Idazleak - Ana Urkiza Ibaibarriaga - Laginak - Atzorako geratzen dena

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ana Urkiza Ibaibarriaga > Laginak

Saiakera

2011 Atzorako geratzen dena | Alberdania

 

ATZORAKO GERATZEN DENA

(Ana Urkiza)

 

 

Beharra egin duenak lan-saria jaso asmo du, dirutan bada ere.

 

 

Laranja osoak garela aldarrikatzen hasi.

 

 

Salduta sentitzean eroslearen bila hasten naiz, arrakastarik gabe.

 

 

Ihesi doanak ezkutatzea du helburu; ezkutatuta dagoenak, ostera, ez du ihes beharrik.

 

 

Arrazoia guztion eskuduntza da, inoren eskubide ez denean.

 

 

Gogoz entzun nahi duela esaten duena da isiltasuna apurtzen lehena.

 

 

Gorputzez ere bidaiatzen ikasten ari naiz.

 

 

Biluzterainoko gardentasunez jokatzea ez da politikoki komenigarria.

 

 

Sekretua, aho bakarrean, heriotzara kondenatuta dago.

 

 

Adiskidetasuna altxor handia da, galdu duzunean.

 

 

Landatu dut zuhaitz bat; erditu ume bat; idatzi liburu bat. Eta orain, zer?

 

 

Haizea da egia ororen jabe, hitzak bertan bizi dira aske.

 

 

Asko galdetu behar da ezer gutxi jakiteko.

 

 

Garrasi egin ondoren pentsatzen dut, eta orduan bakarrik, beharbada, besteek arrazoi dutela.

 

 

Dena da behar-beharrezkoa, ezina gailentzen den arte.

 

 

Lanera doan emakumea ezin da ama oso ona izan; anbizio profesionala baitauka.

 

 

Egia erdiak entzutean jabetzen naiz gezur osoaren dimentsioaz.

 

 

Eskularru zurien premiarik gabe lan egiten du piano jole profesionalak.

 

 

Indarra ez da kilotan neurtzen.

 

 

Dakidan ezereza irakatsi beharko banu, ez nuke jakingo inondik hasten.

 

 

Bakarra naiz nire espeziean, besteak bezala.

 

 

Zer pentsatzen zauden jakingo banu, galdera zuzenak egingo nizkizuke bakarrik.

 

 

Nire buru gaixoa ikaragarri ulertzen dut, sintomak maitatze arte.

 

 

Pentsatzen dudanaren eta esatera heltzen naizenaren artekoak ere badauka bere momentua: postrean.

 

 

Bihotzekoak bihotz onekoak ere traizionatzen ditu.

 

 

Ustekabea: oharkabean ohartzea.

 

 

Musikak nire bihotza goratzen duenean, lehenagotik non ote zegoen galdetzen dut.

 

 

Albiste onekin zein txarrekin berdin-berdin harritzen gara. Silogismoz, argi dago bihotza ere harrizkoa dugula.

 

 

Egia hankamotzek gezur bilakatzeko arriskua dute.

 

 

Eskupekoak eta opariak, ematen dituenaren handitasuna azpimarratzeko asmakizunak baino ez dira.

 

 

Askatasuna hesidun hirian jaio zen.

 

 

Arau txiki bat apurtzean askatasun une handi bat praktikatzen da.

 

 

Gardentasuna eskatzen zaigunean isildu egiten gara.

 

 

Alferkeria, nagi esnatzen den lizentzia.

 

 

Egunero uzten diogu existitzeari.

 

 

Denbora galtzen duenak luzaro bizitzea espero du.

 

 

Bultzatzailea erakartzea, ten zaileko lana.

 

 

Jendearengan sinetsi dudanean, fedea galdu izan dut.

 

 

Duintasuna: besteek gaztigatzen dizuten grazia.

 

 

Azaltzen ez dakizuna ulertzen duzunean sortzen da zientzia lausoa.

 

 

Mundua mukizapi bat da, han topo egiten dute muki(tsu) guztiek.

 

 

Ustea ez ezik, uztea da ustela.

 

 

Ikasten dudan oro desikasten saiatzen naiz, berrikasi beharko nukeen guztia berriro ez irakasteko.

 

 

Berriro jaioko banintz, atzera begiratzea ekidingo nuke, benetan.

 

 

Botila erdi beteta ikusten dudanean, hustu egiten naiz.

 

 

Suspirioa: ezaren hegaldia.

 

 

Gorputz-atalik ederrena, ispiluetan islatzen ez den hura.

 

 

Beren eskuzabaltasunaz harro diren gehienak mantxuak dira.

 

 

Pentsamendua ukitu ere egin gabe lapurtu daiteke.

 

 

Barrutik bizi nauen ezinegona ezagutzen dudanean, abandonatu egingo dut.

 

 

 

Maitemintzeak, hitzak dioen bezala, maitea mintzea dakar.

 

 

Idealismoa deserriratu duena da ameslaria.

 

 

Birika berri bat behar nuke arnas berritzeko.

 

 

Posible dela ikusten dudanean sortzen zaizkit zalantzarik bortitzenak.

 

 

Harriak harri dira baina guztiek ez gaituzte berdin kolpatzen.

 

 

Aldenduz, aldenduz, banator.

 

 

­Pospolotan dirua xahutzen ikusten dudanean, sutan jartzen naiz.

 

 

Egiten ditudan lanak urgenteak dira; inportanteek, denbora handia eskatzen dute.

 

 

Bihozkadei kasu egiten hasi naizenetik, sinestun bihurtu naiz.

 

 

Esaten ez dakidana pentsatzen dudanean, ez dut esaten dakidana.

 

 

Gogoratzen ez dugun egun bakoitzaren kontzientzia ezagatik jaten gaituzte urteek.

 

 

Zalantza, eskarmentu-zakua.

 

 

Nire bihotza zurea baldin bada, nola maitatuko zaitut?

 

 

Jaten duguna bagara, zer da jaten ez duguna?

 

 

Ez naiz sekula zure erdia izango, zu nirea guztiz bezain.

 

 

Helmugarik hurbilena, abiapuntua.

 

 

Mundua ametsen neurrira ekarri, ez gizakia munduaren errealitatera.

 

 

Desorekagarriena, kontraesanetik sortzen den oreka.

 

 

Begiak irekita amestu ezin dena, itxita sinistu al daiteke?

 

 

Nire burmuina kamutsa da. Hortik, ulertzen ez ditudan ideia batzuen erpinak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta