Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

Demokrazia burgesaren atarian, elkarrengandik bananduz doazen talde sozio-politiko eta kulturalak finkatzen diren bitartean, literatur liburuen argitalpena gorantz doa.

Garai honetan, literatura egiteaz arduratzen den literatura askea bilatu nahi dute idazleek. Bernardo Atxaga eta K. Izagirrek “Panpina ustela” deituriko ale literarioa sortu zuten 1975ean. Bertan idazteko modu berri eta autonomo honen lehen ezaugarriak agertzen dira. Idazle hauen esanetan, literatura ez da inguruan gertatzen denaren morroi; literaturak badu dinamika berezi eta propioa. Literatura espresatzeko bidea da, gozamena sortzen du, komunikabidea da.

Poesia:

Bernardo Atxaga eta K. Izagirre dira poesian korronte berriari hasiera eman ziotenak. Korronte hau osatuz, ordea, lokera zaileko eta hizkera libre, ilun eta hertsiko poesia egiten duten poeta gazte multzo bat ageri da. Barne-mundu pertsonal korapilatsua adierazten dute beren lanetan: amodioa, intimitate mintsua eta gizarte faltsu eta zikina gaitzesten dituzte... Poeta gazte hauen sorketa maila askotakoa da: erraza, proba moduan egindakoa, irakurgarria, aspergarria, originaltasun gabea...

Joera poetiko honetan J. Cazenaveren Zutaz amoroski (1978) lana, A. Azkueren Poemak (1981), J. I. Lasaren Alizia eta biok (1982) eta Andaluziari ene bilduma (1984) eta J.L. Otamendiren Egunsenti biluzia (1980) eta Azken undinaren kaira (1983) aipa ditzakegu.

Nahikoa hedaturik dagoen lehenengo abangoardia honetan J. Sarrionandia, A. Lasa eta T. Irastortzaren poesia ere aipatu behar da. Idazle hauen korronte erakargarri eta xarmangarri honetan kokatzen dira M. Ertzillaren Hitzik aunitz idatzi dut (1977) eta G. Alemanen Iraganaz (1980) lanak ere.

Idaz-tankera eta ikuspuntu aldaketak izan ziren etapa honetan, herriaren historia, egoera, arazo eta helburuen adierazpide den poesiak ez zuen hutsik egin: J. L. Davantek Makila gorria (1980) eta Denboraren aroak (1982) lanak idatzi zituen. J. A. Irigaraik Kondairaren ihauteria (1978) lanean baliabide sinboliko-mitikoa eta herriaren gune historiko-etnografikoa erabiltzen ditu. Euskal Herriaren sustraietara jotzen du. I. Zabaletaren Bertsoaren ezpata (1979) lana, aldiz, teatro moldean egindako egitura sinbolikotzat har daiteke. Euskararen ferekan (1982) amodioaren misterio eta liluraren ondoren borroka egitera beharturik dagoen herriaren historia kontatzen du. J. Arrietak Arrotzarena-Neurtitz neurgabeak (1983) lanean herriaren sufrimendua adierazten du.

Egitura sinboliko edo alegorikoa duen poesia mota honetan, egitura neurtu eta errimadunak, kopla zaharrak, bertso, esaera eta kantu herrikoiak asko agertzen dira. Alde honetatik aipatzekoak dira: A. Irigoienen Herrian gara bizi (1979) eta Orbel eta orri (1980). P. Urkizuren Dorrejilko kanta (1977) eta I. Bordaren Bizitza nola badoan (1984).

Herriaren egoeraz arduratzen den eta helburu mezularia duen korronte honetan, bada idazle aipagarririk: M. Erdozainzi-Etxart-en humanismo sozial abertzalea, Hinki-hanka (1978). K. Santiestebanen Hitzak (1983), existentzialismo sozial dramatikoa, borrokalari eta zirraragarria, hizkera barrokoz idatzia. P. Iztuetak Herbestean (1979) eta Ibiltari (1979) lanetan agertzen duen poesia betea, euskal kontzientziaren pizgarri... Kristau existentzialismotik konpromiso sozialeko poesiara egiten du jauzi.

Poesiaren arloa itxiz, bi idazleren jarduera poetiko berezia aipatu behar da: M. Zarateren Higidura berdez (1977) eta Bizipenen bultzadaz (1978), poesia egiazkoa, zentzuduna eta orekatua, herriarekiko erreferentziaz betea... Eta X. Amurizaren Menditik mundura (1977), euskararen erabilpen artetsuz, herri literaturaren mugetan kokaturiko sorketa.

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta