Euskal literaturaren historia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Goear Scribd
Euskal Idazleen Elkartea

Euskal literaturaren historia

Ahozko literatura euskal tradizioan

Euskal literaturan, inguruko beste literatura askotan bezala, hizkuntza beraren kontzientziak eta ahozko tradizioaren ekarpenak garrantzi handia izan dute.

Oihenartek berak, esate batera, oso poeta kultua izanagatik, “Andre-Emili” balada jaso zuen 1665ean. Oihenartek berak argitara zituen bere poesiekin atsotitzak. Hark bezala, geroago –historiagile, antropologo eta literatur kritikoez gain–, Peñaflorida, Iztueta, Azkue edo Peillen, ahozko tradizioa bildu duten idazle andanaren segidako kate-begi batzuk besterik ez dira.

Euskal literaturan ere esan daiteke, bada, idatzizko literaturak ez dituela erabat alboratu ahozkoak sortutako bideak, ez bere hasmentetan (Etxepareren kasuan), ez eta egungo literaturan ere (Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga…).

Historia txiki honetan, hala ere, euskal liburugintzaren historia hartuko dugu euskal literaturaren historiaren ardatz. Jakin arren, ahozkoa –dela bertsolaritza, kantagintza, zein antzerkia– idatzizko literatura hobeto ulertzeko ezinbesteko giltza dela askotan. Jakin arren, bertsolaritzak, kantagintzak, antzerkiak zein beste ahozko literatur generok badutela historia bana eskaintzeko adinako garrantzia. Eta jakin arren, aipatu gabe utziko ditugula idatzizko literaturan eragin handia sortu duten hainbat egile -Iruriko Etxahun eta J. Casenave esate batera.

Literatura idatzia

Euskal literaturaren historia egiterakoan, ezin dira albora utzi hizkuntzaren egoera sozio-linguistiko eta sozio-politikoak eragindako arrastoak, euskal literatura, hein batean, egoera horren lekuko bilakatu baita

  • Euskara ez da euskal herriko biztanle guztien hizkuntza izan eta honek idatzizko euskal literaturan eragin handia izan du. Honezaz gain, euskara historian zehar bizitza sozialetik eta ofizialetik aldendua egon da, beste hizkuntzen menpean bizi izan baita.
  • Euskal Herriaren banaketa politikoak ere ez dio literatura idatziari mesederik egin, mugaz bi aldeetako literaturaren garapena oso ezberdina izan baita. Hego aldean literatura Iparraldekoa baino 250 urte beranduago garatu zen.
  • Batasun politiko ezak areagotu egin ditu euskalkien mugak, nahiz eta euskalkien mugak eta herrialdeen muga politikoak ez datozen bat. Bizirik dirauten euskalkien artean 8 euskalki nagusietatik, lau izan dira “euskalki literarioak“: lapurtera eta zuberera iparraldean eta gipuzkera eta bizkaiera hegoaldean. Hala ere, euskal liburuen artean, ekoiztutako liburuen gehiengoa euskara batuan dago. Euskara batua 1970ko hamarkadatik aurrera indartu zen.

Euskal literaturaren historia egiterakoan, ezin dugu ahaztu literaturaren kontzeptua bera ere oso aldakorra izan dela historian zehar, eta gaur egun “literatura” edo “artea” deitzen denaren kontzeptu autonomoa XIX. mende amaieran kokatu zela.

Euskal literaturaren historia, zentzu zabalean hartuta, dibulgazio eta erabilkortasunarekin lotua egon da orokorrean. Hori dela eta, lan gehienak erlijiosoak izan dira, jendeari erlijio irakatsiak emateko idatzitakoak.

Finean, egoera sozio-ekonomiko eta literatur ezaugarri hauetaz gain, euskal literaturaren garapenak ez du izan garapen jarrai eta koherenterik. Euskal Herriaren banaketa politikoak, dialektoen bereizketak, euskal eskolen faltak, gora-behera sozio-politiko eta erlijiosoek literaturaren garapen zatikatua eragin dute.

Liburuak Gozagarri 2017
uberan.eus
Literatur Jarduerak
gure programak
Literatura lehiaketak
 
aurrekoa Iraila 2017 hurrengoa
 
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930 
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta