Irakurle sortzailearen eta idazlearen arteko topaketa bat

aukera paregabea da, oparia eta zeremonia baten antzekoa:

elkar ezagutzeko, elkar motibatzeko, sormena bultzatzeko.

Zertan datza Idazleak Ikastetxetan?

Liburu bat irakurri ondoren, autorea eskolara joan eta solasaldi bat izaten du ikasleekin. Hori da funtsean EIEren eskaintza: idazleak ikasleekin izaten duen aurrez aurrekoa. Ekintza jakin bat da: xumea, egingarria, erraza, eta ongi prestatuz gero ikasleengan eta gugan ere bai, eragina izango duena. Beraz, arrastoa uzteko bokazioa du gureak.

Zer egin behar da ekintza aberasgarria izan dadin?

Gakoa: aurrelana. Ikaslea gureganatzea ez da bat batean gertatuko, inolaz ere. Egindakoaren emaitzaren araberakoa izango da, beti ere. Gure ekintza egun bakarreko oturuntza edo bankete izanik, prestaketa handia eskatzen du eta testuinguruan erabiltzea. Gauzak aurretik prestatu eta lan egitea, ez dugu beste formularik topatu, are gehiago, eginez gero badakigu onuragarria dela. 

Solasaldia antolatzeko dekalogoa 

1. PRESTAKUNTZA

~Liburuaren edo liburuen aukeraketa egokia: irakaslearen eta idazlearen artean adostua, mailaren eta bestelako ezaugarrien arabera.

~Liburuak eskuratzea: modu batera edo bestera —erosketa, liburutegietatik lortzea, sekula ez fotokopiatzea— ikasle bakoitzak liburu bat edukitzea hobetsiko da.

~Liburuaren lanketa: motibazioan oinarrituko da, kontuan izan ez gaudela testuliburu baten aurrean (tertulia dialogikoa, marrazki pertsonalak, amaiera desberdinak asmatzea, booktrailerrak, saiorako galdera egokiak prestatzea…)

~Ikasle kopuru egokia: ikasgela naturala da irizpidea, baina xehetasun hau ere irakaslearen eta idazlearen artean adostuko da (beti dago saio osagarri bat edo batzuk egiteko aukera).

~Kokapena: liburutegia, areto egokia prestatu behar da, isiltasun giroan.

~Abisua: idazle gonbidatuari saioa gogorarazteko mezua idaztea komeni da, nahasketarik sortu ez dadin.

2. SOLASALDIA

~Idazleari harrera egitea: arduradun, irakasle edo ikasleak beraien bitartez, ikastetxean galduta senti ez dadin.

~Kokalekua: prest egongo da: aulkiak, apainketak, arbela —digitala, bestelakoa—, edota pantaila; eta idazlearentzako mahai bat, botila ura…

~Irakaslea: haien presentzia eta kokapena ere ezinbestekoa da, saioa behar bezala bideratzeko, ikasleak motibatzeko.

~Iraupena: saioaren iraupena, salbuespenak salbuespen, ikastordu batekoa da.

~Liburuak sinatzea: tarte bat utzi behar da eta mahai egokia prest egon behar da horretarako.

Idazleak Ikastetxeetan 30 urte aldizkari monografikoa