Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

Sarako eskola eta amodiozko literatura

XVII. mendean euskal literaturak ordura arte ez bezalako loraldia izan zuen. 50 orrialde baino gehiagoko 36 obra argitaratu ziren: 20 berriak eta beste 12 originalak. Literatur mugimendu hau Lapurdin kokatu zen, Donibane-Lohitzune, Ziburu eta Sara inguruan. Bitarte horretan, Hego Euskal Herrian idazleak erlijio irakatsiak itzultzen saiatzen ari ziren, zailtasun handiz.

Sara-Donibaneko eskolaren loratze hau egoera ekonomikoarekin lotua bide dago. Portu garrantzitsuak zituzten eta bertara Ternuatik arrantzan ibilitako arrantzale asko etortzen zen. Donibane eta Ziburu, garai horretan, Euskal Herriko herririk handienak ziren eta oso garrantzitsuak gainera. Bertan Euskal kolonia oso handia zegoen batik bat gipuzkoar eta bizkaitarrez osatua. Euskaldun hauek euskaraz hitz egiten zuten beren artean eta, ondorioz, nabaria zenez euskalki ezberdinen erabilera, euskara batu baten beharra sentitu zuten. Herri hauetan, kultura eta erlijio ezberdinen bilgunean, sortu eta garatu zen beranduago “Donibane edo Sarako Eskola” izenez ezagutuko zena.

Literatur mugimendu hau elizgizon multzo batek eta berauek idatzia irakurtzen zuten herritar ikasien inguruan sorturiko mugimendua izan zen. Sarako Eskolako idazleek herritar eta burgesiari irakatsi erlijiosoak emateko idazten zuten.Etxepare edo Leizarragak baino euskara modernoagoan idazten zuten. Autore hauetako batzuk humanitatetan formazio handia zuten eta gehienek Arteetan ere oinarrizko irakatsiak hartuak zituzten.

Sara Donibaneko Eskolako idazleen artean ezagunena eta goraipatuena Axular da. Axularren Gero 1643an argitaratu zen. Liburu hau, euskal literatura klasikoaren eredu da eta denbora pasatu arren, moda eta eskolak aldatu badira ere, beti eredu izaten jarraituko duen obra handia da. Euskal idazleen artean, prosalaririk onenaren lekuan dago Axular.

Aipagarri da baita, Arnaut Oihenart. Euskal literaturaren historian, eta gorde diren datuen arabera, apaiza ez zen lehen idazlea izan zen. Bere lanen artean bi aipa litezke:

  • Notitia utriusque Basconiae, tum ibericae, tum aquitanicae (Paris 1630). Bi Euskal Herrien, Iberiarraren eta Akitaniarraren kondaira latinez argitaratu zuen. Euskal Herriko historia da, garai hartan idatzi zen kritikoena eta egiantza handiena duena.
  • Atsotitzak eta Neurtitzak (1657). Izenak berak adierazten duen bezala, bigarren lan honek bi zati oso desberdin ditu. Lehen zatian esaera zaharren bilduma egiten du, eta bigarrenean, haren olerkiak ageri dira. Azken horietan amodiozko gaia darabil nagusiki, erlijiozko batzuk ere badituen arren. Olerkari gisa, metrika berria, landua eta zehatza erabiltzen du XVI. mendeko Europako poesia “bere” egiten duelarik.

Herri bertsogintzatik urruntzen zela eta, haren poesia hotza zela esan izan du zenbait kritikok. Hizkuntza aldetik garbizaletasuna antzematen zaio, neologismoak sortzeko beharra sentitzeraino, baina hitzak sortzeko orduan euskararen ahalmenetara jotzen du. Bere obra originala bertsotan idatzia badago ere, Oihenart ez zen bertsolaria, euskara oso ongi ezagutzen zuen poeta trebea baizik.

Idazle ona zen arren, bere lanek ez zuten eragin handirik izan literatur mugimenduan eta bere ideiak ere ez ziren ongi hartuak izan gizartean. Hala ere, bere 400. urteurrena zela eta, Oihenarten berrirakurketarako aukera zabaldu zen.

Oihenartek, bere L’Art Poétique Basque-n, 1665ean bizkaieraz idatzitako amodiozko poema bat jaso zuen. Izan ere, Bizkaian apurka-apurka amodizko poesia hedatzen ari baitzen. Horietako bi Rafael Mikoletak jaso zituen bere Modo breve de aprender la lengua vizcayna liburuan (1653), A. Zelaietak berriki argitaratutako liburuan, hain zuzen.

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta