Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

90. hamarkadatik iritsita, Atxagak eta bere moduan gainerako idazleek ere, errealismo gordinera salto egin zuten. Bere kasuan, Behi baten memoriak (1991) har daiteke bi ibilbideen arteko lokarri bezala, nobela hartan fantastikotasun ukitu batzuk antzeman bazitezkeen ere (berbetan dakien behi bat da protagonista nagusia), testuingurua bera (Espainiako Gerra Zibila) erabat erreala baitzen. Haren ostean etorriko ziren Gizona bere bakardadean (1993) eta Zeru horiek (1995) euskal gatazkarekin zerikusia zuten pertsonaiak aurkeztuko zituen. Batean zein bestean, gizakiaren eta haren bakardadearen inguruan aritu zen Asteasuko idazlea.

Anjel Lertxundiri dagokionez, Carla-rekin (1989) narratiba aro baten amaiera eta hurrengoaren hasiera markatu zuen. Ordura arte, Hegoamerikako estiloei begira egon bazen, aipatu nobelatik aurrera Europako tradizioan murgilduko zen Oriokoa, eta lehen emaitza nabaria Kapitain frakasa (1991), Graham Greenen estilo poliziakoa gogora ekarri zuen nobela izan zen. Jarraian argitaratu zituen lanetan Europako ahozko eta idatzizko tradizioan murgildu zen erabat, hilezkortasuna, deabrua zein heriotza bezalako gaien irakurketa modernoa eta eguneratua aurkezteko. Alberdania argitaletxeak Ifrentzuak saila sortu zuen propio lan haiei toki egiteko. Sail horren barruan agertu ziren Otto Pette (1994), Azkenaz beste (1996), Piztiaren izena (1995), Letrak kalekantoitik (1996) eta Argizariaren egunak (1998). Zorion perfektua (2003) dugu idazlearen azkeneko obra, aurrekoekin konparaturik estilo zein gai aldetik berritasunez betea. Bertan, gaztaroan atentatu baten lekuko izan zen emakume batek gertaeraren eguna ekarri du gogora.

Bien bitartean, 19 urteko isiltasunaren ostean, Ramon Saizarbitoriak Hamaika pauso (1995) kaleratuko zuen. Ordura arte egindakoaren laburpen moduan har daiteke nobela hori, batetik jadanik idazleari ezagunak genizkion estilo ariketak antzemango ditugulako bertan, eta, bestetik, jarraian etorriko ziren liburuetan egiturarekiko kezka bigarren maila batean geratu zelako edukiaren mesedetan. Hamaika pauso Saizarbitoriaren belaunaldiaren erretratua dela idatzi du batek baino gehiagok; bertan, Iñaki Abaitua protagonista Daniel Zabalegik (Angel Otaegi ETAko kidea) 1975ean jasandako fusilatzeari buruzko nobela idatzi zuen. Baina kontakizunak aurrera egin ahala, bi pertsonaien biografiak gurutzatuko dira. Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996) eleberrian idazleak gerra bi ekarriko zituen gogora, Gerra Zibila batetik (Hambre tabernaren inguruan bildu diren erretiratuen oroitzapenak) eta bikoteen arteko gerra bestetik. Gorde nazazu lurpean-en (2000), berriz, desehorzketa aitzakia duten bost narrazio luze bildu zituen, baina, azken batean, egilearen betiko obsesioak agertuko ziren haietan ere: Gerra Zibila, gizon eta emakumeen arteko komunikazio arazoak eta idazketaren gaineko hausnarketa.

Aurrekoekin batera, hamarraldi berean beste hainbat idazle aipa genitzake: Koldo Izagirre (Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak, 1997; Ez duk erraza, konpai!, 1995; Nik ere Germinal egin gura nuen aldarri, 1998; Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, 1999), Patxi Zabaleta (XX. mende hasieran Nafarroan kokaturiko trilogia historikoa: Ukoreka, 1994; Badena dena da, 1995; Arian ari, 1996), Edorta Jimenez (Speed gauak, 1990; Azken fusila, 1994; Baleen berbaroa, 1999), Joxemari Iturralde (Euskal Herria ardatz duen trilogia: Izua hemen, 1989; Kilkerra eta roulottea, 1997; Euliak ez dira argazkietan ateratzen, 2000) Aingeru Epaltza, Joxean Agirre, Jon Alonso, Laura Mintegi, Xabier Mendiguren Elizegi, Hasier Etxeberria, Lourdes Oñederra… Eta 2000. urtearen inguruan agertuko ziren idazle gazteak: Harkaitz Cano, Xabier Aldai, Ixiar Rozas, Jasone Osoro, Julen Gabiria, Unai Elorriaga (SPrako tranbia lehen nobelarekin Espainiako Sari Nazionala jaso zuen 2002an), Etxeberria anaiak, Fernando Morillo… Haietarik askok azkenaldian geroz eta indar handiagoa duen fenomenoaren bitartez eman dira ezagutzera: literatur beken bidez, alegia.

Gaur egungo panoramak zerikusi gutxi dauka diktadura osteko lehen urte haiekin. Kantitatean ez ezik, genero aldetik nabarmen hazi da euskal ekoizpena. Badira umorezko nobelak (Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel zein Gerturik daukagu odola), zein zientzia-fikziozkoak (Inaki Irazabalbeitiaren Uda guztiak ez dituk berdinak), bidaia-eleberriak (Jon Arretxeren obra), amodiozkoak (Iñaki Mendigurenen Haltzak badu bihotzik), erotikoak (Txalapartak abian jarritako literotura sailan aurki daitezkeen Paddy Rekalde, Aitor Arana zein Juan Martin Elexpururen nobelak), narratiba dibulgatiboa (Gaiak eta Elhuyar argitaletxeen eskutik), kontsumoko nobela delakoa… Horrek guztiak frogatzen du euskal narratibak lortu duen heldutasuna.

Ez genuke narratibarekin amaitu nahi ipuingintza zein haur eta gazte literaturari buruzko aipamenik egin gabe. Batak zein besteak pisu handia dute euskal literaturaren barruan, eta urteekin dezenteko kalitatea (eta kantitatea) lortu dute. Lehenengoari dagokionez, 70-80. hamarkada bitartean hasi zen indartzen, Jon Mirande eta tradizio anglosaxoia orduko inspirazio iturri nagusiak izanik. Garai hartakoak ditugu Lertxundiren, Atxagaren zein Joseba Sarrionandiaren lanak (Narrazioak, 1983; Atabala eta euria, 1986; Ifar aldeko orduak, 1990), beste batzuen artean. Ordutik hona, hainbat igaro dira genero horretatik: Mikel Antza, Inazio Mujika Iraola, Pello Lizarralde, Xabier Montoia, Laura Mintegi, Iban Zaldua, Felipe Juaristi, Karlos Linazasoro, Edorta Jimenez, Arantxa Iturbe, Harkaitz Cano… Zer esanik ez haur eta gazte literaturari buruz, urtean liburu gehien argitaratzen den esparrua denean. Hortxe genituzke Felipe Juaristi, Arrate Egaña, Patxi Zubizarreta, Mariasun Landa (Krokodiloa ohe azpian lanagatik Espainiako Sari Nazionala jaso du 2003an), Juan Kruz Igerabide, Joxe Mari Iturralde, Joxantonio Ormazabal, Aitor Arana, Jesus Mari Olaizola Txiliku, Atxaga

Saiakera

70. hamarkadatik aurrera, saio asko argitaratuko ziren. Orduko garaiez ari garela, ezinbesteko erreferentzia ditugu Joxe Azurmendi eta handik hona egindako lan ugariak, bai politikari buruzkoak (Errealismo sozialistaz, 1978; Arana Goiriren pentsamendu politikoa, 1978; Euskaldunak eta espainolak, 1992), bai literaturakoak (Zer dugu Orixeren kontra, 1976; Zer dugu Orixeren alde, 1977; Schopenhauer Miranderen pentsamenduan, 1989).

80. hamarkadan, berriz, Joseba Sarrionandia (Marginalia, 1988; Ni ez naiz hemengoa, 1985), eta Eduardo Gil Bera (O Tempora! O Mores!, 1989; Fisikaz honatago, 1990) nabarmenduko ziren. Hurrengo urteetan, Patziku Perurena, Joseba Zulaika, Mikel Azurmendi zein Jose Angel Irigarairen obrak kaleratuko ziren.

Gaur egun, neurri handi batean, saiakera argitaratzen bada, horretara zuzendurik dauden lehiaketengatik da. Besteak beste, BBK-ek eta Euskaltzaindiak urtero antolatzen duten Mikel Zarate, Bilboko Udaleko Miguel Unamuno, Irun hiria, Arabako Aldundiko Becerro de Bengoa, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Pedro Axular, Nafarroako Foru Aldundiko Xalbador, Zornotzako Udaleko Santi Onaindia zein Bergarako Udaleko Justo Garate aipa genitzake. Hortxe kokatu daitezke Jon Sudupek, Jose Manuel Odriozolak, Patri Urkizuk, Jon Alonsok, Luis Alberto Aranbarri Amatiño-k, Kirmen Uribek, Jon Elordik, Juana Atxabalek idatzitako saioak. Gai aldetik, aniztasuna da nagusi: politika eta kultura, gizartea zein ekonomia. Nabarmentzekoa da baita Alberdania argitaletxeak abian jarritako Zerberri saila, eta bertan plazaraturiko zenbait saio labur, haien artean Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra). Literatur kritikak ere txoko esanguratsua betetzen du saiogintzan. Horren adibide da Lourdes Otaegik (Lizardiren poetika Pizkundearen ingurumariaren argitan, 1994), Iñaki Aldekoak (Zirkuluaren hutsmina, 1993; Antzarra eta ispilua Obabakoak-en irudimen mundua, 1992; Munduaren neurria; Arestiren ahots biblikoaz, 1998), Jon Kortazarrek (Laberintoaren oroimena: gure garaiko olerkigintzaz, 1994; Luma eta lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan, 1997) zein Mari Jose Olaziregik (Bernardo Atxagaren irakurlea, 1998; Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura, 1999; Ramon Saizarbitoriaren unibertso literarioa, 2001; Euskal eleberriaren historia, 2002) idatzitakoa.

Antzerkia

Batzuek gerra osteko hirugarren belaunaldia deitu izan dutenak protagonizatuko zuen 70. hamarkadako antzerki mugimendua. Behin diktadura amaiturik, Atxaga, Haranburu, Lete, Arozena eta Landart kide zituen talde hari Amestoy, Eneko Olasagasti, Xabier Mendiguren zein Yolanda Arrieta gaineratu zitzaizkion, besteak beste. Orduko lanen artean, Arestiren lekukoa harturik Atxagak idatziriko Borobila eta puntua nabarmendu zen. Herri tradizioa eta abangoardiako elementuak uztartzen zituen antzezlan hartan, gerora Anaitasuna aldizkarian agerturiko Euskal Theatro Berra(ren alde) manifestuan azalduko zuen bezala horiexek izan behar baitziren NHI delakoaren (antzerki nazionala, herritarra eta iraultzailea) osagaiak.

Sasoi hartan azpiegiturak minimoak ziren. Egoerak hala eskatzen zuenean, frontoiek, eskolek zein kiroldegiek beren funtzioa galdu eta behin-behineko agertoki bihurtzen ziren. Hala ere, eta oztopoak oztopo, antzerki mugimendua bizirik zegoen.

80. hamarkada hasieran, Bilboko “Cómicos de la legua” entzutetsua banatu egin zen eta handik bi talde eratuko ziren: “Karraka” Ramon Barearen gidaritzapean eta “Maskarada” Karlos Panerarekin. Azken horrek, euskarazko obra ugari plazaratu zituen, bai ordukoak (Atxagarenak batez ere) bai euskarara itzulitako klasikoak (Oscar Wilden Ernesto izatearen garrantzia zein Marc Legasseren Gastibeltzaren karabinak). Urte horietan, euskarazko antzerki zirkuitoari indarra emateko asmoz, Antzerki Taldeen Biltzarra eratu zuten hainbat taldek. Alabaina, ez zuten beren helburua gauzatzerik lortu, alde handia baitzegoen talde profesionalen (Maskarada eta Kukubiltxo) eta amateurren artean (gainerako guztiak).

Ondoko urteak nahiko ilunak izan ziren euskal antzerkiarentzat. Aktoreen trebakuntzara zuzenduriko Antzerti desagertu egingo zen, eta haren tokia handik eta hemendik zabalduriko antzerki eskolek hartuko zuten. Horrekin batera, testuen ekoizpenak behera egingo zuen. Ordutik hona, saiakeran bezala, antzerki idatziaren iraupenean sariketek izan dute azken hitza. Zeregin horretan dabiltza BBK-Euskaltzaindiak banatzen duten Toribio Altzaga eta Donostia Hiria.

Azken hamarraldian generoa landu duten egileen artean, Xabier Mendiguren, Luis Haranburu, Junes Casenave, Juanjo Olasagarre, Martin Irigoien, Karlos Linazosoro, Juan Karlos del Olmo, Koldo Daniel Izpizua, Ramon Agirre, Aitzpea Goenaga, Antton Luku, Pantxo Hirigaray eta Javi Cillero daude.

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta