Idazleak - Aingeru Epaltza Ruiz de Alda - Hemeroteka - Begirada kritiko etengabea

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Aingeru Epaltza Ruiz de Alda > Hemeroteka

Deia

2008-02-19 Begirada kritiko etengabea | Patxi Sarriegi

Bezperaren bezpera / Aingeru Epaltza / Pamiela, 2007

Azken 30 urtetako azterketa kritikoa egin du Aingeru Epaltza idazleak liburu berrian. Ezeren gainetik, koherentzia aitortu behar zaio egileari orriotan isuritako iritzietan, halako ibilbide pertsonal luzean egindakoak frogatzen duenez. Begirada kritikoa etengabea da, lanerako eta konponbiderako dei larria askotan. Nola liteke, bada, urteen joanean abertzaleok oker eta akats berberak behin eta birritan errepikatzea? Ez al da egiazki frogatua bortizkeriak Euskal Herriko gizartearen sektore handi-handi batekiko harremanak arrunt usteldu dizkigula abertzale eta euskaltzaleoi, gureganako mesfidantza areagotuz eta luzatuz? Hori aditzera ematen digu Epaltzak; lehenaz ari da, baina etorkizuna du erronka.

Epaltza fikziozalea ezaguna genuen, hainbat eta hainbat liburu eginak ditu eremu horretakoak, literatura egile ezaguna denez… Aldiz, iritzi emaile aparta ere badela erakusten du liburu berrian, gaurkotasun bete-betekoa gainera. Abertzaletasuna du ardatza, euskaltzaletasuna, Nafarroa… Azken batean, orain dela 30 urteko kontuak, neurri handi batean, egun-egunekoak ere badirelako. Zoritxarrez, gehituko du egileak.

Badu liburuak, momentu askotan, kontaketa historikoaren ukitua, kontaketa pertsonalarena: bere aitaren garaiko kontuak, Iruñeko aspaldiko pasadizoak… baina inolako zalantza izpirik gabe, gaur egungoari begira dagoen liburua da.

Denok eskatu ohi baitugu kritika, aho beteka eskatu ere. 1977tik 2007ra doan tartean hainbeste gertaera, hainbeste aukera… Epaltzak ez du dudarik: balantzea ez da kriskitina jotzen hasteko modukoa. Nika eta guka idatzita askotan, eta etxekoari kritika egitera ausartzen da maiz. Horixe egilearen ausardia. Kritikak, sarritan, kanpokoari egiteko erabiltzen ditugunez, etxekoari lausenguak…

Pentsamendu eta kontraesan ideologikoen artera garamatza egileak, bere ikuspegia erakutsiz, euskaldunon munduan oraindik ere zenbaterainoko zatiketa dagoen gogoraraziz. Askatasunezko dei larria eta zintzoa da Epaltzaren gogoeta, zinez egindakoa, euskaltzalearen oroitzapenezko begirada kritiko etengabea.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta