Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

80. hamarkadan, jada, aldizkaritik argitaletxerako jauzia egin zuen Susaren inguruan zenbait poeta bildu ziren, eta Atxagak zein Izagirrek proposaturiko ildoari lotuk zitzaizkion. Etiopia-rekin harreman zuzena zuen Xabier Montoiaren Anfetamiña (1983) lanak zabaldu zuen Zarauzko argitaletxearen emaria (gerora Likantropo eta Narraztien mintzoa sinatuko zituen), eta jarraian Jose Luis Otamendi (ordurako Egusenti biluzia eta Azken urdinaren kaira poemategiak argitaratuak zituen), Iñigo Aranbarri (Jonas Poisson, 1986; Dordokak eta elurrak, 1989; Harrien lauhazka, 1998), Omar Nabarro (Edorta Jimenez jatorrizko izenez) zein Itxaro Borda gerturatu zitzaizkion.

Garai hartan kaleratu zuen Joseba Sarrionandiak estreinako poemategia: Izuen gordelekuetan barrena (1981). Lan horretan (eta gerora etorri zirenetan ere), Iurretakoak bidaia bat proposatu zion irakurleari. Geografian eta tradizio literarioan barrena abiatzen zen bidaia poetikoa, hain zuzen. Modu horretan, Izuen gordelekuetan barrena-k Europa zaharra baldin bazuen abiapuntu, Marinel zaharrak-en (1987) itsasora kondenaturik dagoen marinelaren bitakora osatu zuen (ordurako Sarrionandia gartzelan zegoen, eta bere poesian nabaria zen itxialdiak eragindako ezinegona). Huny illa nyha majah yahoo-k (1995), izenburuak berak adierazten duen bezala, Jonathan Swiften Gulliverren bidaiak ekarriko zituen gogora. Bidaia tankera hartuko zuen Felipe Juaristiren lehen lanak ere: Denbora, nostalgia (1985). Jatorriko herrialdetik abiatu eta Paris, Viena, New York, Helenaren Troya, Ulisesen Ithaca, Berlin, Praga… arakatuko zituen memoria eta hiriak elkarlotuz. Haren ostean, Hiriaren melankonia (1987), Laino artean zelatari (1993) zein Galderen geografia (1997) poemategiak argitaratuko zituen.

80ko hamarkadan ekin zion argitaratzeari Tere Irastortzak ere, nahiz eta 1990ko hamarkadan ere jarraitu duen, Itxaro Bordak bezala.

Aipatutakoekin batera, urte haietan egile ugarik hartu zuten poesiarako bidea: Luigi Anselmik, Patxi Ezkiagak, Mikel Lasak, Mari Jose Kerejetak, Gerardo Markuletak, Karlos Linazasorok, Pako Aristik…

90. hamarkada hasieran, berriro, Susa argitaletxeak hartu zuen protagonismoa. Bere garaian Pott banda-k egin bezala, Lubaki banda-k (besteak beste, Harkaitz Cano, Asier Serrano, Garikoitz Berasaluze, Xabier Gantzarain, Josu Goikoetxea, Arantxa Irigoien eta Xabier Aldai zeuden talde hartan) manifestu baten bidez aurkeztu zuen bere burua. Lehendabiziko urratsa Susa aldizkaria berriro martxan jartzea izan zen; asmo horrek ez zuen luze iraungo (bi urte besterik ez), baina aldizkaria kalean egon zen bitartean beren testuak plazaratzeko aukera eduki zuten. Taldea desegin ostean, kide bakoitza bere bideari lotuko zitzaion. Haietako batzuek, Canok eta Aldaik, Susan bertan argitaratuko zituzten beren poemategiak: Kea behelainopean bezala (2001ean Norbait dabil sute eskaileran) eta Bala zeru urdina, hurrenez hurren. Berasaluzek eta Serranok, aldiz, Elkarrekin publikatuko zuten.

Ordutik hona, poesiaren plaza hazi besterik ez da egin. Aspaldiko ahotsei berriak gaineratu zaizkie, eta gaineratze horren eragile nagusiak Susa eta Pamiela izan dira. Haren bitartez heldu zaizkigu milurteko honen hasieran proposamen poetikorik interesgarrienetako batzuk: Urtzi Urrutikoetxea (Borroka galduetatik gatoz), Miren Agur Meabe (Azalaren kodea), Kirmen Uribe (Bitartean heldu eskutik), Igor Estankona (Tundra), Jon Benito (Aingurak erreketan)… Era berean, ezin ahantz daitezke sariketen bidez zein ekimen propioz agertu diren poetak: Ana Urkiza, Rikardo Diaz de Heredia, Jose Luis Padron, Sonia Gonzalez, Ixiar Rozas, Angel Erro, Mikel Peruarena …

Bestalde, aipagarria da azken lau urte hauetan zuzeneko saioek izan duten zabalkundea. Poesia errezitaldi huts baino gehiago, ekitaldi hauek poesia eta musika, zenbait kasutan multimedia ere nahasten dituzte.

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta