Idazleak - Aitziber Etxeberria Garro - Laginak - Negar isila

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Aitziber Etxeberria Garro > Laginak

Narratiba

Negar isila |

Euria ari du kanpoan, euri isila, bakarrik dagoenaren negar errearen modukoa. Goiko etxekoandrea arropa eskegitzera atera ez balitz, ez nintzen konturatu ere egingo.

-­Manolo ! "Por qué no has recogido la ropa, si ves que está lloviendo?- sutan dago emaztea eta adrenalinak barruko letxe txar guztia aterarazi dio.

-"De qué cojones me estás hablando? - gizonaren erantzuna ez da askoz goxoagoa.

Sukaldetik irten, ateari zarta eder bat eman eta salara joan da, telebista ikusteko asmoz. Han alabarekin hiruzpalau hitz ozen eta gordin izan ondoren, agintea bereganatu eta futbol partidua jarri du, España-Estonia adiskidetasun partidua. Honek inoren aurpegi txarrik ikusi gabe marru egiteko parada ematen dio. Alabak, berriz, bere gelara joan eta irrati-kasetean bakailua jarri du ahal duen ozenen, aita zarata horrekin zigortzeko asmoz.

Ni beheko pisuan bizi naiz, bakarrik eta nire isiltasunak euren ezusteko espia bilakatu nau. Ez dut esan nahi egun guztia zer entzungo pasatzen dudanik baina, etxean nagoenean, gorra izan beharko nuke goian gertatzen dena ez entzuteko, izan ere, maindirez inguraturik bizi garela baitirudi. Lekutan geratu dira baserrietako harrizko horma mardul haiek.

Badakit zein ordutan jaikitzen diren, komunera nor joaten den lehenago, nork ematen duen denbora gehiena bere beharrak egiten, zeinek zer lan egiten duen etxean, edo zein den bakoitzaren telesailik edo telebistako programarik gogokoena.

Bai, ni bakarrik bizi naiz eta etxean denbora dezente ematen dut. Lanetik etxera etortzen naiz eta, erreleboka lan egiten dudanez, arratsalde eta goizak txandaka jai izaten ditut. Lanean ez nagoenean etxean ematen dut denbora gehiena.Lehen, Naiararekin irteten nintzenean, oso denbora gutxi ematen nuen etxean, beti berarekin geratzeko irrikatan egoten bainintzen baina garai hura pasa da, bukatu da niretzat. Orain, noiz edo noiz paseo bat ematera edo inoiz mendi aldera ere joaten naiz baina, zertan ukatu, kale ume bat naiz eta asfaltoa maite dut, bere auto eta kearekin. Ez dut inoiz atsegin izan mendiaren bukolikotasun merke hori. Bakarrik sentitzeko ez dut inongo tontorretara igo beharrik, etxean geratu eta new age moduko zinta lelo bat jartzearekin nahikoa dut.

-­Virginia, baja esa puta música! - amak arropa bildu eta bere haserrea alabarengana zuzendu du. Alaba, ordea, erabat minduta dago bere intimitatearen bigarren eraso hau dela eta.

-­Vete a la mierda! - oin pauso azkarrak entzun ditut eta musika oraindik ozenago jarri du.

Hau gehiegia izan da amarentzat. Alabaren gelara joan, irratia itzali eta alabari agirika hasi da, lotsagabekeria lotsagabekeri handiagoaz kolpatuz. Errespetua da amak nahi duena, baina alabak errespetua irabazi egin behar dela erantzun dio. Orduan amak masaileko bat eman dio Virginiari, aitak gooooool oihukatzen duen bitartean.

Virginiaren gelan ez da ezer entzuten, negarrez ari bada ere, amorruak malkoak barruratu egin dizkio. Ama zuzenean bere gelara joan da, beti bezala, ez baitauka senarraren oihuak entzuteko gogorik.

Senarrak sofa aurreko mahaitxoa arrastaka bere oinen azpian jarri eta telebistaren bolumena igo du, etxean nork agintzen duen argi gera dadin.

Kito gaur gauekoa. Partidua bukatzean Manolo ohera joango da, merezitako deskantsuaz gozatzera eta, afariaren ordain sari gisa, bere zurrunga bortitzenak oparituko dizkio Margari, bere emazteari.

Honek beste aldera jiratu eta txikitan, Extremadurako bere herrixkan, txerriak hil ondoren zein gustura jaten zituzten urdai azpiko eta txorizoak gogoratu eta orduan, orain duen arazorik ez zuela pentsatu eta garai hartan bai zoriontsua zela otuko zaio eta negar egingo du, negar isila, euria bezalakoa, bakarrik daudenen negar errea.

Mozart banintz

Manolok partidua ikusten duen bitartean etxeko lanak egiteko aprobetxatu dut. Jada lehorrak zeuden arropak salako saski batean uzten ditut, sofaren atzean, kasualitatez inor etxera etorriko balitz haiekin topo egin ez dezan ustekabean. Hala ere, biziki harrituko nintzateke horrelakorik gertatuz gero. Aspaldi pasa zen koadrilakoek zerbait hartzeko edo egiteko deitzen ninduten garai hura. Egia esan, neuk ere ez dut gauza handirik egin haiekiko harremana mantentzeko. Naiararekin atera aurretik benetan ondo moldatzen nintzen beraiekin, baina Naiararekin ibili nintzen hiru urteetan ez nien batere kasurik egin. Hasieran konpromisoz bazen ere, joaten nintzen tarteka antolatzen zituzten afaritara baino gero, pixkanaka- pixkanaka gero eta gutxiagotan azaltzen hasi nintzen eta azkenean, harremana erabat galdu nuen. Naiara berriz, nirekin baino askoz gusturago egongo da bere mutil berriarekin eta ez dut uste hemendik azalduko denik.

Sukaldera eraman eta mahai gainera irauli dut otarra. Lehendabizi azpiko arropa bereizi eta galtzontziloak tolestu ditut. Ondoren barruko elastikoak ondo estiratu eta jarraian hauek ere tolestu egin ditut. Gainontzeko arropa plantxatzea derrigorrezkoa denez, tolestu ondoren erdi hutsa dudan gela batera eraman eta plantxa taularen gainean utzi dut.

Partidua bukatu denez, Manolo telebista itzali eta ohera joan da. Orain isiltasuna ia erabatekoa da. Ia bai, aldameneko pisuan Iosune musika entzuten ari baita, gauero bezala.

Iosune gaztea eta polita bezain krudela da. Bere burua atsegin du, hori begi bistakoa da eta gainontzekoak, berriz, bere atsegina lortzeko erabiltzen dituen neurrian zaizkio gogoko. Ziur nago, ni bezalako tipo xume batean erreparatu ere ez duela egin.

Nik bere gorputzaren zentimetro bakoitza ezagutzen dudala jakingo balu, denuntzia bat jarriko lukeela ziur naiz, ez bere intimitatea bortxatzeagatik, bere baimenik gabe hartaz gozatzeagatik baizik.

Plantxa gelako argia itzali eta komunera joan naiz. Nire bainu gela eta Iosunerena orpoz-orpo daude eta badakit orain baineran egongo dela, luze-luze etzanda, aparra goraino duela, bi pepinilo xerra begietan, maskara berde bat aurpegian eta Mozart entzuten.

Guzti hau ikusi egiten dudalako dakit. Bera pisu honetara etorri aurretik, aurreko jabeek komuna eraldatu egin zuten eta, landareak hain gogoko zituztenez, landareak jartzeko pareta faltsu txiki bat eraiki zuten bainu gelaren barruan, baineraren atzean, hain zuzen ere. Guzti hau etxea alokatu nuen egunean jakin nuen. Orain dela sei bat hilabete gutxi gora behera. Naiara eta biok pisu bat erosia genuen eta elkarrekin bizitzen ere jarri ginen, baina zoritxarrez, gaizki atera zitzaigun. Beraz, gure harremana bukatu zenean pisua saldu eta alokairu batean jartzea erabaki nuen.

Etxeko andrea berritsu hutsa da eta etxea erakustean, bizilagun berriei buruz eskura zuen informazio guztia eman zidan, niri galdera pila bat egiten zizkidan bitartean. Ez nion informazio handirik eman niri buruz, ez baitzait ezezagunekin, eta ezta ezagunekin ere, nire arazoetaz hitz egitea gustatzen. Pixka bat muturtuta joan zela uste dut, tipo mozolo horietako bat nintzela pentsatuz, baina ez zait bat ere axola. Bizitzen jarri eta handik egun gutxira konturatu nintzen nire komuneko hormaren baldosa bat erdi askaturik zegoela. Hura lehenbailehen konpontzea erabaki banuen ere, egunak bat bestearen atzetik joan zitzaizkidan ezer egin gabe.

Komunera joan eta alboko bainu gelan norbait zegoela konturatu nintzen batean berriz, jakin minak bultzaturik, begia paretaren kontra jarri eta zirrikitutik begiratu nuen. Ikusi nuenak ia arnasarik gabe utzi ninduen.Berebiziko emakume bat zen nire bizilaguna eta biluzik zegoen, bainerara sartzeko asmotan. Badakit ez dudala ondo egiten baina orduan sentituriko zirrara beste behin dastatu asmoz konponketa atzeratzea erabaki nuen eta horrela nire haserako asmo ona bertan behera geratu zen. Badakit espia nazkagarri bat bilakatu naizela baina, bakardadeak honelako gauzak egitera bultzatzen nau batzuetan.

Ez daki berak ongi zenbat atsegin dudan bere biluztasuna! Horrela ikustean, bera bezain ahaltsua sentitzen bainaiz.

Beti erritual berdina betetzen du Iosunek, bainu gelara sartu eta, argia piztu ondoren, ispiluaren aurrean geratzen da eta adi-adi bere aurpegi guztia aztertzen du.

Kopetatik hasten da beti, ondoren bekainak, betazalak, betileak eta sudurra etortzen dira eta azkenik masailak, ezpainak, kokotsa eta lepoa. Bere edertasuna itsustuko duen ezer ez dagoela bermatu ondoren, aurpegia garbitu eta olio usaintsu batez masaia txiki bat ematen du astiro, gozotasunez.

Aurpegiarekin bukatu eta gero irekitzen du uraren pausua, ez lehenago eta, bainera bete eta bainugela lurruntzen den bitartean, beste nonbaitera joaten da bera. Bere gelara uste dut, itzultzerako albornoza bakarrik baitu soinean eta etxeko hari musikala ere piztuta baitago.

Une horren zai-zai egoten naiz, bainera betetzen doan neurrian nire desioa ere areagotzen joaten da eta, bera albornoza baino ez duela bainugelara sartzen denean, bihotza ero moduan taupadaka hasten zait.

Uretara sartu aurretik, bere hile luzea moño moduko batean bildu, aurpegiko maskaratxoa jarri, uretara bainu gatz bereziak bota eta pepiniloak xerraturik dituen platertxoa behin barruan sartu ondoren eskura geratzen zaion aulki txiki batean uzten du. Azkenik, albornoza erantzi eta aulki gainean dagoen kako batean uzten du.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta