Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

Kultur zabalkunderako bitartekoak herritarren eskura jartzeak,ideologiak ugaritu eta ideien krisialdia areagotu zuen. Arlo eta jarduera soziokultural bakoitzak garbiago izango ditu orain bere helburuak eta esparrua.

Literaturan aniztasun eta espezializazio prozesua nabari da, molde berriak lantzen hasten dira, edukiak zabaltzen eta obren barneko antolaketan arreta gehiago jartzen dion korrontea sendotuz doa.

Garai honetan, kontzientzia sozio-politikoari erantzun egoki bat ematen saiatzen den joera nabarmentzen da.

Miranderen sorketa bitxi eta aurreratuaren ildotik, obraren alderdi literarioei begira dagoen korronteak indarra hartuko du. Gizartearekiko konpromisoa alde batetara utziz, hizkera literarioan sakontzen saiatuko dira.

Narratiba:

Garai honetan, narratiba indartu egiten da, bai kalitatez eta baita kantitatez ere. Berrikuntza aipagarriena “eleberri formalistak” dakar. Genero berri honetan teknika eta egitura berriak probatzen dira: pertsonaiak ez dira sare narratiboaren hari oinarrizkoak, historia osatzeko bitartekoak baizik. Irakurleari, orain, parte hartzea eskatuko zaio nobelaren haria jarraitu nahi badu, ez baitzaio dena kronologikoki kontatuko.

Garai eta genero honetako idazleen artean, R. Saizarbitoria, P. Urkizu eta L. Haranburu dira aipagarri.

Nobela formalista honen beste aldean, hizkera argi, zuzen eta herrikoiez gizarteko arazoak kontatzen dituen eleberri mota berri bat agertu zen: gizarte nobela. Genero hau landu zutenen artean X. Gereño eta X. Amuriza dira aipagarri.

Baina garaiko narratibaren garapena ez zen eleberri hauetara mugatu soilik. Hauen artetik, “nobela sinbolikoa” agertu zen. Nobela hau, edukiagatik, ingurugiro soziokulturalari lotuta dago, baina errealitate hau bi esanahi-plano (bat agerikoa eta bestea sakonekoa) dituen kontakizunaren bidez adierazten da. Eleberri honek pertsonaia kolektiboak erabiltzen ditu batik-bat. Genero hau landu zutenen artean Tx. Pellen, M. Zarate eta A. Lertxundi ditugu.

Ipuingintza ere urte hauetan finkatu zen. Euskal literaturaren eremuan bere lekua bilatu zuen. Genero bezala bere lekua aurkitu izanaren adibideak dira ondorengo autoreak eta beraien ipuinak:

  • L. Haranburu Altuna eta bere ipuin fantastiko, harrigarri eta askotan hunkigarriak: Zera... (1975) eta Desgizona (1977).
  • M. Zarate eta alegi sinboliko pedagokikoa: Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975).
  • A. Lertxundiren ipuin modernoak: Hunik arrats artean (1970) eta Aise eman zenidan eskua (1980).
  • X. Kintana eta bere ipuin kosmopolita eta zenbaitetan misteriotsuak: Behin batean (1972), Nazioarteko ipuinak (1982).

Poesia:

Poesia liburuen kopurua eta gai-aniztasunak gora egiten du urte hauetan. Mezuari ematen zaio garrantzia eta gai sozio-existentzialak kontuan hartuz, zenbait joera poetiko bereiz ditzakegu:

1. Hizkera landu eta marduleko korrontea, eduki sakon eta pisutsuz hornitua. Herriaren ekintza dinamikoa eta gizakiaren existentzia garratza ditu gaitzat. Korronte honetan, B. Gandiaga eta X. Lete dira aipagarri.

2. Hizkera sotilago eta askeagoa duen poesia. Korronte honetan, X. Azurmendi, J. Zulaika eta R. Arregi aipa daitezke.

Iraultza sozio-kultural orokorrerako asmoak bertan behera erortzen ari dira Euskal Herrian eta etsipena hedatzen ari da gizarteko zenbait girotan. J. Zulaika eta R. Arregiren poesia argi, bakun eta arrunta egoera honen isla da. Pertsonaren oinarrizko izaera, egunerokotasuna eta hurbileko errealitatea gaitzat hartzen duen joera poetikoa sortzen ari da.

Aipatu ildoan, beste urrats berri bat ematen duten zenbait poeta eta lan aipatzea beharrezkoa da aldi honetan. Hala nola:

  • M. Azurmendiren Euskal Hilobia (Euskal Elerti 69).
  • I. Sarasolaren Poemagintza (1969). Oinarri musikalak eta poeta modernoen ukituak ditu poesiak.
  • A. Urretabizkaiak poesiagintza delikatua, gertu gertutik jasotako sentipenez osatua dakarkigu: San Pedro bezperaren ondokoak (Euskal Literatura 72) eta Maitasunaren magalean (1982).

Aldi honetako sorketa aipatutako joeretatik harago doa hala ere: garai bateko molde zaharreko korronte sinboliko-lirikoa, eduki existentzialez eta giza arazo urratuez indarberrituko da. M. Iturbek idatzitako Bizitzako urratsetan (1973) eta Asekaitz (1974) lanak dira honen argibide.

3. Zentzuetarako idatzitako poesia. Ikusmenerako poesia, hitzez gain, irudiak, letra mota ezberdinak, fotokonposaketak, poemak kokatzeko modu bereziak erabiltzen dituen korrontea. Zentzuekin, ukituz, ikusiz, entzunez… poesiaz gozatzeko aukera eman nahi zaio irakurleari. Poetak irakurlearengana hurbildu nahi du. J.A. Artze “Hartzabal” da zentzuetarako eginiko poesiaren adibiderik zehatzena. Ibilbide honi lotuta, azken hogeita hamar urtetan gertatuaren laburpen diren bi poeta aipatu behar dira hemen: L. M. Mujika eta J. M. Lekuona.

Antzerkia eta Saiakera:

Antzerkigintzan idazle belaunaldi berri bat kaleratzen da garai honetan. Erabiltzen diren gaiak ugaldu egiten dira eta teknika modernoagoak agertzen dira. Hala ere, genero hau ez da errotzen. I. Begiristain, D. Landart eta L. Haranburu Altuna nabarmendu ziren aldi honetan.

Saiakeraren generoarekin kidetasuna duen baina hizkera eta helburu literariorik ez duen liburu ugari argitaratzen da aldi honetan. Zabalkunde ideologikoa, kulturala eta zientifikoa azkartzeko eta sendotzeko helburua dute lan hauek. Talde honetakoak dira, besteak beste Begiramen-en Sei idazle plazara (1974), E. Osaren Pedagogia eta gizartea eta X. Mendigurenen Europako ezker berria (1972) lanak.

1990ko hamarkadan hedatu ziren biografiek ere izan zuten aurrekaririk. A. Zelaietak osatu baitzuen G. Arestirena biografia.

Etapa honetan euskal literatura modernotasunera abiatzen da. 1957-1975 urteetako narratibagintzan eta poesian, korronte eraberritzaileen eragina nabarmentzen da.

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta