Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

Poesian gertatu bezala, esperimentalismoak markatu zuen 70. hamarkadako narratiba. Ordurako Txillardegik eta Ramon Saizarbitoriak euskal nobela modernoaren oinarriak finkatuak zituzten, baina oso modu ezberdinean: lehenengoaren arreta edukiak bereganatuko zuen bitartean (erabateko diskurtso filosofikoak osatzeraino), estiloa bihurtuko zen bigarrenaren kezka nagusia. 1969an kaleraturiko Egunero hasten delako-n jada antzeman zitekeen Saizarbitoriak gerora hartuko zuen bidea, hau da, kontakizunak planoka antolatzea. Horren adibide dira Ehun metro (1976) eta Ene Jesus (1976), Nouveau Roman teknika jarraituz osaturikoa lehena eta 60ko estrukturalisten eragin nabarmenekoa bigarrena. Poliziarengandik ihesi doan ETAko kide batek egindako azken ehun metroak azaltzeko, lehen eta bigarren ahotsak neutroagoa den hirugarren batekin tartekatuko ditu Ehun metro-n. Leku eta denborazko planoak uneoro aldatzen dira ihesaren kronikari protagonistaren haurtzaroko pasarteak zein gertaeraren lekuko izango den bigarren pertsonaia baten gorabeherak gaineratuz. Erritmoa bera batzuetan bizi-bizia da; bestetan, arras motela. Ene Jesus-en, berriz, pertsonaia nagusia ohean da, hiltzeko zain. Ez aspertzeko istorioak asmatzen ahaleginduko da, baina ezinezkoa izango zaio hari koherente bat jarraitzea, eta, azkenean, istorio guztiak nahastu egingo ditu jario ulertezina osatuz.

Hain zuzen, “jario ulertezina” hitzak erabili zituen Saizarbitoriak Patri Urkizuren Sekulorum sekulotan (1975) nobelari egin zion hitzaurrean. Hura genuke euskal nobela abangoardista eta esperimentalaren lehen fruituetako bat, Koldo Izagirreren Zergatik bai (1976) eta Bernardo Atxagaren Ziutateaz (1976) obrekin batera. Urkizuren kontakizun osoan ez zegoen ez komarik ezta punturik ere; kronologia bera ez zuen errespetatzen diskurtso anabas hark. Atxaga eta Izagirreren lanen kasuan, hibridazioa zen nagusi, generoen arteko muga eza. Eta, hala ere, osagaien artean bazegoen barne koherentziarik.

Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox (1975), Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979) eta Manu Militari (1987), zein Ibon Sarasolaren Jon eta Ane zigarro bat erretzen (1977) nobela hiperlaburra (zigarroa amaitzearekin batera bukatzen da kontakizuna) lirateke korronte esperimentalistari jarraituz osaturiko beste lanetako batzuk. Lagunak alde egin ondoren, emakume batek bere umearekin bizi ohi duen egun arrunt bat kontatzen du Zergatik Panpox-ek. Emakumearen gogoetek osatzen dute hari nagusia. Kontamolde aldetik gertu dago James Joycen Ulysses-etik. Arrietaren nobelen kasuan ere kontamoldea da azpimarragarriena, nola gerturatzen dizkion irakurleari iraganeko kontuak, oroitzapenak (gerrari eta haurtzaroari lotuak batean, soldaduskari bestean).

Idazleak Ikastetxeetan
Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Azaroa 2017 hurrengoa
 
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta