Idazleak - Ainhoa Irazu Ibañez - Laginak - Gerra ezagutzen ez zuen herria

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ainhoa Irazu Ibañez > Laginak

Narratiba

Gerra ezagutzen ez zuen herria |

Behin batean albiste harrigarria zabaldu zuten egunkarian: munduaren azken muturrean, ortzadarra jaio den leku berean, gerra ezagutzen ez zuen herri bat zegoen!

Gerra ezagutzen ez zuen munduko herri bakarra zen hura, herri baketsu bakarra. Han ez zegoen gudaroste edo ejerzitorik, ez soldadu, ez militar, ez poliziarik, eta guztiak bake santuan bizi ziren, euren artean istilurik izan gabe. Herri hartan denek zuten berdina, etxe bat, eta jateko zerbait, eta guztiak zoriontsuak ziren. Hain ziren zoriontsu, barrea kutsagarria baitzen. Bai, inor barrez hasiz gero, inguruan zeuden guztiak barrez hasten ziren. Poz-pozik bizi ziren han, eta jakina, ia beti irribarretsu. Zertarako bada soldaduak, militarrak eta poliziak!

Munduko herri gerrazaleeneko buruzagiak herri baketsu horren berri izan zuenean, eskuak bata bestearen kontra igurtzi zituen. Oso maltzurra zen. "Gerra ezagutzen ez dute? Orduan ez dute jakingo zer diren pistolak, kanoiak, lehergailuak.... Ez dute jakingo zer egin gerra irabazteko. Mendean hartzeko herri erraza, alajaina. Haien aurka borrokatuko dugu".

Asmo hori buruan, herri gerrazaleeneko buruzagiak polizia talde potoloa bidali zuen herri baketsura, herritarrak kontrolpean izateko.

Pistola, porra, walki-talki, kasko eta guzti bidali zituen poliziak... baina bertakoek ez zuten sekula halakorik ikusi, eta arrotzak beste mundukoak zirelakoan, parrez lehertzen hasi ziren:

"Nondik etorri zarete? Estralurtarrak al zarete?"

Han barrea kutsagarria zenez, denak hasi ziren barrezka, poliziak barne. Egun gutxietara bueltatu ziren poliziak, barrez oraindik, herritarrak mendean hartu gabe.

Herri gerrazaleeneko buruzagia edozein gauza egiteko prest zegoen herri baketsua mendean hartzeko, eta bigarren erasoaldia prestatu zuen.
Bigarren erasoaldi horretan, makina bat soldadu bidali zituen, zein baino zein beldurgarriago, metraileta, pistola, lehergailu, kanoi eta guzti.
Hala ere, hartan ere herritarrak ez ziren beldurtu, alderantzizkoa baizik: berriro ere barrez lehertzen hasi ziren militarrak piura horrekin ikusita:
"Oker zarete inauteriak datorren hastean hasiko dira".

Han barrea kutsagarria zenez, guztiak hasi ziren barrezka, militarrak barne. Egun gutxietara bueltatu ziren militarrak, oraindik barrezka, herritarrak mendean hartu gabe.

Hirugarren saiakeran, buruzagia bera joan zen, bere bizkartzain handiak lagunduta. Buruzagiaren bizkartzainak ia erraldoiak ziren, eta gizona, aldiz txiki-txikia. Horrexegatik buruzagiari txotxongiloen tankera hartu zioten herritarrek, eta gizona hitz egiten hasi eta berehala, barrez lehertzen ari ziren. Denak hasi ziren barrezka, bizkartzainak barne. Buruzagia baina ez zegoen kopetilun.

Munduko buruzagi indartsuena naiz. Munduko arma garrantzitsuenak nire esku daudelako", " Eta begi-bistakoa da gaixo zaudela, barre egiten ere ez dakizulako", esan zion herriko aztiak.

"Zure itxurak barrea eragiteko balio beza, behintzat". Eta aztiak txotxongilo bihurtu zuen buruzagia. Hantxe bukatu zen buruzagi gerrazalearen istorioa, txotxongilo bihurtuta. Zorionez, herri bakezalearen historia ez da oraindik amaitu. Inork ez du oraindik mendean hartu herri baketsu hori, joaten diren guztiak barrez bukatzen dutelako, eta barre egiten ez duenak txotxongilo bihurtuta amaitzen du.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta