Idazleak - Aingeru Epaltza Ruiz de Alda - Laginak - Rock'n'roll

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Aingeru Epaltza Ruiz de Alda > Laginak

Narratiba

2000 Rock'n'roll | EEF-Elkar


Bertze nonbait irakurri edo aditu ez badut, gogoeta ene baitatik aterea da: gizonezkoen adiskide talde batek, zenbat lagun, horrenbertze tasun -edo keria- nahi ditu kolore bakarraren asperdurari itzuriko bazaio. Gurean, konparaziorako, bazter-nahaslea genuen, ohe-hauslea ere bai, baita barregarri edo gizajoa ere. Ez dago gaizki, baina horrek ortzadar zimela baizik ez gintuen bilakatuko laugarren molde bat ez bagenu geure artean, erran nahi baita, taldea gainerako kideen erdipurdikokeriatik eta ergelkeriatik begiratuko zuen norbait. Gurean, delako eginbeharra Anjel Urtxipiari zegokion merezimendu osoz. "Ttipiri".

Izengoitia deiturari bezainbat bere tamainari esker irabazia zuen, baina mendeku miko bat ere bazuen, doi-doian mozorrotua: guk nahi baino gehiagotan Anjel handi agertzen zitzaigun bere tikian. Nik betaurreko lodi-handiek maskaratua eta liburu bat -beti ezberdina- besapean zeramala atxikiko dut beti gogoan. Rockarenganako zaletasuna hark piztu zigun, gure hiriburu probintziano eta sakristiazalean oraino nabarmenkeria gertatzen zen garaian. Orobat, hark eman zizkigun sexuaren gaineko lehen ikasketa teoriko "serioak". Baita lehenbizikoz esplikatu ere munduan bi klase direla, zanpatuak eta zanpatzaileak, eta gu alderik eramangarrienean suertatuak ginela. Geografia nahiz filosofia, literatura edo ekonomia, denetarik jakin behar, eta denetan azken hitza bere. Erran gabe doa Ttipik bere ingurukoak errabiatzeko moduko ikasketa-orri distiratsua aurkezten ahal zuela fraideenekoa bukatzean. Soziologia edo Zuzenbidea, Ekonomia edo Filosofia, apostu bat baino gehiago luzatuak ginen elkarri, goi mailako ikasketak abiatzerakoan zein hautatuko. Ez gintuen guti harritu Ingeniaritzari ekin zionean.

-Probintzia honetan zer irakur, zer jantz, zer pentsa, nola liberti eta gure sosei zertan su eman erabakitzen duten hamabi-hamalau familien zuhaitz genealogikoa egin nahi nuke, administrazio kontseiluz administrazio kontseilu. Horretarako ingeniari izan behar gutienik.

Bizkarrak uzkurtu genituen. Ez genuen amesten errepideak, ubideak, zubiak edo antzekoak eraikitzen. Horretan, bederen, ez ginen tronpatu.

Zeren eta Ttipiren jakin-behar mugagabea ez baitzen letra larriz idazten diren jakintzetara mugatzen. Makineria pisuaren laguntza behar duten zientziaren edo pentsamenduaren eremu handi-zabalak bezain maite zituen letra tiki-zirtzilen goldeaz lantzen diren alor apalak, eta haietara biziotsuaren gutiziaz makurtzen. Ttipik guztia guztiez jakin nahi zuen, eta grina horri zion eskaintzen ikasketek, lagunarteak eta irakurraldi ugariek libre uzten zioten denbora. Batzuek seiluak, txanponak, fosilak edo tximeletak biltzen dituzte; hark, berriz, bere ingurukoen bizien zertzeladak metatzen zituen, taldeko gainerako lagunok nesken ondotik agertzen genuen irrika berean, baita arrakasta handiagoaz ere.

Hasieran, oharkabez, guhaurek aisatzen genion egitekoa. Garai hartan, bertzeena entzun gabe, gure berri ematera lehiatzen ginen, eta Ttipiren izaera patxadatsu eta lasaiak, haren manera eztiek, gure orduko zakarkeriatik hain urrun beti, bide zabala uzten zieten konfidentziei. Eleketaldian jalgitako datuak -zernahi zirela- erregistraturik gelditzen ziren, gure lagunaren oroimen apartekoan. Haren zaletasunaren berri hedatu zelarik ere, sekula ez zuen falta izan bertzeen kontuekin inguratuko zitzaion borondatezko berri-emailerik: "Aizak, Ttipi, bahekien...?". Erantzuna ezezkoa izatea, bularraldean domina bat zintzilikatzearen parekoa zen guretako.

Ahoz erdietsi informazioa askiesten ez zuelarik, bertzalde, beldurrik batere ez zien bide katramilatsuagoei. Ikarak zuritua, ikusia naiz neure laguna irakasleen gelan sartzen, barnean inor ez zela, bere ikaskideen kalifikazioak jakingura huts-hutsez kopiatzeagatik. Erotzat hartzen genuen, heroitzat ere zenbaitetan. Galdetu ere galdetzen genion, hainbertze nekeren xedeaz:

-Ez berotu kaxkoa. Gogoko diat -ihardesten zigun.

Aldiz, berari zegozkionetan, isil-gordekeria setatia zuen bertzeen gaineko jakin-gose ezin-asearen gehigarria. Beti izan zen Ttipi bat itzalez eta oihartzunez baizik ezagutuko ez genuena.

Denboraren bortxaz, berea bezalako buru batentzat ere soberaxko gertatuko zitzaizkion entomologoaren eramanaz bildutako datuak. Ahanzturaren arriskupean egonen ez ziren euskarrietara isuri zituen orduan. Fraideeneko hondar urtean, bere artxiboa erakutsi zidan, etxean izan nintzaion batean: hogei bat karpeta, bete-beteak, apal luze batean alfabetoz antolatuak. Horietariko bat nire aitzinean ireki zuen.

-Ezagutzen? -harrotasun ezin gordeaz.

Gelako ikaskide batzuei zegozkien. Bakoitzaren jaioteguna, helbidea, aita-amen izenak, horien lanbidea, haurrideak, espediente akademikoa, zaletasunei eta izaeraren gaineko iruzkinak, adiskidantzak, amodio fustratu nahiz arrakastatsuak, oporretako lekuak... haien zer-nolako guztiak, finean, kaligrafia xehe ponpoxoaz laburtuak eta zihoakionaren argazki batek -Ttipiren bertze grinetariko bat- edertuak. Hotzikarak neurria hartu zion nire bizkarrezurrari. Begiek apal luzera egin zidaten ihes, azalean "S" handi kiribilduaz markatutako karpetara. Haren barnean, esku artean nituen bezalako orriren batean, SARAGUETA ALDAZ, EDUARDO JESUS zegokeen nonbait idatzia, eta haren azpian ni, nire izate osoa, lerro multzo batera ekarria, Ttipik berak ateratako argazkia eta guzti. Ez nion erakusteko galdatu, amorratzen egon behar bazuen ere. Estakuru bat murmurikatuta alde egin nuen handik. Hainbat egunetan, iheska ibili nintzaion.

Ez nuke zehaztasun guztiz erranen noiz hasi zen bere grinari etekina ateratzen. Fraideeneko azken ikasturtean berean, zigarro truk saltzen zituen kalifikazioen emaitzen aurrerapenak. Bertze ikastetxeetako neska maiteminduei, berriz, opariak onartzen zizkien -liburuak-eta, gehiagorik ez- gure ikaskide honako edo horrakoaren bihotzaren jabe beraiek ote ziren jakin nahirik edo haien portreten eske etortzen zitzaizkionean. Unibertsitate garaian ekin zion tarifapean lan egiteari. Charlyren aholku bekaiztia, antza. Honenbertze, ikasle baten gaineko informazioagatik; halako bi, argibidea irakasle bati bazegokion, eta bider bortz, txosten osoa eta zehatza galdatuz gero. Eskaria ez bide zen tikia, dirua zeukala eman baitzioten Ingeniaritza titulua.

Gutartera itzuli eta "Agentzia" paratzea horren guztiaren ondorio zuzena baizik ez zen izan.

-Jendeak auzoaren berri nahi dik, senarraren, emaztearen, etsaiaren eta lagunaren, eta baduk horren aldera pagatzeko prest dagoenik. Nirea zerbitzu mota bat baizik ez duk -zuritzen zuen bere burua, hautatutako ogibidearen etikotasun zalantzagarriaz erasaten genionean-. Begira Eduri -nigan ezartzen zituen bere begi betaurrekoek handituak-. Informazioa lantzen diagu biok. Alde bakarra zabalkundean zagok. Harenak argia ikusten ohi dik. Nirea ilunpean geldituko duk gehienetan.

Beharbada zuzen zegoen, baina niri lana ematen zidan lanbidez kideturik geundela pentsatze hutsak.

-Tar-tar-tar, bertzetan ez gaituk aritzen hiri marmarti honetan -segitzen zuen-. Belarriak zorroztu eta bihia eta ahotza bereizi, horra nire lana. Omenetatik tiraka gobernuburuaren galtzontziloen kolorea ere jakin daitekek. Hemen, deusek ez dik luzaz sekretupean irauten.



2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta