren ezaugarriak? Hau da, edonori gerta dakiokeela berari gertatua?
Nork esan dezake zirkunstantzia berberetan zu Rosa eta ni Tomas izatera iritsi ez gintezkeenik? Zerk ematen dit niri harrokeria morala esateko ni ez naizela sekula santan hor eroriko? Gorabehera horretan guztian apaltasuna behar da, eta ispiluaren aurrean nork bere buruari galdetu behar dio edozein bidegabekeriaren aurrean ea seguru dagoen ez litzatekeela horretara iritsiko.

Genero indarkeriak eta halako gaiek maiz gain hartzen diete istorioei. Hemen, ordea, badago pertsonaia nagusia estereotipotik aldentzeko saioa. Ez da maitagarria, ez da errukigarria.
Bi elementu dira errealitatea eta literatura. Errealitateak eraman zintzake gauzak idealizatzera. Genero indarkeriaren kontra jartzen zarenean, planteamendu etiko batzuk egiten dituzu. Eta nolabait, ideala jartzen duzu errealitatearen gainetik.

Literaturak, ordea, ezin du hori egin; ez du hori egin behar. Bilatu behar ditu elementu hain erosoak ez direnak. Literatura politikoki zuzena den horren kontrako tresna bat da. Eta hala ez baldin bada, ez du ezertarako balio. Ni larritzen edo deseroso jartzen ez nauen literatura ulertzen dut, baina denbora-pasarako.

Hala ere, alkohola, ehiza, kamioiak ageri dira gizonezko pertsonaiekin lotuak, elementu estereotipatuak. Beharrezkoak ziren?
Gizonezkoen kasuan zalantza handiak izan nituen kontu horrekin. Nik banekien Tomas eta Inazio nahiko pertsonaia lauak egiten ari nintzela. Baina ez bainintzen ni haietaz hitz egiten ari zena! Rosa baizik.

Alde batetik, liluratuta dago Inaziorekin, baina lilura horrek lau bihurtzen du Inazio; eta bestetik, Tomas eta haren tratu txarrek eragiten dioten gorrotoak erabat lau bihurtzen du Tomas.

Egia da alkoholaren gorabeherarik gabe pasa zitekeela, ez dela beharrezkoa. Baina gertatzen da halako elementu exogenoak badaudela. Nik pentsatzen dut horrelako portaera biolentoetan badaudela norberaren psikologiatik eta emakumeari buruzko pentsaeratik datozen jarrerak, eta bestetik, kanpotik datozen elementuen eragina dago. Lehendik datorren hori indartu edo lehertu egiten dituzten zirkunstantziak.

Botere harremanen adibide, familiako emakumeen arteko harreman gaiztotuak ageri dira.
Nobelan, eta propio egin dut, Rosak ia inoiz ez du esaten berak gaizki zer egin ote duen. Jipoitzen dutenean bai, orduan zer egin ote duen galdegiten du, baina gainerakoan ez. Ez du bere kondizioaz galdetzen, erabat itota dago, dena datorkio.

Inazio bera barne. Salbatzaile baino gehiago, beste helduleku bat baino ez da. Aingura bat.
Momentuko irtenbidea bada, baina salbazioa bestea da, Tomas desagertzea. Eta gero gertatzen da hori ere ez dela horrela. Hilketa ongi aterako balitzaie ere, ez dirudi Rosa libratzen denik bere mamuetatik. Berriro ere Inaziok keinu berberak egiten baitizkio...

Istorioa zirkularra da. Intrigari heldu nahian?
Gorabehera debaldekorik egin gabe garatu nahi nuen istorioa. Gertakari handirik gabeko kontakizun bat osatu nahi nuen. Esaterako, azken pasarteetan harrapatzen dituztenean elementu oso sinpleak ageri dira. Baldarrak igual. Eta nik uste dut errealitatea horrelakoa dela. Nobela beltzak eta nobela poliziakoak hain korapilatsuak dira ezen ez den behin ere gertatzen gero eguneroko bizitzan halakorik.

80ko hamarkadan kokatu duzu istorioa, orduko bizimodua ekarrita. Zergatik ez duzu gaurko egunera ekarri?
Ezkontzari edo familiari buruzko planteamenduak nik ezagutu ditudanak dira. Gaur ez nuke esango erabat desagertuta daudenik, baina bai desagertzeko prozesuan daudela. Baina gertatzen da nik mundu hori gehiago ezagutzen dudala egungo gazteen harreman motak baino. Baina horrek ez du esan nahi gaur edozein herritan Tomas eta Rosarik ez dagoenik. Hortxe, muga-mugan, jarri nahi izan nuen.

Bestalde, pentsatzen dut bazuela pisua orain 30 urte idatzi nuen ipuinak, Rosak epailearen aurrean eginiko aitortzak. Horrek markatzen du eleberriaren tonua.

Tonu bizia, idazkera gardena erabili duzu, ekonomikoa oso. Nolakoa izan da erronka?
Zaila da lau eta garden idaztea, korapilatua eta bihurria idaztea baino zailagoa da. Eta dudarik ez dago eleberri klase honek behar zuela halako jarrera bat. Ahalegindu naiz horretan, baina ez dut beti lortu. Esaldi pare bat joan zaizkit.

Hala ere, kontakizuna azkarra da, bizia da, nortasun bat baduela iruditzen zait. Askotan gertatzen da euskaraz hizkera guztiz korrektoa erabiltzea baina irakurtzean iruditzen zaizu hilotz baten aurrena zaudela. Hark ez du bizitasunik. Testu bakoitzak hizkeraren berotasuna bilatu behar du. Edo hoztasuna bilatzen duzunean ere, hoztasun horrek bizia izan behar du. Demagun, Harkaitz Canoren Belarraren ahoa. Liburu hotza da goitik beherakoa, baina hoztasun hori bilatua da, bizi da.

Berorika ere erabiltzen duzu.
Zalantza handiak izan nituen erabili edo ez. Baina pentsatu nuen: hasieran irakurleari berorikaren erabilera pixka bat gogorra egingo zaio, baina behin konbentzioa sartzean funtzionatu egin behar du. Galduta baldin badago ere, forma hori zergatik ez erabili hainbat gauzatarako?

Jatorrizko ipuinena ere halaxe dago, eta orduan ere arazo literarioa berbera zen. Baina pertsonaia identifikatzeko garaian primeran dator. Berorika gabe nekez espresa baitezakezu Rosa eta epailearen artean dagoen harreman hori.

Ze iritzi jaso duzu irakurleen aldetik, eta, bereziki, emakumezko irakurleen aldetik?
Oraindik liburuak oihartzun txikia izan du, eta, gainera, gurean feed-back aukera gutxi izaten da, baina jaso ditudan iritzien artean, harrigarriro onak dira mutilen aldetik jaso ditudanak. Neskengandik ere bai, baina harritu egin naiz bereziki mutilek jartzen duten entusiasmoarekin. Kuriosoa da. Zerbait berezia badago hor. Eta, gainera, ni ez nengoen konturatuta, emazteak esandakoan jabetu nintzen.
2009
Eskarmentuaren paperak
Alberdania
2008
Irakurri
Meettok
2008
Zoaz infernura, laztana
Alberdania
2007-10-09
Gure baitatik ihesean
Oroitzapena, ihesa, sufrimendua, isiltasuna, nortasuna, fanatismoa, kanpoko giroaren eragina… giza portaerari buruzko hausnarketa egiten digu Anjel Lertxundik, ekintzarekin, suspentsearekin, jakin-minarekin nahastuta.

Liburuak hiru parte ditu. Lehenengoan Werner gaztea hitlerzale itsua aurkezten digu Lertxundik, Alemania naziko giroan txertaturik. Aldi hartan, hain usu izan ziren krudelkeria guztiak burutuko ditu: homosexualak jipoitu, komunistak jazarri, juduen kontra bihotz eta arima jardun. Etxekoen epelkeriaren kontra ere egingo du Werner gazteak, aitaren isiltasunaren kontra bereziki. Aitaren isiltasunak indar itzela hartzen du lehenengo parte horretan.

Liburuaren bigarren partean, Werner gazteak judua dela jakingo du, eta horrek bere ordu arteko munduarekin etetera eramango du, fisikoki nahiz gogoaren eta intelektuaren aldetik. Etena.

Liburuaren hirugarren partea ihesarena da. Naziengandik, ordu arte beretarrak izan direnengandik, ihes egitea.

“Bidaia iniziatiko baten istoria da”, esana du Anjel Lertxundik. Eta alde horretatik, batek irudipena hartzen du, liburuan aurrera doan neurrian, denboran eta lekuan hain urrun dagoen istorioak baduela irakurketa bat ere hemen eta orain. Historia egon zitekeen kokatuta beste leku batean, beste denbora batean, giza portaerak hurbilak baitira beti. Baina Alemania nazian kokatzeak badu abantaila bat, irudi ezagunekin jokatzen duela Anjel Lertxundik, eta horretan zinearen eta gaiaren inguruko liburu anitzak idazlearen aldeko jokatu dute pertsonaian sakontzean, konfliktoa agertzean. Ez hainbeste historia bera. Baina literatura lerro artean ere irakurri behar baita, Wernerren historia hurbila egiten zaigu. Arriskatu egin da Anjel Lertxundi, bere irakurleak beti eskertzen dioguna, bide batez esanda. Werner 36ko Gerran kokatu izan balu, beharbada hurbilago sentítuko genuen ekintza, lekuak, eszenatokia, ukituko zigun bihotza, piztuko zizkigun grinak… baina aukera gutxiago ere izango zituen, apika, adierazi nahi ziguna kontatzeko. Eta Anjel Lertxundik leku sakonagoetara eraman nahi gintuen, giza portaeraren beste portaeretara eta kontraesanetara. Eta eraman gaitu.
2007-08
Izan gaitezen piztiaren lekukotasuna
Ihes betea aspaldion gurean kaleratutako nobela gotorrenetako bat duzu. Berarekin zure baitarako bidea eginen duzu. Nobela pertsonaren baitara eta kontzientzia kolektiboaren baitara bidaiatzeko aproposa baita. Hots, pertsonok aldian-aldian burutu beharreko joanaldia edota gogoeta burutuko duzu berau irakurriz.

Alemania naziaren garaia da. Protagonistak hamazazpi urte ditu: Werner Lindemann. Alemaniar nazioaren zerbitzurako gazte Hitlerzalea da, prestua eta koadrilan ibiltzen usatua: kementsua, oldarkorra eta sutsua. Odola eta ohorea Wernerren bere-berekiko ezaugarriak dira.

Neronek emandako xehetasun hauekin osatu du egileak istorioaren hiru zatietako lehena. Zati hau arras gardena eta aratz duzu, ez zaitu indiferente utziko, gertakariek zure sentimenduak inarrosiko dizkizute arras.

Aberriaren alde bizia emateko prest dagoen Wenerrek baina, supituki judua dela jakin du. Werner Hitlerren aldeko judua da ordea. Horixe paradoxa! Arraioa! Orduan hasten zaio mundua aldatzen Werner Lindemanni, bizitza ihesa bilakatuko zaio istorioaren protagonistari.

Hurrengo bi ataletan, Lindemann gaztearen ihes fisikoa ezagutuko duzu: esperientzia gogorra, nahasia, nahasgarria, anbiguoa edo zalantzazkoa, duda asko ekarraraziko diona:

Alemaniatik Triestera, handik Parisera eta Marseillara. Pirinioen magaletatik Hendaiara. Bertatik alde eginen du Frantzia okupatutik. Nobelaren geografiak badu bere munta, Wernerren esperientzia baina, bereziki, barne bidaia eta ihesa da bereziki

Gure memoria lantzen lagunduko dizun eleberri honi buruzko juzku pare bat eskainiko dizut segidan:

Alemanian kokatua da istorioa, alabaina, nobela unibertsala eta garaikidea da. Wernerren istorioa aitortza da, joan den mendeko historiaren lekukotasuna, pertsonok garenaren eta bilaka gaitezkeen aitortza. Hitz laburrean, pertsona baten eraldaketa aurkituko duzu nobelan.

Haurtzaroaren eta nerabezaroaren araberako gaztaroa gorpuzten dugu pertsonok, eta horren araberako bizialdi osatu ere. Gazte garaiko esperientziak bizialdi osorako eramaten ditugu gurekin, etengabeko borrokan. Sentimenduek gaina hartzen digute sarritan, eta berauek menperatuko baditugu izanen gara libre, edo menpeko izatera kondenatuak biziko. Werner Lindemannen antzo, zirkunstantzien biktimak gara, eta horregatik berarengatik borrero gisa aritzen gara zenbaitetan. Geure biktima izaera nolakoa halakoa gure baitako borreroa. Hartara, etengabeko borroka burutzen dugu gure baitan daramagun giza piztiaren kontra.

Gaztetan absolutuaren mugan ibiltzen gara, naturako legeen aurka lehiatzera garamatzaten esperientziak bilatzen ditugu, totalitarismoaren bidetik garamatzaten esperientziak dira sarritan. Alta bada, pertsonok paradoxaz beterik gaude, garen izakari anbiguoak ez digu barne korapiloak laxatzen uzten edo gure oreka erdiesten laguntzen. Ihesa dator ondoren.

Hara gogoeta. Sakonago eta luzeago, nobelaren jitez eta estiloz, hurrengo batean agian. Gure ekialdeko agian delakoaren zentzuan. Anartean, irakurle lagun hori, mentura zaitez Wernerrekin batera zure baitarako ihesa egiten.
2007-03-31
J baten kulpaz
Zer egingo zenukete, egun batetik bestera, orain artean izan zareten hori ez zaretela jakingo bazenute? Zer, kolpetik, orain artean izan duzuen identitatea benetakoa ez dela jakingo bazenute? Are gehiago, nerabe hitlerzale “eredugarri” izatetik judu izatera pasatuko bazinete? Ezkutatu? Urrun, oso urrun, alde, ospa egin? Buruaz beste? Baina ihes azken batean, ezta? Werner Lindemann-ek (benetan Werner Lindemann ote?), Anjel Lertxundiren azken nobelako pertsonaia nagusiak, zalantzarik ez du: “Ihes egin. Ihesean bizi. Ihesa bakarrik nuen zilegi”. Izan ere, “mundua salbatu behar zuen goi-gizaki izatetik gorotza izatera pasatu nintzen pentsa litekeen unerik laburrenean eta J baten kulpaz”.

Alemania naziaren garaira, Bigarren Mundu Gerraren atarira eraman gaitu idazle oriotarrak Ihes betea azken narrazio lanean. Distantzia hartzea aukeratu du gertuko zaion gaia lantzeko: identitatearena, hain zuzen. Kapitain frakasa (1991) edota Otto Pette (1994) nobeletan gertatzen zenaren antzera, hemen ere identitatearen arazoa azaleratzen baita besteren gainetik eta protagonista gaztearengan islatzen: nazi, judu, iheslari eta erresistentziako kide, Werner lehenik, Ernst gero, René Bourgeois txantxetan. “Zerbitzariaren atzean ispilu handi bat zegoen. Arretaz aztertu nuen neure burua. Nekatu itxurak zaharrago egiten ninduen, baina ni nintzen. Nor nintzen, ordea, ni?, hori zen ispiluak berdinduko ez zidan koska”.

Imajina dezakegu anabasa: sistema totalitario oso bat atzetik duen gaztea, biluzik geratzen da, erabat biluzik, judua dela jakin bezain pronto. Noiz eta identitatea eraikitzen ari den garaian, nerabezaroan. Ordura arte egindako basakeria guztiak beraz, bere aurka itzuliko dira, pixkanaka, judutartasunaren kontzientzia hartzen duen neurrian. Eta, aukera bakar, ihesari ematen zaio: suzko Alemaniatik Italiara egingo du, Frantziara gero. Hiru zati baititu nobelak, hiru herrialdeoi lotutakoak: lehenean, Werner hitlerzale nerabeak Alemanian egindakoak dira kontagai. Ihesaren lehen geltokia etorriko da ondoren, Trieste. Bertan, zera aitortuko digu: “bi pertsona xume, horra aurrera egiteko euskarri bakarrak”. Paris, Marseilla eta Hendaia, ihesaren testigantzak eskaintzen dizkigun azken geltokiak.

Egia aitortze aldera, esan beharra dago Lertxundiren nobelak bete-betean harrapatzen duela irakurlea: Alemania naziaren birsortze bikainarekin, bai eta ondorengo ihesarekin, barne bidaia ere baden ihes kitzikagarriarekin. Izango da gaiaren aukeraketa eta tratamenduagatik. Izango da erritmo biziko idazkeraren erabileragatik. Kontua da Lertxundiren azken nobelaren irakurtzeak ez duela inor hotz utziko. Eta identitatearen gaia aipatu dugu lehentxeago, baina motz geratuko ginateke hor geratuko bagina: memoria, biziraupena, sufrimendua, jazarpena (eta ez politikoa), esaten dena, esaten ez dena… hamaika lirateke bertan ukitzen direnak. Eta motz geratuko ginateke Ihes beteari irakurketa bakarra eskainiko bagenio.

Ipuingintzaz diote, baina euskarazko nobelagintzak ere txanpa gozoa bizi duela esatea ez legoke sobera. Iazko uztak bederen, hori pentsatzeko bidean jartzen gaitu: Iturralderen Hyde Park-eko hizlaria, Epaltzaren Mailuaren odola eta, zalantzarik gabe, baita Anjel Lertxundiren Ihes betea ere, horren adibide. Hirurak ere lan erabat ezberdinak, baina hirurak ere nobela mardul txukun baino txukunagoak. Aurtengoak antzeko zerbait emango balu, irakurle hau gustura eta harro, zergatik ez.
2007-03-09
Ihesbideak
Halabeharrak ekarri zidan, beste gauza asko bezala, Anjel Lertxundiren azken nobela hau eskuetan nuela, Adornoren “Minima Moralia” denboraldi berean irakurtzeko aukera. Liburuak Adornoren neurri etikoaren berri ematen du. Puskaz osaturik dago eta, nire iritzian, Adorno idazlea ageri da, beste liburuetan baino areago. Bada, dena dela, puska horien artean bat haurtzaroari eta faxismoari buruzkoa. “Egia esan, faxismoaren irudia haurtzaroko oroitzapenetatik hartu beharko nuke”. Testu laburrak Ihes betea nobelako lehen zatian ageri dena ekarri dit oroimenera. “Halek, Herioren funtzionario balira bezala, ametsetatik sortu eta nire iraganeko bizia eta nire hizkuntza kendu zidatenez geroztik, ez dut zertan ekarri haiek ametsen mundur”.

Werner etorri zait gogora, Lertxundiren pertsonaia, judu dela ez dakien judua. Aitortu behar dut liburuko lehen zatia hunkigarria egin zaidala, idatzitako testuak adierazten duen garai bateko errealitateagatik ez ezik, errealitate horrek gure orainean uzten dituen irudiengatik ere bai. Lertxundi nazien Alemaniaz ari denean, gure herriaz ari delako sentipenak harrapatu nau. Literaturak badu, nahi gabe ere, bere garaia gainditzeko eta, era smbolikoan, beste garai batzuetara sarrera egiteko ahahnena. “Faxismoan, haurtzaroko amesgaiztoak errealitate bihurtzen dira”.

Werner judu dela ohartzean hasten de bere ihesaldia. Triestera joango da eta ban Umberto Saba idazlearekin egingo du topo. Frantziara egingo du, gero, ihesa, eta han Joseph Roth aurkituko du. Pertsonaiak ihes egitean, narrazioak ere ihes egiten du, eta, testuak ibilbide literarioak hartzearekin batera, bere sinbolismoak ere norabidea aldatzen du, ikuspegiarekin batera, jakina; baina ez bere funtsa. Narrazioko oraina gure oraina ere izan daiteke, narrazioko garaia gurea ere izan daitekeen bezala. Saba eta Roth orainekoak dira eta garaikideak ere bai. Baina, bestelako irudiak ezabatzeke, literaturari buruzko ikuspegiak hartzen du nagusitasuna, eta literaturaren eta bizitzaren interpretazio ordenatu bilakatzen. Literatura ihesbide da, batez ere. Horregatik, mundua aldatzea hartzen badu helburutzat.
2007-01-07
Judu herratuaren aitortza
Anjel Lertxundiren azken nobela, Ihes betea, Werner Lindemann-en aitortza da, nobela honetan Werner zaharrak gaztarokoak papereratzen ditu, nahiz eta idaztera zerk bultzatu duen garbi izan ez. Hark dioenez, kinada berezi batek hartara eraman du, eta kinada horri zintzotasunez erantzun nahi izan dio. Irakurleoi dagokigu, besteak beste, aitortzaren helburu horri erreparatzea, aitortzaren iturrietara jotzea. Jakina, aitortzaren iturburu hori atzemateko moduak baldintzatuko du zeharo irakurleak nobela honen gainean egiten duen irakurketa, Wernerren hitzen aurrean duen jarrera.

Lehendabiziko partean, Werner gazteak Alemanian bizitakoak kontatzen dira, judu izan zela jakin arteko bizipenak, alegia; bigarren partean, Wernerren lehen ihesaldia kontatzen da, urruneko senide Angelorekin Triesten egindako egonaldia; eta hirugarren parteak, azkenik, ihesaldi eta ibilaldi ugari kontatzen dira, bai Triesten Angelorenetik joan ondoren gertaturikoak, bai Parisera egindako ihesaldia, baita geroko beste ibilera batzuk ere.

Abiaburutik bertatik aitortzen digu Wernerrek judua dela, eta horregatik, irakurleok hasiera batetik partekatzen dugu Wernerrekin sekretu hori, bizitzan mugarri izan zaion identitatearen ezaugarri hori. Era berean, abiaburutik bertatik ematen zaigu aditzera Werner gazteak ez zuela ezagun haren jatorria, ez zuela ezagun judua zenik. Are gehiago, haren jatorriaz ezjakin, Wernerrek Hitlerren jarraitzaile sutsu izan zela kontatzen du, eta halaber, judu zirenei egindako irainak eta mespretxuak kontatzen ditu. Hitlerren dotrinaren jarraitzaile izateak ere baldintzatuko du Wernerren gaztaroa, jarrera eta mundu-ikuskera. Baina, ezustean, Wernerrek bere jatorriaren berri izango du, eta horrek errotik aldatuko du haren bizimodua, baita haren ikuskera ere. Azken batean, judua izateak ekarriko dio judu herratuaren antzera.

Nire ustean, judua dela jakiteak Wernerri dakarkion kontzientzia-hartze eta mundu-ikuskera hori, nobela honetan bat-batekoegia da, bilakaera eta zalantza gutxikoa. Kontraste gutxikoa. Hau da, lehendabiziko parte horretan, badira Wernerrengan ernatzen diren zenbait kontraesan, zenbait beldur, zenbait zalantza, baina bigarren parterako jada badirudi pertsonaiak kontraesan, beldur eta zalantza horiek guztiak gainditu egin dituela, onartu duela bete-betean judua dela, gaitzesten duela bete-betean Hitlerrekiko izan duen miresmen itsu hori. Judu dela jakiteak kontzientzia ernarazi bailion. Azken batean, gertakari gehientsuenak helduaroan garaturiko kontzientziaren eta moralaren galbahe herstutik iragazirik aurkeztu dira. Hau da, gertaeren harilkatzeak pisu berezia izan arren eta jakin-mina pizteko gaitasuna izan arren, Wernerren kontzientzia-hartze horrek egin du gainez nobela honetan. Gainezkatze horretan, nire ustez, kontzientzia-hartzearen garapen hori irudikatzerakoan desoreka egon da. Izan ere, kontzientzia-hartze hori irudikatzeko batez ere aitortza eta memoriaren diskurtsoak josi dira nobela honetan. Baina, batzuetan, bi diskurtso hauek besarkaturik aurkezteak pertsonaiaren karakterizazioaren alde egin du, pertsonaiaren nortasunaren zirrikitu ugaritan sakontzeko aukerak zabalduz, eta beste batzuetan, aldiz, bi diskurtso hauek besarkaturik aurkezteko egin diren ahaleginak ez dira orekatsuak izan, memoriaren kaltean. Hau da, narratzailea trebe ibili da, oso trebe, memoriaren txokoan gorderiko irudiak eta eszenak marraztu eta harilkatzerakoan, baina ez da hain trebe ibili eszena horiek aitortzaren eta kontzientziaren diskurtsoarekin lotzerakoan. Nobela honen lehendabiziko parte horretan antzeman dut bi diskurtso hauek josteko trebetasuna, eta beste bietan, aldiz, ahuldu da oreka hori. Batzuetan, eszena preziatsu eta pertsonaien deskribapen bikain zirenak zirriborratu egin dira kontzientziaren begi zorrotzaren itzalean.
2007
Las últimas sombras
Alberdania
2006
Ihes betea
Alberdania
2005-09
Hitzari eutsiz hitzaren defentsan!
Literatur zalea al zara? Literaturaren bidean xenda edota bidezidor zaildu samarrak korritua? Bada, hona hemen liburu paregabea bide horretan barrena segitzeko eta zure arima aberasteko.

Lertxundiren eskaintza etxeko uzta duzu inola ere. Hots, egilea geure letren tradizioan murgildu da, eta ahozko tradiziotik “edanda” gauzatu ditu liburuaren 93 kontakizunak.

Geure hitzen zentzuan bide eginen badugu, hitzen esana arakatu eta berreskuratu beharraz gaztigatu digu idazleak. Arakatzeak —eta berreskuratzeak— geure memoria eta gogoa astintzea eskatzen du alabaina. Hau, da memoriarik gabe ez dago tradiziorik. Eta tradiziorik gabe ez dago modernitaterik.

Zer da bizi duguna ordea? Horren modernoak al gara? Antza, modernoari nolabaiteko “gaina” jarri diogu, “super” gisako bat. Eta “gain eta super” horrekin bizi gara, edo hori da gure kulturaren ikur gorena: supermodernitatea. Gurea modernoa da bai, baina hutsala. Hara, urrunegi joan naiz, iritzi ematen hasia. Tira nire —ohiko— inpresioak isuriz jarraituko dut. Ariz ari, harira.

Liburuak —literaturaz ari garenez gero— lurra jorratu eta uzta oparo jasotzeko ematen dizu, ematen dizunez. Esaterako, hainbat narrazio gidatzen duten ahotsak dituzu ele eskaintza oparo. Geriatrikoan bizi den pertsonaiaren ahotsak emango dizu zer jasoa, bereziki. Pertsonaia honen bidez, gutariko bakoitzean memoriaren bilakaera antzeman dezakezu. Zenbaitetan biziko bagara ahantzi beharra baitugu. Alegia, memoriaren eta amnesiaren ondorio garela, bi hitzetan adierazia.

Liburuak ematen du ematen duenez. Alegia, literatura jokoa den aldetik, egileak tradiziotik jasotako historiaren eta istorioen harian, istorio berriak sortu ditu. Horiek guztiak, bertako nahiz munduko literatura eta idazleen konpainia noblean. Egileak idazle lagunak gonbidatu baititu bere bidean.

Hainbat pertsona eta pertsonaia… zenbait genero eta denbora. Horiei guztiei eta bakoitzari dagokien doinua eman die Anjel Lertxundik. Liburu oparoa osatu, baita konpainia noblean gauzatu ere. Hitzari eutsiz hitzaren defentsan!
2004-10-12
Isilean gorde duguna, hitzetan
Bartolok hankaperatutako Maritxu, Bereterretxeren hiltamu sakona, grazia miragarri batek berpiztutako hainbat pasarte ustez ezdeus, Italo Calvinoren pertsonaia bufo eta malenkoniatsuak diruditen geriatrikoko atso-agureek osatzen duten hari nagusia…eta oroz gain, edo dena bilduz, erritmoari eta hitz egokiari eskeinitako asti eta txera guztiak. Anjel Lertxundiren konpainia noblean egotea plazer hutsa izan da, paragrafo perfektu batek beste bati eman dio segida, txirikorda eder bat berakatz bakoitzaren edertasunak sortzen duelako.

Izan ginena eta garena elkarrizketan jarriz —”Barrurdin”, “Txomin”, “Bereterretxe”…— bi pieza erraldoi horiek elkarren artean uzten duten arrakal sakonetik sortu da liburua. Euskal unibertsoaren birkreazioa dela dirudi. Tradizioa ez, baina honen gainean guk egiten dugun interpretazioaren hutsezintasuna dudan jarriko balu legez, agirika egin du Lertxundik gure arbasoek esanda utzi zutenaren azalean, izkutatzen duenaren fikzioa egiteko batzutan, errepikapenak kamustutako punta zorrozteko beste batzutan.

Baliteke irakurlearen intuizioak berez asmatutakoak izatea goiko irudipen baieztaezin horiek, eta baliteke tradizioak gugana ekarritako unibertsoaren zatiak elkarren artean lotuz berez iristea, ia igarri barik, tesi horretara. Baina dudarik ez dago, bidea norberak egin behar duen arren, ezinezkoa dela abstrakzioa egitea, eta bisturiaz bereiztea liburu honen arima eta gorputza. Hainbeste edertasun zerbaiten zerbitzura dagoela pentsarazten dio bati, bidea eta helmuga biak bat direla, biak bat izan behar dutela derrigor. Agindu ere, bide ia ikusezin batetik agintzen du irakurlea Anduk, eta esaten dio: galtzadako harriak erakutsiko dizkizut, galtzada erakusten dizudan bitartean. Mosaikoaren eta teselen auzia, egiaz, akabu-bakoa da, baina kontua da Lertxundik hain modu arin eta gozoan idatzitako hausnarketa, ikasgai edo istorio bakoitza maisulan bat dela berez, eta denek batera osatzen duten irudia, ostera, konstelazio total bat.

Horregatik da hain gaitza lan honen aniztasuna trazu gutxi batzutan azaltzea. Detaileak koadro osoaren pigmentuak izan ohi ditu, miniaturak tamaina errealaren eitea duen legez. Gehiago ezin nezake esan, iruditzen baitzait azalpenak berak itoko lukeela, bere elokuentzia moderno eta iragankorrarekin, infinitutik etorri eta hain zuzen infinitura begira dagoen liburu honen xarma leuna.
2004-06-13
Konpainia noblean
Anjel Lertxundi sistemaren barnean kanpoan baino hobeto dabilen idazlea dugu, intrasistemikoa hitz teknikoa erabiltzearren. Aspaldi erabaki zuen idazleak nobelagilearekin batera egin behar zuela lan eta bere tresna hizkuntza zela. Edo hobe esan, hizkuntzaren alor tradiziozkoa, Jon Etxaideren eta Koldo Mitxelenaren prosa ereduei jarraiki.

Paradoxa badirudi ere, kontagintza tradizionalaren aurkako joera aukeratu zuenean, bide abangoardiakoak bilatuz, orduantxe hasi zen, hizkuntzaren barnean diren trebezia guztiak asmatuz, tradizioarekin elkarrizketa luzea. Otto Pette miretsia, elkarrizketa horren fruitu umotua da.

Berriki eman du plazara Konpainia noblean, euskal kontagintza tradizioarekin (eta ez zuzen-zuzenean tradizionalaren) egindako elkarrizketa xaloa eta aberasgarria.

Idazlearen profesionalizazio esparruan toki aparta bete du Anjel Lertxundik eta ia urtero-urtero agertzen du plazan bere narrazio uzta. Honen antzekoa eman zuen lehenago ere, desberdinak badira ere emaitza biak.

Orduan Piztiaren izena osatu zuen narrazioaren borobila bilatuz. Orain ipuin txikiak idatzi ditu, pertsonaia tradizionalei (batzutan tradiziokoei, beste batzuetan literaturak emandako itzalei) ezpala berriak atera dizkie, erregistro desberdinak jorratu ditu, ikuspegi originalak bilatuz eta beti ere hizkuntzaren sena (poetika sendo honen erara definituz) zainduz. Aitzakiak dira hasierak (pertsonaia, esaldi, obsesio), irtenaldiak osatzeko, literaturaren irribarrea josteko.
2004
Italia, bizitza hizpide
Alberdania eta Berria
2004
Konpainia noblean
Alberdania
2003-07-26
Egiez, egiaz
Anjel Lertxundik, Juan Garziaren hitzak gogoratuz, egia du hizpide Tribuko oihartzunak eta cromlecha artikuluan: “Esaten ez den egiak gero bere lekua hartzeko areagoko lana izaten du”. Alabaina, Xabier Letek gogorarazten digu Gezurraren goraipamena testuan ezen “egia esatea, egia soila eta sinzeroa konsideratzen den hori oso zaila, desegokia eta arraroa dela mundu honetan”. Bada esku artean dugun Hitz lau honetan orriak aldenik alde iragaten dituen kezka bat egiarekiko, gezurrarekiko. Idazleak haien aurrean izan behar lukeen jarrerarekiko. “Egoera guztietan, [idazleak] egia aldarrikatzea du eginkizun, bere egia noski, baieztapenak erakar ditzakeen ondorioak dakarzkiela”, dio Ramon Saizarbitoriak liburuaren azken artikuluan, epilogo gisako testuan. Donostiarrak bezala idazleak eta “intelektualak” bere egia propioarekin hautsi ezineko konpromisoa duela uste duenak gogoz hartuko du ziurrenik liburu hau.
Beren egiarekin, beren errealitate-ikuskerarekin hitzemandako lau idazle biltzen baitira Hitz lau honetan, Letek esan bezala, egia garestia eta arraroa den egunotan. Idazleari sintzeritatea eskertu eta eskatzen dion irakurleak estimatu egiten dio Xabier Leteri —irribarreak baino gehiago begitarte ilunak eragingo dituela jakitun izanagatik— Espainiaz duen kontzepzioa konplexurik gabe azaldu izana; edo Anjel Lertxundiri Oteizaren lanaren eta ekarrien berrikuspena egitea, hautsak lehengoan uztea erosoagoa litzatekeen arren. Landu nahi ez dituen gaiak jorratzera edo irakurleak irakurri nahi ez duena irakurraraztera daramate orri hauek maiz idazlea. Orri hauek eta egiarekin duen konpromisoak. Horregatik gozatzen du irakurleak artikuluokin, eta horregatik aipatzen du agian “inbidia” hitza Martxelo Otamendik hitzaurrean Euskaldunon Egunkaria-n argitaratutako Hitz lau atala gomutatzerakoan. Eskas ditugulako azkenaldian egia heterodoxoak.

Hamaika dira artikuluotan aletzen diren gaiak eta egiak, lau idazleen kezka eta obsesioen ispilu —ezin bestela izan—: Saizarbitoriaren psikoanalisiarekiko obsesioa edo historiari buruzko kezka eta Izagirreren iraultza eta iraultzaileekiko lilura edo erromantikoengatiko (Hugo eta beste) mira, lekuko. Idazle batek bizitzan bi edo hiru gai lantzen ahal dituela zioen Karlos Linazasorok orain gutxi; baieztapenak exageraziotik izan dezakeena onartuagatik, liburuko orriak dira lekuko lau idazleon ibilbideetan nola etengabe zenbait gai agertu eta ezkutatzen diren, nola beren obsesioek bizi dituzten. Beren obsesioek eta euskalduntasunak. Hamaika eta bat gehiago baitira gaiak, baina ia artikulu guztietan dago presente euskalduntasunaren auzia. Nahita ala nahi gabe, batzuetan kondena bat bezala, euskaldun izateak dakarren ziurgabetasunari, euskalduntasunak dakartzan galderei erantzun beharrean aurkitzen dira lau egileak, nor bere talaiatik betiere. Eta nahitaez baldintzatu egiten du izaera horrek auzien aurrean hartzen duten jarrera, garatzen duten iritzia. Ez kasualitatez, Euskal Herria du gogoan Koldo Izagirrek Granadan eta Granadaz ari denean (ere).

Kalitatea da ziurrenik kazeta-lan bati (oso laburra izan ohi duen) iraungitze-data luzatu eta liburu tankerako bizi luzeagoa eman diezaiokeena. Horregatik datorkie bikain artikulu hauei liburu-jantzia, bigarren bizialdia. Zorretan geratzen gara, beraz, eskergaitzeko lana eginez hemeroteketatik harribitxi hauek askatu eta eskura jarri dizkiguten Juan Luis Zabala eta konpainiarekin. Letra txikitan idatzirik eta idatzi gabe geratu diren izen anonimo horiekin. Erosi beharreko liburua baita Hitz lau (Egunkaria-ko langileentzat dira etekinak, oso-osorik), baina baita irakurri beharrekoa ere.
2003-04-09
Zorion perfektua
Izenburu eder eta izugarri horrekin argitaratu du Anjel Lertxundik (Orio, 1948) bere azken nobela Alberdania argitaletxean. Hamasei bat urteko neska bat pianoa ikasten ari da eta Schumannen pieza bat, Zorion perfektua hain zuzen, gelditzen zaio behin eta berriro galdurik eskuetan, zorion perfektua helezina bailitzan. Bi eskuen artean ohikoa den oreka aldatzen da eta neskak ezin dio aurre egin aldaketa horri. Beste aldaketa gogorrago bat zain dauka kalean pianoaren erresumatik kanpo, zeren atentatu baten, hilketa baten lekuko izango baita. Urte batzuk geroago neskak, emakumeak hobeto esan, gogoratzen du hilketa hura, garai hura, egun hura, hirurak etengabe berpizten baitira bere kontzientziaren baitan.

Izenburutik beretik erakargarria egin zait liburua. Guztiontzako desiragarria omen den ideia hori, zorion perfektuarena, infernu baten ataria izan baitaiteke azken finean. Pertiren aipu bat dakar Lertxundiren nobelak hasieran: “Kontzientzarik ez bagenu, animalia huts ginateke, zorion perfektu halako baten jabe”. Wyslawa Szymborska poeta poloniarraren beste aipu bat etorri zait berehala burura: “Kontzientzia garbi eta lasaia aberekeriaren lehen sintoma da”. Agian gogoratu behar da Schumannen pieza hori Haurtzaroko eszenak deituriko bildumaren zati bat dela eta, beraz, zorion perfektu hori bakar-bakarrik haurtzaroan ezagutu ahal dutela agian gizon-emakumeek. Etikaz arduratzen da nobela, jarrera moralez. Haurtzaroko zorion perfektua utziko du nobelaren protagonistak eta, bat-batean, errealitatearen ankerra agertuko zaio begi aurrean, bere kontzientziaren bakardade mingotsa dastatuko du.

Gutaz ere arduratzen da nobela, agian batez ere gutaz arduratzen da nobela; guztion tranpak, txikiak zein handiak, agerian daude bere gordinean, bere ezdeusean ere. “Nola bizi?” galdetzen zuen Szymborskak poema batean. Nobelaren protagonistak horixe kontatzen digu, nola bizi izan den azken hamabost urteetan atentatuaren lekuko izan zenetik, nola izan zaion posible bizitzea, nola egokitu bizitza. Gutariko bakoitzak ere galdera bera, galdera xalo bera, egiten dio bere buruari: Nola bizi?

Anjel Lertxundiren aurreko nobelak irakurri dituenak aldaketak ikusiko ditu honetan agian idazlearen estiloan, baina aldaketa horiek ez dakit nik noraino diren oso funtsezkoak zeren sakonean Lertxundiren idazkera iradokitzailea, garbia eta aberatsa nobela honetan ere nabarmena baita. Lertxundiren liburuak ezagutzen ez dituztenek orain daukate aukera euskal idazle handienetariko baten lanaz gozatzeko. Gure arazoez, gure gizarteaz, gure jarrerez hitz egiten die nobela honek gure kontzientziei, literaturak bakarrik dakien bezala, apal baina sendo.

Nobela bat da, fikzio bat besterik ez, baina argi dago aspaldidanik fikzioan errealitate gehiago egon daitekela politikan baino.
2003-01-27
Oroimena eta heriotza (I)
Urte bukaerako nobelak irakurtzeko astia behar da, eta urtarrila, bere iparhaize eta ekaitzekin, aro aproposa da. Anjel Lertxundiren Zorion perfektua aipatu nahi nuke lehendabizi. Ohiko oihartzunik ez omen du jaso nobelak, nahiz eta gure idazle handi batek idatzia izan.

Atentatu bat bertatik bertara ikusi ondoren, neskato baten norabidea kontatzen du. Nobela morala omen da, eta horrekin bat nator. Dentsoa, dudarik ez. Lertxundik bere buruari eskatzen dion erantzukizunaz. Nobela betea, zergatik ez? Nabari dira idazleak aspaldi erabili izan dituen zenbait ezaugarri: filosofia kutsua (nobelaren guneak hasierako aipu bati heltzea: “Kontzientziarik ez bagenu, animalia huts ginateke, zorion perfektu halako baten jabe”), esaldiaren finezia, hitzen neurriak eta erritmoak oso ongi kontatuz eta zenbatuz, nobelaren izenburuaren eta protagonistak jotzen duen piezaren arteko homonimia eta kointzidentzia, plano bitan kontatzeko gogoa (agian, bestela sinesgaitza delako neskato batek esaldi mota hori erabiltzea), gertatutakoa urrunetik eta hurbiletik kontatzea, gizartearen azterketan interes handia azaltzea; idazlearen zenbait behin eta betiko lotura: ama obsesibo horiek, joera morala.

Halaz ere, ez dakit idazkera eta esamolde hori neskato bati dagokion, nahiz heldu batek kontatu. Eta horrek ez duela ardura esaten duenari esango nioke, hain dela perfektua Lertxundiren manera non ez baitakit esamolde hori gaurko esapideari dagokion ala ez. Beti pentsatu izan dut Lertxundi idazle moderno bat dela bere kontatzeko eran…; horrek esan nahi du berean jarraitzen duela eta ez diola irakurle erraz bati zirrikiturik ez aitzakiarik uzten.

Zenbait desoreka

Gaurko gaia tratatu du Lertxundik, baina oraina konplexua da guztiz, eta nik desoreka nabari diot noizbehinka. Oso borobila deritzot fokua pertsonaiaren barrenetik kontatzen duenean, bakartasunaren gaia aipatzerakoan, adibidez, baina motelago ikusten dut jokoa kanpoan dagoenean (ertzaintzarekin izandako elkarrizketa, adibidez, edo aitarekin egindako bazkariko aipamenak). Desoreka, tonuan adibidez, dramatikoa baino gehiago lirikoa, edo barne mundua ahantzi eta ingurukoen agerbidea egiten duena: aita arin eta azaleko hori, institutuko esaldiak, bazkari ergela…
2003-01-07
24 ordu
Modu sano sinplean idatzita dago “Zorion perfektua” eta hala ere sinpletasun hori da gaiaren sakontasunaz eta garrantziaz jabetzeko biderik onena. Pertsonon kontzientziaz egiten du hausnar Anduk, kontzientzia oraindik garbian hilketa baten lekuko izateak sortzen duen lehen arrakal mingarri hori aztertuz. Aztertuz diot, eta ez “asmatuz” edo “idatziz”, hamasei urteko neska baten mundua fidelki neurtuta baitago nobelan. Gaitza da berba oker bat aurkitzea, edo sinesgarria izango ez den elkarrizketa bat, edo errealitatearekin lotura zuzena izango ez duen zerbait. Hain zuzen fideltasun horrek eta orden horrek bihurtzen du liburua hain indartsu eta egia-itxurako. Liburuaren hegaleko azalpen laburrean ematen da pistaren bat edo beste: “kontatu nahi den historiari dagokion soinekoa josi”.

Neskak ikusten duen hilketak kontaketa guztia zipriztintzen duela esatea baino zehatzagoa litzateke zera esatea, hilketa horrek neska gaztearengan duen oihartzunak duela garrantzia. Hilketaren ebaluazio morala inguruan uzten duen arrastoaz ahaztu barik egin behar dela diosku liburuak. Hasieran datu gutxi daukagu hilketaren inguruan, hildakoaren paparreko lauburu aseptiko bat ez bada. Gerogarrenean trapitxero bat izan dela esaten da. Baina jadanik hilketa nori egotzi baino garrantzitsuagoa bihurtzen da martxan jarri den beste istorio horri jarraitzea, bizitzaren gordintasunaren mila ñabarduretaz konturatzen hasten den kontzientzia gazteari buruzkoa.

Oreka apurtu egiten da eta ez da berreskuratzen. Hogeita lau ordu luze igarotzen dira guztiz zabalik geratzen den amaierara iristen garen arte. Gertaeraren haize erauntsiak darama protagonista galderak pausatu eta erantzunak bilatzera eta ibilbide hori, bere dramatikotasunean, bizitza bezain normala iruditu zaigu. Azken orrialdeetan normaltasuna hautsi eta giroa aldatu egiten da eta apur bat magikoagoa edo “litearioagoa” den amaiera batera —katarsi antzeko batera?— iristeko. Ondo trebatutako luma behar da fikzioa modu horretan menperatzeko. Oraindik ohartu ez dena Anduren trebeziaz ohartzeko liburua da “Zorion perfektua”. Gozatu, behar bada, bere beste lan batzuekin gozatu dugu gehiago. Hau teknikari egindako gorazarrea da. Beste norabide batean egindako lehen ahalegina, nork daki.
2002-04
Gure mundua hausnartzeko saio lagungarria
Eleberrietan saioa integratzeko joera izan da azken urteotako literaturgintzan, Humberto Ecoren “El nombre de la rosa” dut gogoan uneon, konparazione. Anjel Lertxundi idazleak alderantzizko bidea egin du, bere ibilbide literarioari buruzko entsegua gauzatu du, eta berean literatura —”strictu sensu”z— burutu du. Ekintza eta emaitza erakargarria burutu duena, alajaina.

Idazle oriotarrak hainbat narrazio paregabe burutu du bere azken hamar urtetan —eleberri bikain bat edo beste tarteko—, eta hori gutxi bailitzan, bere sorkuntza literario burutu bitartean, pausaleku batzuk aurkitu, eta inguratzen mundua behatzeko beta hartu du. Hots, inguratzen gaituen munduaz pentsatu du, mundua bera pentsatzeko.

Kontenplaziorako gaitasuna galtzen ari garen zorabiozko mundu moderno honetan, kontenplaziorako gaitasun minimo bat gordetzen ahalegintzea errebindikatzen du idazleak, modernitateak ekarri digun erronkari aitzi eginen badiogu.

“Dena esana dago” delako topikoari alferrikakoa deritzo Lertxundik. Hori egia balitz, alferrik ariko ginateke-eta, eta beti ari gara zerbait berria esatearen esperantzan. Eta gomendio bat ematen digu hartara: “Har dezagun hitza zuhurtziaz”. Baina, ez hitza traidorea bilaka daitekeelako, hau da, hitzak traizionatu gaitzakeelako, guk geuk hitza traizionatu egiten dugulako baizik.

Idazle honentzat ezin dira helburu eta abiapuntua bereizi askatasuna lortzeko bidean. Askatasuna hitz batez, abiapuntu eta helmuga dira aldi berean. Ikasbide zinez ederra “Mentura dugun artean” saiakerak eskaintzen diguna. Literatura maite baduzu, euskal literatura kasurako, liburu paregabea gure munduaz gogoetatzeko eta mundua bera pentsatzeko.

Ezin esan dezakegu horren behar eskasa dugunik-eta. Beraz, hona saio lagungarri bat gure mundua —eta burua— hausnartzeko.
2002
Zorion perfektua
Alberdania
2001
Cuaderno de tierra firme
Alfaguara
2001
El huésped de la noche
Alga
2001
Los días de la cera
Alfaguara
2001
Mentura dugun artean
Alberdania
2000
Me patina la erre
La Galera
2000
Muxubero, mon amor
Elkar
1999-04-10
Klasizismoaz
Oraingoan, atal honetan literaturaz ez ezik klasizismoaz ere hitz egin behar dugu. Eta honekin ez dugu esan nahi iruzkinaren gaia klasizismo hitzaren zentzu historikoa eta filosofikoa denik. Ez. Denbora eta kalitatearen poderioz askotan eta zentzu desberdinetan ezartzen diren labelez hitz egingo dugu. Aukera Anjel Lertxundik eta bere azken liburuak eman digu, Lehorreko koadernoa-k.
Lehenengo klasikoa idazlea bera da, Anjel Lertxundi. Euskal Herriko literaturan hiru izen aukeratu beharko bagenituzke, bai ospearengatik eta bai garrantziarengatik, Lertxundi, ezbairik gabe, horietako bat litzateke. Ez soilik burututako lanagatik eta liburuengatik, baita hizkuntzan, gaietan eta formetan izan duen garrantziagatik ere.
Bigarren klasikoa, jorratzen duen jeneroa da. Gazteei zuzendutako literatura. Teorian guztiek bere garrantzia aitortzen badute ere —literatura handiaren harrobia baita—, askotan baztertuta eta mesprezatuta egon den jeneroa da. Eta bere balioa eta balorea ikusteko literaturaren edozein historiara jo besterik ez dugu, eta ikusi hizki handiz idatzitako zenbat lan idatzi diren jenero honetan.
Hirugarren klasikoa Anjel Lertxundik Lehorreko koadernoa izeneko eleberrian aukeratu duen istorioa da: mezuaren, itsasoaren, misterioaren eta altxorraren konbinaketa, Stevensonek Altxor uhartea idatzi zuenetik hainbatetan arrakasta lortu duen formula. Hala ere, Lertxundik bere maila erakutsiz, oraingoan ere, ez du istorioaren irakurketa laua edota zuzena egin, zeharkakoa eta berritzailea baizik.
Eta gazteei zuzendutako literaturaz hitz egiten ari garenez, liburu honetan ere istorioaz gain gai bat jorratzen da, gazteari nolabait mezu bat edota, hobeki esanda, bere adimenean bide berri bat eraikitzen saiatzen da. Oraingoan, Lertxundik zahar-gazte harremana jorratu du, baina zentzu zabalenean. Ez soilik harreman pertsonalean edo fisikoan oinarrituz, izpirituala azpimarratuz baizik, irudimenaren eremuetan lortzen dena.
Aurreko guztiaren ondorio moduan, klasizismoaz hitz egitera bultzatzen gaituen seigarren elementua, lan honi Lertxundik eman dion tratamendua da. Nahiz eta protagonistaren begietatik izan, ikuspegi irekia, zabala baina, era berean, aldi honetan ere berritzailea da, protagonista nagusia gaztea beharrean gizon heldu bat baita.

Osagaiak bai, baina azken emaitza?
Baina, askotan gertatzen den bezala, nahiz eta osagai egokiak izan, batzuetan —Monterrosok dioenez, gehienetan— emaitza ez da zuzenena edo gustukoena izaten. Eta Lertxundiren azken lan honetan, irakurle honek behintzat, sentsazio hori izan du. Hau da, liburuaren azken emaitzak, azken zirrarak, ez dituela betetzen hasieran sorturiko itxaropenak.
Istorioa oso interesgarria da, tratamendua eta gaia egokiak dira, zuzenak eta beharrezkoak, baina elementu hauen guztien nahasketak ez du behar lukeen maila lortzen. Ez da eskatzen dugun tenperaturan igotzen. Badirudi, pasio edota sentimendu faltan aurkitzen dela. Lertxundik elementu berritzaileak gehitzen dizkio klasizismoari, baina ez dio behar duen bihotza ematen.
Ondorioz, orokorrean, lan honi taupadak falta zaizkiola aitortu behar dugu. Ametsa, misterioa, ilusioa eta irudimena areagotu dezaketen elementu gehiago. Azken finean, Lertxundik berak liburuan dioen bezala: “Beren distira gordetzen dakiten misterioak dira benetako altxorrak”.
1999
Argizariaren egunak
Alberdania
1999
Errime hitz egiten dut
Elkar
1999
Muga-mugako zirriborroak (EDo pipiñoen kanpaina baten lehendabiziko zirriborroak)
KM
1999
Nire kuleroak
Elkar
1998
Gogoa zubi
Alberdania
1998
La máquina de la felicidad
Alborada
1998
Lehorreko koadernoa
Alberdania
1998
Munduaren neurriak
BBK eta Ikeder
1998
Un final para Nora
Alfaguara
1997-03-06
Literaturaren gainean
Judu herratuaren mitoan oinarriturik, Anjel Lerxundik kalesa batean mundua gurutzatzera kondenatuta dauden aita-alaben istorioa kontatzen digu eleberri honetan. Inoiz ez hiltzera kondenatuta daudenez, leku eta denbora askotan zehar ibiltzen dira, V. Wolf-en Orlando hura bezala, amets (ameskaitz?) baten barruan harrapatuta egongo balira bezala. Ohi duen moduan, Anjel Lertxundik idazkera estilizatu, jaso eta mundu arruntetik urrun dagoen batez eraiki du bere liburu hau. Baina istorioak berak beste garrantzi dauka hori aurrera eramateko erabili duen bideak inplikatzen duenak. Izan ere, Lertxundirentzat literaturak bizitza ordezkatzen duenez, eleberri honetan bizitzaz aritu beharrean literaturaz ari zaigu etengabe. Literaturaren gaineko literatura hau, neurri batean, interesgarri gerta daiteke, baina argumentuaren euskarri barkartzat aurkezten zaigunean, hutsegia ematen du. Bere burua azaltzen ari den literatura egiten du Lertxundik. Hau ulertzeko, hor dugu aita eta alaba horien irudia. Alabak behin baino gehiagotan galdetzen dio aitari zigor horren zergatiaz, honek inoiz erantzuten ez duelarik. Erantzuna, ordea, begibistakoa da: Zigor hori gabe, Anjel Lertxundik ezin izango baitzuen Azkenaz beste deitutako eleberri bat idatzi.
1997-02-22
Ugaritasuna
Hau ez da arratsalde batean, eguraldia lagun, irakurtzen den liburua. Poliki-poliki ia hitz bakoitza gozatuz, esaldi bakoitza hausnartuz, dastatzen dena baino. Gaur begirada bat eman, bihar bestea, etzi edo etzidamu beharbada atseden hartu. Eta gero segi. Ez baita nobela bat, ezta ipuin-liburu bat edo holako ere. Liburu sakona da, aspaldiko jakituria biltzen duena gaurkoarekin nahasian. Ezin esan aurretik hasi edo atzetik ekin gure buruak irakurketan jasoko duena aldatuko denik. Ez du ordenarik, alfabetikoa izan ezik, edo ordenarik eza da bere ordenarik lojikoena. Ez dago hari bakarra, handixek tiraka eginez bide-matazatik aterako gaituena. Hari asko eta denak sendoak, esango nuke. Gaiak adinaxe edo hortxe-hortxe.
Jenero bat baino gehiago biltzen dira liburuan: narrazio laburrak, hitzen etimologiak, esamoldeen azterketak, biografia puskak, herri-kantu batek egileari belarrira dakarzkion iruzkinak… Ugariak dira jeneroak, eta are ugarioak tonuak liburu honetakoak. Laurehun orrialde ia, ez dakit zenbat sarrera, denak testuaren sare liluragarrian harrapaturik, arrantza ederrean. Nola Ulise zuhurra galdu zen bidaia luze aldez aurretik erabakitako batean, halaxe ibiliko da irakurlea hitzen itsaso, esamoldeen uharte honetan. Galduko da irakurlea agian, baina aurkituko du azkenik bere portua, joko du zuzen bere Itakako lur lehorra, tradizio guztiak elkartzen diren mugan, itsaso guztien babesean.
Tradizio ugari biltzen baitira liburuan. Gurea, eta lehen pertsona plurala badarabilt, euskaldunona adierazteko da. Mendebalekoa ere bai, hori ere gurea baita, irakurri ahala geure barneko muin bilakatutakoa. Ez dakit zenbat denbora igaro zuen Anjel Lertxundik liburu hau zertzen. Guk irakurtzeko behar izan dugun baino gehixeago bai, seguruenik. Ez da goizetik gauera liburu bat idazten. Eta ez du horrek esan nahi plan bati jarraiki idatzita dagoenik aipatzen ari garen liburua. Baina liburua argitaratzerakoan plan hori bere osotasunean ageri zaigu. Hautaketa lanak eman dio ageri duen biribiltasuna.
Erudizioa azpimarratuko nuke, azkenik, Lertxundiren honako honen ezaugarri gisa. Ez erudizio merke, distiratsua, irakurlea aho zabalik uzten duen horietakoa. Erudizio errotua, funtsezkoa, bizitzaren ikuspegi anitza dakarrena. Eta ikuspegi anitzarekin batera, geure buruak hobeto ulertzeko eta errazago onartzeko laguntzen digun tresna.
1997-01-26
Lertxundiren izenean, guztion gizenean
Eskuartean hartu duen edonork badaki “Letrak kalekantoitik” sailkatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Jeneroen hesietatik kanpo, aparteko emaitza da liburua. Esapideen jatorriak, azalpen filologikoak, hitz, kantu eta bertsoen inguruko pasadizoak, letren inguruko istorioak… Horixe duzu liburua, hitzen barneko abentura. Eta horretarako lana egin behar da liburu, bertso-bilduma, hiztegi eta ahozko ondarean arakatzen; baina horren guztiaren gainetik jakinmina behar da. Hizkuntza maitatu behar da, bereziki hizkuntzaren jantzien azpian (aurkian, ifrentzuan, kantoian…) gorderik dagoena.
Ez dezala pentsa inork, alta, filologia lan irakurgaitza denik. Esaera zaharrak aurkituko dituzu, kasu, eta haien sorreraren esplikazioa. Akaso haien inguruko ipuin bat. Agian sortu izan zitekeeneko pasadizo bat. Hitz eta esamolde bakoitza bat bedera da, unibertso bat. Literaturak, jatorri etimologikoan letren inguruko edo letren bitarteko jarduna behar du izan: liburu hau, beraz, literatura da.
Nestor Lujan-en “Cuento de cuentos” burura etortzea derrigorrezkoa da, lanaren planteamendua eta itxurari erreparatuta. Hizkuntza desberdinez ari garelarik, batek bestetik edan duenik ezin inolaz aipatu (iturri komunak badituzte, hala ere). Ordea, eta konparazioen gorrotagarritasuna aitortuagatik, Lertxundiren lanari noizean behin besteak duen zorroztasun “zientifikoa” falta zaiola iruditu zait. Hainbat esapide eta esaera zaharren jatorri eta erabileraz azalpen zehatzen falta. Irakurri ondorengo gogoetak esaten dit, ordea, konparazioa ez dela zilegi. Azalpen zehatza baino bestelakoa zela, agian, idazlearen asmoa. Eta bestalde, euskal literatur tradizioan, idatzian, ez da oparotasuna ezaugarri nagusia. Are gutxiago literatur tradizio horren eta ahozkoaren ikerketei dagokiena. Honelakoak datoz hutsune horiek betetzera.
1997
Letrak kalekantoitik
Alberdania
1997
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
Andoaingo Udala
1996-10-12
Alderraiak
Poliki irakurtzeko liburua duzue Anjel Lertxundiren hau, besaulki eder eroso batean eseririk ahal dela; begiak letra moldetik kendu gabe bada, hobe. Liburu honetako pertsonaiek nork bere kondena eta zigorra jasan behar dute mundualdi honetan. Kalesa batean nora-hara dabiltzan aita-alabak ditugu batetik; bestaldetik, holandar herratua, zazpi urtez behin kai bera jotzen duena; edo judutar herratua, nahiago baduzue; izan ere, Lertxundiren nobeletan pertsonaiek mozorro bat baino gehiago janzteko ohitura dute, eta irakurlearekin jolasteko ere bai, egia esan behar bada.
Kontua honela adierazita, badirudike Anjel Lertxundi pika hemen eta pika han ibili dela tradizioan, holandar herratuarena eta judutar herratuerana munduan zehar zabaldutako elezaharrak edo istorioak baitira. Idazleak esaten duen bezala “ezin hilez bizi” den jende horri buruzkoak hizkuntza guztietan kontatzen dira. “Ifrentzuak” saileko aurreko liburuan bezala, euskal tradizioa eransten dio mundutar tradizioari, eta sintesi txukuna lortzen saiatzen da.
Baina hor ez da amaitzen dena. Literaturaren barruko literaturatzat jo daiteke liburua, edo hobe esanda, literaturari egindako omenalditxotzat. Liburu bat bihurtzen da nobelaren gai, liburu batek egiten du pertsonaien arteko lotura. Adi dagoenak keinu asko antzemango ditu, oihartzun ugari adituko, gainera: Melvillerenak, Hawthorneren Letra Gorriminarenak, Duvoisin kapitainarenak, Arruerenak, eta orain zehaztu ezin ditudan asko ere bai. Bidaiatzat ere jo daiteke liburu hau, pertsonaiek hiri asko bisitatzen baitituzte (pentsa daiteke hiri bakoitzak beste funtzio bat duela, espazialaz gainera). Hiri bakoitzari liburu bat eta idazle bat dagozkio. Bartzelona, Salem, Boston, Baiona eta Zarautz pausalekuak dira bidaia herratu horretan.
Bidaia on-on guztiak bezala liburu honetakoa oso mantsoa da. Anjel Lertxundiren beste liburuen aldean honetan patxada handia somatu dut. Maisu-lanak dira, esaterako, elkarrizketak eta beraiek girotzeko erabiltzen dituen deskribapenak, oso trazo finez idatziak, xehetasun guztiak kontuan hartuz. Presarik ez balu bezala idatzi du. Behin ere amaitzeko esperantzarik ez balu bezala. Ondo pentsatuta, liburuko pertsonaiek ez dute hiltzeko, giza-emakume guztien azken kaira iristeko, batere itxaropenik.
1996
Azkenaz beste
Alberdania
1996
Urrezko astoa; Luzio Apuleio (Juan Kruz Igerabiderekin batera)
Ibaizabal
1995-12-02
Ateo baten gogoetak
Bi partetan partitua datorkigu Ifrentzuak (Piztiaren izena) liburu hau, halako Gero hura bezala. Aitzitik, Axular eta Lertxundiren abiapuntuak ez datoz bat, bi baitira, eta, irakurleak suma dezakeenez, erabat bestelakoak diren arren, hizkera eta gaien klasikotasuna dute biek amankomunean. Klasikotasuna Axularren kasuan “historiak” eman dion mintza izanik, Lertxundiren kasuan bilaketa kontzientea dela esan litekeelakoan nago. Kontatu nahi izan digunari egokien zetorkiokeen moldea ezartzen ahalegindu da Andu Lertxundi, Otto Pette-z geroztik bere-berea duen hizkeraz. Hizkera hori, kalitatearen eraginez, ezagun eta gure bilakatzen ari zaigu, baina ez da makala titulua bera. Zenbatek ez ote du hiztegira jo behar izan ifrentzuak zer diren jakiteko? Ez du amore eman Andu Lertxundik, eta glosek, hain egoki datozkio liburuari zeren…
Bestalde, kontatu nahi izan diguna, gainera, herri-tradizioko ipuinak izanik, batetik, eta Europako kulturak denbora zehaztu gabeko batzuetan kokatu dituenak, bestetik, halako estilo bat eman dio egileak liburu guztiari, jagia eta dotorea, denboratik at (oraingotik bederen) bailegoen kontatuz dena (ipuin batzuetan denbora kronologiko bat ere ageriz, hala ere). Agian diren batzuk kontatzen ditu liburuak lehen partean. Bigarrenean, aldiz, irakurketaren lagungarri ezeze, idazleak behar duen beste formato bat ere badiren glosek datoz —labur zein luze, arinak beti, eta ironikoak—.
Otto Pette irakurria duenak haren plus moduko bat izango du liburu honetan; nik gogokoago izan dut oraingo hau orduko hura baino. Dena dela, gogoeta ildo berekoak dira biak. Gaitza, mendekua, betikotasun egarria, eta jainkoren itzala —edo haren antzekoena— omen den Txerren, esku batean apetak asetzeko gaitasuna, bestean arima betiko eramateko prest, dantzan ageri dira hemen. Andu Lertxundik aspaldi ekin zion gure ipuin-altxorrari hautsak harrotzeari, eta hara non, Italo Calvinok eta igarri zutenez, literaturtasun eta gogoetarako zain zaharra berri-berri agertu zaion.
Azkuek eta ipuinak jasotzean mozketak eta egokipenak egin omen zizkieten eta, hortxe galdu bide genuen gatza eta piperraren lagunik hoberena den mamia. Ez ditugu aski klasiko haiek irendu zituzten ipuin klasikoak. Besterik sortu behar bada, Hizkeraren zatitxo bat edo beste ere bada, norberak behar duen klasikoa falta denean, eta hizkera bat behintzat badukegunez, apokrifoak sortu behar. Euskal literatura apokrifoz betea da, aspaldi ukan ez genuena geuk sortu behar, edo bestela oraingo honi ezin sustengurik eman, itxuraz. Apokrifoak apokrifo, eta liburuaren ederrari itzal egin nahi gabe, zintzo, galdera baten harra egin zait barruan, liburua irakurri ahala: zein da Txerrenen itxura arruntena egun? Telebista eta halakoak ote ditu ispilu eta pulpitu? Txerren, Bera ote benetako jainko bakarra? Ateo baten gogoetak dira.
1995-05-14
Anjel Lertxundiren trepetak
Bi kreatzaile erraldoik elkarrekin topo egin dute aro berean: Erdi Aroan. Bata poeta da, nobela historikoaren estetika zale, bere izena Juan Mari Lekuona da eta bere lana “Mimodramak eta ikonoak”; bestea nobelagilea dugu, Yon Etxaideren hizkera ereduaren jarraitzaile eta “Otto Pette” (Alberdania, 1994) eleberri sonatuaren egile. Biek Erdi Aroa bezalako garai mozorrotu eta maskurtua aukeratu dute bizitzaren borroka fierra hitzetan eta adierazmoldetan estanpatzeko, gizakiaren barru konplexua azaltzeko: iluna eta argia. Eta biak atezuan egongo dira suaren inguruan, eta suak haragitutako irudi eta irudipen indartsu eta iheskorrak ispilutzat izango dituzte.
“Hamaseigarrenean aidanez” eleberri errealista argitaratu zuenetik hizkuntza errazetik aldentzen saiatu da Anjel Lertxundi, hizkuntza estandarrari erregistro dialektalak gaineratzen, bere buruari gero eta erronka aldapatsuagoak eskatuz Lizardiren ametsa kunplitzekotan. Eta besteen usteak uste, hizkuntzaren mugez esperimentatu ondoren euskararen noranahikoa gauzatu du. Izan ere, euskarari begira maisulana da “Otto Pette”. Hitz saio eta jarioaren zaluak eta askeak harritzen dute, sintaxiaren harat-honatek eta zeharbideek bezalaxe. Hiztegiak oinarrizkoan gelditu zaleak lozorrotik aterako ditu deblauki. Hizkuntza asmatzen du Anjel Lertxundik. Gaiari dagokionez, egileak modernitateaz dituen kezken gainean eraikia da. Luis Landeroren “Juegos de la edad tardía” Cervantesen “El Quijote-k” iradokia den bezala, “Otto Pette” idazteko Stendhal-en “Le Rouge et le Noir-etik” eutsi ziola asmoari entzun genion behin hitzaldi batean eta, baita ere, gizakiaren barru konplexua erretratatu nahi zuela. Hauxe da, hain zuzen ere, “Otto Pette-ren” gai nagusia. Sinesgarritasunaren legearen izenean, protagonista ez da heroea, ezta antiheroea ere, bietatik du zerbait, bataz bestekoan. Otto Pette borreroa anbiguoa da, oihanaren antzaldaketen kumea, bere bizitza pertsonalean eztitsua baina torturatzaile ariketetan ozpinik kiratsena dario. Beste pertsonaiak ere aldarte mudantzek, gibelasmoek eta mamu itxurek hartuta elkarren ehizan dabiltza elkar xaxatuz eta setiatuz elezahar eta alegiazko eszenatoki antzerkitu honetan zehar, non jolasa joku maltzur eta heriotza bihurtzen den eta bidea isil-ibilgo eta ataka gaitz. Itzala destolestatzen den bezala destolestatzen du Anjel Lertxundik gizakia, eta ispiluaren bi aldeak arakatu: deabruaren aingerukeria eta aingeruaren deabrukeria. Denok hein batean zein bestean eta egoeren arabera izan gaitezke borrero edo biktima arrotz.
Gizakiaren anbiguitatearekin batera zalantzaren gaia hartzen du modernitateak. Otto Pette, beste pertsonaia batzuen antzera, bere barne langa eta morroiloz korapilatsuan ibiltzen da aitzaki-maitzaki, zeri atxiki eta nondik abiatu ezjakin kiskalgarrian. Nobelaren giroa ere esamesen eta irudikerien artekoa da.
Bestaldetik, eleberri mardul honen aurrean bi galdera sor dakizkiguke: lehena, zaila al da “Otto Pette”? Erantzuna ere gatxa da, egoera linguistiko ez normalizatu batean baitago oraingoz ere tamalez euskara. Neure aldetik, egileak, Joxe Austin Arrietak eta beste askok bezalaxe, hizkuntza goratzeko egin dituen ahaleginei txalogarri deritzet. Bigarrena, gaurkotasunik al du? Erdi Aroan girotua egonagatik ere, gaia gaurkoa ezezik unibertsala ere bada. Literatura artifizioa eta hizkuntza abentura dela uste dutenentzat nobela paregabea “Otto Pette”.
1995
Piztiaren izena
Alberdania
1994-07-17
Urtetan onduriko emaitza
Idazle honen ibilbidea betidanik bide berriak urratzeak egin du bereizgarri, arriskuari muzin egin gabe. Aurreko eleberritan eta ipuinetan ederki erakutsirik dago —emaitza beti ere arrakastatsua ez izanik— batetik bestera jauzi koalitatiboak eman dituela. Tarteka jo ere egin izan du kontakizun errazeko lanetara, baina berriro ere erronka berriekiko atxikimendua ezagun izan du. Gutxik bezala jorratu ditu narrazio ereduak, estiloa, deskribapenak… literatur sorkuntzaren teoriaren gainean gertuko ezagupena du. Batek daki eleberri hau hainbeste froga eta esperientziaren ondorio izan den.
Goraipatua izan da arestian euskara literarioan eginiko sakonketa; badirudi ildo honetatik mugarritzat jo daitekeela eleberria: hiztegiaren zehaztasuna, aberastasuna. Baina ez da balore bakarra. Erdi Aro zehazgabe batean kokatu nahi izan du ekintza, eta horretarako ahalegin handia egitea beharrezkoa zen, hizkera zein gertakariak garai hartara egokitzeko. Eta oso emaitza biribila lortu du. Berak esandakoaren arabera, ñabardura eta ohar ugari jasorik amaitu du lana, sei bat urtetan prestatu eta gero. Ez da alferrik izan ekoizpen hau horrenbeste zaindu izana.
Irakurtzen joan ahala, orrialde bakoitza astiro irenstea zen modu bakarra bertan bilduriko informazio guztia jasotzeko, hitzak neureganatzeko, eztabaida eta barne hausnarketa muin duen lan hau nere egiteko. Baina horrek ez dio batere kentzen eleberriaren erritmoari, gertaeren kontakizuna eta barne pentsamenduaren —lehen pertsonan egiteak aukera zuzenena dirudi— bidez irakurleak erabat murgildurik aurkitzen duelako here burua Erdi Aroko giro hartan. Maiz sentitu izan dut ez nintzela oraintsu idatziriko nobela baten aurrean ari, aspaldixe idatzirikoaren aurrean baizik.
Era guztietako liburuak beharrezko dira herri baten literaturgintzan, eta denek ez dituzte jartzen diren mugarriak —mugarriak egotea ere!— gainditu beharrik, baina bada honakoa eleberrigintzaren maila igo eta era berean, itxurak kontrakoa esan arren, kontakizunarekin nahikoa duenarentzat —irakurketa arina izango du— egoki den lana.
Hobe da arrotza eta gainbeheran dagoen Otto Petteren arteko dema irakurlearen esku uztea, eta amaiera ere bai. Baina udako lihururik aproposena dela esaterik dago… adi eta zuhur irakurri nahi izanez gero!
1994-06-19
Koxka bat estuago
Askotan entzun izan diet Anjel Lertxundi gertutik ezagutzen duten zenbait idazle eta literaturzaleri, oriotarrak “Hamaseigarrenean, aidanez” edo “Tobacco days” gisako eleberriak idazten jarraitzea arrakasta bide eroso eta segurua izango zuela, bide horretatik jotzea erabaki izan balu; baina Lertxundik beste bide batzuk jorratu nahi izan dituela, arnas handiagoko eta kezka biziagoko literatura landuz, muga berriak aurkitu eta hautsi nahiz, benetako idazle batena den egonezinari adierazpide berriak bilatuz, galdera gero eta zail eta zirraragarriagoak planteatuz… Bide horretatik sortu ziren egileak berak ere zubi gisa baino estimatzen ez omen duen “Carla” eta egileak estimu handiagotan duen “Kapitain Frakasa”; “Otto Pette” ildo horretan jorratutako hirugarren eleberria da, azkena oraingoz eta, horrenbestez, egileak estimurik handienean duena, oso oker ez banago behintzat.
Hala diote bere ingurukoek, eta hain inguruko ez garenok ere badugu nahikoa motibo egile honen zuzentasunean sinesteko, Lertxundik, farfailari garrantzirik eman gabe, diru eta ospe errazari uko eginez, bide literario propio eta anbiziotsua ibili nahi duela pentsatzeko. Lertxundirengan intelektual zintzo eta argia ikusten dugu. Bere ideiekin ados ez dagoenak ere derrigorrezkoa du zintzotasun eta argitasun horren aitormena.
“Otto Pette” irakurtzen duenak ere, gustatu ala ez, derrigorrezkoa izango du egileak bere lanari dion atxekimendu, maitasun eta errespetua aitortzea, derrigorrezkoa izango du eleberri honetako euskarak marka berriak ezarri dituela ametitzea, zehaztasunean, aberastasunean, egokitasunean, txukuntasunean, gaurkotasunean… Ezagun du, bai, Lertxundik bere arima guztia jarri duela lan honetan, eta ez duela berak nahi zuena lortu arte etsi.
Horrenbeste goraipamenen ondoren, zartadaren zain da honezkero komentariotxo honen irakurlea. Ez, ez diot zartada handirik joko “Otto Pette-ri”, ez litzateke erraza nahi izanez gero ere, eta zartada emateko argumentaziorik izanik ere ausardia beharko litzateke, handia gainera, irakurketak sentiarazi didan mirespen bizia aintzat hartuta. Kontua da aitzakiarik gabeko obra biribila den arren, ez nauela benetan hunkitu “Otto Pette-k”, horixe da eleberri honi somatu diodan ahuleziarik handiena. Beti iruditu izan zait Anjel Lertxundiri erotasun punttu txiki hori falta zaiola idazle perfektua izateko, Pako Aristiren aberastasunik handiena den txinparta berezi hori, alegia. Badira, noski, Lertxundiren idazlanetan ere, pertsonaia ero eta bitxiak, baita eleberri honetan ere, baina literario eta artifizialegiak ez ote diren da nire irudipena.
Baina, tira, gustu kontu hutsa ere izan daiteke hori. Jean Genet, Thomas Bernhard, Franz Kafka, Malcolm Lowry edo Fernando Pessoa bezalako idazleak ditut nik gustukoenak, idazlerik gaisoenak, beren barne gatazkarik gordinenak, zuzen-zuzenean, artifizio gehiegirik gabe, literatura bihurtu dituztenak. Lertxundi —aipatu ditudan idazleetatik batzuk bederen gogokoak dituela badakidan arren— bestelakoa da, Milan Kunderaren antzekoagoa, dudarik gutxiena sortzen didan izena aipatzearren. Dena den, lehen ere esan dudan bezala, gustu kontua ere izan daiteke hori, eta nork bere aukerak egiteko eskubide osoa du, noski.
Kontuak kontu, “Kapitain Frakasa-k” bezala, narrazioko gertakariak gaur eta hemen kokatu gabe, gaur eta hemengo —edota non-nahi eta noiznahiko— gai eta auzi ugariri buruzko hausnarketarako bide iradokorrak eskaintzen dizkio “Otto Pette-k” ere irakurleari: aginteari buruz, errepresioari buruz, indarkeriari buruz, errebeldiari eta matxinadari buniz, giza-izaerari buruz, heriotzari buruz… “Biharko klasiko bat” dela esanez aurkeztu digu Alberdaniak Lertxundiren lan hau. Ez litzateke harritzekoa. Bai euskararen erabileran —lexikoaren aberastasuna eta deskribapenen zehaztasun miresgarria dira txalogarrienak—bai tramaren eraikuntzan —mila korapilo eta ezusteko modu ulergarrian eta erritmo egokiz ehunduak—, ofizio erakustaldi bikaina egin digu Lertxundik, Atxagak iazko urtearen amaieran egin zigunari bekaitzik izateko motiborik ez duen erakustaldi gogoangarria. Beste koxka bana estutu ditu Lertxundik euskara literarioaren eta euskarazko narratibaren torlojuak, indar eta zehaztasun handiz, eta horri derrigorrez antzeman beharko zaio aurrerantzean. Zorionez.
1993
Otto Pette (Hilean bizian bezala)
Alberdania
1993
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
Erein
1993
Tresak eta kordelak
Zarauzko Udala
1992-02-15
Bigarren irakurketaren bentajak
Jakinmin handia zegoen —eta harritu ninduen komentatu nahi dugun nobela Durango osteko best-seller zerrendetan lehen postuetan aurkitu ez izanak— “Carla” nobelarekin emandko azken pausuaren ostean, nondik joko ote zuen Lertxundi narraziogileak hurrengo ahaleginean. Liburu berri baten kaleratzearekin batera ohitura bihurtu zaizkigun elkarrizketa, aurkezpen eta komentaketek jakinmin hori puztu baino ez zuten egin, neregan batipat.
Negozio ilunetan sartua ibilitako gizon ilun batek kontatzen digu, lehen pertsonan eta flash-back nahasi batean, lagunartearen (edo bere buruaren) konfidantza galdu eta nola, duda eta zalantza askoren ostean, bakardade egoera ilun batera heldua den. Badira pasarte onirikoak, erderazko aipu errepikatu asko, zine-erreferentzia ugari, comedia dell’arte italiarraren figura nagusien eta likore izen askoren erabilpena, nobelan zehar nolabaiteko bilbapen sinbolikoak sortzen dituztenak. Baina, anekdola pila izanik ere, nabaria da kontaketa hari tradizionalari uko egiteko asmo sendoa. Irakurlea apur bat galduta dabil, euskarri finkorik gabe, izen ugaridun protagonistak zein lagun zein etsai duen jakin ezinik (protagonistarekin batera, hori bai). Nobelaren amaierak baieztatu egiten du indëfinizio eta anbiguotasun guzti honen balio sinbolikoa, literaturan forma eta zentzua azkenean gauza bera direla berriz ere frogatuz.
Baina kasu honetan asmo sakoneko planteamendu narratibo hau, literatur hizkerari dagokion asmo sakoneko ekinbide ausart baten laguntzaz datorkigu, eta beldur naiz ez ote den gehitxo eskatzea zurrutada bakarrerako irakurle xumeoi. Azken bolada honetan behin baino gehiagotan entzun dut “euskara errezaren bidea” aukeratu omen dutenak lar alegeraki gutxiesten, eta ez dut nik gauza bera egingo berrikuntza ahalegin ikaragarria egiten ari direnekin. Azierto handiak ditu Lertxundik saiatautako hizkerak (”eta” kausalaren erabilpenean duen soltura, zenbait kasutan sustantiboaren osteko konplementu pilaketa eta aditza esaldiaren hasierara botatzea…) eta ikasteko gertu beharko genuke egon, nere ustez, idazle askok. On da literatur hizkeraren zezenari adarretatik heltzea itzulinguruka ibili barik, baina zezen guztiei batean…! Irakurzale naizen aldetik, nere esfortzua egiteko prest nago, baina gozamena jasotzeko eskubidea ere badudalakoan, oreka piska bat eskatuko nuke; literatur lana sortzen den garaiko kumea ere badelako (eta soziopolitika barik, literatur-soziologiaz eta sozio-linguistikaz ari naiz).
Nobela birritan irakurtzeko gomendatuko nioke literaturzaleari; hauxe uste dut dela liburuaren meritu eta gabeziak agertzeko esan dezakedan gauzarik argiena.
1992
Kapitain frakasa
Erein
1991-12-28
Hizkuntza nobelistiko sendoa
Kapitain Frakasa da patuaren menpe dagoen gizonaren historia. Esan nahi dut ez duela oraina kontrolpean, iragana izan ez zuen bezala; eta geroa ihesi doakio esku artetik, itsas ondoan hartzen den harearen modura. Ez du ez zerurik ez erredentziorik espero, Kapitain Frakasa bizi den garaietan, gureak, jainkorik ez baitago. Eta orduan gizona bakarrik aurkitzen da, bere indarren indarrekin; eta bere burua jainkotzat du hartzen, edo etsitzen du jainkorik gabeko munduan bizitzera.
Jainkorik ez badago, gizonak lor dezake nahi duena, berak egiten du bere bidea, bera da bere buruarentzako patua. Horrexegatik ez da posible gure artean tragedia. Beharbada, komedia edo absurdoa bai, hala ere garbi utzi behar da Kapitain Frakasa ez dela pertsonaia komiko edo absurdoa. Anbiguoegia da horretarako ere.
Gaur egungo heroea da, munduko nobela handietako pertsonaien anaia: Kixoterena, Julien Sorelena, Madame Bovaryrena. Nobela horietan bezala, egitura triangeluarra nagusi. Andu Lertxundiren pertsonaiaren kasuan, negozio ez bat ere zehaztu baina ez horregatik legepekoetan sarturik, badago beti ideia bat, iragan bat, amets bat, errealago edozein gauza baino, ametsak gertatu egiten baitira.
Oso sinplea izango litzateke nobela hau beltzatzat jotzea. Hori baino gehiago da, pertsonaia arrunt, xume eta anbiguoaren baieztapena; eta pertsonaia hori ez dago ongiaz edo gaizkiaz haruntzago, ez baitu behin ere ideia garbirik izan ongiaz edo gaizkiaz. Edozein topiko erromantikotik urrundurik bizi da. Obaba ezagutu ez duen pertsonaia edo. Baina bai ordezko infernu posible guztiak; eta noizean behin ternura.
Nobela honekin lortu du Andu Lertxundik azken urteotako hizkuntza nobelistikorik sendoena. Mereziko luke erderatzea.
1990
Lurrak berdinduko nau
Erein
1989-07-16
Obabakoaren umea ei da Karla
Orain dela hogeitik gora urte literatura euskaraz idazten hasi zirenetarik gutxi dira egun ere zereginari eusten diotenak. Anjel Lertxundi bakandu horietarikoa dugu. Beste inork best-sellerrik egin badu ere, berak egin du gure literaturgintzan —kasu! euskal literaturan, literatura vascan barik—, “Hamaseigarrenean aidanez” harekin. Hara non baina, beste “best-seller” batek, “Obabakoak” legendako ipuin bildumak hain zuzen, sustraitik irauli dizkion erizpideak luzaroan ibilitako Anjel Lertxundiri. Berak aitortu du, hurrengo hitzen bidez, kazetariak zuzen idatzi baditu, behinik behin:
“Atxagaren “Obabakoak” irakurri eta gero, iruditu zitzaidan ezin nezakeela bizi guztian “Tobacco days”-en tankerako nobelak egiten, eta orain esango dizut “Carla” hau ez litzakeela esistituko lehenago “Obabakoak” egon ez balitz. Atxagarena halako mugarri bat da. Idazleok frogatu dugu normalizazio teknikoa iritsia dugula eta hemendik aurrera ez da aski izango kostunbrismoa”.
Egia da, kostunbrismoa egiten izan da orain arte, askotan, euskal literaturan. Hala ere, besterik ere egin izan da eta egiten da, egin. Beraz, bere buruaren gainean badio Lertxundik, ederto. Beste guztiak direla-eta ere esanez gero, “kostunbrismoa” egin izan dela, askotxo eta lartxo ere bada. Halako aitorpenak alde batera utzitza, nobelaren harira etorriko naiz, ez, aitzitik, esan barik utzita “oso bestelako nobela kaleratu duela” oraingoan Lertxundik. Bestelakoa, egia osorik esateko,egilearen beraren aurreko nobelen aldean.
Errealitatea eta irudimena bereizten dituzten muga labankorrak non hasten eta non amaitzen diren itzal-lerroak ezkutatzen digularik, artistak izaten du alde horretan galtzeko arriskurik handiena, torturatu, psikiatrizatu eta besterekin bateratsu. Lertxundik sortu digun pertsonaia nagusiak —nik neuk ere ez dakit azkenean zein den beraren benetako izena, Gortari edo— munduak sortzen ditu, marrazkilaria bait da. Mundu horretakoak, berriz, bizidun bihurtzen zaizkio, aurrerago beste egile askori bezala, irudikatua bihurtzen zaiolarik, horretara, errealitate eta errealitatea bera deus ez. Lertxundirena ez da, hala ere, nobelatik irten eta egilearekin hitz egin gura duen pertsonaia unamunianoa, esate baterako. Dena den, marrazkilari horrengan beste edozein artistaren nolabaiteko prototipoa ikustea daukagu, nik uste. Ezeren truke ematen da garaipena eta, sarritan, artean, burua galtzearen truke ematen da, ez bait dago gratuitoa den arterik. Ez dakit halako alegi psikologokorik eraiki, artistaren barne prozesuaren azalpena egin ala zer besterik egin gura izan ote duen Lertxundik, interpretaziotarako zabalik ikusi bait dut nik nobela hau.
Ildo horretan, pertsonaia nagusi hori inguratzen duen lekua —espazioa— ez du lar zehaztu Lertxundik, Frantzia —leku izenak frantsesez ematen ditu—, Italia —oharrak egiten ditu italieraz— ala Euskal Herria ote den jakin barik geratu naizelarik azkenean. Euskal Herria ere diot, esaldi parea tartekatu bait du gazteleraz, pertsonaien ahoetatik isuriak. Ez dio lar ardura kanpoko espazio horrek, alabaina, barrukoak baino, egileari berari ezezik pertsonaia nagusiari ere. Barruko espazio hori adierazteko hizkera asmatu behar izan du, horregatio, Lertxundik, berak esan bezala, aurreko nobeletakoa alde batera utzita. Sinestu egiten diot, lan ikaragarria egin bide izan du edozein literaturgintzan euskarria den hizkuntza, oraingo honetan euskara, bere premietara egokitzen Lertxundik. Ni neu, jokoz kanpo utzi nau behin edo behin. Beharbada, hizkuntza nire burua baino azkarrago dabil eta naiz konturatzen.
“Esnatu denean jakin du Gortarik Carlak gratuitoa behar duela izan. Maitasunean ezer txarrik egon daitekeenik sinesten ez, eta bete-betean eskaintzen dena. Ezeren truke. Erraietan daraman maitasun egarriaren zentzu berdinaren truke ez baldin bada, behintzat” (72. orr.)
Lertxundiren estilo berria da, Obabakoak horren ostekoa. Hirugarrenez ere.
1989
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
Erein
1989
Carla
Erein
1989
Sardina ezpain gorriaren
Erein
1988
Eskiatzaile herrenaren kasua
Erein
1988
Estalaktita rockeroaren kasua
Erein
1988
Kaxkajo bahituaren kasua
Erein
1988
Paris de la France-ko pateen kasua
Erein
1987-12-27
Tobacco days
Berriki esana du Anduk bi idazle mota dagoela bere ustez: bide berriak urratzen dituzten iraultzaileak eta lorpen horiek sendotzen dituzten ofiziozkoak, eta berak bigarren taldekotzat zuela bere burua. Ez da makala erakusten duen apaltasuna gero!
Beste batean adierazi zuen filme zuzendaritzan aritzearen eraginez edo iruditan idatzia zuela erabat azken nobela. Oso nabarmena da ezaugarri hau elaberri osoan zehar: hitzaren bidez indar plastiko haundiko estanpak lortzeko moduan, eta narrazioa aurrera eramateko era bizkor eta eraginkorrean.
Nobela beltza dugu honako hau. Euskaraz idatzitako nobela beltz onena, edo bakarra seguruenik. Kontrabando ixtorio bat kontatzen digu, izenik ez aipatu arren Oriorekin identifika daitekeen herri batean hasi eta Madril aldean segituz. Tokiz aldatzearekin batera “ur” haundiagoetan sartuko zaizkigu pertsonaiak eta komeria desberdinak izango dituzte “arrain” txiki eta haundiek. Sinisgarritasuna lortzen du Lertxundik.
Argumentuaren eraikuntzan ederki aritu bada ere, hizkuntzan gorabehera gehiago dago. Esaldiak maisuki ebakitzen ditu, bai, baina aurreko elaberriko modu berberean; hemengo lehen perpausa irakurri orduko Hamaseigarreneanekoa etortzen zaizu burura, eta ez da itxurazkoa behi berbera jo eta ke jeizten aritzea. Elkarrizketak emateko moduan gehiago saiatu da eta aberastasun haundiagoa eskaintzen du, estilo zuzen eta zeharkakoen nahasketaz. Erdarak ere badu bere presentzia elkarrizketa hauetan, errealismoaren amoreagatik.
Zera esango nuke nik laburpen modura, nahiko nukeela halako “ofiziozko” idazle asko baldin bagenitu, eta honen moduko nobela asko idatziko balituzte.
1987
Tobacco days
Erein
1986/1990
Madame Kontxexi Uribe saileko bost nobela
Erein
1985
Urtero da aurten
Erein
1984-12-09
Urtero da aurten
Aski nekeza izaten da liburuaren aipamena egin behar duenarentzat liburua zer den ere ez jakitea, eta antzeko zerbait gertatzen da oraingo honetan, zerbaitetarako baititu idazleak bere eskubideak idazterako orduan. Zuzenago jotzeko, esan dezagun liburu hau narrazio eta esaldi bilduma dela, inork bertan nobela balekusa ere ez genuke ezetz esango, honen mugak hain zabalak izaki. Anjelek behintzat, narratu egin du azken honetan, eta berari gustatzen zaiona narratu du, buruan aspalditik zeuzkan ideia batzu paperera eraman ditu, eguneroko bizitzan gertatu ohi direnek atzean gordetzen duten filosofia, gaiztakeria, irudimen eta abildadea begien bistan ezarri nahi izan dizkigu, bere ikusmiratik iragaziak nola ez. Euskal literaturgile zaharren testuek iradoki dioten hainbat burutapen idatzi dizkigu graziaz askotan, ikusle minduaren etsipenez beregan inolako arrastoa utzi duten ohizko bizikizunak kontatu ditu bestetan.
Eta bestalde, hein nagusiago batez Zubikarai zaharra hainbeste ziztatzen duen guraso ezagunik gabeko semealaben kontua dakarkigu, herri txiki samarretako emakume ezkondu askoren malko, espa, etsipen eta kezka sexualak, lehen ere hain ederki kontatu dituenak.
Esan bezala, narratze saioa egin du Anjelek, hari ezberdineko gaiak ukituz, beti ere atal bakoitzean gai zabal samar bat bilakatuz, baina luzera gabeko esaldietan umore beltza, filosofia sakona eta ingenioa bilduz.
1984
Haur literaturaz
Erein
1983-09
"Hamaseigarrenean aidanez": iragarritako sari baten kronika
Urgentziazko kronika honetan, oraindik liburua inprimategitik atera berria denean, irakurketa posible batzuk iragarri nahi nituzke, sari eta lan literario on baten aurreko txundidura garaitu orduko. Textuaren irakurketa posibleez jarduteko izango da astirik; oraingotan, irakurketa horien arteko batzuk aipatu bakarrik egingo nuke. Sujerentziaz osaturiko nobela bada ere, baliorik nagusienak sinbolo-mailan aurki ditzakegula uste dut.

1. Sinboloak: herri baten hipokresia

Norbaitek argi utzia du, hiritik baserrira itzultzeko ahalegin bat egiten duela nobelak. Hiriko errealismotik baserriko errealismora. Eta arrazoi du puntu baten behintzat: espazioaren aldetik argi dago arazoa.

Baina zerbait sendoagorik aurki dezakegu, baserriaren ikuspegi osoa ematen saiatu den A. Lertxundiren nobelan; edo, beste era batez esateko, “baserria” sinbolotara jasotzen saiatu den nobelan.

Argiegi dagoenez, baserri hiri banaketarena ez da espazialtasunaren arazoa, kokatzearen arazoa soil-soilik. Hego Ameriketako nobelistek ere (Borges-en kosmopolitismoa ahazten badugu behintzat) ruralitatean hasi eta munduaren sinboloetan bukatzen dute. Gakoa, orduan, beti bezala, gauzak nola egiten diren ikustean datza. Espazioa nola sinbolo bihur, tokia nola azul filosofia baten ispilu: hortxe dago ardatza. Eta honela, nobelak badu sinbolo-malla bi edo behintzat irakurketa-maila bi:

1) Saria irabazi ostean argitaraturiko elkarrizketetan, emakumearen egoera bakardadezko eta mingarria azpimarratu nahi zuela, esaten zigun idazleak. Kontzienteki, behintzat, horretxek dirudi nobelaren gaia: heriotzaren aurrean, bakartasun nagusiaren aurrean, bakarti bizitako eta bakarrik utzitako emakumearen ikuspegiaren diskurtsoa. Emakume horren saminaren adierazle izan nahi du nobelak: ez bakarrik gizarte matxista edo matriarkal batek sorturiko minaren adierazle; hori ere bai, baina baita zerbait gehiago ere: bakartasunaren krudelkeriarena, agian.

2) Maila kontziente horren ondoan, egiaren eta gezurraren artean mugitzen den gizarte hipokrita baten —honen?— argazkia utzi digu idazleak. Eta, nire ustez, egiaren eta gezurraren, izanaren eta itxuraren arteko borroka izango litzateke nobelaren benetako irakurketa. Gizartearen jokabide gezurrezkoa. Izan ez eta itxurak egite hauxe da pertsonaien eginbeharra. Eta borrokan beti sortzen dira biktimak, bi orain: hilotz datzana, eta injenuitatean bizi izan dena, emakumea. Arazo etikoa dugu, bada, gaitzat.

Honela, nobelaren arazorik bereziena ez dago espazioaren tratamenduan, trajedia baten planteamenduan baino. Nobelaren haria trajedia rural bat da, ezbeharrez gertatutako heriotza, urteetan isiltzen den apustulari baten heriotza basatia. Maila argumentalak irakurlearen interesa lortzeko balio du; emakumearen ikuspegiak tonu-aldaketak sortuko ditu barnean; eta trajediak erreflexio sakon bat eskainiko du, egia zer den, adiskidetasuna zer den. Baina nobelak jorien lortzen duena zera da: nobela poliziakoetatik hurbil dagoen argumentu edo kontaketa baten bidez eskaintzen dizkiola bideak irakurleari, hau sinbolora irits dadin.

Ez da teknika hutsekin jokatu: nolabaiteko oreka bat bilatu da teknika, tonu narratibo eta kontaketaren artean. Idazleak sinestu egin du kontaketa: argumentu interesgarri edo, behintzat, zirikari batez hornitu du nobela, eta azken orrialdeetaraino ez da biluztuko trama. Kontaketaren indarrera itzuli da idazlea.

Badakigu norbait hilko dena eta, hori gertatzean, itaun gehiago sortuko ditu kontalariak: zergatik, zer, zelan. Irakuriearen interesak bizirik dirau ekintza zehatz eta zorrotzekin.

Ezin dugu hau aldaketa nagusitzat hartu; baina bere interesa daukana ere ezin uka, batez ere A. Lertxundiren narratibagintza zehazteko unean. Badirudi euskal nobelaren aro bat bukatu dela: teknika hutsean oinarriturikoaren ostean, narrazioaren eta teknikaren arteko oreka bilatzen duenaren aroa hasten zaigula, alegia.

2. Hego (Ameriketako) haizea

A. Lertxundiren nobela honen iturririk argienetariko bat G. García Márquez-en Crónica de una muerte anunciada dugu. Idazleak onartu egin du. Planteamendu aldetik, badakigu zerbait gertatuko dena, eta hori gertatzen da.

Argumenduaren aldetiko antzekotasunetik at, badago berdintasunik jokabidearen aldetik ere. Ekintza bati buruzko eritzi desberdinak, lekuko desberdinek kontatuak. Plano eta kontalari-aldaketak nahikoa suposatzen du.

Baina Crónica-k argia eta eredua suposatzen duen arren, espazioaren aldetik ez du oraindaino Macondoren antzekorik egin Anduk. Agian, izenik gabeko bere unibertsoaren irudia egiten badu ere, askoz ere errealistago, kostunbristago agertzen zatgu. Dirudienez eta berak aitortzen duenaz, bidetan dago, Orio herriaren espazio fiktizioa eskaini bait dio nobela honi ere. Baina sintesiak osatu gabea dirudi.

García Márquez-en maisutasuna autoreak berak onartzen duen arren, aipagarritzat daukat J. Rulfo. A. Lertxundiz mintzatzerakoan: mexikoarraren hizkera aldetiko estutasuna nabaria da inoiz zarauztar-oriotarrarengan, idaztankeran.

Kontzeptismoa, ia arkano diren esaera eta esaldiekiko interesa, liburuen izenburuen arrarotasun eta zailtasunean ageri da argien: eta orain ere ezin zuen huts egin. Inoiz, berak azaldu behar izan du izenburua.

Rulfo-k hizkeraren aldetik eta tankeraren aldetik Márquez-ek, ederto zuzendu dute inkesta baten bidea.

3. Nobela poliziakoaren bidetik

Crónica… nobelan, bere gaztaroan gertaturiko heriotza argitu nahirik itzultzen da herrira kontalaria. Hemen ere, idazlearen ispilua dator trajediaren lekukoekin mintzatzera. Paralelismoa argiegia izan arren, badago Lertxundirengan euskal nobela poliziakoa sortzeko ahalegina.

Nobela poliziakoa, tresna baino gehiago, sinboloen bilaketa bait da: Graal-en bila egindako bidaien kronikak ziren zaldun-nobelak; Egiaren bila ibilitakoenak gaurko detektibe-kontaketak.

Baina haiek ez zekitena dakite hauek: ez dagoela Graal-ik, ez dagoela. Horregatik bihurtu dira detektibeak eszeptiko eta antiheroe.

Bidaiaren kronika honetan, herri bakoitzak berari dagozkion ezaugarriekin janzten du nobela poliziakoa. Gaurko Euskal Herrian, ez dute balio USAko detektibeek, hemen egon ere ez daudelako eta, gainera, oso zaila delako hemen poliziaganako sentibera azaltzea. Horregatik, detektibea egon ala ez, ez dio ardura nobela poliziako batetan: arazoa ikertzaile bat aukeratzean datza. Eta herri bakoitzean, literatura bakoitzean, ikertzailearen izakia bere erara osatu beharko du idazleak. Espainiako nobela poliziakoan kazetariak aukeratu dituzte ikertzailetarako.

Eta guk? Oraindik ez dugu horrelako arketiporik: bistan dagoenez, detektibea generoari egindako jarraipen itsu bat baino ez da-eta. Geure ikertzaileak behar ditugu, gure gizartean benetan ikerketan jardun direnak. Problema teorikoa planteaturik dago. A. Lertxundik nobelaren topikotik irteten den soluzioa eskaini du: arrazoi pertsonalengatik egin ikerketa, arazo afektiboengatik. Formula kopiatzetik irten eta jokabide orijinala, honako baliagarria, ematen saiatu da behintzat.

A. Lertxuridik, baserri-giroa eta trajedia ruralaren bideak aukeratuz, irtenbidea susmatu du. Ez dakit nobelako ikertzaileak benetan arketipo bat osatu duen ala ez; ezezkoa izan arren ere erantzuna (uste dudanez, nahiko ingenuo ageri da noizean behin ikertzailea), pertsonaia hau tratatzerakoan errealismoaen bidetatik abiatuz, generoaren aldeko oinarrizko urratsak ematen jakin du. Nobela poliziakoaren azken helburua, azken sinboloa, gizartearen, errealitatearen zirikatzea litzateke, gizartearen aurpegi iluna azaleratzea.

Eta gure gizartearen alderdi ilunez ari zaigu Anduren nobela, gure gezur/egien joko ezinbesteko-trajiko horretan.

4. Narrazioaren erritmoa

Narrazioaren erritmoagatik irabazten du nobelak arreta. Balio literarioetatik at, interesa lortzen jakin du: climax-eraino eraman gaitu irakurleok. Gustora eta jesarraldi batean irakurtzeko nobela dugu hau.

Inoiz —eta hau akatsen artean kokatu behar dugu— ekintzaren hainbat eszena hari nagusitik urrun baleude bezala agertzen zaizkigu. Halanola inguruko herriaren erreketa.

Honelako ekintzak era bitan salbatu ditu:

1) Nobelaren hasieran, ikuspegi-planuen aldaketaren bitartez. Herriaren zurrumurru-giroak (ekaitzaren aurretik izaten den urduritasunaren ispilu) urduritasun bera sortu du irakurleagan.

2) Pertsonaien tratamenduaren bitartez. Euskal nobelagintzan gutxi dira pertsonaia bakoitzari bere hizkera propioa, bere expresabide berezia ematen diotenak, pertsonaia bere hizkerarekin identifikatzen dakitenak. Gutxi horietako bat dugu A. Lertxundi.

Pertsonaien hizkeran, hizkeraren tonuan, bere prosa-lanaren fintasuna erakusten du. Pertsonaien hizkera eta kontalariarena desberdinak dira: pertsonaiak, kontalariagandik urrunduriko bere boza du. Eta pertsonaien ahots desberdinek, erritmo berezia, aldakorra, sortzen dute nobelaren aldaketetan. Nobelak ez du monotoni inpresiorik sortzen; tonu eta hizkera aldaketetan aurki dezakegu, agian, honen arrazoia.

5. Bakardadearen mugetara bultzaturik

Trajedia guztietan dago biktimaren bat. Baita hemen ere. Emakumea dugu nobela honetako biktima. Bera dugu lehenengoz herriak eta heriotzak gero bakartasunaren mugetara, patetismora, bultzatua.

Mugetan diren emakumeenganako interesa aspaldi nabaritu zaio A. Lertxundiri. Honen emakutmeen artean, interesgarrienetarikoa dateke nobela honetakoa. Atharratzeko baladako emakumearen antzera, urrutira ezkondua eta, arrotz den neurrian, deserrira behartua. Aldaketa batekin, hala ere: Ozazeko alabaren kasuan, deserria fisikoa da, barnekoa hemengoan. Eta emakume honi barne bakar-bakarrizketa geratzen zaio irtenbide bakartzat.

Eta hortxe agertzen dira A. Lertxundiren estiloaren matizazio-posibilitate guztiak: tonu lirikoaren fintasuna, erdarazko esaerek zipriztinduriko euskararen gogortasuna,…

Hortxe agertzen dira prosa narratibo pertsonal baten distirak.
1982-02
Anjel Lertxundi: Tristeak kontsolatzeko makina
Euskal argitaletxeek umeenganako ardurea aspaldidanik agertu dabe. Eta asteokaz barri bi jaso dira haurrentzako egindako literaturan: Erein etxeak “Auskalo” deitzen dan liburu sail barria hasi dauala, eta Asun Balzolari Mestres haur literatur saria emon deutsoela.

Optimistak bagiña, ba euskal haur literaturaren egoera onaren ispilu dirala esango geunke, baina pesimistak garanez, profesional onen lanak noizbaiten onartuak izan dirala baino ez dogu esango.

Baina gaurko liburu sailean, ba hauxe egingo dogu, profesional on bati omenalditxo bat eskeini, ez besterik. Angel Lertxundik honako liburu hau argitaratu dau: Tristeak Kontsolatzeko Makina.

Liburu xamurra, izenondokorik behar badau. Xamurra benetan. Elburuak argi daukazana, sorpresa eta humorearen bidetik abiatua.

Zeintzuk diran elburuak? Ba, haur literatura serioa egitea, nagusientzat ere balio dauan literatura egitea. Ez adoleszentea, hortarako, badagoz eta beste sail batzuk Hordagon. Haur literatura serio eta bertokoa egiteko saioa. Asun Balzolak oraindino oraintsu zera esaten eban: Euskal Herrian itzultzera jo dogula, Euskal Herriko idazleak promozionatu beharrean. Ereineko Auskalo saila horrelakorik egitera ez ei doa. Bertoko idazleen lanak argitaratzeari ekingo deutso.

Baina itzuli gaitezan Angel Lertxundiren liburura. Eta ja, objetibitatea galduaz, esan behar dogu nire idazlerik maiteenetarikoa dala euskal prosan: Aspaldi dabilkigu euskal literaturan behin eta barriro bere kontakera moetan aldatuz, esplorazio barriak egiten, arteragoko liburuaren tonoak atzera barriro errepikatu barik.

Hemen Tristeak Kontsolatzeko Makinan, irudimenaren bidetik abiatzerakoan aspaldi B. Atxagak Nikolasa eta Ramuntxo liburuetan erabilitako joeren usaina nabaritzen dogu. Eta geroago eta argiago dagoena zera da: Gianni Rodarik, pedagogo italiarrak, Euskal Herriko haur literaturan daukan garrantzia.

Irudimenaren truko guztiak ditugu liburu honetan:

— Mirarizko makina miresgarriak: jendearen tristeziak kentzen dituenak, fresku freskue, bizi bizie, eta merke merkie.

— Izenekin darabilen jokoa: Gaston Txanpon, zekena adierazteko, edo Lopez Golarte delante famatu rimatua.

— Jokoak eta karatulak umearen bizitzan dauken garrantzia aprobetxatuz, Angel Lertxundiren liburuko umeak ere pozarren dabiltz.

— Mundua ankaz gora topikoa: horrelan humorearen bideak topatuz.

— Egitura borobilak, behin eta barriro kontatzeko ipuinak.

— Herri literaturaren joera ahaztuezina.

— Ametsa, fikzio eta errealitatearen arteko jokotzat hartuaz.

Hau guztiau, Rodariren Fantasiaren Gramatikan aurkitzen dogu. Eta zer aportatzen deusku ba, Angel Lertxundik?

Ba, bere profesionaltasuna:

- esaldien erritmo berezi eta gozoa,

- euskal esaeren jatortasuna,

- hizkerarekin urteetako borrokaren frutua: tono humoretsu eta bizia.

Azken baten, hain berezkoa, baina pitin bat hotza, egiten da bere estilo joria. Batzutan, baina, ipuinak ez dagoz umeentzat idatziak, badirudi idazlearen gustoz eta idazlearentzat eginak dirala. Irudimena askatua izten dau, estiloa zaindu, eta humorea gorpuztu. Eta elefanteen ipuin kafkianoan gertatzen dan bezala, ipuinak umeen mundua gainditu eta gure gizartearen sinbolo bihurtzén dira.
1982-01
Tristeak kontsolatzeko liburua
Joan den urte bukaeran (1981) publikatu zen Anjel Lertxundiren “Tristeak kontsolatzeko makina” (Erein), Antton Olariagaren irudiekin osatua. Teorian umeentzako ipuin liburu bat da, oso letra handiz eta guzti egina, haurrek testua osatzen duten 11 ipuinak irakurtzean erraztasun gehiago izan dezaten. Halaz ere edozeinek irakurtzea merezi duela iruditzen zaigu, ez bakarrik topikoak dioen bezala irakurtzeko kontuetan helduen eta umeen arteko mugak oso garbi ez daudelako, baita oso ondo burututako liburua izateagatik ere. Hau ez diogu —ez dezala inork pentsa— beste batean esandakoa konpentsatzearren.

Kontatzeko manera xinplea oso lortua dago eta xinpletasun hori ez da kasualitatezkoa. Modu honetan idatzitako prosa hau jostailuz beteta dator bai hizkuntza aldetik nola gaia aldetik ere.

Azken puntu honi dagokionez asko eta asko erabiltzen den elementua errealitatea traspasatzea da. Askotan horretan bertan dago ipuin hauen motiboa, besterik gabe. Hola gertatzen da “double fantasy” eta “tristeak kontsolatzeko makina” ipuinetan, non dibertimendua, besterik gabe, autorearen imajinazioa den.

Beste batzutan aldiz, errealitate egiantzekoa traspasatzea funtzionalagoa da, nolabait elementu magikoa erabiltzen da beste gauza batzuk azaltzeko, Kafka eta Marquez-en kasu askotan —esate baterako— gertatzen den bezala. Hain zuzen ere, ukitu kafkianoa oso garbi dago “Donostian elefanteak ikusi zirenekoa” ipuinean (hau da, egoera absurdoak baina nolabait errealak): jende guztia egun batean elefante bihurtuta agertzen da edo halaxe ikusten du behintzat goiz batean Donostiako alkateak, zeinak besteen begian lastotxoa ikusten duen baina ez berean enborra. Eta Marquezena “Hartuko Nuke markesaren telebista” ipuinean —ejemplo epel bat jartzearren—, baina ez topiko bat bezala esan denagatik, hau da, Lertxundiren influentzia sudamerikanoa etc. Hau esan denean Marquezen influentzia esan nahi izan dela iruditzen zait (Cien años de soledad / Ajea du Urturik) eta influentzia hori ez datorkio Marquezi Amerikatik bertatik baizik Europatik, neurri handi batean behintzat, bai zuzenean nola beste edozein autore amerikanoren bidez (Borges esaterako). Hortaz, errebotez bada ere (berak jakingo du) Lertxundiren influentzia horiek ez dira sudamerikanoak baizik eta europeoak (Gogol, Schwob, Kafka, etc.) edo bestela norteamerikanoak (Faulkner). Ez dugu halaz ere uste arazo honek inportantzia handirik duenik.

Beste elementu bat, ipuinetan moraleja ezkutua agertzea da: “Baloi internazionala”, “Ipuin-ipuinka”, “Rafaelen ajeak”… Umeak ez du horrela moraleja irakurriko baina bai behintzat sumatuko.

Beraz modu bat dela edo bestea dela beti dago magiko, harrigarri edo nahi den bezala deitu daitekeen errealitatearen traspasatzea. Hau bai akzioen aldetik nola pertsonaien karakteristiketatik ateratzen da.

Lilurapen kutsua dario liburutik esan ditugun gaiaren aldetikako arrazoiengatik eta hori gainera baliabide formal batzuen bidez dator lagunduta:

1. Rima. Behin eta berriro sartzen da elementu rekursibo bat bezala. Batzutan errefrau gisa (”Bixente, inuxente, besien artean garatxa tente” (62)), bestetan arrazoi aparenterik gabe (”elefante tunante” (9)). Ipuin batean areago (”Oilategia” deritzana) kasik diskurtso osoa dago errimaren bidez lortua.

2. Izenak. Disfrazatu nahi dira askotan: Lopez Golarte, Kortazahar, Arkomutxo atezaina. Maiz ere kausa semantiko bat dago hortarako: Gaston Txanpon (Midas berri bat, erdara eta euskara nahasten dira diruzalearen izena lortzeko), Mikaela Kiniela (Gastonen emazte diruzalea), Hartuko Nuke markesa, Andolin Irakin, Maioritario alkatea…

3. Hizkera direktoa. Naturaltasun bat ematen dio errealitate bitxiari. Marquezek dioenez: bere amonak gauzarik majikoenak kontatzen zituen zeharo normalak izango balira bezala. Hizkera freskoak lagundu dezake horretan eta hala da kasu honetan ere: “Seko aspertu nauzu pelma horrek” (32) eta beste. Horretan inportantea da purismoren problemarik ez egotea. Begira liburuaren titulua bera.

Hortaz aparte, kontatzeko modua gutxienez bi eratakoa izan daitekeela aurkitzen dugu:

1. Ahozko modua. Hasieratik bukaeraraino “Rafaelen ajeak”-en bezala, edo partzialki baliabide ahozkoak klitxe gisa erabiliz: “Nor agertuko ganbarako toki ilunenetik, eta otsoa” (17); “eta handik zer irtengo eta labadora irten zitzaion” (28)…

2. Akziozko modua. Lehenengoan bezala narradorearen moduak agertzen dira ezinbestean baina akzioari askozaz ere lotuagoak eta gehiago haren zerbitzuan. Narradorea ez da orduan horren nabarmen, gehiago ezkutatzen da.

Orain ikusten ez ditugun elementuak eta ikusten ditugun beste batzuk (iturri popularraren erabilpena etc.) beste batetarako utziko ditugu.
1982
Gizon kabalen piurak
Erein
1982
Haur literaturaz
Erein
1981/1985
Maria Goikoarenak
Erein
1981
Hamaseigarrenean, aidanez
Erein
1981
Portzelanazko irudiak
Erein
1981
Tristeak kontsolatzeko makina
Erein
1979
Aise eman zenidan eskua
Erein
1974
Xabier Lizardi, olerkari eta prosista
Jakin
1973-11-25
Goiko kale
Ongi pentsatzen jarrita, nobela hau poema nobelatu bat dela ere esan liteke. Neurria eta ritmoaren zentzuagatik, osotasunaren zatiak hain armonikoki taxutuak izan direlako, oroitzapen eta ideien erabiltzeari musikaltasun neurri bat eman zaiolako… benetako poema baten aurrean bezala gaude, eta era berean euskal narratiba berri baten bideak urratzen dira.
Epikotasun eragotzi batetik “nitasun” adierazgarri batera daraman bidea ibiliz, Anjel Lertxundik, lehenik sakonki barruratua izan den mundu berezi bat kanporatuz, gauzak esateko hizketa berri bat proposatzen digu. Une berean, egunerokotasun itogarriari buruz beharrezko diren tarteak hartzen ditu, eta gogoeta zabal eta sakon baten lehen urratsak ematen.
Oker ez banago, Lertxundiren nobela hau irakurtzerakoan hegoamerikar Julio Cortazar eskritorearen narratzeko zenbait era gogora datorkigu: osotasuna eta zatia esatzeko era sujerente eta poetiko hortan bereziki. Osotasuna eta zatia elkarren kideko, osagarri beharrezko izanaz, baiña bai eta aske ere; nahiz eta denak dena osatu. Hala ere, influentzia on bat gauza on besterik ez da, eta arte-gaietan dena da influentzia (askotan, zoritxarrez, sasi-influentzia).
Anjel Lertxundi estilista bat da, gure gaurko narratiba sortzaileak dauzkan estilista oso gutxitako bat; bakarra behar bada. Eta hori guztiz garrantzitsu da. Estiloa eta hizkuntzaren mo!datze egoki, beharrezkoa, azken finean bat dira: nobelak, ipuiak, poemak “egin” egin behar dira, eta ez “bota”. Lertxundi egiten saiatzen da: artista bat da.
“Hunik arrats artean” deitutako Lertxundiren lehen liburu hura gauza fresko, berri eta bitxia izan zen; irudimena eta errealitatearen arteko lotura eta harreman berriak narratibarako proposatzen zizkigun liburu arraro eta guztiz irakurgarri bat. Behar hainbat arrakasta izan ez bazuen, hemen gure arteko jendeak (jende “kontzientziatu” eta “ikasiak”, jakiña) literaturaz sensibilitate eskasa baizik ez duelako izan zen… Betiko axolagabekeria eta prosaismoa arau sakratutzat hartuz, liburua ohiturazko hiru topikorekin likidatua izan zen.
Geroago, “Ajea du Urturik” nobela agertu zen. Bigarrengo hau gure herriaren gertakizun, kontradizio ela sasi-aterabide askotaz egiten zen burutapen bat zen. A!egorikoegi izanik, lehenengoaren umorea falta zuen; joko bat baiño gehiago, burutapen sukartu bat zen. Nobela beroa: beroegia agian, Lertxundik berak noizpait aipatu izan duen bezela.
Hirugarrengoa, “Goiko Kale” hau, billaketaren beste planteamendu batetan oiñarritua dago. Bertagiko gorabeherak une batez bazterreratuz (kreaziorako denbora eta ikusmolde berezia eraikiz) haurtzaroaz, aintziñaz egiten den gogoeta, billaketa, azterketa bat da: nortasun muga-eziñezkoaren aztarrenen xurgatze beharrezkoa. Hor, haurtzaroa gaurkotasun pertsonalaren urrutiko iturburu lanbrotsu bezala aztertzen zaigu, nahiz eta Lertxundik azterketa hortan ahalik eta razionaltasun gehiena jarri. Era berean, nobela hori denbora historikoaren zehaztasun bezala agertzen zaigu: garai bat ulertzen hasteko behar hainbat dato eta argitasun bai baitago. Historia baten hastapena da; historia gizartetsu eta era berean pertsonal batena, baldintzapen eta mugapen guztiek beren sujerentzia berezia bertan dutelarik.
Ohar bezala, behar beharrezko zen bide ata tematika berri hau haukeratzerakoan, Lertxundiri esan behar zaio ez dedilla sekula ironiaz ahantz. Bere ikustapen eta billatzea sarkor eta kritikoa izan dedilla, bere buruaz, gure buruaz errukirik eduki gabe. Ironia baitugu gure auto-ikuste killimagarriak erre eta erlatibizatzeko tresna bakarra.
Eta bukatzeko, irakurleari adierazgarriago gerta dakion, Lertxundiren nobela berri eta guztiz interesgarri hontaz liburuaren atzeko azalean agertzen diren hitz hauek hartu nahi ditut:
“Nobelagile, poeta baten eginkizunik garrantzitsuenetakoa, “gauzen oroitzapena denboran zehar” gordetzean datza. Eta oroitzapena gordetzea, askotan, oroitzapenari irudimen sortzailearen bitartezko bizi berri bat moldatzea izan liteke.
Haurtzaroak tiratzen gaitu, izutzen lilluratzen; gure nortasuna egiten hasi zen urrutiko haro hartatik, noizpeinka, sensibilitate minduaren uhinen bitartez aspaldiko oihartzunak heltzen zaizkigu. Txundituta geratzen gara. “Denbora galduaren bilaketa” hori behar beharrezko premia bilakatzen zaigu, premia oinazetsua.
Eta oroitzen hasten gara. Gure izatearen zergatiak argitu nahi genituzke; ez dugu lortuko. Haurtzaroa putzu sakon bat da; bertan pilatzen joan den urak ez du hondoa ikusten uzten… Agian, noizpeinka, urrutiko distira bat: nostalgia bat, hutsune bat, haserre bat, frustrazio baten oinarriak, haur baten aurpegiko keinu misteriogarri hori…
Pilatzen joan den urak ez du hondoa ikusten utziko. Baina oroitzen hasten gara, bilatzen, amesten; hari etena korapilatu nahirik”.
1973
Goiko kale
Gero Mensajero
1972
Pio Baroja
Gero Mensajero
1971-10-10
Ajea du Urturik
“Das Wort entschlief, als jene Welt erwachte”, hots “Mundu hau iratzartzean, hitza loak hartzen du”. Krause-k, fazismoa pizten ari zen egunetan esan zituan hitz hauk; eta egun Lertxundik K. Krause-n esaerari buelta ematen dio eta esan lezake: “Hitza iratzartzean, mundu hau loak hartzen du”. Izan ere, honela hasten da Lertxundiren nobela: “Urak harrolez estalitako ametsetatik irtetzean…”. Halatsu hasi zuan Kafkak ere bere Itxura aldaketa, “Amets nahasi baten ondotik itzartzean…”. Kafkaren legez, Lertxundik benetako mundu baten aurrean jartzen gaitu, iratzarririk. Eta mundu hori benetakoa da, fikziozkoa delako. Hitz askatua esnatzean, eguneroko mundu hau loak harturik dakusagu, ametsa deritzagu.
Uraren ezkoa nabari daiteke, nobela guztiaren zehar. Haizeak eragindako ura, eta urezko zurrunbiloaren haizea. Ura eta haizea, agian ur soila da Urturiren ajea.
Baina ura zer da? Nor da ura? Ez noa ni, bederen, interpretazio bortitzik egitera. Interpretazio orok gauzen jatorria hertsi eta hosi egiten du. Ajea du Urturik irakurtzean tentazio bakarrak kilimatzen gaitu, interpretazioari ekitea. Baina bide hortatik abiatzea Lertxundiren obra endelegatzeko oztopo baizrk ez genduke. Errazkeria deritzat nobela honen sinbolismoari interpretazio elbarri bat eranstea. Obra, oso osorik hartu beharrezkoa dugu, bere horretan, itzala itzal bezala eta argia argiaren gisa. Sinbolismo honen argitzeari ekitea, bere esanahia agertuaz teologikoki ihartukitzea litzake. Sinboloak hor dautza, ez ditzagun bortxa, berez doakie izana eta esanahia.
Ajea du Urturiken ipuia, atxakia eta sobera arrunt dugu. “Armiarma sarea zabaldu zen lurralde haietan eta itsasoaren sabela lehertu eta ur handitzeak izan ziren. Urturi urpetu zen eta Urturiarrak anfibio bizitzari ekin zioten”, nobelaren aizken finean Ezkerra arrain bi!akatzen da. Hitz baten esateko hau da nobelaren haria: “Ura, aize eta denboraren poderion urturiarren bizikera irauldua izan zen”.
Ipui xelebre eta estrainio hau ardatz duela, burutu du Lertxundik bere obra. Nobelaren pertsonaiak sei dira ene aburuz: Atanasio, Mikolas, Ezekiel, Ezkerra, Miren eta Ura. Sei elemento hauekin osatzen du Lertxundik bere obraren egitura; eta sei pertsonaia hauen gain iasotzen du Urturingo mundu berezia.
Lertxundik dionez (Z.A. 423) literaturak, gizarte eta izadiarekiko gizonak dituan harremanak azaldu behar ditu. Bere bigarren obra honetan bi mota hauetako harremanak dakazki gure baitara. Harreman hoik, nola bait ere, honela ager daitezke eskematikoki:
(Ideol.) Atanasio; (Polit.) Mikolas; (Ekon.) Ezekiel <==> (Imajinazioa) Miren, Ezkerra.
Nobelaren egitura harreman bi hauen arauz estrukturaturik datza. Bi kontraesan nagusi nabari dira egitura honetan. Batetik, gizonen arteko kontraesana; Atanasio, Mikolas eta Ezekielek multzo bat osatzen dute eta Miren bere lagunak beste multzo bat. Bi multzo hauk elkarren kontra daude, herria tartean dutela. Beste kontradizio nagusia, gizonak urarekiko dituan harremanetan datza.
Egitura honen argitzea forma edo nobelaren azalari dagokiona da. Baina nobelaren funtsaz ezin genezake gisa berean joka. Zeren funtsa itzala da eta ezezaguna zaiku. Kolorezko itzal bat dugu obra honen sustraia. Cezanne edo Renoir margolarien marrazki baten antzera, obra honetan, gauzak ez dizkigu adierazten ez eta erakutsi ere, aitzitik gauzak “azaldu” egiten dizkigu. Horregatik diot Lertxundiren obra inmorala dela, ez baita han dogma edo egia orokorrik hausnartzen. Korronte batetan sarrarazten gaitu Lertxundik, eta korrente horri erotiko deritzat. Baina Ajea du Urturik, obra inmorala bada ere ba du etikarik, eta etika hori “itxaropenaren aizeetan datza. Urturin esnatzean URA dakusa, ohi ez duan mundu bat nabari du Urturik. Mundu berria. Mundu esnatua. Hitz esnatua (ikus Lertxundirena Z.A. 421).
“Literatura, blharko gizona prestatzen duan harma bat da” (Z.A. 423) Lertxundiren hitz hauetan datza, bere literaturagintzaren oinarria. Lertxundiri geroa zaio ardura. Baina geroa ezezaguna eta izkutua da; zientziak ezer guti esan dezake geroaz, batik bat gizonon geroaz. Ezagunetik hasi eta misterioan murgiltzea omen da literatura, eta abiadura hori egiteko imajinazioaren beharrean gara.
Imajinazioa da Lertxundik bere obraren zehar aztarrikarako erabili duan instrumentoa. Imajinazioa ezagupide bezala.
Errotua den gizarte molde (establishment) orok, gizonen arteko eta izadiarekiko harremanak erreprimiturik dauzka edo neurturik bederen. Harreman hoik, ohizkoak diran komunikazio bideetan aditzerat ematen dira. Komunikazio bide hoik, gizarte molde horren zerbitzuan eta menpean dautza. Zenbait errealismo, nola arteetan, hala literaturan gizarte molde errotuen euskarri eta sostengu dira. Nahiz eta inoiz errealismo hori (bortitzegia izatean) gizarte moldeen aurka matxinatu - Zola. Baina imajinaziozko sorketak eta fikziozko obrak dira, gehien batean, gizarte moldeak kolokan jartzen dituztenak, hainbat idazle aintzindariek (lehen Kafka, gero Brecht) beren obran fikziozko sorketez gizarte honen egiturak kritikatzen dituzte, Lertxundi da, lehenik Euskal Herrian, bere fikzio, sinbolo eta irudimenezko sorketaz Euskal gizarteak kritika larri bat egin duena.
Bere kritika (”kritika” hitza, ezagupide baten zentzunean hartzen dut) ondatzaile eta apurtzaile da, analitiko hain zuzen. Bere kritika ironiko da. Socrates ironiaz baliatzen zen egiaren bilaketan. Socrates-en ironia logika gisako tresna bat zen (hots, epistemologikoa). Halaber Lertxundik ironi xehe eta leunaz, bere obra guztra blaitzen du. Hunik arrats artean, bere lehen liburuan, nabarmena eta larria zen bere ironia. Orain, Ajea du Urturik obran, ironi berrura tipiagoa eta mehagoa da, ez da ia sumatzen. Bere bigarren obra honetan, ironia, fikzioan bertan datza. Fikzioa kontestalari eta iraultzaile ba da, bere indar hori ironiatik datorkio. Ironia dela eta fikzioa kritika bilakatzen da. Lertxundirengan, asmaketa soila kontraste kritiko bilakatzen da.
Ajea du Urturik fikzio kritiko da beraz. Eta kritika hori apurtzaile dugu, baina zati ondatu hori beste “zerbaiten” gai dira. Ironia erditzaile da (Socrates-ek “maieutikoa” deritza). Eta hondakin horetatik itsasten da itxaropen berri bat. Geroaren urratsa.
Geroaren urratsean datza obra honen alderdi utopikoa. Imajinazioak beste “gero” bat du proiekto. Eta proiekto hori politiko da. Ikuspegi politiko honetatik Lertxundiren obrari so eginaz gero, zenbait lan soziolojiko baino politikogoa dela jabetzen gara. Ez zen hain eroa Parisko Sorbonaren hormetan “imajinazio boterera” idatzi zuan hura. Marcuse-k, zenbait realista sovietarri egiten dien kritika hemendikan dabil. Eta hildo hontako landarea dugu, ene ustez, Lertxundiren obra.
Aurkezten ari garen liburuan URA arazo da. URA natura egozkor bat da. Finean Ezkerrak, arrain bilakaturik, uretara jotzen du. Uretan arrain izanaz lortzen du bere askatasuna, bere arazoen soluzionea. Urturriarrek bi erten bide dituzte (besterik dira Ezekiel eta Mikolasen proiektoak): ur gartz hura edan eta beren atzekabearen jatorria agortu ala arrain bilakatu. Egoera bikoitz hau tragikoa da. Eta trajedi grekoen gisara “katarsis” garbitzaile bat eskatzen du. Guztitara ere, Lertxundik iraultza baten atarian jartzen gaitu. Aukera bortitz baten aurrean.
Gauzek beren artean antza bat ba dute. Idelaren eitea antz horren agerpide izatea da. Mendebaleko literaturaren zehar eboluzio bat dakusagu antz bilaketa honi buruz, XVI eta XVIIgn gizaldietako literatur “klasikoetan” gauzen arteko antza logikoki ardazten zen. Adibidez, Atsularren sinonimoak logikaren arauz loturik daude, berak esaten duanean: “Hain ongi lot, uzkal, eta amarra ahal…”. Baina Lertxundik esaten duanean: “egun zoragarri hura eguzki, estreptomizina eta zigarro zitzaion…” imaginaziozko lotura bat osatzen du. Lertxundiren imajinaziozko loturak aldrebesak zenbait aldiz, kontraesanak besteetan eta “desegokiak” gehienetan, irudimenaren arauz osatuak dira. Lertxundik, gisa honetako loturaz ezkontzen ditu izadiaren eta gauzen arteko harreman kontraesankorrak.
Izadia, Ura dugu Anjelen obran. Eta uraren altzo dudagarri eta kezkatian igari dabiltz gauzak eta gizonak. Urak krisia dakar. Krisi hori kritikoa da, ezaguerarat garamazkiana. Ezezagunatik misterioara eta handik sinboloaren bidez ezaguera berri bat ematen dauku Lertxundik. Ezaguera kritiko hontatik datorke gure sinismen eta jakintzen krisia eta instantzi kritikoa. Beraz, diot, Ajea du Urturik, gure egungo jakintza hertsi eta erreprimituen kritika dela.
Aurkezpen honen finean, neure egiten ditut M. Foucault-en hitzak: “Hain motza da gure adimena, hain hertsia gure askatasuna, eta hain motela gure hitza… gure azpian datzan ilunpe hau, edan beharrezko itsaso bat dela ohartzen gara”. Lertxundi ohi den lojikazko arauen kontra altxa da, hitz deserrotu batez gizonaren, izadiaren expresio sakona erdituaz.
1971
Ajea du Urturik
Gero Mensajero
1970
Hunik arrats artean
Lur
1968
Gaurko literatura
Donostiako Apaizgaitegia
1966
Las últimas sombras
Seix Barral
12/2017
Hitz beste 2003-2017 : Anjel Lertxundiren zutabeen antolojia
Euskal Editorea SL
12/2013
3 L. Lauaxeta Lizardi Lete
Pamiela Argitaletxea
12/2011
Maria goikoak batbirulau!
Alberdania Erein
12/2002
Ezkutuko maitea
Elkarlanean, S.L.
12/1989
Sardina ezpain gorriaren kasua
Erein Argitaletxea, S.A.
12/1985
Dotore Salbatore apain bezain dotore
Erein Argitaletxea, S.A.
12/1985
Hamaseigarrenean aidanez (comic)
Erein Argitaletxea, S.A.
12/1979
Gaur asteartea da
Erein Argitaletxea, S.A.
11/2012
Paper-festa
Alberdania
11/1997
La imagen de Bizkaia
Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa
11/1989
Bibotea eta Joxanton
Erein Argitaletxea, S.A.
11/1989
Euli bat zopetan
Erein Argitaletxea, S.A.
11/1989
Katu izan nahi nuke
Erein Argitaletxea, S.A.
11/1989
Titirimundi
Erein Argitaletxea, S.A.
10/2015
Eugenio Montale antologia
Susa
10/2007
Línea de fuga
Alberdania
10/1984
Auskalo mendian
Erein Argitaletxea, S.A.
10/1984
Tximinitik gora
Erein Argitaletxea, S.A.
10/1979
Ai, Leire, Leire
Erein Argitaletxea, S.A.
10/1979
Nikolas Mikolas
Erein Argitaletxea, S.A.
10/1979
Sorgin Bat Aidean
Erein Argitaletxea, S.A.
09/2006
Felicidad perfecta
Alberdania
09/1988
Máquina de la felicidad, la
Alborada Ediciones, S.A.
09/1985
Idatz eta marraz
Erein Argitaletxea, S.A.
09/1982
Txalo pin Txalo 3 (Irakaslearena)
Erein Argitaletxea, S.A.
09/1979
Txibiribi Bombon
Erein Argitaletxea, S.A.
09/1979
Txilibitu Dambolin
Erein Argitaletxea, S.A.
08/2010
Vida y otras dudas
Alberdania
08/1984
Saltsa pika 2
Erein Argitaletxea, S.A.
08/1981
Txalo Pin Txalo, 2. Haurrentzako liburua
Erein Argitaletxea, S.A.
07/2009
Bícame mon amour
Editorial Galaxia, S.A.
07/2001
Republikia, 1931-2001 : erakusketa, 2001eko martxoaren 30etik apirilaren 29ra = exposición, del 30 de marzo al 29 de abril de 2001
Ayuntamiento de Eibar - Eibarko Udala
07/1990
Taberna zulokoak
Erein Argitaletxea, S.A.
07/1982
Ainara eta hodeitxoa
Erein Argitaletxea, S.A.
07/1982
Lotara joateko ipuinak
Erein Argitaletxea, S.A.
07/1982
Txalo pin txalo 3. (Haurrentzako liburua)
Erein Argitaletxea, S.A.
07/1981
Txalo pin txalo 2. (Irakaslearen liburua)
Erein Argitaletxea, S.A.
06/2003
Brummm!
Elkarlanean, S.L.
06/1997
Martín Ugalde : leialtasun baten historia glosak
Andoaingo Udala
06/1988
Bost urte
Erein Argitaletxea, S.A.
06/1988
Dirdai Faisaia
Erein Argitaletxea, S.A.
06/1988
Gauez euria ari duenean
Erein Argitaletxea, S.A.
06/1988
Mozolo babalorearen balada
Erein Argitaletxea, S.A.
05/2011
Los trapos sucios
Alberdania
05/2010
Hamaseigarrenean aidanez
Erein Argitaletxea, S.A.
05/1991
Unmorearen antologia
Erein Argitaletxea, S.A.
04/2018
Este muro de hielo
Erein Argitaletxea, S.A.
04/2009
Vete al infierno, cariño
Alberdania
04/2006
Felicidade perfecta
Editorial Galaxia, S.A.
04/2005
A mi em patina la egga, i què?
Tandem Edicions, S.L.
04/1993
Patxiko Txerren
Erein Argitaletxea, S.A.
04/1988
Indiana Jones en Zamarra
Erein Argitaletxea, S.A.
04/1986
Artillero, dale fuego
Erein Argitaletxea, S.A.
04/1986
Elegantzia frantzia
Erein Argitaletxea, S.A.
04/1986
Ipurdian bost letra
Erein Argitaletxea, S.A.
04/1986
Janda gero, majadero
Erein Argitaletxea, S.A.
04/1986
Titiritero titirimundi
Erein Argitaletxea, S.A.
03/2001
A mí me patina la egge
La Galera, SAU
03/1983
Xabier Lizardi
Erein Argitaletxea, S.A.
02/2007
Las últimas sombras : Otto Pette
Alberdania
02/2005
A mi em patina la egga
La Galera, SAU
01/2001
Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer?
Elkarlanean, S.L.
01/2000
Musubero, mon amour
Elkarlanean, S.L.
Jose Larreina edo hamalau heriotzena

I


Eguzkiak aspaldi eman ditu epelenak, eta hotzak, gero eta gordinago, izotza hurbil du. Mendaroko Jose Larreinak ez du gaua izarpean pasatzeko gogorik. Non hartu, ordea, ostatu? Airea usaindu du, ehiza-zakur batek bezala. Egur errearen usaina. Bera dagoen lekutik hurbil tximiniaren batek behar du. Airearen usna-usnan, bide malkar batean gora bostehun bat metro egin eta gero, iritsi da kearen jatorrira. Ez dira gau ondo ilun batean inongo atea jotzeko orduak, baina hotzak mikaztuta eta gosez amorratzen dago Jose. Atea jotzerakoan, berezko senak abisu eman dio Joseri Jainkozko hitz usadiokoak esan behar dituela.

Joseri egin dioten harrerak ez du inolako aitzakiarik: Altzibartarrak, eskuzabal jokatzeko, ez dira ate joka datorrenaren eskuzabaltasuna ezagutu zain egoten.

Ahitzen ari zen sua bizitu eta gero, altzibartarrek dutenetik eman diote eskekoari: zezina, taloa, ardoa. Jose Larreinak aitaren egin du afaltzen hasi aurretik. Neurriz jan du; edan ere, neurriz edan du. Joseren senak, gorostian gorosti agertu behar duela esaten baitio, osoan segitzen du.

Afaria bukatu denean, Martinek, Altzibarko nagusiak, bere logela eskaini dio hain eskeko ondo heziari, mandioan ez baitu lo egiteko gau-girorik egiten. Eskekoa hotzez akabatuko litzateke han.

Behin logelan, Martinek armairua zabaldu du estalki pare bat ateratzeko bertatik. Kandelaren argiak eraginda, distira egin du zerbaitek. Armairuko giltzak, sarrailaren batek, ontzak, erroak, zintzilik dagoen brusaren botoiren batek. Auskalo zerk. Bat-batean, kaosa egin da Joseren buruan, erle-saldo amorratu bat dabilkio buru-muinetan ziztaka, zuhurrena ere erotzerainoko oinaze zakar batek hartu dizkio zainak. Atera du gerritik basurde-kumeak hiltzeko erabiltzen duen aizto zorrotza, eta bihotzaren erdi-erdian sartu dio hamar minutu lehenago bere ohea eskaini dion gizon bihotz zabalari. Martinek harridurazko zirkin indarge batez begiratu dio Joxeri. Palentziatik ekarri zioten manta lodia odoltzen ari zaio besoetan.

Pare bat segundo iraun du Martinen begiradako ulertu ezinak. Ahalegin oinazetsua eginik, manta Joxeren kontra bota, eta iheska hasteko kemena izan du. Gelako ate aurrean erori da. Joxek armairua miatu du basurde batek inguratu duten zakurrei eraso egiten dien baino zakarrago.

Ez du ezer aurkitu.

Bitartean alaba, zalaparta handiak entzun baititu, gelara hurbildu da, eta aita abelera odoltsu hartan ikusita, oihuka hasi da laguntza eske, apaiz eske, zeruaren erruki eske. Jose begira geratu zaio, berak ere ulertuko ez balu bezala egin berri duena. Begirada errea da Joserena, hautsetatik bizitu berri den su gartsu batek hartua. Irriño zozoiloa egin dio neskari, ulertuko ez balu bezala zer egiten duten han bai neskak, bai Josek berak, bai nagusiak, ordurako azkenetan. Zoro itxura du Josek, aurpegia distortsionatuta dauka, izugarria du begirada. Kandelaren argiak bete-betean ematen dio, eta haize-zirri sarriek familiari zoroak, familiari distortsionatuak, familiari izugarriak eragiten dituzte, Joxeren itzalarekin jolasean, atzeko horman eta sabaian.

Neskak oihu egin du ostera. Joxeri kopeta eta lokiak zimurtu zaizkio, buruko zainak lehertzear balitu bezala.

Han inguruan zen aizkora triste bat harturik, burutik behera jo du neska. Hezur-hotsa, txiliorik ez. Aitaren ondoan gelditu da neska.

Artean ere, Joxeri ez zaio irriño zozoiloa itzali. Halako neska gazte bat. Afari-garaian hogeita hiru urte dituela entzun izanak halako irriño bat sortu dio. Orduan? Gizakirik ankerrenaren barne-muinetan beti gelditzen den damuaren garra izan liteke irriñoa? Bi gorpuei begiratu die Josek. Hankarekin apartatu du neskarena, eta gelatik irten da. Ero moduan hasi da baserrian gora eta behera, zer aurkituko, non urrerik bilatuko. Peskiza horietan, etxekoandrea ikusi du sukaldeko atea zabaltzen, hango lanak bukatuta. Emakumea, antza, ez da ezertaz jabetu. Heldu dio Josek paparretik, eta emakumea astintzen hasi da, 'non dago urrea? non dago urrea?', galdetzen diolarik. Etxekoandrearen izuari xalotasuna nagusitu zaio: 'badakizu hemen ez dela dirurik'. Josek arrastaka eraman du emakumea, senarra eta alaba dauden tokiraino. Esateko non dagoen urrea, besteak bezain gorpu gelditu nahi ez badu.

II


Zer egin zuen Josek Katalinarekin? Gauza arrunt eta hutsalek ez dute argipenik behar. Kontua da biharamun goizean, Joxek Altzibar baserria utzi zuela. Zerua urdin-urdin zegoen. Zelai-sasiak, izotzetan zuri.

Altzibarren gertatutako izugarrikeriak bailara guztia aztoratu zuen, eta giza saldo armatuak zebiltzan inguruko mendiak eta haranak arakatzen. Izotzak egunetan iraun izana aukera ezin hobea zuten hiltzailea bilatzeko, baina inork ez zuen hiltzailearen arrastorik ateratzen. Ordurako, gainera, Joxe Mendaroko ateetan zen. Ia etxean. Inork ikusi izan balu ere, haren ibilerak edo haren aurpegiko irriño zozoiloak ez zuten aditzera ematen ordu batzuk lehenago egin zuen izugarrikeria. Baina Mendarora sartzerakoan, usaindurik eskopeta eta sardeekin Arno mendiko malda izoztuetan behera zetozen gizonak bere bila ari zirela, senak esan zion San Antonio ermita ona zela bertan gelditu eta, gorostian gorosti, errezo batzuk egiteko: hiltzaile bila dabiltzanek ez diete jaramonik egiten eskeko santu-jaleei. Sartu zen, bada, ermitan, belaunikatu zen aldare aurrean, eta hala egon zen, deboziozko jarrera batez, harik eta gizon-taldea urrutiratzen entzun zuen arte. Irteterakoan, baina, atzeratuta gelditu zen gizon-taldeko eskopetadun batekin egin zuen topo. Senaren atezuak ur bedeinkatuaren pontean hatz-puntak sartzera eraman zuen Jose, aitaren egiteko. Ura, ordea, izoztuta zegoen. Eskuaren ur-gain izoztua arakatzen segitu zuen aitaren egiteko ur bedeinkatu bila, gero eta urduriago, baina alferrik. Eskua erretiratu zuen, eta, ur faltagatik, ez zuen aitarenik egin. Kontuak ez zuen bi segundo iraungo, baina nahikoa eskopetadunaren susmo txarra pizteko, eta, pentsaturik eskekoak zerbait ezkutatu zuela ur bedeinkatuaren pontean, eskopetadunak geldi! jo zion.

III


Grinarik itsusiena duenak, deskubritzen dutenean, ez du izugarrikerian ondra lortzeko aukerarik galtzen, eta epaileak Altzibarko hilketengatik galdetzen dionean, Joxek, gogoratzen duen guztia gogoratzen duen bezalaxe kontatu eta gero, ikusirik epaileak bukatutzat jo duela galdeketa, harrokeria-puntu halako batez esango dio: 'baditut hilketa gehiago!'.

Katalunia partean ibili zen batez, familia bakar bateko bostak hil zituela gauaren erdian. Bide-bazterretan, berriz, beste sei hil zituela esaten dio Josek epaileari. Horiek direla kontuan dituenak. Agian izango direla gehiago, ez duela gogoan, lehertzeko zorian jarri zaizkiola zainak, eta ezin duela gogoratu, baina Altzibarren hiru, Lleida partean zortzi eta bide-bazterrekoak sei, hamalau dituela gogoan, izango direla gehiago, Altzibarrekoak dauzkala batez ere gogoan, gordeta zuten dirua eman izan baliote, ez zituela hilko, ez zituela hilko Lleidakok ere, eta ez zituela hilko bide-bazterreko seiak ere, hain zaila al den eskatutakoa ematea, beno, eskatutakoa eman izan baliote ere, hilko zituela hamalauak, zainak lehertzeko puntuan jartzen zaizkionean, senak ez diola laguntzen, senak ez diola ezer esaten, senak bere kasa uzten duela, basurde bat bezain libre.

-Senak? -galdetu dio epaileak.

-Jauna, berorrek ere ezagutuko ditu gorostian gorosti egitearen onurak. Baina zainak lehertzeko zorian jartzen zaizkidanean, eskutik uzten nau senak.

Á yo me patina a egge, ¿e qué?
Xordica Editorial
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
Elkarlanean, S.L.
Bocetos fronterizos
Diputación Foral de Gipuzkoa
Dindirri
Fundación Santa María-Ediciones SM
Dindirri = Flick
Baigorri Argitaletxea, S.A.
Eu tghupezo no eghe
Editorial Galaxia, S.A.
Euli zamorroa
Erein Argitaletxea, S.A.
Graak!
Elkarlanean, S.L.
Hamaisegarrenean Aidanez
Erein Argitaletxea, S.A.
Kikilikon 2
Erein Argitaletxea, S.A.
Koldo Mitxelena entre nosotros
Alberdania
Koldo Mitxelena gure artean
Alberdania
Letrax kalekantoitik
Alberdania
Los días de lacera
Alfaguara
Muga mugako zirriborroak
Diputación Foral de Gipuzkoa
Negua
Erein Argitaletxea, S.A.
Non omnis moriar = Lo que antes era exacto
Centro de Profesores y Recursos de Cuenca
Otto Pette
Alberdania
Ramón Serras : lanak eta egunak = los trabajos y los días
Ikeder, S.L.
Saltsa pika 1
Erein Argitaletxea, S.A.
Uda
Erein Argitaletxea, S.A.
Udaberria
Erein Argitaletxea, S.A.