Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

80. hamarkadan gertaera franko jazoko ziren euskal letren munduan. Batetik, Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eratuko zuten 1982an, eta handik bost urtetara Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretatzaileen Elkarteak (EIZIE) ikusiko zuen argia. Bestetik, aurreko hamarraldia abangoardiak eta esperimentalismoak markatu bazuten, garai honetan idazleek errealitateari gerturatzeko zuten beharra nagusituko zen. Gerturatze hura, baina, hainbat modutan garatuko zen. Joan Mari Irigoienen kasuan (Oilarraren promesa, 1980; Poliedroaren hostoak, 1983; Udazkenaren balkoitik, 1987; Babilonia, 1989; Consummatum est, 1993), Hegoamerikako errealismo magikotik abiatu zen bere nobelak osatzeko orduan. Haietan, tradizioa oinarri duen Euskal Herriak (zuzentasunaren isla) mundu erdaldun fedebakoarekin (gaizkia) harremanetan jartzerakoan sortuko diren gatazkak islatuko zituen. Kontakizunek, Gabriel García Marquezen Cien años de soledad-en bezala, hainbat belaunaldiren ikuspegia eskaintzen zuten mundu idilikoaren bilakaera hobeto azaldu nahian.

Marquezen eragina soma zitekeen Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean, aidanez (1983) nobelan ere, haren Crónica de una muerte anunciada obrarena, hain zuzen. Orioko idazleak, ordea, Irigoienen ikuspegi idilikoarekin apurtuko zuen, baserri giro hertsi eta zurrunean bizitzera kondenaturik dagoen emakume baten bakardadeaz mintzatuko baitzen. Ordurako zenbait liburu argitaratuak zituen Lertxundik (Hunik arrats artean eta Aise eman zenidan eskua ipuin liburuak, esaterako), baina Hamaseigarrenean, aidanez dugu sasoi hartako bere lanik biribilena, eta Atxagaren Bi anai-rekin (1985) batera 80. hamarkadako libururik esanguratsuena. Bi anai lanean Atxagak baserri munduaren errealitate gordina agertuko zuen, baina egitura fantastiko baten barruan. Izan ere, Paulo eta atzeratua den Daniel anaiarekin batera, tragediaren nondik norakoak azalduko zituzten lau animalien ahotsak agertuko ziren. Eta krudeltasuna nagusi baita Pako Aristiren trilogian (Kcappo, tempo di tremolo, 1985; Irene, tempo di adaggio, 1987; Krisalida, 1990) non intzestua, bortxaketak, hilketak zein sexu harreman basatiak kontatuko ziren. Bien bitartean, Xabier Gereñok (Hiltzaile baten bila, 1971; Espioitza, 1977; Gudari bat, 1977)eta Gotzon Garatek (Esku leuna, 1978; Goizuetako ezkongaiak, 1979; Elizondoko eskutitzak, 1981; Muskilak, 1980; Izurri berria, 1982; Alaba, 1984) polizia-nobela landu zuten batik bat. Sasoi berekoa ditugu Xabier Kintanaren Ta Marbuta (1984) zein Amaia Ezpeldoi detektibearen ibileren berri emango zuen Itxaro Bordaren Basilika (1984). Ezpeldoi Bizi nizano munduan (1996) eta Amorezko peña baño (1996) nobeletan agertuko zen berriro.

Bestelakoa izango zen Juan Luis Zabalaren (Zigarrokin ziztrin baten azken keak, 1985; Kaka esplikatzen, 1989) eta Pello Lizarralderen (E pericoloso sporgersi, 1984; Sargori, 1984; Hatza mapa gainean, 1988) narratiba. Modernotasunaren barruan kokatuko ziren bien lanak, baina lehenengoaren estilo barnerakoi eta gogoetatsuaren aldean, Lizarralderena prosa fin eta objektiboa izateagatik nabarmendu zen. Sasoi berean, Aingeru Epaltzak Lehen Karlistaldian kokaturiko Sasiak ere begiak baditin argitaratuko zuen.

Hamarkada amaiera iristear zela, behin gehiago, Atxagak hautsak harrotuko zituen. 1988an argitaraturiko Obabakoak ipuin bildumak zur eta lur utzi zituen irakurleak zein kritika, eta urte bete beranduago Espainiako Sari Nazionala jasoko zuen. 1982ko Irun Hiria saria irabazi zuen Camilo Lizardi erretorearen etxean aurkitutako gutunaren azalpena ipuinean agertu zen lehen aldiz Obaba geografia literarioa, eta kokaleku fantastiko horrek batasun tematikoa eman zien zenbait ipuini, hala nola, Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984), Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984), eta aipatu Bi anai zein Obabakoak-i.

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta