Idazleak - Aitor Arana Luzuriaga - Laginak - Bost ahizpa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Aitor Arana Luzuriaga > Laginak

Narratiba

Bost ahizpa |

Hamar orduak eta hamar minutuetan Amaia eta Leire ama-alabak, Garbiñe, Pilar eta Ana egongelan zain zeuden. Une hartan ez ziren elkarrizketan ari, mintzagai egokirik ez zitzaielako sortu eta, beraz, halako egoeretan esan behar izaten diren konpromisozko hitzak eta esaldiak soilik entzuten ziren gelan.

Anastasio etxezaina gela hartara sartu zen orduantxe, bertakoei zerbaiten berri emateko. Buru guztiak beragana itzuli ziren.

-Areitioaurtena jaunak eskatu dit zuei mesedez esateko zuen neba Agustin hamar t'erdietarako etortzen ez bada, hura gabe hasiko dela afaria.

-Tira, hamar t'erdietara bizirik helduko naizela uste dut -esan zuen Pilarrek, bera baitzen guztietan denbora gehien zeramana zain eta zain.

Orduan auto baten argi horia sartu zen leihotik egongelara. Norbait etxera iritsi zela esan nahi zuen hark, eta gainerako autoen ondoan aparkatzen ari zela berea.

-Barka, andreak, mesedez -desenkusatu zen Anastasio, eta atarira abiatu zen ia lasterka.

Egongelako guztiak, Anastasiok irtetean itxitako ate aldera begira jarri ziren, batzuk eserita eta besteak zutik, laster etxezaina beste norbaitekin hurbiltzen zela entzun baitzezaketen, biek ibiltzean zurezko zoruan ateratzen zuten oin hotsari esker. Minutu eskas bat lehenago auto etorri berriaren argia itzaltzen ikusi zuten gainera. Anastasiok egongelako atea berriro ireki zuenean, lau ahizpek eta Leirek Agustin sartzen ikustea espero zuten, baina, haren ordez, berrogei urte bete gabe zituen emakume gazte bat sartu zen. Artilezko galtzerdi finak zeramatzan jantzita, haragi kolorekoak, eta soineko more argi bat soinean. Beronen gainean jaka bakero bat zuen jantzirik. Ile luze kizkurra ongi orrazturik zeraman, atzeraka.

-Gabon, neskak! -agurtu zuen heldu berriak, urduri eta irribarrez-. Zenbat denbora, ezta? Barkadazue berandu heldu izana, mesedez. Ikusten dut denak nire zain zaudetela, eta bene-benetan sentitzen dut. Garaiz nentorren, baina euri madarikatu honek atzeratu nau Aizpurutik honako bidean. Badakizue zubi beldurgarri horretako errekastoak ia gainezka egin duela eta putzu zabal bat dagoela bidean? Auto eta guzti irentsi ez nauenean!

Emakume gazteari hitz egiteko modu azkarrean nabari zitzaion urduri zegoela, ziurrenik, egunerokoa ez zuen egoera bizi izaten ari zelako.

-Barka, baina... -esan zuen Pilarrek, zutik jartzeaz batera-. Nor zara zu?

-Hainbeste denboran elkar ikusi ez eta orain ez nauzue ezagutzen. Agustina naiz.

-Agustina? -Garbi?eren galdera-. Agustinen andregaia?

-Ez, ez -ahotsa apaldu zitzaion Agustinari-. Agustina naiz... zuen ahizpa. Zuen lehengo neba Agustin ez da jadanik existitzen.

Hilerriko isiltasuna festa alaia da, Agustinaren hitzen ondoren sortu zen isiltasunaren ondoan.

-Barka, mesedez -erregutu zuen Anastasiok pixka bat geroago, eztultxo bat egin ostean-. Neskameari afaria zerbitzatzeko esatera noa. Zatozte, mesedez, jangelara nahi duzuenean.

-----

Neskamea hirurogei urte inguruko andre argala zen, ile beltzekoa eta alarguna. Mutua zen eta Nati zuen izena. Amantal zuria eta soineko marradun zuri-urdina zeramatzan jantzita. Isil-isilik ari zen afariaren hasierako zizka-mizkak zerbitzatzen: kroketak, otarraintxoak, urdaiazpikoa, zainzuriak eta foie-grasa. Mahaiaren erdialdean, bi entsalada-ontzi ederretan entsalada are ederragoak zeuden, edonork nahierara har zezan. Leireri berehala antzeman zioten denek oso gustuko zituela otarraintxoak, bere platera itsaski hauen azalez bete baitzen azkar. Neskatoaren ondoan Garbi?e zegoen eskuinaldean eserita eta, ezkerrean berriz, Amaia. Hiru hauen aurrean, Pilar eta Ana zeuden, besoak zabal-zabal jarrita jateko moduan. Eta, azkenik, Agustina mahaiaren bi muturretako batean zegoen eserita, Amaia eskuinean eta Pilar ezkerrean zituela. Mahaia zabala zen, eta aberatsa, eta bazuen lekua beste bi pertsonarentzako platerak ere lasai-lasai jartzeko; Leireren aiton-amonen platerak, hain zuzen. Baina bi lekuak hutsik zeuden eta, bost ahizpek, ogia edo ardo botilak uzteko erabiltzen zituzten.

Egongelan bezala, beheko sua piztuta zegoen jangelan ere eta, kanpoan euria goian-behean ari zuen bitartean, Aizpeberri etxeko gonbidatuak giro atseginean zeuden. Anastasio beti zebilen hurbil bere betebeharrak bururatzen eta, noizbehinka, Natiri aginduren bat ahapeka ematen. Hartan sartzea otu ere egiten ez zitzaion arren, etxezainak Areitioaurtena jaunaren alaben eta bilobaren elkarrizketa oso-osorik entzun zezakeen, ia beti mahaiaren inguruan zebilenez. Solasaldiak bi ardatz nagusi izan zituen afariaren hasiera aldean: gurasoak senide artean afaltzen ez egotea batetik, eta, bestetik, ordura arte Agustin izan zena aurrerantzean Agustina gisa ikusi eta tratatu beharra.

-Aita ez da batere aldatu eta ez nuen besterik espero -esan zuen Anak afaltzen hasi zirenean-. Hamarrak arte eduki gaitu hemen zain, denbora guztian gurekin etxean dagoela baina azaldu gabe, eta orain, mahaira ez etortzeko lotsagabekeria izateaz gain, ez dio uzten gure ama errukarriari gurekin afaltzen. Beti izan da horrelako kabroia eta zentzugabea.

-Zuk uste duzu ama ez dagoela hemen aitak ez diolako uzten? -galdetu zion Agustinak Anari.

-Eta zuk uste duzu, polit horrek, amak noizbait egin duela zerbait agurearen baimenik gabe? Nahikoa izan du horrekin eta ospitalean hainbeste aldiz egon behar izatearekin -Anak, erantzun gisa.

Afaltzen hasi aurretik, Anastasiok mahaikideei jakinarazi zien beren aitak agindu ziona: afalondoan beraiekin kafea hartzera amarekin azalduko zela, alegia. Hala beharko zuen.

-Eta zu zer? -zuzendu zitzaion Pilar Agustinari-. Ziur naiz, zaharrak esan behar diguna edozer izanda ere, zure ustekabea baino handiagoa ez dela izango. Hormonak hartzen dituzu, ezta?

-Sexu-ebakuntza egin duzu? -tartekatu zuen Anak galdera irrikatsua, Pilarrenak erantzuna jaso aurretik ere.

Ezer esan baino lehen, Agustinak ahoan zeukan entsalada mamurtzen bukatu eta irentsi egin zuen. Jarraian honela mintzatu zitzaien guztiei ahots tinkoz:

-Gure aitagandik ihesi etxetik alde egin genuen guztiok, ahal bezain azkar.

Ama sufrituagatik ere ez ginen geratu etxean. Horrek, labur esaten bada ere, asko esan nahi du, eta gutako bakoitzak laguntzarik gabe aurrera egiteko nolako penak eta nekeak jasan eta eraman behar izan dituen, norberak bakarrik daki. Urteetan ez dugu elkarren berri izan, eta ez gara gehiegi saiatu harremanetan jarraitzen. Diodanaren froga argia da, gure artean Garbi?ek bakarrik ezagutzen zuela Leire gaur baino lehen -geldialditxo bat egin eta ur pixka bat edan zuen Agustinak, ondoren lehengo tonu lasai baina tinkoan jarraitzeko hizketan-. Hortaz, ene ahizpa eta iloba maiteak, aurrerantzean ere berdin jarraitzea proposatzen dizuet. Argi eta garbi esan nahi dizuet zalantza handiak izan ditudala gaur eguerdira arte hona etortzeko, aitaren gutun zelebrea jaso bezain azkar ez etortzea erabaki bainuen. Esan behar diguna entzun ondoren, etorri naizen bide beretik joango naiz. Benetan esaten dizuet ez dudala ezer nahi nitaz hain erraz ahaztu ziren gurasoengandik.

-Arrazoi osoa duzu, izeba -esan zion Leirek-. Ni zu banintz, berdin-berdin egingo nuke.

-Eskerrik asko, Leire. "Izeba" esan didan lehen pertsona zara, eta benetan musika da hori niretzat.

Irribarrez hitz egin zion Agustinak Leireri, baina irribarrea ezabatu egin zitzaion, Pilar eta Ana bere ahizpa nagusiei zuzenean hitz egin zienean:

-Eta zuek, sugegorriak...

-Sugegorriak gu? -ia jauzi egin zuen Anak aulkian, Agustinari oihuka egindako galdera laburra egitean.

-Bai, bai; sugegorriak zuek biak. Ez etorri nigana orain itxurakeriatan. Ongi dakigu hemen gauden guztiok ez zaretela ahizpa nagusi eredugarriak, eta nola portatu zineten nirekin eta, bereziki, Amaiarekin eta Garbi?erekin amak ospitalean denboraldi luze haiek eman behar izaten zituenean txikiak ginen bitartean. Baina utz ditzagun kontu zaharrak, eta hel diezaiegun berriei. Arestian egin dizkidazuen galderak behorrei eta astemeei egiteko modukoak direla esan nahi nizuen. Hormona eta ebakuntza kontuak, ongi iruditzen bazaizue, gaixorik daudenentzat utziko ditugu. Ni, Jainkoari eskerrak, osasun betean nago, eta orain, gainera, inoiz baino gusturago neure buruarekin.

Pilar eta Ana bikiak ez ziren une hartan beste ezer esaten ausartu.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta