Idazleak - Ana Urkiza Ibaibarriaga - Laginak - Desira izoztuak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ana Urkiza Ibaibarriaga > Laginak

Narratiba

2000 Desira izoztuak | Elkarlanean

Ispilu aurrean

Iratzargailuak bere ohiko dei neketsu eta aspergarriari ekin zionean, maindire artean harrapatuta sentitu zuen Elenak bere burua.

-Beste egun bat!

Fernando ez zen esnatu. Edo lo itxurak egiten zituen. Bizkarra ematen zion, egun berriaren etorrera arbuiatuko balu bezala. Elenak lanera joan beharra izatea ere, errealitateaz kontu egiteko eta egun berria agurtzeko beste ez bailitzan. Fernandok ez zion deusi aurpegirik eman nahi, bere bizkar arduragabearekin estaltzen zuen errealitatea, azken hilabeteetan metaturiko maitasun gabezia, gorrotoa eta axolagabekeria.

Ohetik jaiki eta pijamako prakak dindilizka sentitu zituen Elenak, gau osoan desio ez zuen zerbaiten aurka borrokan ibili zelakoaren irudi. Begi azpietan poltsa sakon-ilunak zituen, bart ixuritako negar guztien oroigarri gisa gorde balitu lez. Ilea zapal-zapal eginda, gorputzik gabe, aurpegia zurbil, goibel.

Dutxan, ur beroaren giltzari eragin zion. Fernandok ohean jarraitzen zuen, zirkinik egiteke. Ur beroa ez zen heltzen eta orduantxe gogoratu zuen, bart butanorik gabe gelditu zirela. Esne hotza edatearekin nahikoa zuela iritzirik, dutxako giltza itxi, ilea motots txiki batean bildu eta aurpegia ur hotzez garbitu zuen. Besapeak eta izter bitartea esponjaz busti eta desusaingarri pila batez lardaskatu ondoren, eraberrituta sentitu zen, iragana eta bart amaierara zuzendutako maitasun posible baten azken printza ahituak, esponjak jaso balizkio bezala.

Gelara bueltatzean, apain-mahai gaineko orrazitik ileak garbitzen aritu zen, mekanikoki, Fernandori gustatzen zitzaiolako eta egunero egiten zuelako.

Ispilura begiratu zuen une batez, aurrean agertzen zitzaion emakumeari begiratu zion, eta handik, lo itxurak egiten jarraitzen zuen Fernandoren bizkarrera luzatu zituen begiak.

Zirkinik ez.

Ispiluak begi azpiko poltsak disimulatu zituela esan zion eta, ezpainetan irri lotsakor bat irudikatuz, poztu egin zen zertxobait. Arinduta sentitu zen. Beste egun bat gehiago eta dena bukatuko zela xuxurlatu zuen bere kolkorako. Keinu txiki bat igorri zion ispiluaz bestaldeko emakumeari, egun guztirako adoretuko zuen konplizitatez kutsaturiko begi kliskatze arin batez.

Lanetik bizpahiru aldiz deituko zuen Elenak etxera, arrakastarik gabe. Fernandok ez zion telefonoari kasurik egin nahi, edo kalera irtena zen bestela.

Eguerdian berriro deituko zuen eta erantzungailu automatikoan utziko mezua:

-Ez nator etxera. Lankide batekin bazkaldu beharra dut.

Lankidearen apartamendua handia zen oso. Bainugela handi bi zituen eta ezer baino lehen, bainu eder bat hartu nahi zuela esan zion Elenak.

Garbi eta usaintsu apaindu zuenean bere burua, apartamenduaren bazterrak oro miatu zituen, metro karratu bakoitza gozatu nahi balu bezala. Eta apartamenduari bere presentziaren berri eskaini zionean, lankideari egin zion tarte, lotsa galtzen trebatzeko eskatuz eta, poliki-poliki, fereka berrien berora irekiz.

Goizaldea zen Elena etxeratu zenean. Ez zuen zer galdurik. Fernando lo zegokeen, ahuzpez beti bezala, egia ezereztatzen tematu balitz bezala, bere munduan bakar-bakarrik bizi eta beste guztia bost axola bailitzaion.

Elenak, etxeko ate guztiak ireki zituen. Haize berria arnasteko beharrak kolpatu zuen.

Alferrik ordea! Dena iruditzen zitzaion zikin eta txiki, dena oldarkor eta zahar, dena beti bezain koipetsu eta irristakor...

Apain-mahaiko ispilu aurrean, bakar-bakarrik eta isiltasun zeremoniatsu batez, geldiro-geldiro nola biluztuz zihoan ikuskatu zuen. Ispiluak, gorputzean zituen ubelduretara begiratzeko keinua egin zion eta bular aldera, sabelera eta izterretara begiratu zuen, Fernandorekin igarotako zenbait pasio gabeko gauren salatzaile garbi. Tristurak jantzi zion gainontzekoa. Biluzik zegoen eta Fernando lotan, deusetaz ohartzen ez zela.

Apain-mahaia aurrean lasai-lasai jarri, ezpainetakoa hartu, eta ezpainak gorritzen hasi zen, antsia handiz, marrubi pastela puskaka-puskaka baina etengabe zatikatzen duenaren antzera. Ezpainak dardarka zituen eta zirriborro gorri bat margotzea besterik ez zuen lortu, lotsaren eta minaren menpeko leize lehorrean.

Malkoek ustekabetu zuten berriro, egunak eta asteak aurretik bihotzaren eta urdailaren artean arantzatua zuen nahigabe berberak. Negar anpulu itzalduen artean, ikusmena trabatu arren keinurik txikienaren mezurik ezkutukoena irakurtzeko gai zela, ispiluan isladatzen zitzaion emakumeak aurpegia aldatu zuela iruditu zitzaion. Soera gaiztoa hartu zuen, jite ankerra, mendekuaren eta akaberaren usainaz jazten den begirada.

Elenak, eskuak bularretara zuzendu zituen instintuz, ispiluko emakume ezezaguna begira zuela sumatzean, bere intimitatea babestu nahian.

Arrisku handi batek eraso behar ziola sumatu zuen. Bakarrik zegoela sentitu zuen eta inork ez ziola lagunduko. Akaberaren aurpegia ezagutu zuen hartan, inor ez zela bere zorigaitzaz sekula ohartuko.

Ispiluko emakumea apain-mahaiko aulkitik jaiki, poltsatik pistola atera eta Elenari begitartera destatu zion.

-Ez! -garrasi deserrotua entzun zen.

Eta tiro egin zion, komunerako bidean zihoala ihesi, izter bitartea garbitzeko betarik eskaintzeke.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta