Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

Garaiak bezala, ahots haien kode literarioak bazuen apurtzailetik asko. Denboran urrun zegoen Jose Luis Enparanza “Txillardegi”-ren Leturiaren egunkari ezkutua nobela eta hark ekarritako modernotasuna. Eredu berriak bilatu behar ziren, esperimentatu. Hain zuzen, 70. hamarkada definitzekotan, bi hitz erabili beharko genituzke nahitaez: abangoardia eta esperimentalismoa. Poesiaren kasuan, joera berrien abiapuntua Atxagaren Etiopia-k finkatu zuen. Eta hortxe datorkigu berriro Gabriel Arestiren izena. Izan ere, euskal poesiak eskaini dituen obren artean, Etiopia eta Bilboko poetaren Harri eta herri dira gehien irakurri diren eta euskal poeten artean eragin handiena izan duten obrak. Atxagak berak esaten duenez, Arestiren ondorengo naturala besterik ez da bera. Kontua da Etiopia-n Arestiren harria hare bihurtu zela.

Pott bandako kide batek metafora osatu zuen Etiopia-k suposatu zuenari buruz: 1968ko maiatzeko erreboltan parte hartu zuten ikasleek asfaltoaren azpian belarra aurkitu nahi zuten bezala, poemategi hura belarraren azpian asfaltoa topatzeko ahalegina izan zen. Nolabait, euskarari abarkak kendu eta hirian barna abiaraztea. Etiopia-koak poema hiritarrak ziren, Rimbauden lezioa ondo ikasita zeukan poeta gazte batek egindakoak. Eta hasieran zenbait kritika eragin bazituen ere, baserri mundutik at euskarak aukerarik eduki zezakeela erakutsi zuen. Antzerako ikuspuntua suma zitekeen Koldo Izagirreren Itsaso ahantzia-n (1976). Maitasuna, itsasoa eta bakardadea gai nagusi zituzten poema haiek, eta Eluard poeta surrealistaren eragina antzeman zitekekeen beren baitan. Gerora, Oinaze Zaharrera (1977), Balizko erroten erresuma (1989) eta Non da Basques’ harbour? (1997) sinatuko zituen Izagirrek.

Atxagak eta Izagirrek proposaturiko abangoardia ereduaren aurrean, Bitoriano Gandiagak (Hiru gizon bakarka, 1974; Uda batez Madrilen, 1977; Denbora galdu alde, 1986) eta Juan Mari Lekuonak (Muga beroak, 1972; Ilargiaren eskolan, 1979; Minodramak eta ikonoak, 1990) bestelako jarrera agertu zuten. Jorge Oteiza eskultoreari zein 60. hamarkadako Arestiri zioten miresmenak egile bien poesiaren arteko lokarri gisa funtzionatuko bazuen ere, bakoitzaren obrak ezaugarri propioak mantenduko zituen. Gandiagaren kasuan, 1962. urtean argitaraturiko Elorri mitiko eta harmoniatsuaren aldean (zeinetan Arantzazuko bake giroak Euskal Herria idealizatzen zuen), hurrengo lanek ikuspegi ezkorragoa eta gatazkatsuagoa agertuko zuten: izadiarekiko fede sendorik ez, Euskal Herriarekiko eta euskararekiko kezka, bizimodu hiritarreko bakardadea eta anonimotasuna. “Espresionismo soziala” erabili zuen Lekuonak Mendatakoaren estiloa definitzeko orduan. Bien bitartean, Lekuonak berak gizakia eta oinarrizko materiaren batasuna harremanetan jarriko zituen bere lanetan, beti ere gizartearekiko kezka eta gizaki zein mundu berrien aldeko konpromisoa agertuz. Haren poetikak kasik eskola sortuko zuela esan daiteke, haren urratsak jarraituko baitzituzten Imanol Irigoienek (Argiaren barne distantziak, 1989) eta Amaia Iturbidek (Gelak eta zelaiak, 1994), esate baterako. Bakoitzak bere berezitasunak gordez, baina Lekuonaren ildotik gehiegi urrundu gabe, Joxe Austin Arrieta, Juan Ramon Madariaga, Juan Kruz Igerabide, Pello Zabaleta zein Patziku Perurena bezalako poeten obra aipa genezake.

70. hamarkadako gogo esperimentalistak denetariko jarrerak ekarriko zituen: jarrera existentziala Joseba Zulaikaren (Adanen poema amaigabea, 1975), M. Arregiren (Hego haizearen konpasean, 1975) eta Luis Mari Mujikaren eskutik (Hitzak ebakitzen, 1975; hurrengo poemategietan poesia herrikoi eta neurtura itzuliko zen: Zortziko hautsiak, 1978; Herria eta bidea, 1978; Arnas gaiztoa. Erromantzeen airera, 1979; Aire neurtuak, 1984); poesia barnekoia Arantxa Urretabizkaiaren San Pedro bezperaren ondokoak poema luzean zein egile beraren Maitasunaren magalean (1982) ikus daitekeen bezala; nihilismo erromantikoa Amaia Lasaren kasuan (Hitz nahastuak, 1977; Nere paradisuetan, 1979); Manu Ertzillaren poesia bakun eta sentiberatasun handikoa. Izan ere, oro posible zen, eta, talde berean, sentsibilitate ezberdinak aurki zitezkeen. Horren adibide zen “Ez dok Amairu” kultur mugimenduaren inguruan ibilitako Xabier Lete, Hartzabal (Joxean Artze), eta Joxe Angel Irigarairen poetika. Leteren ikuspegi barnekoi gatazkatsuaren ondoan (Bigarren poemategia, 1974), Irigarairen sinboliko-mitikoa (Kondairaren ihauterian, 1978; ). Bien bitartean, Hartzabalen poesia (Isturitzetik Tolosan barru, 1969; Laino guztien azpitik…, eta sasi guztien gainetik…, 1973; …bide bazterrean hi eta ni kantari…, 1979) esperimentu hutsa zen, esperimentu bisual lirikoa: eskuinetik ezkerrara luzatzen ziren bertsoak, espiralean antolaturikoak…

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta