Idazleak - Angel Zelaieta Gisasola - Laginak - Barriro lanean

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Angel Zelaieta Gisasola > Laginak

Saiakera

1969 Barriro lanean | Anaitasuna

Barriro lanean

ANAITASUNA ba dator barriro be jende tartera. Ixilune bat izan dau, ixilune alperriko bat, munduaren betiko ezerezko utsune tristean galdu dan ixilune ustela.

Baina, zorionez, ez gara ixilduko; bagoiaz aurrera. Ta agertuko gara indar gaztez armauta kaleetan, baserrietan, euskal errietan...

Nahi dogu jendeagaz nahaztatuta izan, gizonak esnatu, bihotzak zabaldu ta gatzaren egonezina ezarri; buruetan ideia ernegarri batzuek sortu, ta oihu ta zarata egin, atariko txakur atezainaren gisa. Nahi genduke erritar jende humilari entzun, errespetuz entzun, ta kontuan izan bere negarrak, ta kasu egin bere desio baztertuei, ta gure errebista hau erriagandik jasotako mila ta mila zeresanekin bete.

Aldizkari honegaz gura genduke batez bere alfabetatze taldeekin oso bat eginda ibili. Euskaldunik gehienok euskeraz irakurtzen ez dakien ezkero, aldizkari honek be dato hori kontuan izanaz jarraituko deutso lehenago asitako lanari. Hau da, alfabetatze taldeekin era bat batera ibili nahi genduke, eurekaz batera, artu emon, etenbakoan.

Era berean ikastolekin, edota ikastoletan dabizan umeen guraso ta senideekin. Horretara, ume ta andereñoekin batera, ume horreen inguruan diranekaz soka bat egin geinke, guk eurei lagunduz, ta eurok guztion aldizkariari.

Bardin esan geinke beste mila eratarako kultura bideekin. Azkenez, euskeraren batasuna il edo bizikoa dogun ezkero, gure aldetik, guri tokatzen jakuzan pausoak emotea gura genduke, ahal dan modurik egokienean.

Ta, horretarako, lehenengo ta behin bizkaieraz batasun bat egiten saiatuko gara. Jakina danez, ez dogu egingo guztion gusturakoa, ezta mundukorik onena bere; baina, ahal dogun zientziarik argienagaz egiten ahaleginduko gara, orain arte bezala. Gainera, bizkaierazko batasun hori euskeraren batasun osoari begira egingo da beti be.

Eta lana egiten asten gara, baina izugarrizko ames ta pozagaz. Jende langilea bihotzez bedeinkatuko dogu, ta jende alperra, errezpetuz, baina madarikatu egingo dogu.

Joan dan udabarrian euria ugari ta aberatsa izan da; orain zelaietan bedarra ugari dago. Segalariak behar dira asko ta prestatuak... ez galdu denborarik, hauxe bai da garai egokia, buru onez ta animo obeagoz aprobetxatu behar doguna.

(Anaitasuna aldizkaria hertsita izan ondoren berrargitaratzeaz arduratu ginenean, 1969eko IXeko 15ean editorial gisa argitaratua).
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta